anana-potoa

Ia denok ezagutzen dugu zer diren domeka edo igandeak Bilboko Plaza Barrian eta zelako poza nagusitzen den bertan. Umeek beren kromoak trukatzen dituzte: “Bi hauek emango dizkizut beste horren truk, hori ez daukat eta”. Liburu-saltzaileak oraingo eta lehengo liburuak saltzen. Seiluen, billete eta txanpon zaharren salerosleak, eta antzina txoriak, kanarioak, perikitoak, txolarreak… eroaten zituzten txori-saltzaileak. Baita manta edo maindirea lurrera bota eta etxean soberan zegoen edo tailer batean topatutako guztia haren gainean jartzen zuten saltzaileak ere. Hori guztia taberna eta kafetegi ugarik animatuta, askotariko pintxoak, txibierroak… dastatzeko aukerarekin, ardo bikain, bermut edo garagardoekin batera.

Abuztuko igande batean, Aste Nagusia baino lehen, emaztearekin jaitsi nintzen Areatzan barrena paseatzera, eta Plaza Barrira hurbildu ginen, ohi legez. Hara sartu ginenean, arkupeetako izkina batean, andre bat ikusi genuen, mantala eta neguko zapatila lodi laukidunak jantzita, eskuak poltsikoetan, eta bere oinetan ohe-estalkia zuela saltzeko gauzaki batzuekin. Hiru pertxa, orain komikiak deitzen diren tebeo batzuk, giltza zaharrak, eta oroitzapenen kutxatik ateratakoak izango ziren objektuak. Eta haien guztien artean, ANANA POTO bat ere salgai zegoen. 

Andre hark txikitan izan genuen ezagun bat ekarri zidan gogora, La Seña, Bilbo txireneko pertsonaia tipikoa eta oso maitatua, kalean topatzen zuen guztia etxean metatzen zuena, gero saltzeko.

Begira geratu ginen apur batean, koadro hura ikusteko modukoa zen eta. Handik igaro zen gizon bat ohe-estalkiari begira geratu zen, eta alde egitera zihoanean, esan zion andreari: “Eta anana-poto hori?”. Andreak mespretxuz eta gogaitasun apur batez begiratu zion. Handik gutxira beste bat igaro zen, eta gero beste bat, eta denek itaun bera egiten zioten, eta andreak mespretxuzko doinu eta gogaituaren aurpegi berarekin bidaltzen zituen.

Azkenean, iritsi zen beste gizon bat eta azkar galdetu zion: “Eta anana-poto hori?”. Andreak erronkari begiratu eta kopetilun erantzun zion: “Gabonetan semeari enpresak saski bat oparitu zion eta bertan anana-poto hau zegoen. Baina semeari ez zaio anana gustatzen, eta niri oparitu zidan, baina niri ere ez zait gustatzen eta saltzeko ekarri dut”. Eta ahotsa gehixeago ozenduz eta oso haserre, bota zion: “Eta izorratzera Palankara, hona erostera etorri behar da!”.

Erabateko mututasuna sortu zen, barre isilez betea. Ea nor ausartzen zen han karkaraka irriz hastera! Jiratu eta, bizkarra emanez, andreak alde egin zuen lasai eta irribarretsu. 

Juan Carlos Ruiz de Villa                   23.03.2025

Utzi iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude