Elkarrizketa Ana Alzaga Euskal Herriko Kontsumitzaileen Batasuneko (EHKB) idazkari nagusiarekin


Azaroan urtebete beteko da Asojubi EHKBko bazkide kolektibo bihurtuko zuen akordioa sinatu zenetik.

Hori dela eta, elkarrizketa atsegina izan dugu Ana Alzaga EHKBko idazkari nagusiarekin

Asojubi: Gaian sartu aurretik, uste dugu ona dela Anari eta EHKBri buruz zerbait jakitea

Ana :Euskal Herriko Kontsumitzaileen Batasuna (EHKB) kontsumitzaileen elkarte bat da, irabazi asmo bakoa, 1984. urtean sortua, koltza-olioaren arazoagatik. Celina Menaza fundatzaile eta lehendakaria buru-belarri aritu zen arazo horrek eragindako euskal kontsumitzaile guztiei laguntza ematen

Orduz geroztik, EAEko hiru probintzietan aritu da EHKB, kontsumitzailea trebatzen eta informatzen, bere eskubideak erabil ditzan.

Kontsumitzailea ordezkatzen ari gara honako batzorde hauetan:

  • Turismo Mahaian
  • Ingurumen-batzordean
  • Kontsumoko aholku-batzordean
  • Merkataritzako aholku-batzordean
  • Osasun Publizitatearen Kontrolerako Batzordean
  • Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordean

Niri dagokidanez, 2008. urtean hasi nintzen EHKBko taldean parte hartzen, hasieran Bizkaiko ardurarekin. 2019an, EHKBko idazkari nagusi aukeratu ninduten, baina, nire ustez, egokiagoa litzateke nitaz beste kideren batek egingo balu berba

Asojubi : Ana, gustatuko litzaiguke lehen urte honen laburpena egitea: jasotako kontsultak, amaitutako gaiak, gorabehera handienak, bururatzen zaizuna

Ana: Lehen urte honetan, Asojubiko 59 pertsona artatu ditugu, bai aurrez aurre, eta bai telefonoz edo web bidez.

Artatutako pertsona gehienak gure lurralde barrukoak izan dira, baina Malaga, Madril edo Alacant probintzietatik kontsulta egiteko deitu duten pertsonak ere artatu ditugu

Ia erreklamazio guztiak epaiz kanpo ebatzi dira.

Epaiz kanpoko konponbiderik lortu ez den kasuetarako, auzibidea ireki eta 11 demanda jarri dira, eta guztietan aldeko epaia lortu dugu.

Are gehiago, ordaintzera kondenatuak bere borondatez bete ez badu aldeko epaia, betearazteko demandak hasi dira, bazkidea erabat asebetetzea baita helburua, dagozkion bide guztiak agortuz

Asojubi: Badirudi emaitzak onuragarriak izan direla afiliatuen interes partikularrentzako. Hala ere, oso litekeena da horietako asko ez baliatu izana akordioaz eskubideak defendatzeko, eta ez jakitea hori daukatenik ere. Zer aholku emango zenieke?

Ana: Behar denerako gaude hemen: erreklamatzeaz gain, informazioa eman dezakegu, banaka edo taldeka. Hiru hilean behin asojubi webgunerako albisteak egiten ditugu, gure ustez, kolektiboarentzat interesgarriak izan daitezkeen gaien inguruan. Zabalik eta prest gaude zuen zalantzak jasotzeko: taldekoak badira, zuen webgunerako artikulu baten bidez tratatu ahal izango ditugu; banakoenak badira, aurrez aurre edo telefonoz tratatuko dira gure bulegoetan.

Jakinarazten dizuegu, halaber, datorren abenduaren 2an jardunaldi batzuk egingo ditugula Bilbon elikagaien etiketetako gezurrei buruz, eta denok gonbidatuta zaudetela. Aurrez aurrekoa izango da, edukiera mugatuarekin, baina sare sozialen bidez ere ikusi ahal izango da. Bizkaiko Nutrizionisten Elkargoko pertsona batek, publizista batek eta gure abokatuetako batek argituko dituzte elikagaien etiketetako gezurrak.

Jardunaldiari buruzko informazio guztia emango zaizue

Asojubi: Blogerako idatzi zenuen gai bati buruz zuzeneko esperientzia izan dute gutako batzuek. Zerbitzu-enpresa batek porrot egin zuen. 500 bezero inguru kaltetu ziren. Guk ordaindutakoaren % 100 berreskuratu genuen, zerbitzua ordaintzeko Visa txartela erabili izanari eta eman bako zerbitzuagatik garaiz eta behar legez erreklamatu izanari esker. Gainerakoek % 40 kobratuta konformatu behar izan zuten

Ana: Zuentzat idatzi genuen azken artikulua horretaz zen, bai. Txartelak eskaintzen dituen bermeei buruzkoa izan zen, produktu edo zerbitzu bat harekin ordaintzen bada. Visak, 90 egun baino lehen erreklamatzen baduzu, ordaindutako zenbatekoa itzultzen du kasu askotan, hala nola itzulketa, gainkargu, eman gabeko zerbitzu eta abarretan. Visak, aseguruez gain, kontsumitzaileari bermeak eskaintzen dizkio, eta kontsumitzaileak horiek ezagutu beharko lituzke erabili ahal izateko (Ikus artikulua: Bankuko kreditu-txartelak: bermeak. Asojubiren blogean dago)

Asojubi: Badirudi enpresa batzuek erantzuten dietela EHKBren erreklamazioei, baina ez partikularrek egindakoei. Hori horrela da?

Ana: Nahiko ohikoa da. Batzuetan administrazioari ere ez diote erantzuten. Zergatik? Agian kontsumitzailea nekatzeko, gaiaz ahaztu dadin. Kontua da kontsumitzaileen elkarteok badugula gure bazkideen izenean demanda aurkezteko ahalmena. Agian badakitelako, ez badute erantzuten edo ez badute gaia gurekin epaiz kanpo konpontzen, auzitara joko dugula. EHKB amaieraraino joaten da beti, prozeduran bideragarritasuna baldin badago.

Asojubi: Mesedez, egiguzu erreklamazio baten laburpena, hasieratik amaieraraino

Ana: Erreklamatzailea EHKBra etortzen da bere arazoarekin, azaldu eta dokumentazio guztia egiaztatzen digu, gertakaria argudiatu ahal izateko. Gure kontsumo-teknikariek gatazkak konpontzeko epaiz kanpoko bideari ekiten diote, eta enpresarekin harremanetan jartzen dira uzi batekin.

Baliteke enpresak erreklamazioa epaiz kanpo ez onartzea, eta, beraz, erreklamatzaileari hurrengo urratsaren berri ematen zaio. Baliteke enpresa Kontsumoko Arbitrajeari atxikita egotea, eta, beraz, ez du axola eskatu beharreko zenbatekoak. Arbitraje-eskaera egiten da, eta arbitraje-elkargoa izango da, ekitatez eta kontsumitzailearentzat doan, laudoa egingo duena, bi aldeek nahitaez bete beharrekoa.

Enpresa ez badago kontsumo-arbitrajeari atxikita (logotipoa izaten dute atxikitako establezimenduetan), espedientea kabinete juridikora bidaliko da, eta hura jarriko da erreklamaziogilearekin harremanetan, gatazkaren bideragarritasuna azaltzeko. Gogoratu behar dugu, demandatu beharreko zenbatekoa 2.000 eurokoa edo txikiagoa bada, demanda doakoa izango dela Asojubiko afiliatuentzat; zenbatekoa handiagoa bada, kabinete juridikoak emango dio erreklamaziogileari kostuaren berri, eta hori onartu eta sinatu egin beharko da mandatu-orri baten bidez

Asojubi: Eman diezagukezu erreklamazio ohikoenen daturik?

Ana: Oraintxe bertan erreklamaziorik ohikoena hipoteka-gastuena da, eta horren atzetik datoz telefonia, hegaldiak eta bidaiak, on line erosketak eta aseguruak

EHKBn erreklamatzen diren gaiak askotarikoak dira: aseguru-etxe medikoetan egindako ebakuntzengatiko erreklamazioak, ikuztegiak, autoen erosketak, obrak…

Kontsumitzaile baten eta enpresa baten artean ondasun edo zerbitzu bat erostea helburu duen oro kontsumoa da, eta, beraz, erreklamaziorik balego, EHKBtik izapidetzen da

 

 

Utzi iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.