SALIENDO DE LA INVISIBILIDAD. RETRATOS DE MUJER (liburua saltzeko bbk-ko erretiratuen elkarteari proposamena)


Zalantza handiak izan ditut orain egingo dizuedan proposamena egiteko. Elkarte honetatik, web-orriaren bidez, erosketak egiteko eskaintzak egiten dizkigute: laranjak, olioa, latako kontserbak, bidaiak eta abar.

Eta zergatik ez kultura? Zergatik ezin dugu kultura salerosi talaia honetatik?

Ildo horretan, liburu jakin batzuk irakurtzea ere proposatu zaigu, proposatzen duenaren ikuspuntutik interesgarriak direlako.

Duela egun batzuk, EHUn eta New Yorkeko Unibertsitatean Historian doktorea den NEREA ARESTI andrearekin batera, eta berak maila nabarmena eman zion ekitaldiari, nire liburu berria aurkezteko aukera izan nuen. Bi urteko lana izan da pandemia betean, eta, horren ondorioz, aldi batez bertan behera utzi ditut Elkartearen webguneari aldizka egiten nizkion ekarpenak.

SALIENDO DE LA INVISIBILIDAD. RETRATOS DE MUJER” da liburuaren izenburua, eta, zentzu batean, lehenago, 2017an, argitaratu nuen “GETXO EN SUS CALLES. CON NOMBRE PROPIO” haren osagarria da ─horien biografiak aldizka webgunean argitaratu izan ditut─, non garai hartan Getxon kale bat eskainita zuten 79 pertsonen azalpen biografikoak jasotzen baitziren. Haietatik 7 baino ez ziren emakumeak, eta zazpietatik lau santuak ziren. Beste behin ere, agerian geratzen zen Historiaren kontakizunean emakumezkoen eta gizonezkoen artean egon den aldea, eta, beraz, hain bereizkeria handiaren aurrean ezinbestean ordaindu beharreko tribututzat jo nuen.

Historiografiari eta bibliografiari erreparatzen badiegu, badirudi emakumea, praktikan, existitu ez balitz bezala dela, urliaren edo sandiaren emazte gisa baino ez baita aipatzen, eta horrek guztiak oro har beraien “pisu erlatiboa” lausotzea, edo argi eta garbi ezkutatzea, dakar “mendekotasun-estrategia” baten barruan.  50 urte baino ez dira historialari berriak, batez ere emakumezko historialariak, eztabaidan jartzen ari direla emakumeen falta gizartearen partaide bizi eta garrantzitsu lez. Liburu honekin “balioa ematea” gura izan dut, eta ahanzturaren ilunpetik 30 emakume ateratzea. Emakume horien arteko lotura bakarra bizitzako uneren batean Getxon bizi izana da, nahiz eta sortzez Ondarroa, Plentzia, Berango, Deustuko Errepublika, Orozko, Zumaia, Portugalete, Madril edota Filipinak bezain leku ezberdinetakoak izan.

Ni haien bila joan barik, bidera etorri zaizkidan emakumeak dira, XV. mendetik gaur egunera artekoak, bai aristokraziako edo elite ekonomikokoak, eta bai erabateko pobrezian jaio, bizi eta hil zirenak, beren familiarekin ondo bizimodu iluna, baina duintasunez eta adorez betea, partekatu zutenak.

NEREAk hitzaurrean dioen legez, “irakurketa atsegina errazten duen prosa argi eta zehatzarekin” denboran zehar zenbait emakumeren errepasoa egin dut, “gure iraganaren zati bat ikusarazteko, ikerketa historikoko ariketa zorrotz eta sendo dokumentatuaren bidez”.

HISTORIA, MEMORIA eta BIOGRAFIAREN artean dauden harreman estuak topatuko ditugu, eta hirurak bat egitea emakume horiei benetan jazo edo gertatu zitzaienaz iritzia emateko modurik onena da, eredugarriak izan zirelarik euren bizitzan, bizitza haiek gertatu ziren testuinguruan betiere. Beraien biografien bidez, oroitu egingo gara berriro, eta horrela historia errealago eta inklusiboago baten zirkulua itxiko dugu.

Hogeita hamar emakume horien artean, XV. mendeko lehen “mediku enpirikoa” topatuko dugu, XVI. mendeko Ahaide Nagusi bat, tratu txarrak eman zizkiolako senarra salatu eta epaiketara eraman zuen lehen emakumea, guk dakigula behintzat, bere udalak zor ziona kobratzeko 56 urte behar izan zituen emakumea, bere izenean ostalaritzako negozio bat jendaurrean jarri ahal izan zuen lehen emakumea, bere bizitzan 25 seme-alabaz erditu zen emakume bat, Pasionaria-ren pareko lehen mitinlari politikoa, Unbeko ikuslea, maistra frankistak, maistra abertzaleak, erbesteratzea beste erremediorik izan ez zuten emakumeak, golf-jokalariaren txartel profesionala lortu zuen lehen emakumea, industria-ingeniari titulua lortu zuen estatuko lehen emakumea, Europa osoan txalotu zuten opera-abeslaria eta hemen oinarrizkoena ere ukatu zitzaiona, etab. Azken finean, gizarte patriarkal batek markatutako gidoitik atera diren emakumeak, eta beti bertan izan duten benetako lekua publiko egiteko eskatzen digutenak orain.

Emakumeen historia, beraz, gaur egungo konkista geldo baina eten bakoa da, jada atzera bueltarik ez duena, eta hari laguntzeko jarrera, edo atxikimendu zintzoa, baino ezin da hartu. Hori izan da nire eginkizuna.

Hau irakurtzen duen norbaitek liburua 20,00 euroren truke eskuratu gura badu, aski du mezu elektroniko bat idaztea (javi.landaren@gmail.com), eta era batera edo bestera helaraziko diot penintsulako edozein lekutara.

Utzi iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude