ERRESUMA DEBEKATUA


Herritik irten baino lehentxeago, Kali Gandaki ibaiaren ur ilunen gainetik doan bidezidorraren ondoan, kartel batek ohartarazten du baimen berezi bat behar dela Mustang Garaiko lurretan sartzeko, hain zuzen ere hemen, Kagbeni-n, hasten baita.

Mustang Himalaiako txokorik bakartuena eta esploratu bakoena izan da duela hamarkada batzuk arte. 800 km koadro inguruko lurraldea, munduko erresumarik altuena da. Tibetar erresuma hau, gaur egun, Nepalekoa da, baina, 1952an bertara iritsi zen lehen atzerritarrak esan zuen legez, “hain urrunekoa da, normalean independentea izan behar duela”.

Goizean goiz abiatu ginen; zerua urdin zegoen eta haizea zoro-zoro zebilen, Kali Gandakiren arroilan, joan-etorriko lasterketa alferretan.

Debekatutako Erresumaren muga pasata geunden. Paisaia idor, gogor, apur bat atsekabegarri bihurtzen ari zen. Harri eta lurrezko mendi handiak, haizeak bakarrik modelatzen dakizkien formakoak, okre, laranja edo gris kolorekoak, eguzkia mugitu ahala tonalitatez aldatzen direnak. Lugorriak, tontor biluziak, zuhaitz bakar baten apaindura ere onartzen ez duten mendi soilak. Orduak eman behar dira oinez, herrixka batzuk ager daitezen, oasi txiki gisa, orban berde baten erdian, non zuhaitz gutxi batzuek eta lur landu urriek beren emankortasun apala erakusten duten, ingurunearen idortasunari erronka eginez.

Kagbeni legez, herri guztiak horma altuen –edo oso altuen– artean sartutako ibaien ondoan zeuden kokatuta, eta horrek esan gura du, herriraino iritsi behar izanez gero, ibaiertzeraino jaitsi behar dela, han zubia zeharkatu (baldin badago) eta beste aldeko maldan gora igo behar dela, hormaren goialdean dagoen herrixkara iritsi arte.

Otordua apur bat urri edo arina izan zen, eta haren osteko igoera-orduak bazkaloste nekagarri samar bihurtu ziren. Goi-ordoki moduko batera iritsi ginen, ibaia gure ezkerrean genuela, eta zeharkatzen genuen bitartean nire arnasketaren erritmoa berreskuratzea lortu nuen. Handik gutxira, gure eskumara zegoen horma bat topatu genuen; otoitz-horma bat, non milaka mani harlauza metatzen ziren, horma altu eta oso luzea zen, hain luzea ezen ez baitzen haren bukaera ikusten, horma amaiezina, haranean sigi-saga zihoana mendirantz. Behealdea marra bertikal horiz, grisez eta gorriz margotuta zegoen. Bertoko elezaharraren arabera, hormak deabruaren hesteak irudikatzen ditu, URGYEN RIMPOCHE santu budistak hura akabatzea lortu zuelarik. Luzaz ibili ginen hormaren ondoan, beti gure eskumara genuela, kultura budistan egin behar den legez.

Harresia tonu arrosa eta okreko tontor malkartsuetan amaitzen zen. Tontor haiek, elezahar beraren arabera, eraitsitako deabruaren birikei zegozkien. Mendiaren oinetan, berarekin nahasturik koloreengatik, eta mendiari kendutako harriz eginak, txorten (chörten) edo estupa multzo bat aurkitu genuen: handi bat eta hiru txikiago zeuden. Isiltasunaren eta haizearen artean geldi-geldi, edertasun kezkagarrizko multzoa osatzen zuten. Ikuspen haren inpaktua luzaz izan nuen neurekin. Goi-ordoki hautseztatuaren gainean, mani hormak, txortenek eta mendiak paisaia bitxi ederra osatzen zuten, edertasun gogor eta ahaztezinekoa.

Arratsaldeko emozioek nekea astindu zidaten. Dhakmar-en, eguneko etaparen amaieran, bertoko gizatalde bat festaren bat ospatzen ari zen. Belar gainean olanazko karpa bat eraikia zuten; gizon eta emakumeak alaiki ziharduten berbetan, kantuan eta dantzan, batzuk behar baino gehixeago edan izanaren zantzu nabarmenekin. Irribarre handiz hartu gintuzten, eta beraiekin esertzera gonbidatu; berba bidez ezin ulertu arren, haien animazioa partekatu ahal izan genuen pixka batean.

Gero, herrixkarantz gindoazela urrutitik ikusi genituen haitzuloak ezagutu gura izan genituen.  Asko ziren, egiaztatu ahal izan genuen legez. Mustangeko beste leku batzuetan dauden bezala. Haitzuloak, hainbat altueratan, herrixka gainean dagoen mendiko hormetan zulatuta zeuden. Urrutitik erlauntzak ziruditen. Hurbildu egin ginen, eta irisgarrienetara iritsi. Batzuk erabat hutsik zeuden, beste batzuek objekturen bat zuten barruan, baina ez ziguten behar adina informazio ematen zehazteko ea bizilekuak izan ziren ala hilobi-kokalekuak besterik ez. Beharbada bi gauzetarako balioko zuten, baina herrixkan inork ez zuen jakin gure zalantza argitzen.

TSARANGera hurbiltzen ari ginen. Urrundik iruditu zitzaidan antzezpen baterako prestatutako eszenatoki bat zela, edo, agian, dotore trazatutako margolan bat. Atzealdean, gailur harritsuaren gainean, jauregia zegoen, handia eta zaharra, antzinako gotorleku baten aztarnen ondoan. Haren eskumara, distantzia batera, monasterioa ikus zitekeen (Erresumako garrantzitsuenetako bat), gorri ilun kolorekoa. Atzean, mendilerro bat, tontor gorabeheratsuz osatua, eta urrutixeago gailur elurtuak ikus zitezkeen. Beherago, orban berde bat zipriztinduz, herrixkako etxetxo zuriak ageri ziren. Kolore biziko bi txorten (chörten) ikusgarrik osatzen zuten multzo bikaina.

Herria ezagutzen eman genuen arratsaldea. Jauregiraino igo ginen. Hainbat solairutako eraikin itzela zen, abandonuak oroitzapen bihurturikoa. Egundoko arrail edo pitzadurak zeuden fatxada nagusian, teilatuaren zati bat eroria zegoen, leiho-ilarak zulo beltzak ziren, eta haietatik haizea sartu eta irten egin zitekeen isiltasuna urratuz, hura baitzen, auskalo zenbat urtez, etxe ikaragarri hartan bakardadean bizi zena. Ondoan zeuden gotorleku zaharraren hondakinek are itxura fantasmagorikoagoa ematen zioten. Handik, bidezidor txiki bat jaisten zen monasterioaren oineraino. Harrizko eskailera irregular batzuk igo genituen, eraikin nagusiaren sarreran amaitzen zirenak, eta eraikinaren fatxada gorrian hainbat koloretako marra bertikalak zeuden margotuta. Behin barruan, zenbait eraikin txikiago bereiz zitezkeen, hainbat tamainatako patioen bidez bananduak. Hamar bat monje gazte, gehienak umeak oraindik, jolasean zebiltzan, arratsaldeko gelditasunari soinua, kolorea eta mugimendua emanez.

Gauean ez dakit amets egin nuen. Agian ametsa lehenagokoa izan zen, eta hura zen errealitatea.  Agian…

Tsarangetik atsekabez aldendu nintzen, liluratu ninduen zerbait atzera uzten nuen sentipenarekin. Hura herri bat baino gehiago zen, bideko etapa bat baino askoz gehiago. Eta ilusio hartatik aldentzen ninduten neure urratsek. Behin eta berriz jiratu nintzen bezperan aurkitutako margolan ederrari begiratzera. Bideko bihurgune batean bistatik galdu nuen arte.

Zorionez, Tsarangetik aldentzen ninduten urratsek Lo Mantang-era hurbiltzen ninduten, Mustang Erresumako hiriburura. Sei eguneko bideak, nekeak eta emozioek hiri zaharrera ginderamatzaten. Marangetik, bezperako bidearen zati bat deseginez, Cgaggu La-ren 4.000 metrotan utzi gintuen aldapa izugarri bat igo genuen.  Handik gutxira, hiri harresituak, erresuma debekatuaren hiriburuak, arnasarik gabe utzi ninduen. Han zegoen, mendi-lepoaren azpian.  Gelditu egin ginen, goitik miresteko. Luzaz egon ginen hari begira, besarkadatan gainezka egin zuen zirrararekin.

Ordoki edo lautada batean eraikia, mendi gorri soil handien gerizpean, harresiz inguratutako hiri zaharra ia irreala iruditu zitzaidan. Goitik, haren barruan monasterioak, txortenak eta kale txiki harriztatuak bereiz zitezkeen, etxe mordotuen artean nekez bide egiten zutenak.  Harresiaren kanpoaldean eraikin berri batzuk eta zuhaitz gutxi batzuk ikusten ziren harresiaren inguruko tapiz berdearen gainean.

Arratsaldeko lehen orduan, ibairaino jaitsi ginen, zubia zeharkatu eta bidezidor txiki hautseztatu batetik gora harresi gorriraino igo, non bi txakur, beltz eta handi, gure igoerari begira baitzeuden.

Hiru gau emateko etxetxo eraiki berri bat hartu genuen, harresiaren ondoan. Bainu-gela pribatu bat geneukala konturatu ginen poz handiz. Luxua (luxu asiarra, noski) iruditu zitzaigun. Luxua erlatiboa izan zen, komunaren zisternak ez baitzuen funtzionatzen, eta konketaren txorrotak ere ez. Eta dutxa ur hotzeko zurrusta antipatikoa zen. Tira, ez zen plastikozko ontzi batekin konpondu ezin zitekeen ezer. Azken finean, ez ginen haraino erosotasunen bila joan.

Hiri zaharra arakatzeko irrikak gela azkar uztera eraman gintuen. Harresia zeharkatu genuen eskola batera iristen zen ate batetik, eta handik ikasleen ahots zaratatsuak heldu zitzaizkigun.  Kale estu eta harriztatuei jarraituz monasterio batekin topo egin genuen. Monasterio Berria deitzen dute. Eskaintza bat egin behar zuten eta barruan eseri ginen. Alfonbren gainean eserita, bizkarra hormaren kontra eta hankak gurutzatuta, mantrak entzun genituen, hogei bat monjek, bi lerrotan elkarren aurrez aurre eserita, etengabe errezitatzen zituztenak. Ez zen luzeegia izan, edo motza iruditu zitzaidan; luzaroago egon gurako nukeen han. Begiak itxita, mantra monotonoen soinuak atseden eta lasaitasunezko sentipen bikaina ematen zidan. Eskaintza amaitu ostean, monjeak kanpora atera ziren prozesio txiki bat osatuz, eta parte hartzera gonbidatu gintuzten, monasterioaren inguruan ibiliz. Zeremonia hura errepikatu egin genuen hirian eman genituen hurrengo bi egunetan.

“Egoitza basea” Lo Mantangen genuela, iparralderantz abiatu ginen oinez, Txina-Tibeteko mugarantz. Aspalditik badago Lo Mantang lurralde txinatar-tibetarrarekin lotzen duen pista bat, eta hango biztanleekin harreman adeitsua dute otsemeek (Mustangeko jatorrizko biztanleek) eta Txinan fabrikatutako produktuez hornitzen dira askotan. Baina pentsatu genuen askoz xarma handiagoa duela helmugetara bide harritsuetatik iristeak.

Ibaiaren eskumako ertzari jarraitu genion, Mustangen bizitzan oso garrantzitsuak diren Garphu eta Ninphu monasterioetara iristeko asmoz. Herrixka txiki batean sartzen ari ginela, hango jendeak bidea itxi zigun. Atzera egin genuen eta, zubi bat zeharkatu ostean, beste herrixka batera hurbildu ginen, bidea beste ertzetik jarraitu guran; baina emaitza berdina izan zen. Antza denez, bertakoek liskarren batzuk zituzten Nepalgo gobernuarekin, eta beren kexa adierazteko modu bat arrotzei pasatzen ez uztea zen (harriren bat ere bota ziguten). Zalantza handiak ditut neurriaren eraginkortasunaz, zeren, egia esan, ez baitut uste jende asko igaroko zenik handik, eta hala, behintzat, gobernuak ez zuen kexaren berri handirik izango; baina, tira, ni ez naiz nor inoren protesta-metodoak zalantzan jartzeko. Beraz, Lo Mantangera itzuli ginen tenplu bikainak ezagutu barik. Zer egingo diogu, ba! Horixe da errebindikazioak duena, …

Edozelan ere, paisaia ederrez gozatu genuen. Berezko edertasunari gehitzen zitzaizkion txorten (chörten) koloretsuak, otoitz-banderatxoak haizeari emanak, eta antzinako gotorlekuen eskeletoak, denborak eta haizeak erabat higatuak, altxatzen ziren mendien zati zirela ematen zutenak urrundik.

Bagenekien hiriaren iparraldean Mustangeko erregearen udako jauregia zegoela. Trenkar-eraino joan ginen, horrela deitzen baita kokalekua. Espero genuen (nik behintzat bai, zerbait irakurria bainuen horri buruz) bizitzeko moduko leku bat topatzea, atsegina ere bai, nahiz eta, beharbada, ordurako erabiltzeari utzia. Sarrerako patiora ematen zuen burdin hesi herdoilduak ozen kirrinka egin zuen, kontuz bultza egin genionean, geure buruari galdetuz ea horrela askatasunez sartu ahal izango ote ginen jabetza pribatu batean. Errealitatea lasaigarria izan zen, eta aldi berean etsigarria. Patioan ur ustelduko putzu handi bat besterik ez genuen aurkitu, eta inguruan zaldi-gorotzak ageri ziren barreiatuta, batzuk berriak eta beste batzuk zaharragoak, antza. Aurrera jarraitu genuen giltzarrapo handi eta zahar bat zeukan ate trangatu batekin topo egin arte. Hori zen guztia. Argi zegoen udako errege-egoitza Mustangeko zaldi txikien egoitza bihurtu zela azkenaldian. Hori kanpoaldetik. Segur aski barrualdea ahanztura ilunaren egoitza tamalgarria izango zen jada.

Arratsalde batean kata batzuk erosi genituen eta erregea bisitatzera joan ginen. Esan ziguten gogoko zuela bere erresumara iristen ziren atzerritar bakanak hartzea. Eta, bai, esan daiteke audientzia izan genuela erregearekin. 

Jauregiaren sarrerako atetik patio batera iristen zen. Eskailera estu-estu batetik bigarren patio batera, non soka zarpail batean galtzontzilo handi-handi batzuk zeuden (barre artean, erregearenak ote ziren galdetu genuen geure artean). Areto handi eta luze batera eraman gintuzten. Horma luzeetako batean, tibetar estiloko altzari nabar ugari zeuden batuta, gorriz lakatuak, kolore biziko marrazki loredunak eta geometrikoak zituztenak, eta, jakina, Dalai Lamaren argazkia ere hantxe zegoen. Beste aldean, bisitarientzako eserlekuak zeuden.  Erregea sartu eta eseri egin zen, altzarien eta gure aulkien arteko hormaren ondoan. Banan-banan harengana hurbildu ahala katak eskainiz, hark lepoan jartzen zizkigun. Itxura atsegineko eta aurpegi adeitsuko gizona zen (eta ez, galtzontziloak ezin ziren harenak izan).  Tea eskaini zigun eta atseginez erantzun zien gure galderei. Esan zigun alaba bat eta seme bat zituela Estatu Batuetan ikasten; baita ere aitortu zuen neguak Kathmandun igarotzen zituela (bere gurasoak, jada adinekoak, han bizi ziren), haranean klima ez baita bere erresuman bezain gogorra. Beraz, ikusi genuen erregea, atsegina izateaz gain, nahiko gizon pragmatikoa zela.

Jauregitik irten ginenean, kale estuetan animazioa zegoela iruditu zitzaigun. Plazan herriko jendea zegoen elkartuta. Udako eguraldi ona aprobetxatuz, taldeka gizon-emakumeak (ia beti bereizita) zeuden eserita pretil edo eskaileraren baten gainean, eta berba egiten zuten ahotsa asko ozendu barik. Emakumeek gona luze eta ilunak zituzten soinean, kolorezko marra horizontalak zituen mantalaren azpian. Ilea txirikordatuta eta, batzuetan, buru gainean bilduta zeramaten, urdin edo fuksia koloreko begiztaz apainduta. Gizonek beren zirak (chuba) zituzten soinean, mahuka bat bizkarrean zintzilik utzita. Jantziak, beste guztia bezala, erabat tibetarrak ziren. Jende lasaia zirudien, eta irribarre egiten ziguten burua apur bat astinduz talderen baten ondotik pasatzen ginenean. Neska-mutiko batzuk, txikerrak, korrika zebiltzan plazan, eta haien oihu zoliek urratzen zuten ilunabarreko ia isiltasuna. 

Erregearen jauregitik ez oso urrun, Jampa Gonpa topatu genuen, Lo Mantangeko monasteriorik zaharrena, XIV. mendean eraikia. Kaleko atea igaro ostean patioa zegoen, eta han zenbait solairutako dorre gorri ilun bat. Monje batek, giltza-sorta bat eskuan zuela, lagundu zigun bisitan. Eskailera txiki batzuk patiotik lehen solairuraino zihoazen, eta hark ere bazuen bere terrazatxoa dorrea inguratzen zuena. Monjeak bere giltza astunekin tintin eginez ate bat ireki zigun, eta hasieran iluntasuna besterik ezin izan genuen begiztatu han. Behin barruan, iruditu zitzaidan gela hartan zerbait ikaragarria zegoela airean. Begiak kandelen argi eskasera ohitu ahala, astiro-astiro irudi zirraragarri bat sumatu nuen. Maitreyaren aurpegi zoragarria joan zen agertuz, eta arnasa eteten zitzaidala sentitu nuen. Emeki-emeki ikusgarriago bihurtu zen, eta irudiak tamaina ikaragarria zuela egiaztatu nuen. Burua aurrez aurre geneukan, baina haren gorputza beheko solairura iristen zen. Haren aurpegiari erreparatu nion berriro, eta bazirudien naturaz gaindiko indarren bat zeriola. Begietara so egin nion, eta budaren begirada bareak bake-sentipen kontsolagarria helarazi zidan. Eskuek, haren itzelezko eskuek, identifikatu ezin izan nuen mudra batean, babes-keinu bat iradokitzen zidaten. Ohartu nintzen Maitreyak mendeak zeramatzala nire zain, eta zirrarak, emozioak eztarria estutzen zidala sentitu nuen.

Zaila izan zen begiak aurpegi, begi, esku, … haietatik aldentzea. Luzaz egon ginen hura miresten. Astiro eta isilik joan ginen handik alde egiten. Geldi-geldi jaitsi nituen eskailera estuak, agurra iritsi zela jakitearen atsekabeaz. Ez da erraza denbora neurtzea denbora gelditzen denean, baina topaketa hura luzatzeko beharra sentitzen zuen. “Itzuliko naiz”, agindu nuen agurrari mingarritasuna kendu guran edo. “Itzuliko naiz” …

Lo Mantang-etik goiz irten ginen. Ia ez zen jenderik ikusten. Gure aurrean, emakume bat zihoan, bidean nagi-nagi zebilen behi-pare bati aurrera eraginez. Eguna argia zen eta, atzealdean, tontor elurtuak ikusten ziren. Hiriaren amaieran (edo hasieran, nondik begiratzen den), haren plano bat topatu genuen metalezko oinarri baten gainean. Mahai-joko baten taula zirudien. Edo haurren marrazki batena. Ez dakit, guretzat, hiritik alde egitera gindoazelarik, guztiz alferrikakoa zen, baina kutuna. Horregatik gelditu egin ginen alditxo batez, jostatzera edo, ea planoa argitzen genuen; horregatik gogoratzen dut. Pentsatzen dut gehiago izango zela kutuna zitzaigulako erabilgarria baino gehiago… Kosta egin zitzaigun harresi haiek atzean uztea, hainbeste topaketa, hainbeste emozio gordetzen zituzten, … .

Itzulerako egunak gogorrak izan ziren niretzat. Tarte batzuek ahalegin handia eskatzen zuten. Baina, batez ere, gogorrak iruditu zitzaizkidan, aurreko egunetako bizipen bikainetatik urruntzen nindutelako.

Yara Gaon-etik irten eta (ibilbide honetan nonahikoa den) Kali Gandakiko uren bataioa jaso genuen. Zubirik ezean, tokiko gidarien laguntza behar izan zen abiadura handian zihoan ibaia zeharkatzeko. Uneren batean ura ia gerriraino iristen zitzaigun, eta izuak hartu ninduen, ur bortitzek aurrean eraman ahal nindutela sentitzean, gure gidarien trebetasunagatik izango ez balitz. Ibaiaren beste ertzean malda aldapatsu bat genuen zain.

Tangbe herri polita zen. Ezin gauza bera esan egokitu zitzaigun bizilekuaz. Patio baten inguruan gelak eta sukaldea zeuden, dena nahiko zikina. Patioan, txorrota baten azpian, plastikozko terreina edo barrinoi handi bat zegoen, non, metaturik, metalezko baxera zegoen kraka kentzera animatuko zen esku baten zain. Hormetako batean zulo bat zegoen (hari atea deitzea onginahizko gehiegikeria izango zen, gutxienez), eta handik bi edo hiru harmaila abiatzen ziren, eta gero belarrezko koadrante txiki batera jaisten ziren, eta han bukaeran, egurrezko kabinatxo bat zegoen, komun gisa erabilia. Erdibidean, belar gainean eserita zegoen behi batek joan-etorrien zenbaketa egiten zuela ematen zuen. Haren ondotik igaro nintzen, betertzetik begira behiak mugitzeko keinurik egiten ote zuen, baina, nire lasaitasunerako, geldi-geldi geratu zen. Gauean euria hasi zuen. Gela hartan, kamaina hartan, non nire zakutik kanpo ia ez bainintzen ezer ukitzera ausartzen, izuturik, hurrengo etaparen nondik norakoari buruz aieruka ibili nintzen, aldi berean uralitaren gainean euriaren danbor-hotsa entzunez eta euriari berriro ez erortzeko eskatzen zion abesti bat gogoratuz (Esaiozu euriari berriz ez jausteko …).

Beldurra egia bihurtu zen eta euriak jarraitzen zuen eguna argitzean. Ez zen oso euri indartsua, baina euria zen eta ez zen egoerarik onena gure bideko etaparik luzeenari aurre egiteko.  Komuna jagoten zuen behia zutitu egin zen; agian ez zuen atsegin belar bustiaren gainean etzanda egotea. Berriro gurutzatu nuen zati txiki belartsu hura. Oraingoan ere animalia ez zen mugitu.

Goitik erortzen zitzaigun urarekin nahikoa ez balitz bezala, oraingoan ere ibaiko uretan murgildu behar izan genuen beste ertzera igarotzeko. Ibaia zabala zen han, baina zorionez ez zen oso sakona. Nahikoa zen galtzak jasotzea. Gero etorriko zen okerrena. Orduak iraun zituen igoerak. Burumakur nindoan, urak aurpegian irrist egin ez ziezadan. Sentipena, jantzi iragazgaitzaren azpian, itogarri samarra zen. Gora begiratu nuen, eta ez nintzen gai izan bidezidor eroso samar bat ikusteko. Nire buruari galdetzen nion ea nondik igotzen ote ziren gure aurretik zihoazen zaldiak. Askoz hobe ez jakitea! Haiek ikustea lortu nuenean, ezin izan nuen sinetsi leku beretik igo beharko genuenik. Susmorik ilunena bete zen. Aitortu beharra dut benetan neketsua gertatu zitzaidala igoera. Mila metroko desnibela gainditu eta Pahako pasabidera iritsi ginen. Iritsiak ginen gaineraino. Baina ezin zen atsedenik hartu. Euriak eta, batez ere, haize zakar-zakar eta hotzak ezinezkoa egiten zuten 4.200 metro baino gorago zegoen leku hartan geratzea. Beraz, atseden barik, jaisten hasi ginen. Luzea izan zen, oso luzea.  Euria egin zuen beste pixka batean, baina atertu zuen gero. Pixkanaka-pixkanaka, lainoa desagertuz joan zen eta tontorrak sortu ziren, mendiak agertu ziren. Hodeiak aldendu eta formazio malkartsuak agertu ziren, koloretako gailur horzdunak, horitik gorrira, okretik laranjara, zuritik grisera zihoazenak. Koloreak, tontorrak eskuman, ezkerrean, arroilak, amildegiak, … etengabe begira eta miresten egoteko saioa, forma eta koloreen mozkorraldia.  Urrats bakoitzean, tontorrak, sakanak, erpin zorrotzak lainoen artean, eta eguzkia haiek apurtu guran. Deskribatzen zaila den ikuskizuna, ahaztu ezina. Chusang-eraino jaitsiera luzea izan zen, baina paisaia ikusgarriak euripean egindako igoeraren nekeak ezabatu zituen.  Gozatzeko unea iritsia zen. Egunarekin adiskidetzen ari nintzela sentitu nuen.

Mutinak gure zain zegoen bere erosotasunekin ─erosotasun erlatiboekin─, tenpluekin eta erromes hinduistekin. Lau urte lehenago lo eginda nengoen han, eta ohartu nintzen ostatuen eskaintza nabarmen handitua zela eta azkar eta modu desordenatuan eraikitzen ari zirela. “Pena da”, pentsatu nuen, herria bere xarmaren zati bat galtzen ari zen. Baina badirudi horrelakoa dela aurrerabidea … Zorionez, gauza batzuek aldatu barik jarraitzen zuten, ederrak beti, monasterio hinduista bikaina eta Daulaghiri zuri eta bikainaren ikuspegia, adibidez.

Atzera utzia genuen Mustangeko erresuma. Apur bat animatzen ninduen pentsatzeak beste egun bateko bidea bakarrik geratzen zitzaigula. Baina 20 egunez nire paisaia eta etxea izan zen erresumari agur esan beharrak banaketarik traumatikoenak besteko mina ere sortzen zidan.  Mendiak, koloreak, Tsarang, monasterioak, txortenak (chörten), Lo Mantang eta bere harresiak, erregearen jauregia, Jampa Gonpa, … etorri zitzaizkidan gogora. Maitreya ere gogoratu nuen, mendeetan zehar nire zain egona zena. Haren aurpegia, haren eskuak, haren begirada … “Itzuliko naiz” pentsatu nuen Jampa Gonpan egindako promesaz oroituz. Nire promesa, agian desira bakarrik izan zena, bidearen amaieran hautsarekin jostetan zebilen haizearen artean nahastu zen.

Arrate L.

Utzi iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.