2016az geroztik urtero legez, merezi ez ditugun elkartekide horiek gastronomia- eta kultura-egun bat antolatu zuten, eta –aurreratzen dizuet– erabateko arrakasta izan zuen. Eta pentsa 110 jatun –horixe izan zen txangorako izena eman zutenen kopurua– bazkatzea ez dela lan erraza, e!
Tira, goazen harira! Data –otsailak 24– aukeratu zenetik arrakasta aurreikusia zegoen; izan ere, lehenengo sagardotegi-egun arrakastatsua ere, 2016koa, otsailaren 24an izan zen. Iragarpen ona!
Aurrerago, egunean zehar egindako jarduerak zehaztuko ditut, baina dagoeneko aurreratzen dizuet Gaubea, Espejo, Trebiñu… inguruan ibili ginela.
Pentsa dezakezuen legez, 110 morrosko, gizon-emakume, mugitzeko 2 autobus behar izan ziren. Eta han zeuden, ordu-orduan, Bilboko Intermodal distiratsuan, non hasten baitzen eguna programa honekin, oro har esanda eta bi taldetan antolatuta:
10:30ak aldera, esleitu zitzaigun ostalaritza-establezimenduan (Gaubeako eremuan) gelditu zen talde bakoitza. Bertan, bankako erretiratuoi baino gehiago eraikuntzako peoiei zegokien hamarretakoa egin genuen; baina tira, medikuari ere ez genion konturik eman behar, ezta?
Otorduaren ostean, autobusera igo eta programatutako bi bisitak egitera joan ginen: Varonatarren dorrera (Espejotik gertu) eta Añanako Gatz Haranera. Bata zein bestea oso jarduera interesgarriak izan ziren, neurri handi batean gidarien profesionaltasunari esker, oso didaktikoak eta atseginak izan baitziren.


Bi bisita horien ondoren, larruazalaren poro guztietatik kultura zerigula, eta eguerdiko ordu biak gerturatzen direnean eta bazkari on bat zain dugula dakigunean jartzen zaigun begirada horrekin, Askartzan (Trebiñu konderrian) dagoen Trebiñu sagardotegira bideratu ginen, non oso tratu atsegina eta oso profesionala emateaz gain, menu ikusgarria atera baitziguten: zer esan txistorrarekin eman ziguten talotxoaz? Eta bakailao-tortilla heze-hezeaz? Eta bakailaoari berari buruz? Baina amaiera ezin bikainagoa azienda larriaren txuletatzarrak eman zion, ezin hobea baitzegoen. Mahai askotan entzun ahal izan zen 2016tik hona bisitatu diren 11 sagardotegietatik onenetako bat izan zela, onena izan ez bazen.
Eta bapo bazkaldu ostean, berriro autobusetara eta Bilbora abiatu ginen, arratsaldeko zazpiak aldera iritsi ginelarik bertara.
Eta hori guztia 67 euroan! Aizu, ba al da gehiago ematen duenik?
Ricardo Naveda