Duela 15en bat urte, Amsterdamera egindako bisita batean, bertako gidari baten zerbitzuak kontratatu genituen. Albako dukea eta orduko Felipe II.a erregea aipatu zituen bere azalpenetan. Turista-lagunetako batek iruzkin bat egin zuen zelanbait iseka eginez eta esan zuen: “Errege Katolikoez geroztik, gure herrialdean gaitasun handieneko erregea Jose Napoleon izan da; tamalgarria da Elizak eta nobleziak ez uztea hari bere lana egiten”. Bertan zegoen beste batek esan zuen: “Hori doilorkeria bat da: edozein Borboi hobea izan da eta, batez ere, egungo erregea, Juan Carlos I.a”.
Baina errege-etxeen “zozketan” zorte txarra izan badugu beti, bada beste guztiak gainditzen dituen kasu bat, Fernando VII.arena, ‘Errege desleiala’ (gaztelaniaz ‘el Rey Felón’) deiturikoa:
RAE. ‘Felón’ hitzaren sinonimoak gaztelaniaz: traidor, desleal, aleve, alevoso, pérfido, bellaco, infame, indigno, falso, engañoso, perverso.
GOMENDATURIKO LIBURUA. El Rey Felón. Egilea: José Luis Corral, Darocan jaiotako historialari ospetsua. Zaragoza probintziako udalerri horrek merezi du bisita bat.
Fernando VII.a okerrenetakoa izan zen hil eta gero ere, bere oinordekotzarako Lege Salikoa indargabetzea agindu baitzuen azken orduan. Lege hori bere garairako aurreratua izan zitekeen arren, tronua emakume bati, bere alaba Isabel II.ari, ematen baitzion, azken ordura arte hautagai izan zen Karlos baztertzearen kontura izan zen. Izan ere, nobleziarik zaharkituenaren zati handi batek eta eliz hierarkia itxuragabeak lagunduta, ez zuen zalantzarik izan liberal isabeldarren aurka borrokatzeko, Gerrate Karlistak eraginez; EAEn eta Nafarroan bizi garen guztiok izan dugu Karlistaldi horien berri.
Baina gure bizilekutik hurbilekoak ez ezik, gudu-zelai gehiago ere izan ziren, eta horretan Katalunia eta Maestrazgoa, Teruelgo probintziaren ekialdean dagoen eremu geografiko eder bat, nabarmendu ziren, besteak beste.
Eskualde hartako borroketan pertsonaia bat azpimarratu behar da, ‘benetan odoltsu’tzat jotzen dena, zalantza barik galtzaileen alderdian borrokatu izanagatik; izan ere, irabazleen taldean egin izan balu, haren “balentriak” handietsiko ziren eta heroitzat hartuko zuten. Horrelakoez asko dakigu herrialde honetan.

Jakingo denez edo asmatuko zenez, Ramón Cabrera y Griñó-ri buruz (Tortosa 1806 – Londres 1877) ari naiz, “Maestrazgoko Tigrea” deituaz; I. Maestrazgoko Dukea, I. Morellako Kondea eta I. Terako Markesa tituluak ere izan zituen, Karlos Borboikoak sortutako noblezia-tituluak, urte batzuk geroago Alfontso XII.ak aintzatetsiak.
Ramon merkataritzako marinel xume baten semea izan zen, eta semeak bost urte zituela hil zen hura itsasoan. Alargunak, debozio handikoa, oso ume zela bultzatu zuen erlijio-ikasketak hastera. 1825ean jasotako herentzia batek bere eliz karreran aurrerapen handia ekarri zion, Tortosako apezpikuaren tutoretza izatera igaro baitzen; apezpiku hura, erabateko absolutista, Fernando VII.arekin ministro izan zen, baina, bere tutoretzapekoaren bokazio-falta argia ikusirik, uko egin zion apaiz ordenatzeari.
1833an, Morellako gudaroste karlistetan sartzea erabaki zuen (Morella da lasai bisitatzea merezi duen beste hiri bat), eta hango buruzagi ospetsuena zen Marcoval-en idazkari eta konfiantzazko gizona izatera iritsi zen.
Urtebete geroago, 1834an, Aragoi eta Valentziako tropa karlisten buru izendatu zuten, Manuel Carnicer jeneralaren agindupean. Urte bat geroago atxilotu eta fusilatu egin zuten Carnicer, eta haren ondorengoa izan zen Griñón, Aragoi Behereko bitarteko komandante jeneral gisa.
Cantavieja izeneko herri txikian basea jarrita (bisita interesgarria egin daiteke herri hartara ere), gotorleku bihurtu zuen herri hura eta bere tropak berrantolatu zituen zentzu guztietan, baita hornidura-kanaletan ere, herrian kanoi- eta munizio-fabrika bat martxan jartzera iritsiz.
Hasiera batean, tropa liberalak nabarmendu ziren euren krudelkeriagatik, eta “Tigrearen” menpekoek, berriz, jarrera bihozberagoa zuten arerioaren zauritu eta presoekiko.
Dena aldatu zen, ordea, Griñónen gudarosteek, bera buru zela, Burjasot hartu zutenean. Garaipena ospatzeko afari bat antolatu zuen, janari eta edari ugarirekin. Azkenburuko edo postre gisa, oso festa berezia antolatu zuen, eta preso guztiak fusilarazi zituen, baina txandaka, ospakizuna gehiago luzatzeko, benetako odol-orgiatzat jo zen ekitaldian.
Horrek zentzugabekerien katea abiarazi zuen, zein baino zein zitalagoa. Kataluniako kapitain jeneralak, isabeldarrak, Cabreraren ama atxilotu eta fusilatzeko agindu zuen. Cabrerak, bere aldetik, preso zituen lau emakume hil zituen ezelango begirunerik gabe, 18 urteko neska gazte bat barne, harekin maiteminduta omen zegoen arren.
Handik aurrera, dena areagotuz joan zen. Ez dut xehetasun gehiago emango eta Interneten argitaratutako lan anitzetara igorriko dut irakurlea. Jakina da zelan amaitu zen borroka. Eta herrietan eta bertako biztanleen artean izandako kalte eta triskantzak ere bai.
Ezagutzen ez duzuenontzako gomendio batekin amaituko dut: bisita ezazue Maestrazgoa, ibili han lasai eta aholkularitza onarekin, eta Cantaviejara nahitaez egin beharreko bisitan, gogoratu behin militar ezagun bat egon zela han, bere gogortasunagatik “Maestrazgoko Tigrea” deitua.
Eta Alcañiz eta Zaragoza lotzen dituen errepidetik bazoazte edo bazatozte, eta gerra bat, bereziki bertako herritarrentzat, beti gauza negargarria dela egiaztatu gura baduzue, ez utzi Belchite zaharra bisitatzeari. Egia da irudi batek mila berbak baino gehiago balio duela.