Euskaldunako organoa

Nire irakasleak mugikorrera bidalitako mezu batekin hasi da guztia; honela zioen:“Egun on, Gabonetara hurbiltzen ari gara, eta opari bat egingo dizuet.Martitzenean, 2014/12/9an, Euskaldunako bisita-atean (zubi ondoan) elkartuko gara organoan entseatzeko.Baieztatu ahal duzun.Besterik gabe, agur.JOSERRA.”

Mezu labur baina argi honek neguko lozorrotik atera ninduen behingoz. Posible izango ote zen ni, JOTZEA EZ, BAINA GUTXIENEZ HURBILTZEA Euskalduna Jauregiko itzelezko organo zirraragarri horretara?

Sonoritate eta akustika oneko Auditorium horretan egona nintzen sarritan, ikus-entzule soil legez B.O.S. entzuten edo antzerki-lanen batez gozatzen edo …, baita agertokian abesbatzako kide legez ere, eta beti itauntzen nion neure buruari zelako soinua ote zuten hodi zirraragarri haiek eta, batez ere, kontsola non izango ote zuten gordeta, ez baitzen inon ikusten. Esana zidaten mugikorra zela, baina non zegoen?

Kontua da bi dituela: bata mugikorra, bai; eta bestea, besaulki-patiotik begiratuta, agertokiaren eskuma aldeko balkoitik esekita, Barroko eran, baina estetika guztiz moderno eta minimalistarekin, gainean Bizkaiko armarria duela apaingarri bakar legez.

Euskaldunara iritsi ginenean, egun haizetsu eta euritsuan, eta J.R.ek deituriko ikasle guztiok elkartu ahala, kezka edo jakingura sumatzen zen gure artean, zer gertatuko ote zen, zerez topo egingo ote genuen, zer jarrera izango ote zuen Auditoriumeko Zuzendaritzak guztiok instrumentu hartaz gozatu ahal izateko…

Dena formaltasun eta diziplina handiz gertatu zen, eta anfitrioiak, gizalege harrigarriz, geure etxean bagina legez sentiarazi gintuen berebiziko etxe hartan. Eta hutsik eta isilik zen Auditoriumera sartu ginenean, ni behintzat erabat hunkitu nintzen eta burua biraka hasi zitzaidan pentsatze hutsaz zelan izango ote zen hura mukuru beterik eta “Ez dago sarrerarik” txartel-leihatilan ipinita, eta ni goiko argazkian ikus daitekeen instrumentu horren aurrean eserita. Zorabiatzekoa. Jasateko gai izango ote nintzateke? Zalantza dut.

Orain oso modan dago jada ospetsuak diren artistak paralizaturik geratzea beldur eszenikoagatik. Hau zaildutako profesionalei jazotzen bazaie, zer esanik ez ni lako bati, gorroto baitut besteen begiradapean sentitzea, nahiz eta egona naizen bakarrik jendetza handi samarren aurrean. Baina hau beste kontu bat da. Ziur nago izu-ikarak hartuko nindukeela eta organoa ni irensteko gogoz dagoen Galleten Munstroa (Cookie Monster) irudiko litzaidakeela. Picos de Europan harkaitz puntazorrotz batetik esekita egoteko erokeria egin nuen batean esan nuen legez: “Beldurra, ez. Izu-ikara”.

Kontsola atsedenean zegoen, mutu, agertokiaren erdian. Hodiak, frontisaren bi aldeetatik, txundituta zeuden guri begira, eta are harrituago geunden gu. Baina gure anfitrioi eta ciceroneak, botoi txiki bat sakatze hutsez, “batailako” hodieria, ordura arte ezkutuan zegoena, agerrarazi zuenean, miresmen-xuxurlak entzun ziren esparru osoan. Presarik gabe, pixkanaka, ordura arte bildurik egondako tronpetak agertuz joan ziren, zut geratu arte beren horizontaltasunean. “In-presionantea”, gogoan dugun toreatzaile hark esango zukeen legez.

Gure irakasleak instrumentuaren ezaugarriak irakatsi zizkigun, gure eskura zeuden jokoetatik lor zitezkeen sonoritateak probatuz. Organo honek 71 joko edo erregistro ditu, eta 25 kanpai, 4 esku-teklatutan eta pedal batean banatuta.

Teknikariek diote, benetan, hiru teklatu bakarrik dituela (Organo Nagusia, Kadereta eta Oihartzuna), zeren eta laugarrena horizontalki kokaturik dauden batailako mihien jokoez horniturik dagoena baita. Ez da apaingarri hutsa, baizik eta laugarren teklatu honek bikoiztu egiten ditu instrumentuaren ahalmena eta bikaintasuna.

Organo Nagusiak, Kaderetak eta Pedalaren zati batek organo autonomoa osatzen dute, trakzio mekanikoa du, bi esku-teklatu eta pedala leiho-kontsola propioarekin, 49 erregistro. Organo hau agertokiaren eskumara dago eta bertan edozein organo-musika klasiko interpreta daiteke. Gura izanez gero, kontsola mugikorrarekin kommuta daiteke, hau gura dugun lekuan jar daitekeelarik, bai hobian, bai agertokiaren gainean, eta 4 esku-teklatu ditu eta pedala, organo sinfoniko bihurtzen dena. Logikaz, 1. teklatua Organo Nagusia da, 2.a Kadereta da, 3.a Errezitatibo edo Oihartzunekoa, 4.a Batailakoa, baita Pedal-erregistroak ere agertokiaren ezkerraldean daudenak.

Instrumentu hau jartzeko lekurik onena zein ote zen oso eztabaidatua izan zen, leku guztiek baitzituzten beren on-gaitzak, alde on eta txarrak. Kontuan izan behar da Euskalduna jauregia ez dela auditorium edo entzunaretoa bakarrik, baita opera-antzokia ere. Horretarako dago diseinatua eta, beraz, organoak horren arabera kokaturik egon behar zuen.

Agertokiaren bi aldeetan, ondo-ondokoetan, oinplano triangeluarreko bi esparru egokitu ziren, organoaren bi kutxak alegia (hor daudelarik ikusten ez diren hodiak). Bietan egon ginen; esparruak ez dira oso handiak, baina hodien banaketari esker ez da behar leku gehiago liraintasun perfektua erakusteko; Federico Soriano arkitektoaren obra dira, eta proiektua Ernst Bittcher-ena da. Batailako mihiak hedatzen direnean 248 turuta horizontal agertzen dira, Malagako Katedralekoekin edo 1969ko Würzburg-eko Katedralekoekin bakarrik alderatu daitezkeenak. Esan dugunez, turuta hauek mugikorrak dira eta agerrarazi edo ezkutatu egiten dira, gura legez. Hau horrela egin zen, agertokia alboko proiektoreekin argiztatzen denean, itzalik egin ez dezaten.

Lau motor edo haizagailuk hornitzen dute haizez organo guztia, bana kutxa bakoitzean eta beste bi batailako blokeetan, izeizko hodi haize-eroaleen eta hainbat presiotako hauspoen bidez.

Sekretu edo haize-kaxak gidaridunak dira, haritzezkoak; gai edo material bizigabeak dira, deformaezinak, eta zirrindola elastikoen artean preso daude. Ventilla edo balbulak zedrozkoak dira eta malgukiak altzairu bereziz eginak, eta kiribilduak, trakzio mekanikoko tekletan malguki-efektua murrizteko moduan. Ventilla edo balbula-heldulekuen konpentsagailuak doigarriak dira.

Tribunako organoan, kontsola leiho-mekanika da, bi esku-teklaturekin. Tekla naturalak wenge-zurez estalita daude, eta sostenituak hezurrezkoak dira. Teklatuen mazo edo baketak eta atrila ebanisteria finekoak dira, marketeriazko aplikazioekin. Dotoretasun-ezaugarri legez, organo honek bi pedalier edo pedal-teklatu trukagarri ditu, bata paraleloa eta beste bat erradiala, organo-jotzaileak aukera dezakeelarik, haritzezkoak dira, eta sostenituak ebanozkoak.

Era berean, esan dugun legez, noten trakzio mekanikoa duen tribunako organo honetan, hagaxkak haritz, zedro eta astigarrezkoak dira, eta konexio mekanikoak gehienak lotuak eta alde batetik doigarriak dira. Aitzitik, kontsola elektrikoaren plataforma mugikorrak 4 esku-teklatu ditu, haien tekla naturalak hezurrez estaliak daude eta sostenituak ebanozkoak dira. Erregistroen eskutokiak, wengezkoak, Cavaillé-Coll-en tankeran, terraza moduan daude anfiteatroan eta plakak eskuz margotuta daude. Altzari osoa haritzezkoa da.

Teklatuaren inguru guztia oso landua dago goi-ebanisteriako akaberekin eta marketeriako aplikazioekin.
Transmisioa organo osora zuntz optikoaren bidez egiten da.
Erregistroak trakzio elektrikokoak dira, erregistro-motor bakoitzerako independenteak diren transformadore bidez erregulatuak. Konbinagailu elektronikoak –ez dakit batere zer den edo zertarako den– 2.000 memoria garatzen ditu, sekziotan banatuta.
Azkenik, bideo-grabazioko sistema batek aukera ematen dio organo-jotzaileari jotzen duena grabatzeko, instrumentuak berak bakarrik errepika dezan organistak jotzea lortu duena.
Amaitzeko, niretzat berebizikoa den instrumentu honen kontsolaren aurrean neure esperientzia kontatzea falta zait. Txanda iritsi zitzaidanean, ia ez nuen asmatu prest neukan partitura ipintzen ere. FELIPE GORRITIren PLEGARIA. Ez zen gaitzegia, baina organoa jo nuen moduak halako lotsa eman dit, ezen ez bainaiz ausartu grabazioa jartzera ere, benetan ezin txarragoa da-eta. Baina, besteak esaten zuen legez, GERO GEROKOAK.

P.S. Duela egun batzuk etorri zen egunkarian Euskalduna Jauregiko 2019-2020 Denboraldiko programazioa eta emanaldietako bat, uste dut datorren urteko maiatzean, Juan de la Rubia adiskidearena izango da, Bartzelonako “Sagrada Familia”ko organo-jotzaile titularra da eta oso trebea kontsolan. Nik neuk egungo organo-jotzailerik onena dela uste dut Espainiako estatuan. Urruti samar geratzen den arren, gorde ezazue Agendan, mereziko du entzutea eta.

Javier Campo

Utzi iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.plugin cookies

ACEPTAR
Aviso de cookies