Gabonetako afaria

Gabon-gau hartan, lan egin ostean, ez nintzen zuzenean etxera joan; hirian barrena paseatu gura izan nuen. Bilboko kaleak distiratsu zeuden pizten eta itzaltzen ziren argi-apaingarriengatik. Kolore haiek bustita zegoen zoladuran islatzen ziren.  Hezetasuna naturala da hiri honetan, batez ere neguan. Horrekin hotza gorputzean sartzen da hezurrak ukitu arte, eta nabaritzen da ukitu egiten dituela, nahiz eta jantzitako berokia lodia izan. Autoak pilatuta zebiltzan etorbideetan zehar. Adineko emakume bat fardelez beteta zihoan, ume bat erakusleihoan zeuden jostailuei begira-begira zegoen amak atzera gera ez zedin deitzen zion bitartean, eskuan poltsak hartuta bizkor eta urduri zebilen jendea. Bilbo presaz eta ahotsez beteriko anabasa zen, eta hiriko bazter guztietan trabatuta ageri zen zirkulazioa. Kale Nagusiko ezkiek distira egiten zuten adarretatik esekita zeuden argi urdinxkekin. Musika entzuten zen bazterretan, eta alfonbra gorriek apaintzen zituzten denda askoren sarrerak.

Gaueko bederatziak jotzean, hiria isildu egin zen. Urruneko petardo baten edo besteren eztandak bakarrik hausten zuen kaleetako isiltasuna. Etorbideak apaintzen zituzten argiak bakarrik geratu ziren. Oraindik entzuten zen “Bake-gaua” kantatzen urrunean, eta nire urratsen hotsak gero eta bakartiago zeuden. Bitxi-denda bateko erakusleihoak atentzioa eman zidan. Gabonetako zuhaitz bat bezalakoa zen, non han zeuden esmeralda eta diamanteen distirekin nahasten baitziren koloreak. Erlojuen erakustoki baten ondoan, urre zurizko bi eraztun nabarmentzen ziren erakusketaren erdian, haiek bakarrik baleude bezala. «Erosi ahal izango banitu, bihar bertan ezkonduko nintzateke». Baina aurreztu beharra neukan bizileku genuen pisuaren alokairua nekez ordaintzeko moduko soldatatik. Zortea genuela esaten ziguten, neska-laguna eta biok lanean ari ginelako. Hala ere, Martak Madrilera joan behar izan zuen premiazko bilera batera —bilera guztiak izaten ziren premiazkoak—, Eguberri-egunean, hain zuzen ere. Bakarrik geratu nintzen, gaua Hiriko alde zaharreko ganbara txiki batean igarotzeko prest. Zumardi hezeetan barrena nindoan bitartean, amets egiten nuen Martarekin ezkonduko nintzela bitxi-denda hartan ikusi nuen eraztunarekin, eta gaua elkarrekin emango genuela geure pisuan.

Kale Nagusiko izkina batean, gizon garai eta lodi batekin topo egin nuen.  Begirada onbera zuen, eta konfiantza pizten zuen irribarrea. Larruzko beroki bat zeukan soinean, bere bularraldea babesten zuen zapiaren atzean ageri zen gorbata txiki batekin. Bizarzuri edo Santa Claus ekarri zidan gogora, baina bizar barik.

            —Zein jende gutxi dabilen kalean! —esan zuen niregana zuzenduta.

           —Egia da —erantzun nion—, duela gutxi jendetza zegoen eta autoak nekez mugitzen ziren. Orain, gu biok bakarrik, ez da beste inor asko ikusten.

Duela bost minutuko hiria desagertu izan balitz bezala, orain hiri lasai eta isil batean geunden. Jendea nor bere etxean sartuta zegoen Gabon-gaua igarotzeko.

Gizonak gora begiratu zuen zerbaiten bila zeru ilunean, berokia apur bat gehiago itxi, barrutik uzkurtu eta jarraitu zuen:

            —Bai, hau familian egoteko gaua da.

Lurrera begiratu nuen. Une hartan, isilik geratu nintzen arren, nire bakardadea kirrinkaria zen, begirada guztiak niregana jirarazten zituen deiadar baten antzekoa.

            —Ez zara berandu iritsiko afaltzera?

Ez nituen begiak altxatu espaloiko baldosetatik, sorbaldak goratu eta bira eman nuen alde egiteko asmoz. Baina, ezer baino lehen, gizon dotore hari begiratu eta erantzun nion:

            —Ez dut presarik, inor ez dago niri itxaroten.

Nire gutxiespen hura entzutean, niregana hurbildu eta sorbaldatik heldu zidan gizon hark. Besoa kendu nion. Ez zidan graziarik egin ezezagun batek, oso atsegina izan arren, konfiantza hori hartu izanak. Goitik beheraino blai egiten ninduen euri fina bultzatzen zuen haizeak. Beste petardo baten eztanda-hotsa entzun zen urrunean. Zarata bakartia zen. Gabon-egunei buruzko familia-oroitzapenak etorri zitzaizkidan gogora, haurtzaroan hainbeste poz eman zizkidaten Gabon-kanten oihartzun, jaiotza eta Errege Magoen opariekin.

        —Zatoz nirekin afaltzera. Bakarrik nago, emazte eta alabarekin. Dena esana dugunez, ez dugu elkarrizketarik gure artean. Baina zurekin bestela izango da. Ikusiko duzu.

           —Ez kezkatu…

          —Berriro diotsut. Nire etxea hortxe dago, aurreko espaloian. Zergatik joango zara urrunago gau hotz honetan bakarrik afaltzera?

Aurrez aurre zegoen etxea Bilboko burgesiaren egoitza izan zen. Orain luxuzko etxe eta bulegoen eraikin bihurtua zuten. Jakinguraz bete ninduen barrutik ikusi ahal izateak. Baina ezezagun batekin afaltzera joatea ez nuen oso atsegin. Hala ere, nire jakingura eta Bizarzuri bizar barik gogorarazten zidan gizon onbera haren tema indartsuagoak izan ziren.

Eraikinera sartzean, atezainak, herrenka zebilen gazte batek, agurtu gintuen. Nire lagunak, hurbildu, gutun-azal bat eman eta festak zoriondu zizkion. Ez dakit zer zegoen gutun-azalaren barruan, baina mutila ‘eskerrik asko’ errepikatu eta errepikatu aritu zen igogailua hartu genuen arte. 

Apartamentua bigarren solairuan zegoen, atearen gainean «D» letra zuen. Andre batek egin zigun harrera, zerbitzukoa izango zen, gure berokiak jaso eta harrera-guneko armairu batean gorde zituen.

Pisua oso dotorea zen: margolan originalak zituen, pintore onen lanak ziruditen; hormak zurez estalita zeuden, eta alfonbrak zapaltzean oina zelan hondoratzen zen nabaritzen zen, kotoi gainean ibiltzea bezala zen. Korridore luze baten hondoan, egongela handi bat ikusten zen, neurri izugarriko armiarma-lanpara bat zuena. Baina ez ginen harantz abiatu, baizik eta beste gela txikiago batean sartu ginen, non bi pertsona baitzeuden eserita. Gizonak pasatzen utzi zidan. Gero eseri egin zen nik aterantz nuen irteera oztopatuz. Mahaian, mahaikide bakoitzak hiru plater eta mahai-tresna ugari zituen, ezkerrean zein eskuinean. Inoiz ez nuen uste izan hainbeste tresna beharko zirenik jateko. Plateraren aurrean tamaina desberdineko hiru kopa, kristal fin-finekoak. Zamau edo mahai-zapia zuria zen eta bi elur-orein zituen brodatuta erdian. Baina zirrara handiena gurekin zeuden bi mahaikide bitxiek eragin zidaten. Ez zuten ezer esaten.  Ezin izan nuen ikusi nire eskuinean zegoen andrearen aurpegia, aurpegia estaltzen zion belo bat zintzilik zuen sonbreiruarekin baitzegoen mahaira eserita. Ez zen mugitzen eta ez zuen txintik esaten, eskularru zuriak zituen eskuetan. Koilara eskuin eskuko hatzetatik zintzilik zeukan, erortzeko zorian bezala. Gazteenak, nire aurrean zegoenak, adats hori luzea zeukan, aurpegia ia estaltzen ziona. Pixka bat gehiago erreparatu nionean, ezpainak bi larruazal mehe zituela ikusi nuen, hain finak ezen gardenak baitziruditen, non ebakortzak argi eta garbi markatzen baitziren. Eskuetako larruazala hezurretan itsasten zen, agerian utziz mugitzen ez ziren artikulazio lodiak. Haren adatsaren kizkurren artean bilatu nituen begiak, itxita zeuden. Ez zen mugitzen…, ez zen mugitzen…, ez zen mugitzen ez bata, ez bestea.

Zerbitzariak eten egin zituen nire behaketak, mahai gainean portzelanazko zopa-ontzi eder bat, kapoi handi bat, eta plateretan zainzuriak, patea eta frijituak utzita. Gero, Gabon-gauaz gozatzera etxera joateko esan zion gizonak, eta eman zion gutun-azal bat hartu zuen neskak.

Hura ez joatea gura nuen nik, ez bakarrik uztea Santa Claus edo Bizarzuri gogorarazten zidan gizon onarekin eta mahaikide bi bailiran mahaira jarri zituzten bi gorpuekin. Mahai-tresnekin jolasten hasi nintzen nerbioak baretzeko; gizonak nire izena galdetu zidanean, atzamarren artean nuen aiztoa lurrera erori zen, eta punta oholtzan sartuta geratu zen. Distraituarena egin nuen ez erantzuteko. Baina tematu egin zen, eta berea ezagutzea eskatu nuen. Christopher Ehrlichmann von Ostermann zuela izena esan zidan. Nire izena Jose zela erantzun nion.

Alemana izateko oso ondo hitz egiten zuen espainieraz, azentu germaniarra ia ez zitzaion nabaritzen. Hala eta guztiz ere, nire anfitrioia oso atsegina izan arren, nik ez nion alde batera eta bestera begiratzeari uzten, presondegi hartatik ihes egin ahal izateko irtenbide erraz baten bila. Emakume zaharrenaren gorpuaren eta Christopherren beraren aulkiek ihes egiteko edozein ahalegin oztopatzen zuten.

Zopa pixka bat eskaini zidan, baina errefusatu egin nuen —ezin nuen konpainia harekin bazkaldu—. Orduan, zainzuri lodiak eta txipiroi frijituak zerbitzatu zizkidan platerean. Gogo barik jan nituen: ez nintzen gai bat-bateko festan gurekin zeuden bi emakumeei begiratzeari uzteko. Gero, gehiago ez nuela gura esan arren, kapoi zati bat atera zidan. Ardoa oso ona zen. Dezente edango nuen, poliki-poliki ez baitzitzaidan axola izan lagunarte geldi hura. Christopherrek etengabe berba egiten zidan Alemanian zituen seme-alabez. Maite zituen, baina gogorregia iruditu zitzaidan zorroztasunez ere epaitzen zituen. «Ez ditut inoiz horrela epaituko nire seme-alabak» pentsatu nuen. Nire bizitzaz ere galdetu zidan, baina zeharka edo ihes eginez erantzun nion beti.

Afaltzen amaitu genuenean, gurekin zeuden bi gorpuek ez ziruditen gorpuak.  Beste bi pertsona balira bezala, agur esan nien. Orduan, nire adiskide alemaniarra mahaitik altxatu zen, eta ni korridorera atera ahal izan nintzen. Baina jada ez nuen etxe hartatik ihes egin gura, eroso sentitzen nintzen. Elkar besarkatu genuen biok, eta joan aurretik pixka bat itxaroteko eskatu zidan Christopherrek. Sarreran geratu nintzen, bera korridorean aurrera joan zen bitartean. Gabonetako bi opari eman zizkidan. Ez nekien zer esan, nik ez nuen ezer berari emateko. Baina hark irribarre egin zuen. Lagunartea eskertu zidan, inork espero zezakeen oparirik handiena izan balitz bezala. Ez zidan opariak irekitzen utzi, eta egiten nuenean, gau hura gogoratzeko eskatu zidan.

Berandu samar iritsi nintzen etxera. Neure ganberako hormen artean urrutiko Gabon-kantak entzuten ziren. Ohean etzan nintzen Christopherrek oparitutako bi paketeekin. Lokartu egin nintzen.

Esnatzean, gau hartan gertatutako guztia amets bat izan zela iruditzen zitzaidan.  Hala ere, opariak han zeuden, oheko tapakiaren gainean botata. Harrituta hartu nituen, fikzioaren zatirik errealena balira bezala. Lehenik txikiena ireki nuen. Paperez bilduta metalezko kutxa bat zegoen eta barruan aurreko gauean ikusitako urre zurizko ezkontza-eraztunak zeuden. Harritu egin ninduen nire desioa ezagutu izanak, gau hartan bertan ikusi bainituen nik ezkontza-eraztun haiek. Afaria gogoratu nuen… Bi gorpu bitxiak ere familia haren parte iruditu zitzaizkidan. Beste paketea hartu nuen, handiagoa eta luzeagoa. Barruan eskritura batzuk eta giltzak zeuden. Eskriturak afaltzen egon nintzen pisuarenak ziren. Nire emaztegaiaren eta nire izenean zeuden. Barreari ekin nion. Nik ez nuen inoiz eskriturarik sinatu. Txantxa bat zen. Giltzak deigarriak egin zitzaizkidan.  Poltsikoan gorde, lasai gosaldu eta kalera irten nintzen. Gabon-gaua igaro nuen etxe berera joan nintzen. Sartzen ikusi ninduenean, ea nora nindoan galdetu zidan atezainak.  Harritu egin ninduen, aurreko gaueko pertsona bera baitzen, baina zaharragoa. Herrenka zebilen. Bigarren solairuko «D» letrara nindoala esan nionean, barre egin zuen. «Giltza izango duzu, orduan!», esan zuen galdetuz bezala. Baietz erantzun eta erakutsi egin nion. Irribarre egin zuen berriro. Harrituta begiratu nion, ez bainekien zertara zetorren hainbeste irribarre. Orduan azaldu zidan jende asko igaro zela handik etxebizitza ireki nahian. Antza denez, baziren hiru urte Christopher Ehrlichmann von Ostermann hil zela. Testamentuan idatzita utzia zuen pisu hura bere giltza zuenarentzat izango zela. Beraz, giltza asko igaro ziren sarrailatik… baina irekitzea lortu barik. Aurreko gauean afaldu nuen etxeko ateraino lagundu zidan. Kontatu zidan, kondaira batzuen arabera, bere bizitzako azken egunetan emaztearen eta alabaren gorpuekin bakarrik bizi izan zela. Antza denez, trafiko-istripu batean hil ziren haiek.

Kontuz sartu nuen giltza sarrailan, baina, egia esateko, erraz eta arin sartu zen. Zilindroari bi buelta eman eta atea ireki egin zen. Atezainak harrituta begiratu zidan: “Hori da giltza! Bejondeizula!”. Eta sartzera gonbidatu ninduen. Baina gorpuez gogoratu nintzen. Horregatik, laguntzeko eskatu nion. Altzariak ez zeuden nik ikusi nituen bezala. Izara zuri handiek estaltzen zituzten mahaiak, aulkiak eta besaulkiak. Beldur pixka batekin hurbildu nintzen afaldu nuen jangelara. Han ez zegoen inor, maindireak bakarrik mahai eta aulki gainean. Pisua nirea zela esaten zidan behin eta berriro atezainak. Irtetean, atea giltzaz itxi nuen berriro. Galdetu nion ea zein notario-bulegotara joan behar ote nuen. Berak ez zekien, baina eskrituretan bat agertzen zen. Beraz, hara joan nintzen. Notarioak, ni ikustean, irribarre egin zuen. Zenbait egiaztapen egin ostean, eskritura formalizatu zuen. Nik Marta nuen buruan, eta emango nion poza!

 

© F. Urien

Utzi iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.plugin cookies

ACEPTAR
Aviso de cookies