Nork esango zidan niri…


Beti izan diet beldurra txakurrei. Beldur handia. Beldur patologikoa. Izan ere, umetako trauma bat dut. Nik 6 urte nituenean, artzain-txakur aleman bat bizi zen gure etxetik gertu, eta nire begirada xaloarekin, herensugea bezain handia eta beldurgarria iruditzen zitzaidan. Hurbiltzen nintzaion bakoitzean espero izaten nuen sua, edo gutxienez kea, botako zuela haginez betetako bere ahotzar hartatik. Baina nire neba zaharrenetako bat poz-pozik jolasten zen harekin, eta eskua ahoan sartu ere egiten zion. Ez nuen ulertzen zergatik egiten zuen hori, eta etxera itzultzen ginenean, haren eskuei begiratzen nien disimuluan, eta atzamarrak zenbatzen nizkion, ea hamar zituen edo bakarren bat falta zitzaion.

Neba txakurra ikustera joaten zen bakoitzean, berarekin eroaten ninduen, batez ere nire ama ere beldurtzen zuelako animalia hark, eta nire nebarentzat koartada perfektua nintzen ni, beti esaten baitzuen: txakurrak ez du ezer egiten, arrebatxoa nirekin etortzen bada eta beldurrik ez badu… Eta ilehori kizkurdun hau beldurtzen ez bazen, zergatik beldurtuko zen ama?

Baina halabeharrak gertatu egiten dira, eta egun batean artzain-txakur aleman hura jaten ari zen, eta nire anaiak larregi balioetsi zuen txakurrarekin zuen adiskidetasuna, eta gutxietsi egin zuen animaliak bere janaria defendatzeko erabiliko zuen amorruaren bizitasuna. Begien itxi-ireki batean gertatu zen. Konturatu nahi izan nuenerako, nebaren aurpegia eta animaliaren ahoa bat eginda zeuden. Gogoratzen dudan hurrengo gauza aurpegian, arropan, nonahi zerion odola da. Uste nuen neba hil egingo zela, eta, beraz, izu-ikararik handienak nire buru txiki politeko kizkur guztiak tentearazi zizkidan, eta eztarritik atera zitzaidan deiadarrak ilea laztu zien auzokide guztiei.

Izan ere, neskatoek badute zerbait beldurgarria ingurune arrosatik ateratzen dituzunean eta, bestela, gogoratu The Shining (El Resplandor) filmeko neska biki haiek. Bi neskatila zutik jartzen badituzu korridore ilun baten barrenean, denak korrika irtengo dira. Esperimentu bat egin zuten hotel batean neskato batekin, kamisoi luzea zuen soinean eta hartz txiki bat belarritik helduta, argi gutxiko korridore baten hondoan jarri zuten, eta bezeroek, gelatik irteten zirenean, neskatoa eurei begira-begira ikusten zuten. Heldu gutxi hurbildu zitzaizkion neskatoari galdetzeko ea zergatik zegoen gauez, bera bakarrik, korridore hartan. Baina desbideratzen ari naiz.

Kontua da nik garrasi egin nuela bizitza jokoan banu bezala, eta hemen zulo beltz bat daukat oroimenean, zeren eta gogoratzen dudan hurrengo gauza baita nire etxean nengoela familia osoarekin, eta zerbait egingo zuten, ni ez bainintzen jada oihuka ari. Nebak ia-ia begi bat galdu zuen, baina ez, azkenean ez zen begibakar geratu.

Jakina, han amaitu ziren animalia ikusteko paseoak, eta nebak joaten jarraitu baldin bazuen, eta ziur nago baietz, ni eskutik eroan barik egin zuen, koartadarik gabe, isil-gordean.

Beraz, imajina dezakezue, nire alabak txakur bat eskatzen zidan bakoitzean, hau da, egunean hamarren bat aldiz, burutik oinetaraino dar-dar egiten nuen nik. Gogoan dut egun batean nire etxeko igogailuan nengoela, eta ateak itxi baino lehen, auzokide batzuen semea sartu zela, eta haren atzetik… artzain-txakur aleman bat!

Zakurra niregana hurbildu, usnatu eta gainera igo zitzaidan. Igogailuko kristalaren kontra itsatsita geratu nintzen ni, zakurraren pisuagatik ez ezik, horregatik ere bai, batez ere barrutik ateratzen zitzaidan izu-ikaragatik. Eta orduan, nire umetako traumaz eta txakurrei nien beldurraz berbetan hasi nintzaion, baina hori guztia hitz-jario azkar eta ulertezinean, eta, beraz, igogailuaren ibilbideak iraun zuen tarte laburrean nire bizitza osoa kontatu nion mutilari. Ez dakit norentzat izan zen esperientzia beldurgarriagoa.

Baina erretiroa hartu nuen, eta senarrak ere bai, eta alaba esan eta esan hasi zitzaigun ideia oso ona izan zitekeela txakur bat ekartzea guri lagun egiteko … eta unibertsoa konspirazioan hasi zen, nire senarraren lehengusu batek txakur bat sartu baitzuen bere etxean eta bere maskotaren mirariak kontatzen zizkigun.

Eta akabera Inma lehengusina maiteak eman zuen, ez baitaki ondo zelan, baina azkenean bere etxea eta ohea Maltako animalia eder batekin partekatu baitzituen.  

Eta nire alabak argazkiak, bideoak eta abar erakusten zizkidan… Eta halako batean, Rocky etxean agertu zen. Rocky Maltako txakur txuri bat da, peluxe bat bezalakoa. Txikia da, maitagarria, eta bere kume-aroa eta pubertaroa igaro ostean, oso lasaia gertatu da.

Hiru hilabeteko ile-bolatxo hura besoetan jarri zidatenean, orduan hiru hilabete zituen, hain zen zuria eta leuna, hain zituen beltzak begiak, ezen berehala maitemindu bainintzen berarekin, eta umetako trauma-urte guztiak hustubidean barrena joan ziren.

Ez naiz jada txakurren beldur. Nire etxean sartzen bazara, ikusiko duzu nire egongelan Rockyren etxetxoa dagoela, Rockyrentzat ohe txiki bat, Rockyrentzat mantatxo bat, Rockyrentzat hamaika jostailutxo, etab. Eta ez bakarrik Rockyrentzat, zeren eta nire alabak eta suhiak ere beste txakur bat baitute, Gandalf du izena, eta denbora asko ematen du gure etxean, haiek lan egiten dutelako, eta gu gertu bizi garelako… eta Gandalf zaintzea gogoko dugulako. Inoiz ez zitzaidan bururatu hainbeste maiteko nuenik txakur bat.

Beraz, nork esango zidan niri nire bizitzan bi txakur zoragarri egongo zirela eta nik bihotz-bihotzez maiteko nituela. Ez duzu txakurrik gura? Ba, tori bi.

Esthertxu
©Esther Sancho Urbina (BBK-ko Partaidetuen Sail ohia)

Utzi iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude