Jangela ireki zen, mahaia prest zegoen. Egun handietako baxera, eta harekin bat zetozen beirazko ontziak. Bertaratuak solemneki eta zeremoniatsu igaro zuten aretoa, bakoitza bere lekura. Ez zen beharrezkoa izan inork ezer galdetzea. Zerbitzari arduratsuak eta maître buruargi bat ahalegintzen ziren denak zegokien lekuan kokatzen.
Zuzenbide Fakultateko 1982ko promozioak bere urteroko hitzordua zuen eta bere kide ospetsuenetako bat omentzen zuen: Leandro Fernandez del Becerro jaun txit prestua, Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko lehendakaria. Egia esan, omenaldi hura desegokia zen, aurreko astetik nolabaiteko affaire bat, Leandro Fernandez del Becerro ospetsuarekin lotutako kontu ilun bat, aireratzen ari baitzen prentsa: ustezko prebarikazioa, posizio-abusua, eskupekoak, azken batean, gauza itsusiak… ustezkoak, noski. Ekitaldiaren antolatzaileak ez ziren ausartu omenaldia bertan behera uzten; izan ere, Leandro jauna ez zen edonor. Eta gainera zurrumurruak baino ez ziren.
Leandro jasotako heziketaren emaitza zen. Adin handi samarreko gurasoen seme bakarrak oso heziketa tradizionala jasan zuen bere haurtzaro eta nerabezaroan. Bere gurasoek, katoliko porrokatuak, curriculum bat diseinatu zuten berarentzat, ohiko barnetegi eta guzti. Bizi-eredu hartara egokitzen saiatu zen Leandro, eta erdizka lortu zuen. Baina gabezia batzuekin hazi zen. Oporraldiak, garai zoragarriak ikaskide gehienentzat, bere gurasoen hoztasunak eta distantziak baldintzatzen zituen; izan ere, ez zekiten edo ezin zuten konektatu semearekin, eta semeak bizi gura zituen esperientziak barnetegira itzultzean ikaskideek kontatu eta berak inbidiaz entzuten zituenak ziren.
Leandro, beraz, halako barne-errebeldia batekin joan zen hazten, bere gurari pertsonalen eta gurasoek berarentzat markatzen zuten bide zorrotzaren arteko frustrazioaren ondorioz. Pertsona kontraesankor bat izan zen emaitza, izan beharraren eta izan gura zuenaren arteko barne-borroka bizi zuena, beti ongi uztartzen ez zuena. Gurasoek betebeharraren zentzua, arauarekiko begirunea eta moraltasun azaluts edo santujale samarra sartu zizkioten. Eta berak asmo handiko helburuak lortu nahi zituen, izan ezin zituen esperientziak bizi gura zituen, eta itotzen zuten kortse haietatik askatu, ahal zuen neurrian. Nortasun egozentrikoa garatu zuen, bizi-eszeptizismoz betea. Bizitza gurasoek nahi zuten zerumuga murriztua baino askoz gehiago zela ulertzen zuen, eta hori lortzeko ez zuen mugarik jartzen. “Ni ni naiz!” izan zuen bere lelo edo goiburu, eta horrek zelanbaiteko eskrupulurik eza eragin zion.
Buruargia, bikain egin zuen Zuzenbide karrera 1982ko promozioan. Doktoretza bukatu eta gorabide lasterra egin zuen botere judizialean, eta txit prestua zen orain. Eta une gorenean, filtrazio alu hura gertatu behar, eskandalua… Eta okerrena argitara eman gabe zegoen.
Behar adina adore izan zuen afari desegoki eta are omenaldi desegokiago hartara joateko. Itxuraz harmonia ezin hobean, oturuntzak aurrera egin zuen: ohiko elkarrizketak, hitzaldi diplomatiko eta zeremoniatsuak, eta ezinbestean omenduari topa eta laudorioak, xanpaina eta likoreak ere falta barik. Gaualdiaren luzapenean, solasak gero eta intimoago eta isilpekoago bihurtu ziren, eta Leandrok argi eta garbi antzeman zituen irribarre txikiak, mespretxuzko begiradak, “banengoen, ba, ni!”ren bat eta “izorra dadila!” batzuk… Horrela da bizitza. Agurrak, zapladak, besarkadak, Zuzenbide Fakultateko laurogeita biko promozioko kideen faltsukeriazko erritual osoa. Leandrok ez zuen bereganako enpatia eta elkartasun txikienik ere antzeman, merezia izango zuen beharbada.
Goizaldean denak itzuli ziren nor bere etxera. Batzuk zoriontsu eta pozik, beste batzuk zama sozial astun bat gainetik kenduta. Leandro azkenetakoa izan zen irteten, duin eutsi nahi zion egoerari. Irten zenean, gauaren beltzak zama arindu zion, eta haize izoztu batek astindu zion aurpegia; burua argitu eta bihotzera iritsi zitzaion. Bakarrik sartu zen bere autoan, txoferra alde batera utzia baitzuen ospakizun hartarako. Hogeita hamar kilometro eta etxean egongo zen… non ez zeukan inor zain. Tira, bai, tristura eta etsipena izango zituen han.
Leandro, izotz-puska bezain hotz, azeleragailua zapaltzen hasi zen. Eskualde-errepideko zuzengune luze-luze bat zen… Aurreratu egin zituen bera baino lehenago irtendakoak, ikusi ahala “baina nora doa hau!” xuxurlatzen xutenak. Errepide haren amaierara iritsi zen… eta bihurgune batean errepide nazionalerako sarbidea zegoen. Leandrok imintzio batez irribarre egin eta pedala zapaldu zuen sakonago. Haren Mercedes indartsuak hegan egin zuen bere bidean zuhaitz batekin topo egin zuen arte.
Jesús Montero