dohaintza eta herentzia: aldeak


Pertsona batek doan laga gura dionean beste bati higiezin baten jabetza, galdetu ohi dio bere buruari zer komeni zaion gehien: bizi bitartean dohaintza bidez eskualdatzea, ala testamentuan lagatzea bera hil ostean jaso dezan.
Normalean zalantza izaten da bietatik zein ote den merkeena; baina badira erabakia hartzeko kontuan izan beharreko beste gai batzuk ere.

Kostu ekonomikotik hasita, formula baten eta bestearen arteko aldea ordaindu beharreko zergetan dago. Honi dagokionez, lehenik, esan behar da zerga-ordainketa ez dela berdina autonomia-erkidego guztietan eta, Euskadiko kasuan, ez dela berdina hiru Lurralde Historikoetan ere. Hala ere, oro har, esan daiteke zerga gutxiago ordaintzen direla ondasunak herentziaz jasotzen badira, bizi bitartean dohaintzaz jasotzen badira baino. Eta hori horrela da herentzietan murrizketak aplikatzen direlako heredaturiko ondasunen balioan, eta balio hori gainditzen duen zatiagatik bakarrik ordaintzen delako zerga; murrizketaren zenbatekoa hildakoaren eta oinordekoaren arteko ahaidetasun-mailaren araberakoa izaten da; beraz, zenbat eta hurbilagokoa izan ahaidetasuna, orduan eta handiagoa murrizketa eta, beraz, gutxiago ordaintzen da. Dohaintzetan, ordea, ez daude murrizketa horiek, oso kasu zehatzetan izan ezik, adibidez, dohaintza-emailea eta -hartzailea elkarrekin bizi diren etxebizitzaren dohaintza kasuan.

Adibide bat, argiago ikusteko: Bizkaian, aurreko ahaide eta ondorengo baten artean edo ezkontideen edo inskribatutako izatezko bikoteko kideen artean oinordetza dagoenean, ez da zergarik ordaintzen jasotako ondasunen balio globala ez bada 400.000 euro baino gehiagokoa, eta kopuru hori gainditzen duen zatiagatik bakarrik ordaintzen da, % 1,50; baina ahaide horien arteko eskualdatzea bizi bitartean gertatzen bada dohaintza bidez, ez da murrizketa hori aplikatzen eta lehenengo eurotik ordaintzen da zerga, baita ere % 1,50. Azken batean, eskualdatu gura den higiezinak, adibidez, 250.000 euro balio baditu, dohaintza bidez hartzen duenak 3.750 euro ordainduko ditu, baina herentziaz jasotzen badu ez du ezer ordainduko, betiere heredatzen dituen gainerako ondasunen balioa, higiezinarenarekin batuta, ez bada 400.000 euro baino gehiagokoa.

Hala ere, kostu fiskala kalkulatzea ez da beti hain erraza izaten. Honela, lehenik, kontuan izan behar da, herentzien kasuan, hildakoaren azken bizilekuari dagokion arau fiskalaren arabera ordaintzen dela zerga; higiezinen dohaintzen kasuan, berriz, berauen kokalekuaren arabera egiten da zerga-ordainketa. Adibidez, Laredon bizi den bizkaitar batengandik heredatzen bada pisua, Bizkaiko Oinordetzen gaineko Zerga aplikatzen da; baina pisu hori bera bizi bitartean ematen bada dohaintzan, Kantabriako Dohaintzen gaineko Zergaren arabera egiten da zerga-ordainketa. Bestalde, kontuan izan behar da zerga-ordainketa aldatu egin daitekeela denborarekin eta, eskualdaketa hil arte atzeratzea erabakitzen bada zerga aldetik merkeagoa delako, gerta daitekeela Legea aldatzea eta, une hori iristean, zerga-ordainketa gaur egun dohaintza egitea baino okerragoa izatea.

Baina, lehen nioen lez, baita ere komeni da beste gai batzuk kontuan izatea eskualdatzeko era bat edo bestea hautatzeko orduan. Alegia, ez da gauza bera ondasun baten jabetza bizi bitartean lagatzea, ala hil arte horri eustea. Garbi dago, dohaintzaren kasuan, dohaintza-emaileak galdu egiten duela emandako ondasunaren jabetza eta horretaz erabakitzeko ahalmena dohaintza egiten duen mementotik; testamentuz eskualdatzea erabakitzen badu, ordea, gorde egiten du horren jabetza eta horrekin gura duena egiteko aukera bizi den bitartean, baita testamentua aldatu eta beste pertsona bati lagatzeko aukera ere.

Azken horrek, inplikaturiko aldeetako bakoitzari komeni zaionaren arabera bi aukerak aztertzera garamatza. Zalantza barik, ondasuna eskualdatzen duenaren ikuspegitik, lasaitasun handiagoa ematen dio herentziazko eskualdatzeak, aukera baitu iritziz aldatzeko; aitzitik, hartzaileari dohaintza interesatzen zaio, zerga aldetik kostu handiagokoa izan arren, jabetza berehala eskuratzeko ziurtasuna baitu horrela, eta borondatez aldatzeko aukera ere bazterturik geratzen da.

Hala ere, eskualdatzeko bi bideek onartzen dituzte bi alderdien interesak bateragarri egin ahal izateko legezko formulak. Honela, dohaintzaren kasuan, gozamen-erreserbaren ituna egin daiteke, itzulketa edo lehengoratzekoa, edo xedapen-ahalmenaren erreserba. Bestalde, herentziazko eskualdatzea oinordetza-itun bidez bidera daiteke. Baina leku-arrazoiak direla medio, hauen azterketa beste artikulu baterako lagako dugu.

Leioa Udal Aldizkaritik hartutako dokumentua eta Rodolfo J. Soto Fernández Leioako notario jaunaren baimenarekin

Utzi iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude