Arrakasta handia. Sarrerak “lehen 5 minutuetan” amaitu ziren, Fito & Fitipaldis-en kontzerturako izan balira bezala.
Bilboko Intermodalean ia bete egin zen Aitorren (txoferra) autobusa. Baikorren bat ere agertu zen, dirua sartua zuela eta zerrendan egongo zela pentsatuz, baina ez zen horrela, kupoa osotu ostean egin zuelako diru-sartzea. Hala ere… aurpegi txarrik, batere ez.
Angela Jaular eta Jorge Ibor ziren antolatzaileak, eta oso ondo.
Santurtzin, gosaria SUHARRIn, herriaren erdi-erdian, gerizpe edo itzalean zegoen terrazan. Jatetxekoek ez zuten “aldi berean 50 kafe egiteko” kafeontzirik. Beraz, sufritu zuten apur bat. Kafesneak, tortilla-pintxoak, ogitartekoak… Norbait, abiatzeko presagatik, gauzaren bat barik geratu zen azkenean, baina, tira, onezkoak egin eta aurrera! Gozatzeko geunden han.
Bi talde egin ziren: talde bat Muskizera PETRONORen instalazioetan hitzartutako bisita egitera zihoan bitartean, beste taldeak SANTURTZI ITSAS MUSEOan bisita gidatua egin zuen. Gero, bi taldeek alderantziz egin zuten. Norbaitek esan zuen: “Bi taldeen kontu hau apur bat konplexua da, hurrengorako pentsatu egin behar da”.
Oso interesgarria da Santurtziko museoa. Jakina, portuan dago, uraren ondoan. Historia, Abrako portua, arrantzaleak, Sotera erdal bertsolari eta sardina-saltzailea… dena Santurtziz mintzo zen alde guztietatik.
Gero Museokoak Petronorrera, eta Petronorrekoak Museora, arrantzaleen ordez ingeniari petrokimikoak ikustera, edo alderantziz.
PETRONORen instalazioetan, findegi horrentzat beti hain garrantzitsua izan den finantza-erakunde akzioduneko kide gisa tratatu gintuzten. Hitzaldian oso argi geratu zen une oro Bizkaia eta Euskal Herrirako ekonomia bultzatzen duen enpresa dela PETRONOR. Hitzaldiaren ostean, findegiari buruzko era guztietako datuekin, instalazioen kanpoko ikuspegia (esplikatua) izan genuen behatoki altu batetik, eta, azkenik, bunker hermetikoa bisitatu genuen, bertatik findegiko instalazio guztiak gobernatzen direlarik.
Bazkaltzeko ordua zen, eta orain denok batera. “Eskola 95 Jatetxean” artatu gintuzten. Eraikin birmoldatu hori beste garai batean eskola izan zen, eta Santelices industrialdearen ondoan dago, Muskizeko irteeran, geroago Sopuertara doan errepidetik joanda. Mahaikide bakoitzaren platerraren ondoan, izango genituen jaki eta edarien berri ematen zigun menuak (ezkontzetan bezala). Hori da maila! Ikusi nuen, halaber, gidatu beharrik ez izatearen lasaitasunarekin, majo edaten genuela ardoa. Ohiko gaiak eztabaidatu ziren: ajeak, bilobak… Ez nuen inor ikusi izozki-bolarekin ateratako tiramisuari muzin egiten. Tira, bikain. Eta oso atsegina zerbitzua.
Irten beharra zegoen, Sopuertara doan errepide berean, urrutira gabe, gure zain zeudelako EL POBALEKO BURDINOLAn (XVI. mendea) bisitaldi gidatua egiteko; haren ondoan, irin-errota bat eta Salazar-tarren jauregi-etxe bat daude.
Errepidetik oinez jaisten da hara, baso hostozabal handi batean, berdetasun hutsean, murgiltzen zaituen bidean behera. Bisitatu beharreko eraikinetara iritsita, bi taldetan banatu gintuzten. Gidariek, alaitasuna eta umore ona banatzen zuten mutil eta neska gazte batek, duela gutxi arte bertan egin diren lan edo beharrak azaldu zizkiguten.
Eta Bilboko Intermodalera itzultzeko autobusa gero. Laburpena: KAFEA, ITSASOA, PETROLIOA, BURDINA eta IRINA. Oso aho-zapore ona. Hurrengoan ere izena ematen saiatuko naiz.
EPILOGOA
(Euskarazko bertsio gutxi gorabeherakoa:
Lankide eta adiskideok:
hainbeste denbora igarota,
benetan sentitu dut poza
zuek berriro ikusita.
Hau errepikatu beharra dago!
-esaten dit ahotsak barnean-;
eta gozatsuak direla topaketok,
zergatik ez argi eta garbi esan?
Lan-erretiroan gaude, baina
bizitzeko gogo faltarik ez,
pozik baliatuko naiz ni
guretzako turismo-aukerez;
adi-adi izango nauzue zain
eskaintzari baietz esateko
eta ahal dudan heinean
horretan lehena izateko.
EPÍLOGO
Compañeras, compañeros,
dado el tiempo transcurrido,
de verdad que he sentido
alegría grande al veros.
Esto hay que repetirlo
-me repica una voz dentro-,
si es un gozo cada encuentro
conveniente es decirlo.
Si con “júbilo” concierta
el vocablo “jubilado”,
no podré dejarla a un lado:
cada opción que vea abierta
de turismo “jubilero”
me tendrá puesto a la puerta
apuntándome a la oferta,
si pudiese, yo el primero.
Jesús Sánchez de Pablo