kontuen titulartasunaren garrantzia

Urtebete daramagu elkarrekin! Espero dugu esperientzia ona izatea gure zerbitzuak erabili dituzuen guztiontzat, eta helarazi dizkizuegun artikuluei esker zuen eskubideak gehixeago ezagutzea orain. Hori dela eta, orain artikulu hau helarazi gura dizuet, nire ustez, zuen etorkizunerako baliagarria gerta dakizueke eta

Denok dakigu maite dugun pertsona baten heriotzak zein egoera zaila sortzen duen, eta are gehiago hil edo zendu dena egunero gure bidaide eta bikotekide izan baldin bada, elkarrekin talde eginez, bat eginda.

Oso gogo gutxi daukazun une horietan, gai burokratikoa, paperak egin beharra, gure maitearen legezko dokumentazio guztia behar bezala jarri beharra, gai zaila izaten da, kosta egiten da, baina egin beharrekoa da, eta, beraz, gauzak ondo utzi behar ditugu aurrez, hemen geratzen denari errazteko.

Aurre egin behar izaten diogun arazo handietako bat hildakoaren banku-kontuarena da. Erabil dezake kontua ezkontideak?

Kontu baten titularraren eta baimendunaren arteko aldeak ikusiko ditugu.

Titulartasuna

Bankuan kontua irekitzen duena eta horretarako bankuarekin dagokion merkataritza-kontratua sinatzen duena da titularra. Titularra pertsona bakarra, fisikoa edo juridikoa, baldin bada, kontu indibiduala dela esaten da, baina hainbat pertsonak, titularkide gisa hartzen direnak, irekitzen dutenean, baterako kontua edo mankomunatua esaten zaio kontuari. Baterako kontua hiru eratara adostu daiteke: bereizgabea, mankomunatua edo mendekoa.

Banku-kontu bereizgabe edo solidarioak esan gura du titularretako edozeinek egin ditzakeela mugimenduak bertan eta dirua kudeatu gainerakoei baimenik eskatu barik. Familia-kontuetan sarrien erabili den formula da.

Baterako kontu edo mankomunatuan titular guztien baimena edo sinadura behar da, edo, bestela, mugimenduak egin eta dirua erabili ahal izateko kontratuan zehaztu direnena.  Erabilera-mota zehaztu ez den kasuetan, arau orokor gisa, erabilera baterakoa dela ulertzen da. Aukera ohikoena da enpresa-kontuetan, non hainbat bazkidek parte hartzen duten, eta titular guztien baimenik beharko ez duten eragiketak zehazten dira, jarduera ez oztopatzeko.

Azkenik, mendeko titulartasuna duen kontua gainerakoen baimen barik jardun dezake(t)en titular bat edo batzuk ezartzen dituena da; gainerako titularkideek, ordea, haren baimena beharko dute mugimenduak eta diru-erabilerak egin ahal izateko.

Baimenak

Kontu baten titularrak baimena eman diezaioke pertsona bati edo batzuei haren izenean dirua ateratzeko, eta atera ahal izateko kopurua mugatu ere egin dezake. Baimen hori emateko, dagokion agiria sinatu beharko dute bankuan. Horrela, kontuak titular bat eta baimendun bat izango ditu. Kontuan izan behar da titularrak edozein unetan baliogabetu dezakeela baimen hori.

Gure banku-kontuan norbait agertzea gura badugu edo senitartekoren batek gu bertan sartzea erabaki badu, oso argi izan behar ditugu titularren eta baimendunen arteko aldeak. Edozein titularrek erabil dezake dirua, erabakiak har ditzake, baita kontua itxi ere, eta, aldi berean, bankuarekin dituen zor eta zorpekoez erantzun behar du, baita dagozkion zerga-betebeharrak bere gain hartu ere. Aitzitik, baimendunak baimendu zaizkion eragiketak bakarrik egiteko eskubidea izango du, baina saldoa, zorpekoak eta antzekoak ez dira harenak balira bezala hartuko. Kontuaren titularra hiltzen denean, baimendunak berehala utziko dio dirua erabili ahal izateari, eta hori da titularrekiko beste desberdintasun handietako bat.

Titularraren heriotza

Ondorio praktikoetarako, banku-kontu baten titularra hiltzen denean, bankuari jakinarazi behar zaio, heriotza-ziurtagiria aurkeztuz. Orduan, kontuko dirua ibilgetuta geratuko da jarauntsi edo herentzia gauzatu arte. Hala ere, baterako kontu bereizgabeen kasuan, gainerako titularkideek bertan dagoen dirua erabiltzen jarrai dezakete, zenduari dagokion kopurua bakarrik blokeatzen baita. Hori gertatzen da, normalean, ezkontza-kasuetan, kontu bereizgabea dagoenean bi titularrekin; suposatzen da % 50 dagokiola ezkontide bakoitzari, eta, beraz, kontuan dagoen diruaren erdia baino ez da blokeatzen.

Aitzitik, erabilera mankomunatua duten baterako kontuez ari bagara, titularretako bat hiltzen denean, gainerako titularkideek hildakoaren jaraunsleen berariazko adostasuna izan beharko dute dirua erabili ahal izateko.

Egia da kontu horri lotuta helbideraturik dauden gastuak (argia, gasa, telefonoa…) ordaintzen jarraituko direla, baina kontu horretan erabil daitekeen eskudirua blokeatuta egongo da eta ezingo duzu erabili, baimenduna besterik ez bazara, testamentua gauzatu arte

Aurrez ikusi behar dugu kasu hau eta prestatu egin behar dugu, oso ohikoa baita. Konpondu ahal izateko, gure bankura jo behar dugu, eta kontuaren titularrak titulartasun bereizgabea eskatu behar du bere ezkontidearentzako.

Banku batzuek horretarako baldintzak jartzen dituzte, beste batzuek administrazio-oztopoak jartzen dituzte eta ez dute onartzen. Hori jardunbide irregularra da, baina ohikoa zenbait erakundetan.

Zure kasua hori bada, eska ezazu zure agindua betetzeko, eska ezazu erreklamazio-orri bat zure erakundean; bertan, bankuak arrazoi objektiboak eman beharko ditu zure eskaera ezin duela bete esanez.

Zatoz Euskal Herriko Kontsumitzaileen Batasunera (UCE-EHKB) zure eskubideak baliatzeko behar diren egiaztagiri guztiekin, eta hemen lagunduko dizugu.

 

Ekarpenak egiten jarraitzea espero dut…

Beste barik, agur.

Ana Alzaga. UCE-EHKB idazkari nagusia

 

Utzi iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.plugin cookies

ACEPTAR
Aviso de cookies