ISDABE: Inversiones Social Docentes del Ahorro Benéfico Español / Espainiako Ongintza Aurrezkiaren Irakaskuntza eta Gizarte Inbertsioak
(irailaren 26tik urriaren 6ra)
Nire seme-alabak irrikaz zeuden Aste Santua eta Pazkoa iristeko zain ISDABEra joateko, bazekiten bakoitzak, urteetan zehar egindako lagun-taldea, han aurkituko zuela eta. Libre sentitzen ziren, nahiz eta denen zaintzapean egon. Oraindik mantentzen dituzte 36 urte haietako lagunak eta ahal duten guztietan elkar ikusten dute. Han igaro genituen familiako oporrak, 2013an egoitza itxi zuten arte.
Zalantza barik aprobetxatu egin dut BBK Erretiratuen Elkarteak emandako aukera aspaldiko bizipenak gogora ekartzeko. Ez ditut gehienak ezagutzen, “harreman publikoetakoa” Iñaki zen eta hura ez dago orain, baina zuek aurkeztuz joan zarete eta zuetako batzuk, bai, gogoratu ahal izan ditut. Mila esker!
Mijaserako txangoa oso atsegingarria izan zen, nik duela 49 urte ezagutu nuen mendian esekita zegoen herri txiki bat zenean. Lineako autobusa ez zen haraino iristen, ez baitzen sartzen. Errepidean uzten zintuen, eta han asto-taxiak egoten ziren zain herriraino igotzeko. Beste aukera bat oinez egitea zen.
Urteetan zehar hazten ikusi izan dut bisitaz bisita. ‘Virgen de la Peña’ begiratokitik, maldan etxeak “erein” zituztela ematen zuen. Orain beteta dago. Oraindik herria handitzen eta edertzen jarraitzen dute, eta dagoeneko autoz eta autobusez irits zaitezke bertara. Orain asto-taxiek beste geltoki bat dute eta funtzio edo eginkizun turistikoagoa.
Erregearen Bidexka izugarri gustatu zait; inguru berezia, gidari atsegina, lagunarte ona eta menperatu beharreko bertigo handia. Urtero egiten genuen mendi-txangoren bat ISDABEtik, eta ihesaldi hori egiteke geneukan, urte askoan itxita egon zelako.
Aukera paregabea urte askoren poderioz gertatu diren aldaketa geologikoak behatzeko: haitzarte bat, higaduragatiko zuloak eta, batez ere, plaken bultzadaren ondorioz lurzoruak eman dezakeen biraketa. Eskertzekoa da aprobetxamendu hidroelektrikorako uren ekarria kontrolatzeko egindako bidezidorra, eta are gehiago paisaiaz gozatu ahal izateko bidexkan egindako hobekuntzak.
ISDABEri buruz, zer esan! Aldatu egin digute, eta lehen inpaktua izugarria izan zen. Baina oroitzapenak ekartzen dizkidaten txokoetan barrena ibili nintzen, eta hotel berriak irabazi egin nau.
A zer pena! Dagoeneko ez ditugu hondartzako tabernan eguerdiko ganbatxoak eta jereza, orain ordutegi jarraituko self-service jatetxe bat dago; hala ere, ilunabar ederrak ikusiz afaldu ahal izan dugu.
Nire balkoitik pilotalekua ikusten nuen; bere garaian, hari Iñakik, beti ondo lagunduta, txinpartak ateratzen zizkion pilotakadaka. Paretak bakarrik geratzen dira orain, jada ez dago erabilgarri.
Gauza batzuk, ordea, ez dira aldatu. Kafetegia, jartzen duten lekuan jartzen dutela, bazkari eta afari aurretik eta ostean, bizkaitarren topagunea da, eta solasaldi entretenigarrietarako erreferentzia-puntua. Lasaitasun bila dabilenak goiko igerilekuetan (lehengo Telefonica eta harrera-gune nagusia) aurkitzen du, edo hondartzan (bizkaitarren beste txoko bat). Igerileku handia musika, aquagym, aquazumba eta egokitzen dena gurago dutenentzat da. Eta leku guztietan erraza da taberna-barra batekin topo egitea, horixe da eskumuturrekoarekin paseatzeak daukana …
Zer esanik ez, oso pozgarria izan da “ISDABE familia”ko behargin edo enplegatu batzuk, garai batean beraiekin hainbeste urte partekatu eta oraindik erretiroa hartu ez dutenak, agurtu ahal izatea berriro.
Laburbilduz, gune hark lehen zuena baino ere tamaina handiagoa du orain, eta familia-oporretarako oso leku erakargarria izaten jarraitzen du. Leku bikaina (b)ilobek ur-joko eta txirristetan ondo baino hobeto pasa dezaten. Ni animatu egin nintzen eta haietako batzuez gozatu nuen. Eta zelan ez, ba!, dagoeneko familia aztoratuta daukat eta prest datorren urtean ISDABEko egonaldiaz berriz gozatzeko.
Teresa Palazuelos
(Soldevillaren alarguna)
ISDABE
MIJAS
CAMINITO DEL REY