Nire herrialdean, Gabonetan, ia ez du elurrik egiten; inoiz ez du nahikoa hotz egiten. Jangelako mahai gainera, ordea, jakiak apaintzen dituzten maluta zuriak erortzen dira astiro, Gabon-kanten notekin batera barreak kulunkatzen dira, mahai-tresnetan gogaidetasun-nahiek dir-dir egiten dute, oparotasunak gainezka egiten du mahai-zapien gainera, eta txokoetan, ipurtargi txiki ausartak bailiran, argiek ñir-ñir egiten dute jaialdiaren erritmoa markatzen duten mahai-tresnen kolpeen soinuan. Amaitzeko, beti izaten dira xanpaina, kafea, polboroiak, fruitu lehorrak, mahai-zapia ardo orbanekin, ogi-apurrak eta hautsitako intxaur-oskolak.
Gure bularraren barruan bihotza omen dago, hor, apur bat ezkerretara. Bihotz barruan intxaur-oskol bat omen dago, itxita. Eta diotenez, arima dago intxaur oskol horren barruan. Batzuetan, ez oso maiz, arima apurtzen zaidala sumatzen dut, eta horrela, oskol bat puskatzen denean bezala, ikaratzen duen hautsiaren zarata egiten du.
Mediterraneo itsasoak dar-dar egiten du Gazako kostaldea ukitzen duenean; bere olatuen aparrak itsasertza zipriztintzen du, intxaur-oskolak bustitzen ditu eta hondarretan sartzen da hondartzak ezkutatzen dituen arima zatituak freskatzeko.
Gizon bat hondakinen artean dabil, harri artean bila, bere buruarekin berbetan. Bai, eskuekin espantuka eta keinuka dabil, bularrari kolpeka, errautsei galdezka ea ikusi ote duten bere semea. Kamioi bat zegoela esan zioten eta umea korrika joan zen, bere tripa handitu eta alanbre itxurako hankekin, janari bila. Eztanda baten hautsaldiak irentsi zuen.
Lurralde hartan, Gabonetan, hondarra, hauts-izpiak, intxaur-oskolak eta lurpean ezkutatuta arima zatituak baino ez daude…
©F. Urien