Absentzia

Berarekin amets egin ote dudan? Jaio zen egunetik etengabe amets egin dut berarekin. Nire pentsamendu guztiak betetzen ditu. Nire ekintzetako bakoitzean dago. Berarekin amets egiten dut oheratzen naizenean, arnasa hartzen dudanean, lo egiten dudanean eta ohean modu inkontzientean iraulkatzen naizenean. Berarekin amets egiten dut nire bihotzaren taupada bakoitzean, arropak eranzten ditudanean, hotzak nagoelako tapakiekin estaltzen naizenean, bakardadean negar egiten dudanean. Berarekin amets egiten dut jaikitzen naizenean eta iratzartzeko inor ez dudanean, gosaria niretzat bakarrik prestatzen dudanean, zikindu ditudan plater bakanak garbitzen ditudanean eta garbitzeko platerak falta zaizkidanean. Berarekin amets egiten dut lanera joan behar dudanean eta masailean musu emateko inor ez dudanean, edo kezkatzeko inor ez dudanean eskolara berandu iritsi ez dadin, autobusa galdu ez dezan. Berarekin amets egiten dut lanean ari naizenean eta pentsatzen dudanean ez dudala eskolara joan beharko haren bila. Berarekin amets egiten dut metroa presarik gabe hartzen dudanean, ogia erosten dudanean, mahaian esertzen naizenean eta bera ez dagoenean. Berarekin amets egiten dut eguzkia irtetean, hark utzi ohi zituen ogi-apurren bila txoriak leihoaren erlaitzera hurbiltzen direnean, ortzadarra ikusten dudanean, orduak oihuka entzuten ditudanean.

Txikitan, tren batekin jolastea gustatzen zitzaion; zurezkoa zen tren osoa: bai burdinbideak, haietan ibiltzen zelarik tren-makina urdin txikia bere tximinia berdearekin, eta bai zama-bagoi marroiak, edo bidaiarien bagoiak laranja-koloreko sabaiarekin. Beti eskatzen zigun jolasten laguntzeko. Ez zitzaion gustatzen bakarrik jolastea. Aita etortzen zenean, trena ateratzen zuen. Berarekin jolasteko deitzen zion, eta «apurtxo bat bakarrik, gauza asko ditut egiteko eta». Burdinbideek eratzen zuten zirkulu txikian bi bira osotu arte ibilarazten zuen trena. Sekula ez hirugarren bat… Aitak alde egin ostean, ez zuen nirekin jolastu nahi izaten. Bakarrik geratzen zen, trena goitik behera mugituz loak hartu arte.

Badakizu, gogoan dut zelan pausatzen zuen bere gorputz lokartua nire bular gainean. Oso ondo gogoratzen dut… Batzuetan, nabaritu ere egiten dudala iruditzen zait. Amaren kontuak direla esango duzu, ez dakit. Baina nire oroimenean grabatuta geratu zen atzo bertan izan balitz bezala gozatu nuenekoa, eta bihar irudituko zait gaur izan dudala.

Nire senarrarentzat, familia bigarren mailan geratzen zen beti. Haren kezkak betetzeko pribilegioa bere lanak zuen, bere telefono mugikorrak, edo asteburuetan ere atsedenik hartzen ez zuela ematen zuen idazkaritza hark. Harentzat familia beharrezkoa zen bizitza konbentzionala zuela erakusteko. Beste irudi-elementu bat.

Gogoan dut behin oker nengoela pentsarazi zidala. Gure semeak tripetako min handia izan zuenean gertatu zen. Sukarra zuen eta sabelaz kexatzen zen. Senarra berehala etorri zen etxera. Haurra prestatzen eta autoan sartzen lagundu zidan. Une hartan familia bat ginela sentitu nuen. Medikua gure semea miatzen ari zenean, eskua eman zidan senarrak. Seguruago sentiarazi ninduen. Gero medikuak apendizitisa zela esan zigun eta laparoskopia bidezko ebakuntza txiki bat egingo ziotela. Horretan ohituta zeudela eta haurra berehala izango zela etxean. Ez zuen itxaron gure semea ebakuntza-gelatik atera arte. Telefono-dei baten ondorioz, ez dakit premiazko zer bileratara joan zen. Musu bat eman zidan eta deituko zidala esan zidan, ez kezkatzeko.

Etxea ez zen garrantzitsuena nire senarrarentzat, baina ez dut uste errudun denik. Denok lagundu diogu apur bat zorigaiztoko amaierari.

Bai. Zer nahi duzu esatea? Errudun sentitzen naiz eta barrutik kiskaltzen naiz berarekin haserretu nintzen une haiek burura datozkidan bakoitzean. Gogoan dut oihu egin nion egun bat, oihu handiak egin nizkion eskolan bere lagunaren koadernoko orriak apurtu zituelako. Ikaratu egin zen. Kuzkurtuta zegoen, zangoak besoez inguratuta eta bularra besoen kontra estututa zuela. Hitz batzuk xuxurlatzen zituen, ahopean kexatuz gelan oso txarto pasatu zuelako. Ez nion jaramonik egin, eta etengabe oihuka eta espantuka jarraitu nuen. Txiki sentitzen zen, denok gaizki tratatua, eta nik irain larriak oihukatzen jarraitzen nuen, semea zentzugabekeria haiekiko immunea balitz bezala.

Une haiek gogoratzen ditudan bakoitzean, lahardi edo sasitza batek bere arantzak erraietan astintzen dizkidala sentitzen dut, goitik behera urratuz. Zer nahi duzu esatea? Semeak laguntza eskatu zidanean begirada ezkutatu nuela sentitzen dut. Are gehiago, ikaratzen zuen ekaitzaren parte izan nintzen. Atzera itzuli nahi nuke, nire bularraren kontra besarkatu eta maite dudala esan. Ez dakit…, ez dakit, hainbeste errietaren artean, momenturen batean esan nion edo ez.

Haize leuna espaloian irristatu zen, isil, hain garden non inork ezin izan baitzuen ikusi. Ezkien enbor gogorrean gora igo eta hostoak laztandu zituen kulunkaraziz, dardara eraginez eta elkarren kontra joz, zuhaitzen adarrek haizea dagoenean egiten duten zarata hori sortu arte. Itsasadarreko uren gainean lerratu zen, ur-azalean lerro txiki bat utziz, ibaiertzean paseoan ilunabar hartaz gozatzen ari zirenentzat ia hautemanezina. Zuhaixkekin topo egin zuen adarrak astinduz, ikusiak izan nahi ez duten baina beren mugimendu izutiek sortzen dituzten oihartzunekin beren burua salatzen duten karraskari txikiak bezala. Espaloien gainetik hegan egin zuen arrasean, abiadura eta indarra hartuz ibaia zeharkatzen zuen zubiari eusten zioten zutabe altuak igo ahal izateko. Nahiz eta fuste haiek altu, lodi eta leunak izan, eta nahiz eta ez izan oratzeko arrailik, haize leunak bildu eta haietan gora igo zuen, zubi-petrilaren goialdera iritsi arte, non nire semearen hankak zalantzan baitzeuden aurrez aurre zeukan hutsaren eta atzean utzia zuen zubiaren nasaren artean. Haize leun hark nire semearen larruazala miazkatu zuen, laztu egin zuen, eta bere aho hotzaz zeharkatu zuen arimaraino sartuz. Haren bihotzak erritmoa bizkortu zuen bularreko paretak joz, hotzez dardarka zeuden erraiak nahasiz. Baina haizea ez zen gelditu eta nire umearen gorputz osoa bere izotz-geruza gogorrean biltzen jarraitu zuen. Aurpegira heldu zitzaion eta txukun-txukun orraztua nion ilea nahasi zion. Haize leuna ez zen konformatu jada egina zion ebasketarekin. Ikaraz dardarka zegoen gorputz txikiaren inguruan amorruz mugitzen jarraitu zuen. Behin eta berriz bultza egin zion, erruki barik, amildegiaren ertzean zabuka eginaraziz. Oreka galdu eta erori egin zen haizetxoak haren patuari laguntzen zion bitartean.

Orduan, nire etxeko ate azpitik gaua sartu zen. Alfonbra ilundu eta harrera-gelako kontsola estaliz igo zen. Apalean dagoen portzelanazko emakume ijitoa mamu gris zurrun bihurtu zuen. Argimutilek beren garra galdu zuten, eta haien gainean esekitako ispiluaren distirak desagertu egin ziren. Argia sukaldetik ihesi joan zen, harraskan tantaka, iraganeko isiltasuna areagotuz. Jadanik ez ziren entzuten jolasean ari ziren haurren oihu eta algarak. Bakardadeak amorruz jo zituen paretak. Ez zen inoiz berriro lehen bezala izango. Gaueko mamuak korridorean zehar lasterka joan ziren, eratzea hainbeste kostatua zitzaigun familia errauts bihurtuz. Sasitzak nire etxeko hormetan arrastaka zelan zebiltzan entzun ahal izan zen, paretak amorruz urratuz eta guk bakarrik hautematen ditugun arrasto sakonak utziz. Han bertan negar egin zuen zeruak, deitorez eta atsekabez gu zamaturik. Gure eskuen artean irristatu zen isiltasuna eta gure besarkadetan finkatu zen hustasuna. Harrezkero eguneroko ogia eta haren irribarrearen oihartzuna falta zaizkigu. Oraindik ere gauak jarraitzen du haren gelan, eta ikaratu egiten naiz aurretik igarotzen naizen bakoitzean. Atea itxita mantentzen dugu, gure bizitzarekin zerikusirik ez duen zerbait balitz bezala. Baina haren oihartzunak ihes egiten du eta gure oroitzapenak hain amorru handiz kolpatzen ditu…

©Fernando Urien

Utzi iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.plugin cookies

ACEPTAR
Aviso de cookies