BILBOKO ESPIRITU BAT

Hau espiritu baten istorioa da, nire hiriko potxingoen gainetik eta euripean ibiltzen zena, baina busti barik, espirituak etereoak, gardenak, gorpuzgabeak baitira, ezin dira ikusi. Kontua ez da Bilbokoak erdi itsuak edo despistatuak garela, baizik eta espiritu bat Madril, Bartzelona, Buenos Aires edo Mexikoko metroan balego, inork ez lukeela ikusiko. Baina hark bai, ikusten gaitu gu, eta badaki guk ezin dugula bera ez hauteman, ez ukitu. Horregatik sentitzen dira espirituak kontuan ez hartuak, hitz egiten dutenean inork ez dielako entzuten, denok geure errutinari jarraitzen diogulako existituko ez balira bezala. Horrek onetik ateratzen ditu, eta pixkanaka, gorputz bat bilatuko dute, gorputz hori okupatu, erabili eta horren bidez beren gaitasun eta kezka guztiak adierazi ahal izateko.

Kasu honetan aipatzen dugun espiritua ez zen edozein izaki, baizik eta ezagutza, elokuentzia, iritzi independentea, ekitatea, ontasuna… zeramatzana zen, gorputz askok beren baitan eduki gura luketen espiritua miretsiak, goretsiak eta laudatuak izateko. Baina arima hura apur bat xaloa eta despistatua zen, dudatsu samarra, eta, beraz, kosta egiten zitzaion gorputz batean sartzeko erabakia hartzea, inori min egitea baitzen nahi zuen azken gauza.  

Egun batean, neskato baten gorputza hartzera ausartu zen, pentsatzen baitzuen, garatzen ari zen izaki bat izanik, lagundu ahal izango ziola garapen hori hobeto egiten; jakinduriaren eta gauzak ondo egitearen espirituarekin haziko zen, emakume izatera iristen zenean, haren gorputzarekin bat eginda egongo zen, beste edozein gizaki bezala espresatzeko moduan.

Neskaren barruan pozik sentitu zen, gorputz gazte eta arina zen. Salto egin zezakeen, lasterka egin, erruki barik barre egin. Neskatoarekin ezin zion inori minik egin; txikia eta ahula zen, baina alaia eta dinamikoa ere bai. Horrela, ama oso harro zegoen bere neskatoaz; ikasgelako kalifikapenik onenak zituen, egoki hitz egiten zuen, erraztasun txundigarriz eta edozein eztabaida isilarazteko moduko zorroztasunez ateratzen zitzaizkion argudioak bere ezpainetatik.

Bai, gura barik nabarmentzen zen neskato bat zen, eta ez zitzaion kostatzen besteen gainetik egotea. Hor sortu zen arazoa, beste haurrak harengandik ihes egiten hasi baitziren; «ezin da berarekin hitz egin», zioten, «erabateko mari-jakintsua da», «Kontuz! Mari-maistra dator eta gauzak argi eta garbi utziko dizkizu horrek, kar-kar-kar…». Horrela, bakarrik, lagun barik geratzen joan zen. Helduei ere ez zitzaien gustatzen neskato bat helduen arteko elkarrizketetan egotea. Bazitekeen neska oso argia izatea, baina, azken finean, neskato bat zen. Eta neska, pixkanaka, bere bakardadean barneratzen joan zen, eta denak harengandik aldentzen.

Espiritua hasi zen pentsatzen ez zuela ondo egin gorputz hartaz jabetzean, ez ziola ezelango mesederik egiten neskato hari. Sekula ez zion hark inori minik egin gura izan, baina erratu egin zen. Bere akatsik handiena neskato bat aukeratu izana zen. Normalean umeak errugabeak izaten dira, begiluzeak, jakiteko irrikaz egoten dira; ez dute dena jakiten, ikasten ahalegintzen dira. Hain kritika independentearekin eta espirituak ematen zion hitz-jario harekin lekuz kanpo zegoen, bere gizartearentzat gauza anormala zen, ez zuen erabaki zuzena hartu. Horrela, egun batean gorputz hura utzi eta Bilboko kaleetan barrena berriro abiatzea erabaki zuen, aterki ilunen azpian ezkutatu eta inurri nahasiak inurritegian bezala batetik bestera zebiltzan jende-multzoen artean. 

Orduan pentsatu zuen hobe zela heldu baten gorputza hartzea. Heldu jantzi, berritsu, buruargi eta ona heldu miresgarria da; guztiek begirunea izango zioten, eta bere ingurukoek lausengatu egingo zuten. Pertsona heldu bat halako ezaugarriekin, eta espiritua prest zegoen tasun haiek emateko, pertsona bikaina izango zen.

Laguntzeko asmotan, izaki harengan berezkoa zen zerbait, emakume baten gorputza hartu zuen, baina ez edozein emakumerena, bera ontasunaren espiritua baitzen, eta beraz emakume dohakabe batena hautatu zuen horrela hura miseriatik atera ahal izateko. Aurkitu zuen emakumerik zorigaiztokoena emagaldu bat izan zen, kabareteko puta bat, bere gorputza gehien ordaintzen zionari emanez mundu honetan bizirauten zuena, diruaren aurrean makurtuz, beharrizan edo premiagatik izanda ere. Umiliazioa errutina bihurtua zuen, bezeroek gutxietsi egiten zuten baino are gehiago hark bere burua.

Espirituaren etorrerarekin gorputz hark jasan zuen aldaketa ikaragarria izan zen. Emakumea bere burua baloratzen hasi zen, bere buruaz seguru sentitzen, eta beti haren irrika zuen enpresaburu lodikotea arbuiatzen, begirunerik gabe tratatzen baitzuen berea balitz bezala hartuta, bere larruazalaren tolesdura izerditsu eta koipetsuak hogeita zortzi urteko dama haren larruazal finaren gainera erortzen utziz, nahiz eta emakumeak jada ez zuen halako gizonik gura bere soin gainean. Baina espirituak prostitutaren ahotan jarri zituen berba edo hitzen jarioak ez zuen ezertarako balio izan, ezta haren argudio arinek eta demanda-mehatxuek ere. Gizonak besotik heldu zion indarrez min eginez, ohe gainera bota zuen bere jabetzako tresna bat bailitzan, arropak erauzi zizkion biluzik utzi arte, eta gorputzari ohearen alde batetik bestera tira egin zion bere larruazalaren azpian eduki arte. Neskak uko egiten bazion ere, inolako erreparorik gabe bortxatu zuen, bere eskubidea zuela sentitzen zuen-eta. Emagaldu urdanga bat zen, berak ordaindu egin zuen gorputz harengatik eta berea zen; plazer-gailu bat zen, atsegin emateko tresna bat, beste barik. Diskurtso adierazgarriak soberan zeuden, eta ezezkoak ergelkeria hutsak ziren, puta bati ezin zitzaizkionak onartu.

Neskak, bere gelan abandonatuta geratu ostean, salatzera irten gura izan zuen.  Baina, zoritxar handiagorako, ur handiko arrain hura putetxean zegoen oraindik, bezero ona izaki. Proxenetak konpondu zuen arazoa: neska mehatxatu, jo eta bere gelan giltzapetuta laga zuen.

Jakintzaren espiritu onak beste baldarkeria bat egina zuen. Ez zion batere onik egin neskari bere egoeraz jabetu, emakume izateaz harro sentitu eta hainbeste urtetako gutxiespenaren ostean begirunea eskatzen hasi baitzen. Espirituak bere buruari egotzi zion berriro egindakoaren errua, ez zion lagundu emakumeari, dohakabe hura zauritzea eta egoera okertzea besterik ez zuen lortu. Bigarren porrot horrek hain min handia eman zion, ezen bere buruari esan baitzion ez zuela sekula berriro beste gorputzik okupatuko.

Halaxe aurkitu zen izaki inbidiagarri hura Bilboko kaleetan zehar noraezean, potxingoen gainetik eta aterki ilunen artean aurrera.

Baina egoera etereo hori, espirituak metatzen zituen ideiak, kontzeptuak eta pentsamenduak inori adierazi ezinik, bigarren akats hura egin izana justifikatuz joan zen, esperientziak zera irakatsi baitzion: ez zela arima berritsua izan zorigaitz haien eragilea, okupaturiko gorputza baizik. Pertsona bakoitzaren izaera ezin da errotik eta erabat aldatu. Okupatu beharreko gorputza gorputz heldua, orekatua eta espirituak handitu gura zuen kultura-mundutik hurbilekoa izan behar zuen. Kategoria horretako gorputz batean ezin zen akatsik egon. Pentsamendu horrekin, idazle baten gorputzean barneratu zen bilbotar espiritua.

Idazleak, noraezeko izaki haren dohainak jaso zituenak, zenbait egunkari eta aldizkaritan kolaboratzen zuen; eleberriak idazten zituen eta, bere lumaren tinten bidez, inguratzen gaituen munduaz ikuspegi kritiko eta kezkatsua erakustea gustatzen zitzaion. Ahularen alde egiten zuen eta bidegabekeriak salatzen zituen ipuin eta irakaspenen bidez; iritzi independentea adierazten saiatzen zen beti, eta ez zitzaion gustatzen presiorik jasotzea bere iritzia ematerakoan.

Izaki berria gorputz hartan sartzeak ospea eman zien haren idazki guztiei.  Irakurleak jasotzen zituen bezain erraz isurtzen zituen ideiak; argudioak eztabaidaezinak ziren, eta satira burleskoa zorrotza. Horrela hasi zen haren obraren irakurle-kopurua modu nabarmenean hazten. Denek bilatzen zituzten haren artikuluak eta liburuak, gero interesez irakurtzeko. Pixkanaka, iritzi-erreferentzia garrantzitsu bihurtu zen jendearentzat. Botere-estamentuak, luma independente haren eraginaz ohartuta, haren mesedeak lortzen saiatu ziren. Baina hori ezinezkoa zen, idazlea azkarra zen eta bere askatasuna maite zuen. Muturreko independentzia edo burujabetasun horrek liskar askotara eraman zuen: behin-behinean zeukaten postuarengatik zerbait bazirela uste zuten ergel gizagaixoekin, postuak berekin zekarren boterea erabiltzen zuten karguekin, eta liskarrak gizarteko nagusitasun-maila gorenekin. Baina azken horiek ez daude ohituta inork kontra egitera, beren gurari edo nahia betetzera baizik, eta hori lortzeko oztoporen bat aurkitzen dutenean, ezelango kontenplazio barik baztertzen dute.

Gizarteko goi-mailako nagusitasun-estamenturen batek hain eraso handia sentitu zuen, non ez baitzen hura jasateko prest egon. Horrela, arratsalde batean, eguneroko tabernan kafe bat hartzen zuen bitartean, atzetik itzal batek kolpe sakon bezain zorrotza eman zion buruan idazleari. Tiroaren soinu lehorrak isiltasun tirabiratsua eragin zuen, eta zorioneko espiritu hark okupatzen zuen gorputza lurrera erori zen, bizirik gabe, arima berritsua abandonaturik. «Zer egin dut!», bere buruari bota zion errua izakiak, «ez da okupatzen dudan gorputza zorigaitzak ekartzen dituena, ni neu baizik; espiritu harro hau, noraezean ibiltzeko eta bere pentsamenduak airean uzteko, zuzen epaitzeko eta bere iritziak zeruari komentatzeko baino balio ez duena…».

Bilbora joaten bazarete, oso gogoan izan hiriburu hartako kaleetan espiritu bat dabilela potxingoen gainean eta euripean, baina busti barik, espirituak etereoak eta gorpuzgabeak baitira; ezin dira ikusi, nahiz eta haiek bai gu ikusi eta epaitu egiten gaituzten. Baina ez izan kezkarik, espiritu honek ez du inoiz beste gorputzik okupatuko.

 

©Fernando Urien

Utzi iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.plugin cookies

ACEPTAR
Aviso de cookies