Beste Donejakue bidea


KUMANO KODO JAPONIAN ETA DONEJAKUE BIDEA
“Erromes Dualak”

SARRERA:

Tanabe Japonian eta Santiago Konpostelan 1998. urtetik senidetutako bi hiri dira.

2008. urtean, bi hirien arteko harremanen hamargarren urteurrena zela eta, haien turismo-bulegoek protokolo bat sinatu zuten urriaren 27an, bi erromesbide historikoak sustatzeko eta lankidetzan jarduteko.

Ekialdeko eta Mendebaldeko herrialdeen arteko harremanetan sakontzeko, “Erromes Duala” izeneko programa sortu zen, UNESCOren Gizateriaren Ondare titulua duten bakarrak Donejakue Bidea eta Kumanokoa direla ospatzeko.

Zer da Erromes Duala?

Donejakue Bidea egin ostean Compostela agiria eta Kumanoko Bidea egin ostean egiaztagiria lortu dituen eta horretarako prestatutako leku ofizialetako batean erregistratu duen pertsona.

Zer lortzen da Erromes Duala izatean?

Erromes Dual legez erregistratzean amaiera-ziurtagiria jasoko duzu (paper japoniarrean eta eskuz idatzitako karaktere batekin), bai eta argitalpen mugatuko pin bat ere

KUMANO KODOAREN HISTORIA:

Duela mila urte baino gehiago, bai noblezia eta bai herri xehea erromes ibiltzen ziren tenplu sakratuak bisitatzeko. Erromesbide horiek Kii penintsula menditsua zeharkatzen zuten, eta denborarekin Kumano Kodo edo Kumanoko bidea osatu zuten. Bidexka malkartsu horietan egindako erromesaldian, otoitz- eta garbikuntza-erritual erlijiosoak egiten zituzten. Gaur egun, ordea, jende askok egiten du bidezidor ospetsu hori, espiritualaz gain beste arrazoi batzuengatik, besteak beste, naturaz gozatzeko edo ibiltzea bezain ariketa osasuntsua egiteko.

Nakahechi ibilbidea da ezagunena. Bide Inperiala ere deitzen da, X. eta XI. mendeetan enperadorearen familiak erromesaldia egiteko aukeratu zuena baitzen, Kioto Japoniako hiriburu zenean.

Santiago edo Donejakue bidearekin bezala, hainbat bideren artean aukera dezakete erromesek. Hala ere, hobekien kontserbaturikoa Nakahechi ibilbidea da; zerbitzuak eskaintzen ditu eta % 100 naturan zehar igarotzen da. “Ibilbide inperiala” deritzona X. mendetik erabiltzen da, eta bi abiapuntu ezberdin ditu, biak Kumano Hongu Taisha santutegi sintoista handian amaitzen direnak.

Takajiri-oji da Kumano Kodoren sarrera-toki bat, eta erromesentzako abiapuntu ezaguna. UNESCOk ibilbide honen abiapuntu sakratu izendatu du.

Mendi-ibilaldi hau lau etapatan eta bost egunetan egin genuen.

BIDAIA PRESTATZEA

Ez dut gogoan zelan izan nuen bide honen berri, eta inongo gidatan informaziorik aurkitu ez nuenez, bidea zelan egin azalduko zidaten blogak aurkitzen hasi nintzen. Horrela, Kumano Kodoko erakunde batekin harremanetan jarri ahal izan nintzen, eta haren bidez etapa-amaieran gauak igarotzeko ostatuak erreserbatu ahal izan nituen, baita ekipajea ostatu bakoitzera eramateko zerbitzua ere.

Gero, bidea egiteko lagunak aurkitu behar nituen, eta orduan Isa Blanco, Marije Expósito eta Mariasun Landeta lankideekin berba egin nuen, beraiekin adiskidetasun ona eta mendian ibiltzeko zaletasuna partekatzen ditut eta. Ez zuten zalantza-izpirik izan; beraz, taldea osatuta zegoen jada.

 Japonia bisitatzen duten turistentzat herrialde hark eskaintzen duen asmakizun onenetako bat JAPAN PASS erosi ahal izatea da bidaia egin aurretik, aste bat, bi edo hiru asterako balio duen txartel kilometriko moduko bat, zeinarekin tren guztietan bidaia dezakezun (shinkansen Nozomi-n izan ezik), hau da, ia guztietan, txartelik atera behar izan barik, aski da begiratzaileari erakustea. Eserlekua erreserbatzea hobe dela esaten dute, baina gure kasuan ez genuen inolako arazorik izan; tren bakoitzean eserlekuak erreserbatuta ez dauden bagoiak adierazten dizkizute, eta nasan seinaleztatuta daude; beraz, jarri libre dagoen lekuan eta zehazki dagokion lekuan geldituko da tren-bagoia.

BIDEAREN HASIERA

Kansaiko aireportura iritsi eta Japan Pass erabiltzen hasi ginen trenarekin: kostan zehar Tanaberaino eraman gintuen, bertan “Minshuku” (japoniar etxetxo tipiko) bat erreserbatua baikenuen. Bi gela handi izan genituen futoiekin (armairuetan gordetzen diren koltxoiak, baina lurrean oheak bezala erabiltzen direnak). Ostatu hartu genuen lehen etxea poloniar jator batek kudeatzen zuen, era guztietako azalpenak eman zizkigun, batez ere non jan ahal izango genuen, herria oso txikia eta lasaia baitzen.

Leku guztietan wifirako sarbidea egon arren, guk “pocket wifi” bat alokatu genuen laurontzako, aireportuan jaso genuen, eta une oro konektatuta egoteko aukera ematen zigun.

Egun hartan ramen zopa on bat dastatu eta preziatu ahal izan genuen, jaki oso-osoa da, mota guztietako barazkiak, askotariko haragiak eta, noski, fideoak dituena. Herritxoan barrena ibili ginen; hain lasaia zen, ezen ia ez baikenuen jenderik topatu, eta kostalderantz abiatu ginen.

Biharamunean ekin genion gure abentura txikiari. Autobus bat hartu behar izan genuen, eta ordu erdian Takajiri-oji-ra eraman gintuen, bidearen hasierara. Han dago lehen tenplua, eta han hasi ginen koadernoa erabiltzen, tenplu guztietan zigilatzen genuena; bidean zurezko etxola batzuk aurkitzen genituen, batez ere santutegietan eta beste interesgune batzuetan, eta han egoten ziren tanpoia eta zigilua, ondo gordeta ate txiki batean.

Eguna freskoa baina distiratsua zen, eta, beraz, ilusio handiz ekin genion gure lehen etapari. Bidezidorra igotzeko eta jaisteko maila handiek osatzen zuten, zuhaitz konifero oso altuen baso trinko-trinko batzuen barruan, hain itxiak ezen une batzuetan zerua nekez ikusten baikenuen.

Baina etapa horretan beti zeuden atseden-eremuak produktuak saltzeko makinekin, eta haietan edari freskoak erosteko aukera genuen, hutsean zorroratuta larrialdietarako beti eramaten dugun urdaiazpikoari laguntzeko.

Erromes gutxirekin topo egiten genuen, baina bidea ezin hobeto markatua zegoen, eta etapa hartan hirigune txikiak zeharkatu genituen etxetxo tipikoekin, eta, halako batean, haietako baten jabe atseginak, Masara zuen izena, fruta batzuk dastatzera gonbidatu gintuen.

Chikatsuyun amaitu genuen etapa 16:00ak aldera. Gure Minshuku aurkitu genuen, eta jabeak oso harrera atsegina egin zigun bertan; eta hala, hizkuntzaren hesia ez zen oztopo izan gure gela zabala erakusteko, han ere lurrean 4 futoi zeudelarik; gero “onsen” delakoa zelan erabili erakutsi zigun, gure lehen ibilaldiaren ostean erlaxatu ahal izateko.

Afaria erretilu batzuetan atera ziguten askotariko platertxoetan: zopa, barazkiak, arraina eta abar. Han beste erromes espainiar batzuekin eta japoniera hitz egiten zuen italiar batekin elkartu ginen. Oso giro lasaia sortu zen garaiz erretiratzeko ordua iritsi zen arte, biharamunean goiz jaiki beharra genuen eta.

Eguna argitzean laino itxia zegoen, eta gaueko hotzaren ondorioz belardiak zuri zeuden izotzarekin, inguruari ukitu magikoa emanez; bikain gosaldu ostean taberna txiki batean, oinez abiatu ginen.

Goizean zehar lainoa desagertuz joan zen eta ondorioz tenperatura asko igo zen. Etapa hura oso luzea eta neketsua izan zen, ibilbidea “hanka-hauslea” izan baitzen, bitxikeria batekin: jatorrizko bidetik desbideratu behar izan genuen, luizi handiek pinu asko herrestan ekarri zituztelako ohiko bidera. Ia ilunabarrean iritsi ginen Yunominera, 5:30ak aldera amaitzen baitzen eguna. Gutxi gorabehera jota, 30 km inguru ibiliko ginen.

Bainuetxe-hiri hau ospetsua da Gizateriaren Ondare den bainu bakarra duelako. Yunomine herria oso txikia da: etxe eta hotel tradizionalen ilara bat baino ez haran baten sakonean, ur sufretsuak dituen ibai baten ondoan lerrokatuta. Diotenez, ur termal horiek duela 1.800 urte aurkitu zituzten, Japoniako zaharrenetakoak izanik, eta hemen erromesek garbikuntza-erritu edo ohikuneak egiten zituzten.

Iristen zarenean azkar hartzen da sufre-usaina. Ibaiaren ondoan baltsa artifizial txiki bat dago, non arrautzak jar daitezkeen egosteko (12 minutu, ondo eginda gura badituzu). Errepidearen beste aldean dagoen janari-denda txiki batean saltzen dituzte, uretan sartzeko sare txiki batekin.

Ostatua erreserbatuta genuen aterpetxe handi batean, era guztietako erosotasunekin; han, askotariko jendea topatu genuen: gazteak, bikoteak seme-alabekin, eta esperientziak eta informazioa partekatzeko gune zabalak zeuden. Era guztietako erromesekin taberna batean afaldu ostean, gure aterpetxeko onsen-ak erabili genituen, bata barrukoa eta bestea kanpokoa, zeren eta egiten zuen hotza gorabehera, gauaz goza zitekeen bainu termaletan murgilduta.

Bainuetan sartu baino lehen, higiene-arau zorrotzak bete behar dira. Esertzeko aulki txiki batzuk daude, eta dutxa baxu batzuekin gorputza xaboitzeko erabili behar dituzu, bainuontzi naturalean sartu eta ur termalaz gozatu aurretik. Poliki sartu behar da, ura irakiteko zorian egoten da eta.

AHurrengo egunean lasai hartu genuen, eta oinez Hongu Taisha tenplu handia bisitatzera joan ginen. Sarreran torii handi bat dago (zurezko marko edo arku moduko bat, gorria), munduko torii handiena da, ia 34 metro altu eta 42 metro zabal. Tenplua arroz-soroz inguratua dago, eta egun distiratsu hartako urdinarekin postal ederra osatzen zuen.

Tenplua bisitatu aurretik turismo-bulegora joan ginen, Donejakue bidea eta Kumano Kodoaren zatietako bat osatu izanak Erromes Dual bihurtzen gintuelako.

Oroigarri sinboliko bat da, Donejakue bidea eta Kumano Kodoa osatu duten pertsona guztiei ematen zaiena, eta Honguko Informazio Zentroan eskatzen da. Bi bideak egin direla egiaztatzeko Compostela eta/edo erromes-txartela aurkeztu behar da. Niri ahaztu egin zitzaidan Compostela eramatea, baina japoniarrek ontzat eman zuten nire hitza. Kumano Kodoaren txartela erakutsi genuen bidean zehar igaro ginen tenpluetako zigiluekin. Oroigarri gisa, inguru hartako paperez egindako diploma eta erromes dualaren ikurra duen pin bat ematen dizkizute.

Bide batez esanda, pinean agertzen den logoa Donejakue Bideko maskorraren eta Kumano bideko hiru hankako belearen konbinazio bat da; koloreak laranja-tonukoak dira, egunsentia eta ilunabarra irudikatuz.

Erromes dualaren tramitazioaren ostean, zuzenean joan ginen taiko danborra jotzera, erromesaldia amaitzean jotzen dena.

Bisitaria bazara sartu ezin zaren esparru-zati batera sartu ahal izan ginen, eta taiko danborra zeremoniatsu jo ostean mazoa pasatu zigun. Ez genekien ondo zenbat aldiz jo behar genuen, ezta zenbat denboran ere, baina gutxi gorabehera abadearen antzera jo genuela iruditu zitzaigunean, mazoa itzuli genuen. Beraz, “Erromes Dualaren” protokolo osoari jarraitu genion horrela.

Biharamunean, berriz ere eguraldi onarekin, beste etapa bati ekin genion: bidea atsegina izan zen, ez hain zorrotza, eta, beraz, 14:00ak aldera iritsi ginen Koguchira. Super batean garagardoak erosi eta berriro ere gure urdaiazpikoa, hutsean zorroratua, atera genuen.

Koguchi herri txiki bat da, non ezin izan genuen ostaturik lortu, eta, beraz, Shingura eramango gintuen autobusa hartzea erabaki genuen. Arazo bakarra 17:30ak arte ez genuela autobusik izan, eta, beraz, nahiko berandu iritsi ginen kostaldeko herrixka hartara.

Gure azken etapari aurre egiteko prest lotaratu ginen; geneukan informazioaren arabera, etapa luzea eta gorabehera askokoa zen.

Biharamunean goiz hasi ginen gosari on batekin, baina eguraldia zela-eta bertan behera utzi behar izan genuen gure plana; izan ere, zortziak aldera, euria goian behean hasi zuen; egitasmoa aldatu eta azken tenplura joan ginen: Kumano Nachi Taisha santutegirik politena da, bereziki Nachi-no-Ota ur-jauziagatik, Japoniako ur-jauzirik altuena baita.

Apur bat atsekabetuta sentitu ginen ekaitz gogor eta laino itxiagatik, inguru zoragarria ikusten ere ez zigun utzi eta. Halaxe bukatu genuen ibilaldi txiki hura, Japoniako landa-giroaz eta bertoko jendearen xalotasun eta adeitasunaz gozatzeko aukera eman ziguna.

Katsuuran, beste arrantzale-herrixka batean, amaitu genuen, eta bertan sussi dastatu genuen, askotariko arrain gordin fresko-freskoarekin.

Maletak iritsi ez zitzaizkigunez, gure ostatuko jabeek yukata polit batzuk (kotoizko bainu-bata modukoak) utzi zizkiguten, eta haiekin familiaren onsen-az gozatu ahal izan genuen berriro.

Japoniako landa-ingurunean zehar ibiliz nabaritutako sentsazio onen ostean, beste egun batez Nakasendo izeneko beste ibilbide baten zati bat egitea erabaki genuen.

Magome herrian barrena paseo eder bat eginez hasi ginen, merezi baitu presa barik ibiltzea aldapan gora dagoen kale bakarrean, ondo zaindutako etxeekin, Edo garaian izan behar zuen giroarekin.

Nakasendo ibilbidea Magometik Tsumagora doa, eta Nakasendo bidearen eta Ina-do bidearen artean duten kokapen estrategikoagatik, oparotasun handiko herriak izan ziren. Hala ere, Edo garaiaren amaierarekin eta Meiji Berrezartze garaian (1868-1912) Japoniak izandako industrializatze eta modernizatzearekin, oinezko ibilbidea erabiltzeari utzi egin zitzaion trenaren edo automobilaren mesedetan. Horren ondorioz bi herri horiek gainbehera joan eta ia ahanzturan erori ziren, Japonia landatarreneko beste hainbat herri bezala.

Hala ere, turismoa sustatzeko eta beren desagerpenaren aurka borrokatzeko, bi herriek beren iragan historikoan inbertitzea erabaki zuten Showa (1926-1989) aldiko boom ekonomikoan. Hala, beren ondare historikoari eusteko lanean hasi ziren, Nakasendo ibilbideko bi atseden-gune horietan bizimodua zelakoa zen ahalik eta gehien erakusten saiatzeko.

Horregatik, telefono- eta elektrizitate-kableak (Japoniako gainerako tokietan beti kanpoan ikusten direnak) lurperatu egin zituzten, motordun ibilgailuak kale nagusietatik ibiltzea debekatu eta eraikin historikoak eta etxe tradizionalak zaharberritu zituzten inguru hartako herrien iragana erakutsiko zuten museoak egiteko, baita ere tailerrak artisauek beren eskulanak egin eta saltzeko, minshuku edo ostatu tradizionalak, gozoki-dendak (manju, oyaki eta gohei-mochi ospetsuekin), eta eskualdean tipikoan diren soba fideoetan espezializatutako jatetxe txikiak.

Horri esker, Magome eta Tsumagoko kale nagusiek Edo aldian bi atseden-guneek zuten giroa birsortu dute, eta eskualde osoa turismo-gune garrantzitsu bihurtu da. Gaur egun, hango kaleetan ibiltzea iraganeko Japoniara bidaiatzea lez da, esperientzia bikaina!

Oso goiz hasi ginen, inguru guztian laino itxia zegoen eta landa izoztuta gaueko tenperatura baxuen eraginez, baina eguzkia atera zenean ikuskizun bikaina agertu zitzaigun aurrean udazkeneko kolore askorekin, marroiz, horiz, gorriz, askotariko kolorez osaturiko paleta distiratsua.

Ibilbidea Kiso haranetik igarotzen da, batzuetan ibaiaren paraleloan doa, eta, beraz, bidean zehar dauden etxe askok ur errota handiak dituzte. Beste batzuetan urrundu egiten da ibaitik. Batzuetan errepidea zeharkatzen du. Baina, oro har, natura birjinan zehar doan bide harriztatua da ibilbidea.

Hortik aurrera, ibilbidea gainbehera doa beti. Eta te-etxe (Tateba-chaya) batera iritsi ginen; beraz, gelditu egin ginen, eta jabeak zura taillatzeari utzi eta te bat eskaini zigun; aldi berean, etxeko altzari zahar guztien artean ikusmiran ibili ginen, esparruaren erdian zegoen sutegia tximinia eta guzti miretsiz. Irribarre eta erreberentziekin gure esker ona erakutsi ostean, geure bideari jarraitu genion.

Datu bitxi bat, bidean zehar kanpai bat duten zutoinak daude, hartzak uxatzeko jo beharreko kanpaia. Bide batez esanda, ez genuen mugimendu arrarorik sumatu.

Tsumagora iristea bidaia honen beste une magiko bat izan zen. Bat-batean, Edo garaiko herri jende bako batetik paseatzen aurkitu ginen, iraganera joan bagina lez sentituz.

Landa-etapa horietan erromes ibili ostean, hiri handi eta zaratatsuetan barrena ibilbide turistikoari ekin genion: Hiroshima, Mirayima, Osaka, Kioto eta Tokyo.

Baina hau guztia Javier Campo gure lagunak ezin hobeto deskribatu zuen.

Japoniak liluratu egiten zaitu bere iragan, landa-ingurune, hiri zaratatsu eta modernoen arteko kontraste ikaragarriekin eta, batez ere, bertoko jende guztiaren adeitasunarekin.

 

Araceli Tamayo

Utzi iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.