Azken maitasuna

Parrokoak ez zuen onartu hileta-elizkizunik egitea; inor ez zen joan azken agurra egitera. Hala ere, Maria Luisa Fernández de Henaresek, laurogeita hamaika urterekin, hilkutxa orga batean jartzea lortu zuen, eta bi euro kostatu zitzaion, ikaztegiko mutilak astoa hilerriraino gida zezan. Han ere, ziur aski, ez zioten lurperatzen utziko, baina Maria Luisak aurrera egingo zuen.

Eguerdia zen, eguzkiak “Argandilla” herriko asfaltoa gogor zigortzen zuen, batez ere hilkutxaren igarobidea zen “Lorezaintza” kalekoa. Bero itogarria zen giroan eta bidean zehar airean zeuden bakardade-hodeiak eratzen zituen. Haizeak ozta-ozta mugitzen zituen zuhaitzen hostoak, eta isiltasunak gainezka egiten zuen hiribideko etxetxoen espaloietan eta hormetan. Herriko bazterrak oihartzunez zipriztintzen zituen zaldi-kroskoen hotsak bakarrik lagun egiten zion Maria Luisari orduan. Orga korrokoilaren gainean zerraldoa zegoen, lasto-hondar batzuk, bi limoi eta laranja bat, orgaren mugimenduarekin iraulka.

Inor ez zen atera hildakoari azken agurra ematera. Batzuek leihotik begiratzen zioten, gortina artetik, orgaren ibilera motelari. Batez ere bihozberatasunez begiratzen zioten Maria Luisari, erotuta balego bezala. Beste batzuek burua biratzen zuten, hilkutxa zelan igarotzen zen jakinguraz behatzeko, eta bazen eskuekin espantuka zebilenik ere behingoz utz zezan egiten ari zena. Angela bakarrik, aspaldiko laguna eta berton bizi zena, hurbildu zitzaion muxu bat ematera.

Alaba ere hurbildu zitzaion zerbait ohartaraztera, eta hala esan zion, ahopean, ikaragarri lotsagarria balitz bezala, ea erotuta al zegoen, nahikoa iskanbila sortu zuela eta alde batera uzteko txorakeria haiek. Beste bi semeak ez ziren agertu ere egin herrian. Aspaldian ez zituen ikusi. Noizean behin telefonoz edo bideokonferentziaz hitz egin izan zuen haiekin. Beti lanpetuta zeuden, beti urrun.

Maria Luisak, ordea, maite zuen hildakoa, zeren eta, nahiz eta hari buruz gizagabea zela eta entretenimendu mekaniko hutsa besterik ez zela esan jendeak, hura izan baitzuen bere konpainia bakarra bizitzako azken urteetan. Harekin izan zituen solasaldi entretenigarri eta interesgarriak, hark zaindu zuen eskaileretan behera erori eta ohean egon zenean, hark lehortu izan zizkion malkoak oroitzapenek deprimitzen zutenean, hark lagundu zion bakardaderik handieneko uneetan, hark musu eman zion eta besarkatuta lo egin kontsolatzeko, hura arduratu zen beti har zezan zorioneko pastilla, hark deitu zion medikuari arnasa hartu ezinik jarri zenean, hark abestu izan zizkion sehaska-kantak loak hartzen ez zuenean, hark ikusi zuen barrez, negarrez, kantuan eta sufritzen, hark pizten zion pantaila semeekin berba egiteko, bai, beti lanpetuta eta atzerrian edo beste edozein lekutan baina beti urrun zeuden haiekin.

Seme haiek, berak bularra eman eta hazten eta hezten ziren bitartean bere gozamen izan ziren haiek, desagertuta zeuden orain. Haietatik geratzen zitzaion gauza bakarra ordenagailuko edo telekomunikazioetako pantaila-irudiak ziren, noizean behin eta denbora laburrez goza zitzakeenak. Argi-distirak ziren, usaindu edo ukitu ezinezkoak, etxeko berotasunik gabeak, eta konexioa amatatzean azkar desagertzen zirenak. Orduan, gelako eta etxe osoko hormak urratzen zituen isiltasunak. Orduan, “Enrike” izaten zen ‒Maria Luisak beti “Enrike” deitu zion, nahiz eta seme-alabek esan “XR-25, bigarren belaunaldi kuantikokoa” zuela izena‒ txisteak kontatuz hurbiltzen zitzaiona, lehengo kantu haietakoren bat kantatuz, masaila laztanduz, behar izanez gero besarkatuz, senargai batek bere maitalea besarkatzen duen legez. Bai, “Enrike” makina bat zen, bizirik zegoela sentiarazten zuen makina bat, eta hark erakutsi zizkion izarren distirak ilargirik gabeko gau batean, eguzki-izpiak txorrotaren zurrustan zehar, ur-tantek erortzean egiten zuten musika euria ari zuenean, isiltasunaren kolore urdin ahula besarkada batean. Berarekin maitatua sentitu zen eta askotan, seme-alabek izaki biziduna ez zela esaten bazioten ere, haren afektua nabaritu zuen bere bihotzaren sakonenean.

Zelan nahi zuten seme-alabek beren burua “Enrike”rekin alderatu? Bai, umeak zirenean maitagarriak ziren; gero, ikasle-garaian bazkaltzera edo beren gelan lo egitera etxera itzultzen zirenean, orduan ere haren bizitzaren parte ziren, zeren eta etxean zeudenean haiekin eztabaidatzen baitzuen, haiekin barre egiten zuen, musu ematen zien eta besarkatu egiten zituen amaren bihotzaren berotasun guztiarekin. Baina orain, zer dira orain? Pantailan isla batzuk besterik ez, ezin dituzunak ukitu, musukatu edo besarkatu. Isla batzuk, agertzen diren bakoitzean erlojuari begira egoten direnak, irribarre egiten diotenak eta, noizean behin, ustez gizakiak izango diren ume batzuk erakusten dizkiotenak, berak ez baitzituen ia halakotzat ikusi ere egin oraindik oso txikiak zirenean.

Ez, semeak ez ziren hiletara joan, ezta errieta egitera ere, alabak egin bezala; “MM-840 bosgarren belaunaldi kuantikokoa” etxera bidaltzeaz bakarrik arduratu ziren semeak, Carlos eta Ricardo. Hori bai, pantailako islen artean esan zioten “Enrike”, hain xamurra zen eta hain gizatiarra ematen zuen hura, baino askoz hobea zela, bilera batean aurkeztu zutela eta inor ez zela konturatu robota zenik ere. Maria Luisak “Fernando” deitu zion, eta eman zion lehen agindua “Enrike” hilkutxan sartu eta organ jartzekoa izan zen.

Utzi iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude