Burdinazko gizonak

Ez da oso urrutira joan behar. Ondoan dugu. Eta agian horregatik ez gara konturatzen daukagunaz. Beste garai batzuk, beste mundu bat, beste bizimodu batzuk, bizibidea ateratzeko beste era batzuk, ogibidea bilatzeko beste modu batzuk. Garai batean Bizkaiak industrian topatu zuen gora egiteko, mapan esanguratsu bihurtzeko, ezaguna eta aitortua izateko metodorik onena. Eta hura gauzatzeko egokiak ziren gizakiak ere aurkitu zituen.

los-hombre-del-hierro-1
                                  Meatzariak atsedenaldian

Bizkaiak bere erraietan hain beharrezkoa eta preziatua zen mineral edo mea bat zuela jakina zen K.a. V. mendetik gutxienez, bertara etorri ziren erromatarrek perfekzionatu baitzituzten erauzte-teknikak. Gero, Erdi Aroan, horri buruzko ia aztarna idatzirik ez dagoen arren, probintzia osoan zehar burdinola-kopuru zehaztugabe bat mantendu izanak erakusten du erauzketak ‒errazak beren ugaritasunagatik eta azaleran egoteagatik‒ eta hainbat zereginetarako tresna edo lanabes bihurtzeko burdinaren eraldaketa konstante bat zirela, nazioartean ere ondo merezitako ospea lortuz. “Zaina” zen, burdin mea.

Aurreko egunean ‒egun zoragarria, bide batez esanda‒ jubilatu-talde bat autobusean sartu eta Bizkaiko meatze-arrora joan ginen. Kanpoko turistek gutxi bisitatutako eremua da, eta are gutxiago handik kilometro gutxira bizi garenok. Mendeetan zehar inguru haietan izandako meatzaritzak edertasun eta, lekukotasunaren aldetik, balio handiko paisaia kulturala sorrarazi du.

Meatzaldea deitzen zaio Bizkaiko ezkerraldeko meatze-guneari. Abanto-Zierbena, Trapagaran, Ortuella, Muskiz eta Zierbena udalerriek mugatzen dute, eta bertan sartuta Gallarta eta Zugaztieta dauzkagu, batez ere. Burdinaren ustiapenean izan zuen garrantziagatik ezagutzen da, erromatarren garaitik XX. mendearen erdialdera arte inguru hartan jarduera ekonomiko nagusietako bat izan baitzen.

Euskal Herriko Meatzaritzaren Museorantz jo genuen zuzenean, eta han emakumezko gidari gazte batek nahikotasunez azaldu zigun zer zegoen han eta zer adierazten zuen. Era berean, 1945eko No-Do oroituaren dokumental bat ikusteko aukera izan genuen. Bertan, meategi bat izandakoaren, baita meatzarien ere, irudi oso esanguratsuak erakusten ziren. Narrazioa oso garai hartakoa zen, triunfalista, baina meatzeetan gertatzen zenaren irudiak oso errealak.

Eta haiei, han jardun zuten gizakiei, erreparatuko diet. Ez dut kontatuko meategiak zelakoak ziren, nortzuk izan ziren haien jabeak, nola funtzionatzen zuten erabilitako materialek, zelakoak ziren erabilitako tresna edo erremintak, eta ez dut deskribatuko Larreinetako funikularraren funtzioa, Zugaztieta Trapagaranekin (antzina San Salvador del Valle deituarekin) lotzen duena. Aitzitik, oraingo honetan erreparatuko diet orduko pertsona haiei, inguruko zorupetik igarotzen diren eta, besteak beste, «Concha» meategi handia osotzen duten 50 km-ko galeriak beren eskuekin eraikitzeko, hobeto esanda, zulatzeko adorea izan zutenei, bai eta lurrak eskaintzen zien, baina gainazalean nekez agertzen zen, burdin mea ateratzeko ere. Eta bizirik irautekoa. Funtsezkoa da gure iragana ezagutzea, oraina ulertzeko eta guztiontzat etorkizun hobea bilatzeko.

Zalantza barik, burdin mearen industria honek, bere ugaritasun eta kalitateagatik, probintzia osoko garapen ekonomikoan lagundu du. Horren adierazgarri dira, bertan, mea eraldatu eta tratatu ostean, armak, itsasontziak, aingurak fabrikatzen diharduten enpresa asko, han-hemenka dauden burdinolak eta Labe Garaiak, hamarkada askotan gure nortasunaren ezaugarri izan direnak. Burdina egoteak eta haren eraldaketak eratu dute betidanik gure ezaugarri izan den industria-sarea.

XIX. mendearen erdialdera arte, erauzketa nahiko erraza izan zen mineral edo mea gainazalean zegoelako, eta oso tresna sinpleak erabiltzen ziren, hala nola pikotxak eta ziriak zuloak edo galeria txikiak egiteko. Ateratzen zutena burdinoletara eroaten zuten mando edo idiek tiratutako orgetan, eta kanpora zihoana itsasertzeraino eraman eta han ontziratzen zuten beste probintzia batzuetara bidaltzeko, edota Ingalaterrara ere bai. Hango beharginak inguruko «baserritarrak» izaten ziren, eta haien nekazaritza-egiteko propioen osagarri ziren oso bestelakoak ez ziren beste lan haiek.

XIX. mendearen bigarren zatian, meatzaritzak eta burdinaren industriak jauzi kualitatibo eta kuantitatiboa eman zuten, batez ere 1876an 3. Karlistaldia amaitu ostean. Gerra hartan, ordura arte Estatuaren protekzionismoaren pean egondako meategiak, gurea bezalako kalitatezko burdinaren eskariaren hazkunde esponentzialaren ondorioz, pribatizatuz joan ziren, eta Industria Iraultza delakoa iritsi zen. Atzerriko kapitala sartu zen, berrikuntza teknologikoa izan zen bai minerala erauzteko eta bai zama-lekuetaraino eroan eta garraiatzeko, ustiategien tamaina handitu egin zen, eta hori guztia elkartuta, meatzaritzak garapen izugarria izan zuen.

Egoera berri horrek immigranteen exodo masiboa eragin zuen probintzia mugakideetatik, batez ere hasieran. Horren ondorioz, meatzeen inguruko herrien hazkundea neurrigabea eta oso desordenatua izan zen, eta herri berriak ere sortu ziren ex profeso, hala nola Larreineta, Zugaztieta edo Gallarta. Eta hona iritsi nahi nuen nik.

Lehenengo itaun edo galdera hau litzateke: Zergatik gertatu zen immigrazio izugarri hura? Nondik zetozen gehienak? Zerk erakarri zituen beren herrietatik irten eta ezezagunerantz joateko? Nork eman zien aterpea eta jatekoa jende guzti haiei? Gizonak bakarrik etortzen ziren, edo haien familiak osorik ere bai? Zer ezagutza zuten meatzaritzari eta beharrezko tresna edo lanabesei buruz? Zelakoa zen haien gizarte- eta lan-bizitza?

Faktoreak hainbat izan ziren, baina batez ere udaletako eta estatuko diru-kutxak ia baliabiderik gabe laga zituzten Karlistaldiek eragindako zorpetzea, gerra haiek eragindako heriotzen ondoriozko biztanle-galera, edo hain agerikoak ez diren beste aldagai batzuk; horiek guztiek nekazaritza-jardueraren murrizketa nabarmena, azienda askoren desagertzea eta jabetzak suntsitzea eta/edo bertan behera uztea eragin zuten.

los-hombre-del-hierro-2
                                        Burdinbidea eraikitzen

Imajinatzen dut Burgos edo Leongo familia bat, nekazaria, handik etorri baitziren nire arbasoak, baina euskaldunak ere baziren, neguko gau luzeetan, zumezko aulki apal batzuetan eserita, sutondoan, zer egin eztabaidatzen hurrengo egunean jateko zerbait izateko beren ortuan zeukatenaz gain, hau da, zer jaten eman seme-alabei, eta guztientzako etorkizun hobea topatzeko moduari bueltak ematen, beren egoera iraultzeko aukerak aztertzen, hobetzeko aukerak bilatzen… Eta aterpea eta itxaropena emango zien lurra irudikatzen buelta asko eman, ohean begirada eta besarkada asko gurutzatu ostean, amestutako guztia ‒bizi-maila hobea, lan-baldintza hobeak, ordainsari handiagoa edo, beste barik, horretatik guztitik zerbait bermatuko zien lanpostua lortzeko aukera…‒ bilatzeko tokirik onena Bizkaian zegoela ondorioztatu zuten, eta burdin meatzeak aukera ona zirela. Probintzia mugakideetan (Santander, Burgos, Leon) nekazarien artean zegoen miseria eta gosearen ondorioz, familia askok arriskatu egin behar izan zuten, baita bizia bera ere, beren behartasun-egoeratik ateratzeko.

Eta egun batean, familiako aitak panazko galtza bakarrak, alkandora higatua baino higatuagoa, domeka larregi zituzten zapatak, eguzki asko eta hotz gehiago jasan zituelako kolorgetutako txapela jantzi, bere garbitasun pertsonalerako zuen apurra sartu izkinetan metalezko erremateak zituen larruzko maletan, eta geltokirik hurbilenera joan zen, ziurrenik familia-etxetik kilometro batzuetara egongo zena, kea zeriola triki-traka ibiltzen zen trena hartzera, hark aukeratutako probintziako hiriburuan utziko baitzuen, kasu honetan, Bilbon.

Bilbo hiria abagune-lekua zen XIX. mendearen hondarrean eta XX. mendearen hasieran, non merkataritza industria bilakatu baitzen eta merkatariak industriari, bertan elkartu baitziren elektrizitatearen ekoizpena, ehungintza, telekomunikazioak eta garraioak, finantza-jarduera, automobilaren goraldia, ontzi-enpresak, kimika-, siderurgia- eta metalurgia-enpresak, eta, guztiak batera. Bertara iritsi zenean, enplegu duin bat lortzeko aukera topatu behar zuen, gutxienez familia osoa berriro batzeko balioko ziona.

Eta askok meategian bakarrik aurkitzen zuten hori. Batzuk, Bilbo inguruko meategietan: Miribillako meatze-barrutia zen, San Luis, Abandonada eta Malaespera hartzen zituena; gaur egun, bizitegi-auzo bihurtu dira, eta euren etxeen zorupean zer dagoen gutxi dakiten familia gazteak bizi dira bertan. Beste batzuk, berriz, Trianoko meatze-arroan bizi izan ziren, oraingoan, Gallartan eta Zugaztietakoetan jarri dugularik arreta.

Denek aurkitzen zuten lan edo beharra, egon bazegoelako. Guztientzat. Baina baldintza penagarrietan: beste askorekin batera bizi behar zuten, enpresek beraiek jartzen zizkieten baina edozein gizakirentzat iraingarriak ziren barrakoietan metatuta. Oheak oholtza baten gainean jarritako ohol soilak baino ez ziren. Batzuetan, arto-hosto lehorrez edo iratzez betetako zakuak erabiltzen zituzten koltxoi gisa. Ohea partekatzea zen normalena, “bi pertsonak lo eginez ohe batean”. Lo egiteko modu horri “ohe beroen sistema” esaten zitzaion. Horrek metaketa-maila kezkagarriak eragiten zituen.

los-hombre-del-hierro-3
                               Eta kamerari irribarre egiteko gogoa zuten oraindik

Zorterik handiena zeukatenek, denborarekin, etxebizitza bat lortzen zuten, oso baldintza eskasekoa, leku gutxikoa, aireztapenik gabea eta higiene- eta osasungarritasun-maila oso txikikoa; eta behin familia batuta, beste batzuentzat ostatu bihurtzen zuten etxea, gelak, mantenua eta arropa-garbiketa eskaintzen baitzituzten pezeta gutxi batzuen truke, beren soldata eskasa apur bat biribiltzeko. Eta, jakina, baldintza higieniko negargarrietan, ondorioz ume asko hiltzen zelarik. Fase hori gainditzen zutenek ere aukera gutxi zuten bizi-itxaropen luzea izateko. Etxe berean familia bat baino gehiago bizitzea zen normalena, etxebizitza gutxi zeudelako eta horrela gastuak parteka zitzaketelako. Oso kontuan izan behar da, halaber, familia ugariak zirela, eta, beraz, gela bakoitzeko bizilagunen kopurua oso altua zela.

Testuinguru horretan, ezin bestela izan, etxeetako eta auzoetako kideen artean elkartasun- eta komunitate-sentimendua sortu zen. Eraikinak, barrutik, ez ziren maiz berton bizitzeko egokiak, aterpetzeko baino ez zuten balio, eta, horregatik, bizitza kalean egiten zuten, eta lanaldia bukatzean, kalean elkartzen ziren, berba egiteko, eztabaidatzeko eta atzean utzitako herrietatik ekarritako kantu zahar haiek abesteko.

Beraz, garai eta egoera hartan sortu zen, indar handiagoz, meatzariaren figura, hainbat espezialitate eta kategoriatan, hala nola, errementariak, bide-forjariak, moiletako zamaketariak, arotzak, mekanikariak, makinistak, zerrenda-arduradunak, igeltseroak. Horien artean, harri-zulatzaileak, zaldien arduradunak, behargin edo peoiak, laguntzaileak eta langileburuak nabarmentzen ziren. Harri-zulatzaileek edo artillariek egiten zuten lan kualifikatuena, zuloak egiteaz, lehergailuak jartzeaz eta leherketa eragiteaz arduratzen baitziren. Lan gogorra zen, arriskutsua, eta trebetasun eta indar handia eskatzen zuen, batzuetan, 5 ordu ere behar baitzituzten harkaitzean zulo bakarra egiteko; horregatik, oso ospetsuak izan ziren harri-zulatzaileen lehiaketak, zuloak egiten onena eta azkarrena nor zen erakusteko, azken urteotan berreskuratu egin den ohitura.

los-hombre-del-hierro-4
                      Harri-zulatzaileen lehiaketa 1910 inguruan Trianoko meategietan

Peoi edo beharginak arduratzen ziren leherketek erauzitako burdin mea zatitzeaz, aukeratzeaz eta kargatzeaz. Maila-zerrendan meatzaririk baxuenak eta ugarienak ziren. Immigrazio-mota hartako gehienak nekazaritzatik zetozen, landa-eremuan egiten zutenaren antzeko lana baitzen hura. Horrek eskulan merkearen etengabeko hornidura ziurtatu zuen. Horrela, konpainiek ekoizpenari prezio lehiakorretan eustea lortzen zuten makinerian inbertitu beharrik gabe, eta, beraz, meategi haien errentagarritasuna erabatekoa zen. Eta lantalde bakoitzaren buru langilezainak zeuden, patroiaren edo haren arduradunaren konfiantzazko pertsonak. Haien egitekoa lan edo eginbeharrak banatzea zen, betetzen zirela zainduz, eta gertatzen zen guztiari buruzko txostenak egitea, betiere langile bakoitzaren produktibitate handiena lortzeko helburuarekin. Ez zen ongi ikusitako figura, eta bazekiten, baina soldata handiagoak eta estatus hobeak agintzen zitzaiena zintzo betetzera bultzatzen zituen. Azken finean, ez ziren besteekin batera bizi, etxe propioa zuten gehiago kobratzen zutelako, eta ez zuten meategietako janari-dendetan saltzen zenaz elikatu beharrik. Balio egin behar zen.

Lan horrek, oso lanaldi gogor eta amaigabeekin, eguzkia irteten zenetik sartu arte, berez, soldata bakarrarekin, ez zuen familiaren biziraupena bermatzen. Horregatik, hain zuzen ere, familia-unitate osoaren laguntza behar zen, kide guztiek hasi behar zuten beharrean, aitak, amak eta seme-alabek ere bai oso txikitatik, guztien gutxieneko sostengua lortu ahal izateko. Denak, jakina, garai hartan sexuaren arabera zegozkien banaketekin antolatuta zeuden. Umeek, txiki-txikitatik, laguntzaile-lanak egiten zituzten bulegoen barruan, eta, 14 urterekin, meatzeetara joaten ziren zuzenean. Han, ura garraiatzen hasten ziren, txongil edo zurezko upeletan, meatzariei emateko. Pikotxak eta hondeaitzurrak sutegira konpontzera eroaten zituzten, mea-zati txikienak jaso eta beste zeregin xume, baina ekoizpenaren martxa onerako ez garrantzi gutxiagoko, batzuk egiten zituzten. Aldiz, neskek etxeko zereginetan jarduten zuten, hala nola guztien arropa garbitzea, adabatu edo konpontzea, baita etxean apopilo zeuzkaten peoiena ere, harrikoa egitea, garbitzea, zoruak distiraraztea eta gizonei janaria meategira eroatea.

los-hombre-del-hierro-5
                     Emakumeak dinamita-kartutxoak paketatzen.

Bitartean, amak sukaldeko sua zaintzen zuen, eguneroko eltzekoa prestatzen zien etxekoei eta apopilo zituztenei, baita beste lan gogorrago batzuk ere, hala nola egur-enborrak moztea, gero etxez etxe saltzen ziren ikatz- edo eskarabila-hondarrak batzea, zituzten abereei behar bezalako arreta eskaintzea eta beren dieta prekarioa osotzeko zuten ortu txikia zaintzea. Ez dugu ahaztu behar haietako askok etxetik kanpo lan egitea beste erremediorik ez zutela, batzuk etxe-zerbitzuan Bilboko burgesiaren edo Neguriko eta Areetako aristokraziaren etxeetan, eta beste batzuk meatzean bertan, mea-garbitegietan edo harri-zulatzaileek ondoren minerala erauzteko leherketak egiteko erabiltzen zituzten dinamita-kartutxoak egiten, emakume izate hutsagatik mutil laguntzaileek baino gutxiago kobratuz.

Familia-unitate osoa biziraupenaren aginduetara egokitzen zen, ezinbestean, eta hartan emakumeak parte-hartze erabakigarria izan zuen; izan ere, lan gogor haiek egin zitzakeela argi eta garbi erakutsiz, emakume-nortasunaren eredu bat garatu zen emakume indartsu lez, guztiarekin ahal zuena, testuinguru haren barruan lanerako gaitasun nahikoa eta beharrezkoarekin, soldata bat gehiago etxera eramateko eta familia-kohesioari eusteko. Hala eta guztiz ere, garai hartako pentsamoldearen mugetatik ateratzen zen behargin estigmatizatu gisa gizartearen epaia jasan behar zuten, eta, are gehiago, ez ziren ez benetako langiletzat ez meatzaritzat hartzen. Edukitzeagatik, kontraturik ere ez zuten.

Guztiek, emakumeek, gizonek eta umeek, egunean 12 ordutarainoko lanaldiak zituzten, gehienak meategien barruan, lan-baldintza oso eskasekin eta soldata oso txikiekin. Soldata lan egindako egunetan bakarrik kobratzen zen; arrazoiren batengatik, egunen batean, ez bazinen beharrera joaten, ez zenuen kobratzen. Urtero, euriagatik bakarrik, laurogei eta laurogeita hamar egun bitartean geratzen ziren meatzariak lan egin barik. Dolores Ibarrurik, “Pasionariak”, esan ohi zuen “meatzariaren emaztearentzat okerrena goizean jaiki eta euria ari zuela ikustea zela, bazekielako egun hartan ez zutela kobratuko“, eta, haren ustez, urtean 160 egunetan ere galtzen zuten soldata arrazoi horrengatik. Agian egoera puztu egingo zuen, baina egun batzuetan, euria egiten ez bazuen ere, aurreko egunetako euriteengatik nekez lan egin zitekeen, eta, beraz, ekoizten bazuten ere, ez ziren enpresak ezarritakora iristen, eta, ondorioz, ez zuten kobratzen.

los-hombre-del-hierro-6
                                       Meatze-kantina baten birsorkuntza

Beraz, soldata lan efektiboaren eta bakoitzaren errendimenduaren araberakoa zen. Eta, azkenik, eta ez garrantzi gutxiagokoa, txarteletan jasotzen zuten soldata, eta txartel haiek enpresak meategien ondoan beharginen eskura jartzen zuen dendan soilik erabil zitezkeen, eta, beraz, enpresariaren kutxara itzultzen zen beti soldata, eta enpresarientzat meategiak negozio bat baino ez ziren, eta haiei ahalik eta etekin handiena atera behar zitzaien, langileen osasunaren eta biziaren kontura bazen ere.

Osasuna, behin hondatuta, modu paternalistan eta ongintzaren zentzu bitxi batez berrosatzen saiatzen ziren, eta hala ahalegintzen ziren enpresaburu oso katoliko haiek beren kontzientzia isilarazten. 1881eko urtarrilaren 21ean, Gallartako Buenos Aires muinoan eraikitako lehenengo Meatze Ospitalea inauguratu zen. Ospitale hark 66 ohe, ebakuntza-gela, X izpien gailua, kontsulta-gela, osaketa-gela eta hainbat laborategi zituen. Eraikuntza harekin batera, barrakoi batzuk eraiki ziren gaixotasun kutsakorrak artatzeko, hala nola tifusa, barizela edo astanafarreria, kolera…

los-hombre-del-hierro-7
            Ospitale zaharra edo Prebentorioa, Gallartako Buenos Aires muinoan kokatua.

Ospitale haren zuzendaritza Enrique Areilza doktoreak zuen. Osagile-talde bat zuen bere ardurapean, eta honako hauek zeuden taldean: Vicente Fidalgo, Felipe Llano, Cipriano Abad eta José María Somonte jaunak, eta Jesusen Zerbitzarien moja-talde bat. Azken horiek, ospitale hura eta beste batzuk zaintzeaz gain, etxean ere jagoten zituzten gaixoak.. Anbulantziarik ez eta errepiderik ere ez zegoen garai haietan, istripuren bat izaten zutenak bizkarrean eroaten zituzten lankideek, angarila edo esku-ohe moduko batean, inoiz garbitzen ez zen toldo batez estalita. Horrela, dinamita-eztanda batek leherrarazitako meatzari bat eroan ostean ohatila zelan zegoen jakin ahal dugu, adibidez.

Gaixotasunak eta epidemiak oso ohikoak ziren hotzagatik, hezetasunagatik, arropa eskas eta kalitate txarrekoagatik, eta, horri, gaizki elikatutako pertsonen ahultasuna, higiene eskasa eta, oro har, meatzarien bizi-baldintza txarrak gehitzen zitzaizkion. Istripu edo ezbeharrak ere ugariak izaten ziren, besteak beste, luizi eta harri-erorketengatik, kontrolik gabeko leherketengatik, bagonetak harrapatu edo errailetik irteteagatik, eta abar.

Istripuak gertatzen ziren lekuaren arabera, zaurituaren hainbat lankidek esku hartu behar izaten zuten; izan ere, Gallartako Ospitalea eraiki zen tokia oso ona zen gaixotasun kutsakorretarako, baina oso gutxi pentsatu zen zaurituak hara eroan beharraz, eta ez ziren ezelan ere aurreikusi meategietatik ospitale hartara sarritan egin beharreko bidaia azkarrak. Lankideek, behartuak edo boluntarioak izan, gaixoa eroateko denbora asko behar bazuten, ez zuten lortzen egun hartarako ezarritako beharra egitea, eta, beraz, ez zuten kobratzen.

Behargin haien elikadura “askotarikoa”, makina bat bakterioz betetako eltze edo lapikoetan, babarrun, baba eta garbantzuz osotua zegoen, hirugihar amerikar oneko anoa ñimiño batekin, eta hori guztia neurriz kanpoko prezioan. Menu horri pinta-erdi ardo gehitzen bazitzaion, nola edo hala, meatzariaren anoa osotuta zegoen, hurrengo otordura arte, non gehienetan jaki berberak errepikatzen baitziren. Behar-beharrezko gauzen garestitasunaren leloa etengabea izan zen Trianoko meatzarien elikaduraren gaiari buruzko aipamen guztietan, eta gauza haien barietate urria eta kalitate kaskarra ere bai. Egia esan, jornalek ez zuten gehiagorako ematen.

Kanpotik ikusita eta mende bat baino geroago, harrigarria da meatzariek eta haien familiek beren aldarrikapenei ekitea ez esker txarreko lan-baldintzengatik, baizik eta enpresak ezarritako dendetan esklusiboki erosi behar izatearen tiraniagatik eta behar-beharrezko gauzekin, haiek ere inposatu egiten zizkieten eta. Meatzarien elkarteek 1890. urtean egin zuten greban, lan-borroketan beren emazte ausartek lagunduta, abusu haiek amaitzea lortu zen, etxebizitza aukeratzeko eta janariak erosteko langile edo beharginen askatasun zabalaren truke. Inozoki, uste izan zuten irabazia zutela beren gurarien partida, baina errealitatetik oso urrun zegoen hori.

Hori izan zen haien lehentasuna, baina aukera aprobetxatu zuten aldarrikatzeko, baita ere, lan-ordutegia hobetzea, lanaldia murriztea, zeina, 1890eko meatze-greba hartatik aurrera, hamar ordutan finkatu baitzen (hamaika udan eta bederatzi neguan), eta 1910ean greba ugari haietako beste bat egin ostean, bederatzi ordu eta erdian ezarri zen.

Langileburuek, gezurra dirudi langile-izaera berekoak zirenik, dendetan erosten jarraitzera behartzen zituzten, hertsatuz eta mehatxu eginez, horrela egiten ez bazuten, beren produktibitateari buruzko txosten negatiboen bidez kaleratuko zituztela. Elikagaien eskasia eta kalitate txarragatik ugazaben eta sindikatu hasiberrien arteko liskarrak gogortu egin ziren 6 urte geroago, eta auzia Gorteetara ere iritsi zen, baina han ez ziren berba onetatik harago joan.

Gai arantzatsu hau amaitzeko, XX. mendeko lehen urteetan bakarrik hasi ziren, oso astiro, higieneari eta osasungarritasunari buruzko hainbat hobekuntza egiten, eta erosketak bakoitzak gura zuen establezimenduetan egiteko askatasunari ateak irekitzen ere bai. Aldaketak edo hobekuntzak oso azkar gertatu ziren gero. Lan-gatazkak areagotu egin ziren, eta langileen gizarte-mugimenduaren eta lehen greba orokorren ondorioz, errealitate berri bat sortu zen meatzaritzako lan-mundu txikian, nahiz eta atzerapenak izan, bai Estatuak, bai ondoz ondoko gobernu eta parlamentuek meategien eta meatzarien berezko arazoen konponbideak etengabe atzeratzea ahalbidetu baitzuten.

Hori guztia da Meatzaritza Museoan “ikusi ez genuena”, baina gidariaren azalpenen bidez eta garaiko argazki eta tresnak ikusita asmatu ahal izan genuena. Izan ere, han garrantzitsuena pertsonak ziren, beren lan eta errebindikazioen bidez guk 100 urte geroago berton denbora-pasarako, oroimenerako eta hausnarketarako une batzuk igarotzea ahalbidetu zuten gizon-emakumeak.

los-hombre-del-hierro-8
                   Burdin mea garbitzen. «Las morrocotudas» (Berebizikoak) esaten zieten.

 

©Javier Campo

Utzi iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude