Zain nauzu eta Aitortza

  Zain nauzu 

Jakin ezazu
etxera itzultzen zarenean
zain izango nauzula.
Ez diotsut
esku artean duzuna utzi
eta azkar etor zaitezen
adi-adi nire ondora,
ezta ere noizean behin
nitaz oroit zaitezen…
Baina jakin ezazu
zain izango nauzula.

Urrun zaudenean
eta beti joan doan
denboraz ahazten zarenean,
nitaz deus jakin ez arren
isilik nagoelako,
bidaiatzeaz nekatuta
etxera itzuli gura baduzu,
zain izango nauzu.

Nahiz eta guk eztabaidatu,
beti sesioan aritu,
eta elkarri deus esan barik…
edo larregi esanda,
azkenean bakoitza
geure bidetik joan,
jakin ezazu
etxera itzultzen zarenean
zain izango nauzula.

Egunen batean buruak huts egin
eta distraituta
nitaz zeharo ahazten bazara
eta gelditu barik ondotik igaro,
jakin ezazu
etxera itzultzen zarenean
zain izango nauzula.

Hori diotsut
ziur egon zaitezen
itzuli gura duzunean
beti zain izango nauzula.

Zeren eta, euri hotzak
guztiz blai egin
eta kazkabarrak aurpegian jo
eta min egiten didanean,
eguneko ezbehar horrek
hainbeste axola ez badit,
ziur nagoelako da
etxera itzultzen naizenean
beti zain zaitudala bertan.

 

 

  Aitortza  

Ukitzen zaitudanean dar-dar egiten didate eskuek,
zure larruazalak nire ukitua arbuiatu
eta keinuak mindu eta haserretuko zaituen beldur.
Nahiz eta nire eskuek, luma arinek bezala,
maitekor ukitu zure gorputz osoa,
nahiz eta nire hatzek zure hankak marraztu
desira piztuz bihotzean,
nahiz eta ukituak zure zainetan pultsua bizkortu
eta amets baten atsegina sortu zure ariman,
beldur naiz, azazkal artean gordeta,
zelanbaiteko pozoia topatuko ote duzun.

Musu ematen dizudanean dar-dar egiten didate ezpainek
nire mihiak zure haserrea piztu
eta zure ahoan nire arnasa arbuiatuko duen beldur.
Izan ere, nahiz eta zure larruazala eta gorputz osoa
kitzikatuko duten maitasun-hitzak kantatu,
nahiz eta zure bularraren erritmoa bizkortu
eta arima zeruko izarren artean goratu,
nahiz eta ederra izan, une oro gozatu
eta zure ahoa, ezpainak eta arnasa asaldatu,
beldur naiz, xuxurlaka, deseginen aroma
hartuko ote duzun nire barnetik.

Ikusten zaitudanean dar-dar egiten didate begiek
zure begi-niniaren beldur, bere bila joatean
nirearekin topo egin eta ikaraz gordeko ote den.
Nahiz eta haien begiradek, zuhur eta samurrek,
bihotzean desira finak piztu,
nahiz eta murgildu eta eguzkitan dir-dir egin
pentsamenduak triste ikusten dizkizutenean,
nahiz eta esnatzean irrikaz begiratu
beren maitasuna zure gorputzean urduri bilatuz,
beldur naiz haien begiradaren hondoan
egun batean pentsamendu ilunekin topo egingo ote duzun.

Horregatik egiten dut dar-dar zure ondoan,
nahiz eta gorteatu, isildu egiten naiz,
eta nire isiltasunak zure atsegina piztea gura dut.
Horregatik espero dut zure baimena
zurekin besarkadan elkartzeko.
Horregatik guztiagatik eta desio zaitudalako,
ukitzen zaitudanean eskuek dar-dar egiten didate,
musuak ematen dizkizut arnasari eutsiz
eta begi-ninia ezkutatzen dut so egitera bazoaz.

 

©F. Urien

Utzi iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude