Donibane Lohizunera, Hendaiara eta Irungo Ola sagardotegira egindako irteeraren kronika labur bat prestatzeko eskatu dit berriz ere Jorgek. Joan zen otsailaren 15ean izan zen txangoa.
Bisita historiko-artistiko-gastronomikotzat jo dezakegu, kantuan amaitu bagenuen ere.
Duela urte batzuk Tolosara egin genuen irteeran bezala, eguna distiratsua izan zen klimatologiari dagokionez, hasieran fresko, baina gero berotzen joan zen, eta berokiak soberan. Hartu gogoan, antolatzaileok! Otsailean antolatu beharko dira txangoak “udaberriko irteerez” gozatzeko.
Germaniar zorroztasunez, 119 espedizio-kide abiatu ginen bi autobusetan.
Artxanda azpitik igaro ginen. Malmasin kolapsatuta zegoen. Kaosa Txorierriraino iristen zen, baina apurka-apurka desegiten joan zen.
Donostiara iristear, Aritzetan zain genituen Iñaki eta Naiara gidariak, eta hamarrak pasata Donibane Lohizunen ginen.
Hiriaren toponimia, Donibane Lohizune, Urdazuri (frantsesez, Nivelle) ibaiaren bokalean dauden padurengatik da (eta gaztelaniazko San Juan ‘de Luz’ euskarazkoaren eratorpen edo desitxuratzea baino ez da). Euskarazko ‘Lohizune’ izenlagunak padura esan gura du. Horrela, euskal hitz hori, onomatopeia balitz bezala, gaztelaniaz ‘Luz’ bihurtu zen, eta hortik dator San Juan de Luz.
Le Suisse-ko terrazan gure zain zeuden kafetxo, laranja-zuku eta croissantarekin, eta, batez ere, “ur-aldaketa” egin genezan.
Otamen edo mokadutxo haren ondoren, gidariak lagun, bi taldetan banatu gintuzten, zertzelada historiko batzuk emateko.
Esan zuten hiria, XIV. mendearen hasieratik, arrantzaleen babes-portu aktibo eta garrantzi handikoa izan zela, batez ere baleontzi eta bakailao-ontzientzat; izan ere, maiz gertatzen ziren ekaitzetatik ondo babestuta zegoen, inguruko itsaslabarren babesean eta badia txiki bat osatuz.
Geroago, XVI. mendetik aurrera, Europako gatazkek arrantza-merkataritza horren hondamendia ekarri zuten, eta ontziak, lehen baleontziak eta bakailao-ontziak zirenak, gerrarako armatu ziren, eta jabe armadoreek Kortso errege-agindua lortu zuten. Horrela jaio ziren kortsarioak, erregearen aurkako banderarekin nabigatzen zuten ontziei eraso egin eta lapurtzeko eskubidearekin. Diotenez, harrapaketak ugariak izan ziren, eta hiribildua nabarmen hedatu eta aberastu zen. Herria osatzen duten etxe edo egoitza armarridunetan ageri da distira hori. Britainiarrek «Sugegorrien habia» deitzen zuten.
Gaur egun, bertako kale askok dituzte halako erreferentziak edo marinel pirata edo itsaslapurren izenak dituzte, hala nola Kortsarioen Plaza.
Hondartzara hurbildu ginen, eta Napoleon III.ak, eraikinak ekaitzetatik babesteko, eraikitako defentsa-hormatik hondartza eta hark eratzen duen ‘ilargi-erdia’ begietsi genuen, eta enperadoreak sustatu zituen eta udalerriak aldarrikatzen dituen ur-barneko euste-dikeei beha egon ginen. Dike horiek 50.000 €-rekin sendotzen ditu urtero udalak, eta, ondorioz, hondartza igerileku handi bat da.
Hiriak dituen establezimendu termalak goraipatu zituzten, eta haietako bat Europako onena dela diote, eta hori bilbotarrak izan barik! KASINO HANDI bat ere badute, non, guztietan bezala, zu ‘bipilduta’ uztea den bilatzen dutena.
Hiria bisitatzen jarraitu genuen eta kalez kale ibili ginen apur bat beste gune historikora hurbildu arte.
San Joan parrokian, 1664ko ekainaren 9an, Luis XIV.a ospetsua, ‘Eguzki Errege’ ezaguna, eta Maria Teresa Austriakoa, garai hartan Espainiako infanta zena, ezkondu ziren. Hala, ezkontza harekin Pirinioetako Bakeari buruzko akordioak berretsi ziren, “Hogeita Hamar urteko Gerra” bukatuz.
Hormaturiko ate baten gainean oroitarri bat dago, errege-ezkontza hura gogorarazten duena.
Ate haren itsutzeak ziurtatzen eta sendotzen zuen bi nazioen arteko bakea iraunkorra izango zela.
Duela urte batzuk Puigcerdá bisitatu nuen, eta Pirinioetako Bake (1659) ospetsu honi dagokionez, esan zidaten elkarren arteko amore emateen artean Espainiak 33 udalerri eman zizkiola Frantziari, baina haietako bat, Llivia, Lleidako Pirinioetan dagoena, utzi zutela, hiribildua zenez, ahaztu egin baitzitzaien. Gaur egun, Espainiako enklabe bat da Frantziako lurraldearen barruan, gutxi gorabehera mugatik 5 km-ra, Bizkaiko Urduña edo Burgosko Trebiño konderria bezala Araban. Bide batez, farmazia bat du herriak, botikarien familia bateko 23 belaunaldik gobernatu dutena, eta Europako zaharrena, 1415ekoa, dela aldarrikatzen dutena. Originala eta bitxia.
San Joan parrokiara itzulita, estilo eklektikoko eraikina da. Batzuek neo-klasikoa esango lukete, atea fatxada gotikoarekin, baina gehiago dirudi gotorlekua. Nabe bakarra du, eta urre koloreko zurezko erretaula barroko bikaina, zutabe salomondarrekin. Deigarriak dira nabea inguratzen duten hiru galeria-mailak, Iparralde osoan oso tipikoak.
Presbiterioan, San Sebastian eta Santa Joana Frantziakoa gogorarazten dituzten bi beirate bikain daude.
Atzealdean eta bigarren galerian organo barroko ospetsu bat dauka teklatu eta pedalarekin; gustura entzungo genukeen hura jotzen Javi Campo gure lankidea eta organista aparta.
Erdian, zintzilik, bela- eta lurrun-ontzi “gurpildun” bitxi bat, Mississippiko kolonoen filmetan ikusten genituenak bezalakoa, hiriaren itsas tradizioa gogoraraziz.


Handik “Les halles” merkatu estalira iritsi ginen “merke-merke” edo business batzuk egitera, izan ere, ospetsua da hango gozogintza (makarroiak, frantsesez ‘macarons’), baita ahate-espezialitateak, eta Frantziako gazta-mota batzuk. Jarraian autobusera Abadia gaztelu behatokiraino joateko.
Euskal Erlaitza (La Corniche Basque) errepidetik Hendaiarantz joan ginen, gertu dagoen gaztelu edo Chateauko aparkalekura (1,5 km-ko paseoa), baina zer da hori ‘ibiltari nekaezin’ batzuentzat, eta 4 taldetan eraikina eta inguruak bisitatu genituen.
Paraje xarmangarria da, estilo neogotikoko eraikina du, eta Loirako chateau edo gazteluen antza du, baita batzuek euskal baserri tipikotzat jotzen duten Butroeko gazteluarena ere. XIX. mendearen amaieran eraiki zuten, gertu Hendaian dauden itsaslabarren gainean, eta aberastasun berezi eta oparoarekin barrualdean eta fatxadetan, eta, diotenez, jabeak, Anton Abadia etnologo, geografo eta zientzialariak, Afrika eta ekialdeko kultura-gauza guztiekiko zuen grina edo gogo-berotasuna jasotzen zuen.
“Euskaldunen Aita” izenez ezagutzen da, euskal literatura eta hizkuntza berpizteko mezenasgoagatik. Bertsolari lehiaketa, Ikastola Eguna eta abarren ernamuinaren sustatzaile eta sortzaile izan zen. Zazpiak Bat aldarrikatu zuen eta halaber euskara babesteko hainbat hizkuntza-elkarteren sortzaile ere izan zen. 14 hizkuntza hitz egiten zituen.
Eraikinean oso ondo kontserbatzen dira garai hartarako nabarmentzeko modukoa den behatoki astronomikoa, teleskopio indartsu batekin, liburutegi garrantzitsua eta natura eta kosmosa aztertzeko tramankulu eta elementu zientifiko ugari.












Jarraian aparkalekura itzuli ginen, han baikenituen autobusak zain, eta lehen momentuko despistearen ostean (“Zein da nire autobusa: 1a ala 2a?”), Irunen Aiako haitzen azpian dagoen Ola sagardotegira abiatu ginen indarrak berritzera.
Bidean, Bidasoaren erdian dagoen uhartetxo txiki bat, “Faisaien uhartea”, ikusi genuen, han sinatu zelarik Pirinioetako Bakea. Uharteak subiranotasun partekatua du, 6 hilean behin otsailetik uztailera Espainiarena da, eta beste urte-erdiz Frantziarena.
Zaharberritu eta sagardotegi bihurtutako eraikinera, lehenago XIII. mendean burdinola izandakora, iritsi ginen. Egia esan, zirrara eragiten du. Bere garaian industria handia izango zen, eta imajinatzen dut gabia lan edo beharrean, goitik eroritako emariak mugiarazia. Oso eraikin sendoa da, kareharrizko harlanduz egina, eustorma handi batekin oso ondo lotuta. Ikusten denez, lan neketsua eta titanikoa izan da zaharberritu eta eraldatzea ostalaritza-negozioa martxan jartzeko. Balkoiko balaustreetan dagoen trofeo eta txapel piloak bere gastronomia-lanagatik lortutako sariak aldarrikatzen ditu. Zorionak! Ondo egina!
Ola sagardotegia eta Isabelita, ez dakit jarrera errukiorrean dagoen gehiago eror dadin edo kupelari gur egiten ari den
Ongi zainduta, kontuan harturik 123 lagun ginela gose eta oso egarri. Ziur zeregin gogorra izan zela, baina profesionalak direnez, ohituta egongo dira.
Sagardotegiko ohiko menua: txorizoa sagardo erara, bakailao-tortilla (hezea), bakailaoa plantxan, niretzat fosil samarra, nahiz eta ulertzen dudan heze eta bero ateratzea “ezinezko eginkizuna” dela, eta ondoren txuleta partekatua. Gazta, irasagarra eta intxaurrak. Sagardoa nahierara, freskoa, erdilehorra eta gozoa, erraz sartzen zena, eta gero kafetxo bat. Oro har, ondo.
Bazkalostean, batzuk inguruko instalazioak eta meategiak ezagutzera joan ziren. Nire zahartasunagatik ez nintzen meatze-proposamen hartara joaten ausartu.
Hortaz, sentitzen dut bisitari buruz ezer esaterik ez izatea, berriketan geratu ginelako, eta intxaurrei kolpe eta kolpe, jateko modukoak zeuden-eta…
Ordu-orduan, arratsaldeko 6etan hartu genuen berriro autobusa, eta itzuleran Iñaki tolosarrak gomendatu zigun begietsi genezala Donostiako Realak aurkari handiekin futbol-partidak jokatzen dituen estadio berezia. Oso kartsu eta harro, ez dakit zeukan entzuleriagatik hatza begian sartzen saiatzeko, edo upeletara egindako joan-etorri ugariengatik, “Txuri-Urdin Maitea” abesteari ekin zion bere talde maitea goraipatuz. Lehen ahapaldiak egin ostean, enbidoa itzuli zitzaion hordago batekin, izan ere, autobus osoak lagundu zion hurrengoetan, eta txundituta geratu zen bere ereserkia menderatzen genuelako, eta aho batezko erantzuna eman zitzaiolako. Ez zuen ezagutzen bizkaitarron jauntasun edo dotorezia, adeitsua eta huskerietan ibiltzen ez dena. Badakigu beste talde batzuk goresten merezi dutenean…
Bueltakoan, bilbotarron ohiko kantutegiari errepaso osoa eman genion, eta 7:35ean Juan de Garaitik barrena sartu ginen gure botxo edo hirira.
Laudatu behar dugu (mesedez, 5. graduko txalo-zaparrada eurentzat) eta eskerrak eman Elkartea daramaten lankideei, bidaiak hain ondo eta halako arduraz prestatzeaz gain, gure alde egiten dituzten gestio eta askotariko zereginengatik.
Beste txango bat antolatuta dago Frias-era gereziak eta ardikia dastatzeko. Imajinatzen dut Rafak Arabako ardo-trago on eta luzeak izango dituela aurreikusita. Burgosko txakolinik ez. Ikusiko dugu ea udazkenerako Arabako Errioxara kultura-bisitaren bat prestatzen diguten
ZAINDU ETA AGUR GUZTIOI!!!
Jose Ignacio Segovia