Iluntasuna dantzan zebilen gaueko hotzaren eta goizeko antzigarraren artean. Bilbo elurtuta zegoen. Hirian brisa hotz-hotza arnasten zen, zuhaitzen adar hostogabeetatik zintzilik zeuden izotz-burruntzi finak dardararazten zituen, eta hiriko etorbideetan zehar musika sortzen zuen, inork dantzatzen ez zekien musika. Kristalezko zoruak dir-dir egiten zuen, non oinetakoen zolek irrist egiten baitzuten berokietan bildutako egitura ameslariak eroraraziz. Ez zekiten ibiltzen halako araztasunaren, Bilboko kale guztiak estaltzen zituen soropil zurbilaren araztasunaren, gainean. Kotoi izoztuzko estalkiaren azpian desagertzen ziren autoak. Gabon-kantak abesten zituzten? Ez dakit, baina izarrek ñir-ñir egiten zuten zeruan, betiereko iluntasunean, begi-kliska baten erritmoan. Ilargiak are gehiago zuritzen zituen bazter lokartuak. Hotza bete-betean jausten zen kristal gardenezko horma finek egindako musikan koloretako distiren bila ausartzen ziren oinezko bakanen gainera.
Zeru goiko isiltasuna entzun ahal izan nuen eta atzera begiratu nuen hiriko argiak ezkutatzen zidan amildegi iluna ikusteko. Banekien gure zerizana han zegoela, ilargiaren eta infinituaren distiren ondoan, ametsek mugarik ez duten eta itxaropenek denbora zertzen duten leku hartan.
Argi izpi batek, mendi artean, egun berriaren sinfonia abestu zuen. Ilargiak Ortzadar bat eratzen zuen Bilboko itsasadarreko urak estaltzen zituen plaka izoztuaren gainean. Zakur baten zaunka eta txori baten hegada entzun ziren. Antzigarrak airea urratzen zuen, lurrean nenbilen bitartean Nerbioi gaineko izotz-kristal gogorrera iristeraino. Farolen argiak segizioan dantzatzen zuen itsasadarraren gainean. Zerua sutan zegoen mendi ilunen atzean. Brisa ibai izoztuaren gainean irristatzen zen gaueko azken musika-noten bila.
Zirriborro argitsu batek nire irisa ukitu eta oroitzapen galdu bat iratzarri zuen, non oihuek isiltasuna hausten zuten eta espasmoek jaiotzen laguntzen zidaten. Lehen aldiz ikusi nuen argia eta musu baten beroa. Nire baitan arakatzen ari zen arrosa baten antzigarraren xuxurlak eta lurrinak besarkatu ninduten. Lo-kanta bat entzun zen eta amaren bularrak xurgatu nituen. Lasaitasuna erori zen nire gainera. Begiak itxi nituen. Eguzkiarekin eta txori baten kantuarekin amets egin nuen. Bakea usaindu nuen, betiko lurrin gozoa nire oroimenean.
Txakurraren xuxurla itzuli zen, isiltasunaren lurrinari jaramonik egin barik, Nerbioiko izotzaren gainean zebilen jolasean. Animaliaren oihartzunek gauaren lasaitasuna astindu zuten. Hotza areagotu egin zen eta kanixe txikia ikaratu. Iluntasunak gogor kontra egiten zion egun berriaren itxaropen ahulari. Zaunka herabe batek usoen hegaldia esnatu zuen. Airea zaratatsu entzun zen eta txakurkumea indarrez eroan zuen arrastaka. Ez zen gehiago zaunka egitera ausartu, haizearen kontra uzkurtu eta ulu egin zuen izuturik. Ilargiak kontsolatu egin nahi izan zuen argi eginez. Nire belarria samurtu egin zen eta nire patuaren sinfonia entzuten hasi zen. Lasterka joan nintzen elurretan eta ibaiko kristal gainean. Ilargitearen soinuan ibili nintzen irristatzen, eta nire arropa zeharkatu eta gorputza jelatzen zuen brisa baten soinuan. Txori bat hegaldatu zen txakurraren inguruan. Izotz puska bat erori zen itsasadarraren gainera eta kristalezko kapa hautsi zuen. Pitzadurak ispilu hotzean zehar joan ziren. Gauak dar-dar egin zuen, zerua isildu. Pitzadura ireki zen zakurraren hankapean, Nerbioiko urek arrastaka eroan behera eta errukirik gabe irentsi zuten. Isiltasuna itzuli zen. Sinfonia anker bat itsasadar gainean irristatu zen, bere notak kizkurtuz, lurra zatituz. Nire oinetan zabaldu zen kristala, kirrinkari entzun zen haustura lakarra. Ilargiak aurpegia ezkutatu zuen. Izarrek koloretako mantu bat marraztu zuten zeruan. Ostadarra lehertu eta atalduta erori zen. Itsasadarrak nire arropa busti zuen eta hotz hezea mila orratz fin bezala sartu zitzaidan larruazalean. Zerua desagertu zen, eta isiltasuna nagusitu. Nire begietara ez zen argia iritsi, urak kristalezko sabaia zuen eta ezin izan nuen hautsi. Gauaren amildegira erori nintzen astiro-astiro. Nire bihotzak ez zuen hainbeste hezetasun, hainbeste hotz, hainbeste iluntasun, hainbeste isiltasun jasan. Urruneko musika batek baretzen zituen nire ametsak: isilik, isilik, isilik…
Berriro ikusi nuen argia lehen aldiz eta musu baten beroa. Nire baitan arakatzen ari zen arrosa baten antzigarraren xuxurlak eta lurrinak besarkatu ninduten. Lo-kanta bat entzun zen eta amaren bularrak xurgatu nituen. Lasaitasuna nire gainera erori zen eta begiak itxi nituen. Eguzkiarekin eta txori baten kantuarekin amets egin nuen. Bakea usaindu nuen, betiko lurrin gozoa nire oroimenean.
©Fernando Urien