TENPLARIOEN AMAIERA. Oso laburpen berezia


AURREKARIAK

1314an desagertu baino 200 urte lehentxeago sortua, Tenpleko Ordena Militar eta Erlijiosoaren helburu nagusia gurutzatuek konkistaturiko Leku Santuak eta garai hartako erromes-bide garrantzitsuenak ─Jerusalem eta Santiago edo Donejakue Bidea─ defendatzea izan zen.

Bere jarduera eta “fundamentalismo erlijiosoagatik” agian, honako eginkizun hauetan nabarmendu zen:

– Militarra – erlijiosoa. Horretan, bere diziplina eta sinesmen indartsuek lagundu zioten.  Donibane Akrekoa hiria mamelukoen eskuetara erori zenean, jarduera hauek lehentasuna galdu zuten. Hala ere, Leku Santuak berreskuratzen saiatu ziren, armeniarrekin eta mongolekin koalizio militarra osatuta.

– Banku-jarduera. Erromesen gordailuak onartzen zituzten trukean sinestamendu edo egiaztagiriak emanez, eta horrela ibilbidean zehar gura legez erabil zezaketen dirua, kopuru handirik eraman barik soinean. Beraz, txekeen sustatzaileak izan ziren.

– Bidaia-agentzia. Bidea egiteko moduaz argibideak ematen zizkieten erromesei, eta atseden-guneak kontratatzen ere laguntzen zieten aberatsenei.

Bere garrantzia du kontuan izateak, sortu ostean, gurutzatuek konkistatu berri zuten Jerusalemen Al Aksa meskita hartzen utzi zietela. Salomonen tenpluaren gainean eraikia, kristau-eliza bihurtu zuten. Bertan indusketak egin zituzten, eta, diotenez, erlikia pila bat aurkitu zituzten, besteak beste ustezko Grial Santua, ondoren Parisera eraman zutena, gero, Jakatik gertu, San Juan de la Peña monasterio zoragarrian gordea, eta azkenik Valentzian. 

Garai hartan, Tenpleko Ordena mendebaldeko “gobernuz kanpoko” erakunderik boteretsuena izatera iritsi zen.

“BABESLEA” ETA BERE LAGUNA. DIRUAREN GRINA.

Ordena honen botere militar eta ekonomikoa hain zen handia, ezen noble eta dirudunek Ordenaren egoitzetan gordailatzen baitzituzten beren dirua eta baloreak, bereziki Nikosian eta Parisen. Eta gordailu horiekin tenplarioek maileguak eta inbertsioak egiten zituzten sos batzuk irabaziz. Kontuan izan behar da Elizak, berain “Babesle” leialak, tasak eta zergak ordaintzetik salbuetsi zituela.

Hona iritsita, Ordena desagertzearen alde gehien egin zuten bi pertsonaiak aipatu behar ditut:

– Klemente V.a aita santua, koldarra, buruzagi txarra eta pertsona okerragoa, handinahia eta bekaiztia izateaz gain. Aita santua tenplarioen “Babeslea” zen euren sorrerako akordioen arabera, eta, beraz, haiek defendatu eta haien alde egin behar zuen gai erlijioso, militar eta ekonomikoetan.

– Filipe Ederra, Frantziako erregea. Burdinazko eskuaz agintzen zuen bere mendeko herritarren gainean, hauek gero eta pobrezia handiagoa eta eskubide gutxiago zituztelarik; herrialdea hondamendi edo azken beltzean zegoen, mila gerratan murgilduta bi auzokide ahaltsuren aurka: Ingalaterra eta Aragoi, eta ondoriozko gastu handiek tenplarioekin itzelezko zorra, ordaindu ezinezkoa, izatera eraman zuten. Frantziako Erresumak ez zuen zorra “ordaintzeko gaitasunik”.

Zorra sistema erradikalenaren bidez ezabatzea erabaki zuen Filipek, hots, tenplarioen altxorraz jabetzea, orain haien bankua “nazionalizatzea” esango genukeena. Hori bai, trukean ezer ordaindu barik. Eta horretara bideratu zituen bere ahaleginak.

Lehenik eta behin, “Babeslea” konbentzitu gura izan zuen bere ideiak onar zitzan.  Azpijokoen bidez, bere printzipioekin bat ez zetorren Bonifazio X.a kendu zuen; gero haren ondorengo kikila, Bonifazio XI.a, kendu zuen paretik: honek soilik hilabete batzuk iraun zuen karguan, eta digestio-arazoekin hil zen, dirudienez, pozoi indartsu batek zerikusi handia izan zuelarik horretan. Beranduago, Klemente V.a aita santu izendatzea lortu zuen, bere eskuetan txotxongilo hutsa, eta gainera Avignonera joatera behartu zuen, hobeto kontrolatuta izateko.

Filipe azpijokoetan “master” bat ematen hasi zen: beste gezur batzuen artean, zabaldu zuen monje soldaduen dirutza handia pobreei iruzurrez kendutakoa zela. Gainera, ez zituztela beren aberastasunak gutxien zutenekin partekatu gura. Gezurtiak eta manipulatzaileak izatea eta Jainkoaz eta haren Semeaz gaizki berba egiten zuten heretikoak izatea ere leporatu zien, baita haien komunitatean bekatuzko eta zabarkeriazko jarduerak izatea ere, besteak beste, sodomia.

Bestalde, tenplarioek, Akreko gertaeraren ostean gainbehera zihoazenak, Maisu Handi izateko ezgai bat aukeratu zuten, Jacques de Molay, oso fededuna baina “Jainkoari erreguz, beharrari mailuz” esaera ezagutzen ez zuena. Hark uste zuen Erlijioak, Elizak eta Aita santuak beti babestuko zituztela gaitz guztietatik: itzelezko akatsa!.

AMAIERA TRAGIKOA

Erregeak, tenplarioen “Babeslea” zen Elizaren laguntzarekin, 1306ko urriko gau batean, Frantzian bizi ziren Ordena Militar honetako kide guztiak atxilotzeko eta euren ondasun guztiak konfiskatzeko agindu zuen, eta ondorioz gizatalde honek ezin izan zuen biziraun. Jacques de Molay sutan erre zuten zazpi urte geroago. Klemente V.ak bere akatsa aitortu zuen beranduago. Vatikanoko artxiboek, duela gutxi irekiak, hala baieztatu dute.

Aita Santuak ez zuen lortu tenplarioen saldoak atxikitzea, Frantziako erregearen eskuetara pasa baitziren, nahiz eta ezer gutxirako balio izan zioten hari. Prozesu honetan nahasturiko guztiek zoritxarreko amaiera izan zuten. Jacques de Molayk iragarria zien hori hil baino lehentxeago.

 

Bilbo, 2020ko abenduaren 30a.
Jorge Ibor.

Utzi iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.