NORK ORDAINTZEN DU TRANTSIZIO ENERGETIKOA?

Trantsizio energetikoak erritmo onean egiten du aurrera Euskadin. Energia berriztagarriez, garraioaren elektrifikazioaz eta asmo handiko helburu klimatikoez egiten da berba. Hala ere, titular handietatik haratago, gero eta familia gehiago kezkatzen dituen gai bat dago: prozesu horrek etxeko ekonomian duen benetako eragina.

2024an, EAEko etxe baten batez besteko faktura energetikoa urteko 2.100 eurotik gorakoa izan zen. Zifra horretan sartzen dira elektrizitate-gastua eta, neurri handi batean, erregaietara bideratutakoa. Familia askorentzat, zenbateko hori ez da datu abstraktu bat, eguneroko bizitzan oinarrizko erabakiak baldintzatzen dituen hileko karga bat baizik.

Errenta-mailaren araberako aldeak argiak dira. Diru-sarrera gutxieneko familiek guztizko gastuaren % 4 baino gehiago bideratzen dute elektrizitatera; errenta handiena dutenetan, berriz, ehuneko hori % 1,5 ingurukoa da. Arrakala hori ez da esplikatzen errenta txikienek energia gehiago kontsumitzen dutelako, baizik eta abiapuntuan baldintza okerragoak dituztelako.

Oro har, baliabide gutxien dituzten etxeak etxebizitza zaharragoetan eta efizientzia txikiagokoetan bizi dira, isolamendu termiko okerragoarekin, berokuntza-sistema zaharkituekin eta errendimendu txikiko etxetresna elektrikoekin. Gutxieneko erosotasun edo konfort-baldintzak lortzeko, energia gehiago gastatu behar dute, baina, aldi berean, epe ertain eta luzera kontsumoa murriztuko luketen hobekuntzetan (hala nola isolamenduan, leihoen aldaketan edo ekipoen aldaketan) inbertitzeko gaitasun ekonomiko txikiagoa dute.

Horrez gain, faktura elektrikoaren zati handi bat kostu finkoek —potentzia kontratatuak, bidesariek eta zergek— osotzen dute, eta kostu horiek apenas dauden kontsumoari lotuak. Kostu horiek proportzionalki askoz pisu handiagoa dute errenta baxuen aurrekontuetan, eta, beraz, kontsumoa ahalik eta gehien murriztuta ere, elektrizitateak ahalegin handia eskatzen jarraitzen du.

Aitzitik, errenta handiena duten familiak etxebizitza efizienteagoetan bizi ohi dira, eta gaitasun handiagoa dute birgaitze energetikoan, autokontsumoan edo etxetresna elektriko efizienteetan inbertitzeko. Horrek elektrizitatearen pisu erlatiboa murrizten du guztizko gastuan, nahiz eta elektrizitatearen kontsumo absolutua are handiagoa izan daitekeen.

Desberdintasun horiek bizilekuak areagotzen ditu. Landa-eremu edo eremu periferiko askotan, non errenta baxuenak dituzten etxeak batzen diren, etxebizitza-parkearen antzinatasunak eta energia- edo mugikortasun-alternatibarik ezak bizi-kostua handitzen dute eta energia-trantsiziora egokitzea zailtzen dute.

Zailtasun horiei fenomeno bat gehitzen zaie, ez hain agerikoa baina oso hedatua: nahi gabeko edo gura bako kontsumo txikia. Pertsona askok berokuntza murrizten dute, etxetresna elektrikoen erabilera mugatzen dute edo konfort termikoari uko egiten diote fakturaren beldur direlako. Ahalegin behartu hori ez da beti estatistiketan agertzen, eta efizientzia-irudi distortsionatua eman dezake, baina zaurgarritasun-egoerak ezkutatzen ditu.

Horrek ez du esan nahi trantsizio energetikoa beharrezkoa ez denik. Ezinbestekoa da emisioak murriztea eta eredu jasangarriagorantz aurrera egitea. Baina aukeratutako bidea garrantzitsua da. Abiapuntuko alde edo desberdintasun horiek zuzentzen ez badira, neurriz kanpoko ahalegina egin beharko dute hori onartzeko gaitasun gutxien dutenek.

Trantsizio energetikoa ezin da neurtu soilik teknologiari edo ingurumenari dagokionez. Bere benetako arrakasta pertsonen bizitza hobetzea eta desberdintasunak murriztea lortzearen araberakoa izango da, batez ere baliabide gutxiago dituztenen artean.

Ana Alzaga – EHKB/UCE EUSKADI idazkari nagusia

Utzi iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude