LUIS ADISKIDEA (azken partea)

TERUELGO HERRI BATEAN

2007an izan zen, uda hasieran. Hainbeste urte elkarren berri izan gabe igaro ostean, Interneten zerbaiten bila nenbilela, nerabezaroko nire bi lagun banaezinen izenak, Jose Luis eta Luis, jartzea bururatu zitzaidan. Lehenengoa bizi den hirian aurkitu nuen. Mediku gisa ari zen beharrean, deitu nuen ospitalean.

Haren laguntzaz aurkitu nuen Luis. Espainia Hustuan bizi zen, Teruelgo probintzia ahaztu, eder eta historiaz betean, non mediku gisa baitzebilen beharrean. Gogoan dut anbulatorioko telefonoa bakarrik neukala eta, dei gutxi batzuen ostean, harekin berba egitea lortu nuela.

Adostu genuen, handik egun batzuetara, José Luis eta biok emazteekin joango gintzaizkiola bisita bat egitera. Eta bete egin genuen adosturikoa.

2007ko uztailaren hasieran geunden. Oso hunkigarria izan zen elkar berriro ikustea. Hark ez zekien ezer nitaz, eta nik ere ez hari buruz. Orduan hasi zitzaidan bere gauza batzuk kontatzen, hain harrigarriak niretzat eta hain ohikoak haren bizitzan.

Ez genuen larregi sakondu. Larunbat arratsaldean eta igande goizean bakarrik egon ginen berarekin. Eta gertatu ziren, gainera, nabarmentzeko moduko gauza batzuk.

Luis, behin baino gehiagotan errepikatu dudan lez, eskualde hartako osagilea zen. Asteburu hartan, herriko jaiak ziren. Gauean zezen bolaztatua zegoen, eta Luisek mediku-lanak bete behar zituen han, istripuren bat gertatuz gero edo.

Jende gutxi zegoen. Festa haiek ez zuten errorik bisitarien artean, eta ez zen garairik egokiena. Ez zuela gorabehera edo ezbeharrik espero esan zigun. Azken urteetan angina-tratamendu bat baino ez zegoen erregistratuta, gaixoaren familia kontsultategira joan zelako ezordutan laguntza eskatzera.

Gauerdirako bosten bat minutu faltako ziren, jaia hasteko unea. Bostok berbetan ari ginen kale nagusiaren erdian, galtzada-harria irregularki jarrita zeukan kalean. Herriko bat, erabat mozkortuta, guregana hurbildu zen kalakan aritzera. Une berean gazte bat ere etorri zen eta esan zigun: “Kontuz, behar duzuen lekuan jarri, berehala askatuko dugu zezena eta”.

Mozkorrak oihu egin zuen: “Zezena datorrela, zezena!”, eta hitzez hitz lurrera bota zuen bere burua. Hari bizkar emanda zegoen José Luisek bira eman zuen, eta oina trabatu zitzaion txarto jarritako galtzada-harrien artean.

Medikuaren partea hau izan zen:
– Mozkorra: besoko hezur baten (ez dut gogoratzen zein) haustura eta kolpe handia buruan, sorbaldan eta bizkarrean. Anbulantzian Teruelera eroan zuten.
– José Luis. Hasieran minari eutsi zion, baina ordu batzuk geroago ospitalera eraman behar izan genuen. Diagnostikoa, metatartsianoaren haustura. 45 eguneko eskaiola.

Luisen etxerako bidea hartu genuenean, goizean, berak esan zigun errepideak ez zituela atsegin, eta nahiago zuela landa-bidetik itzuli, baso bat zeharkatuz ezagutzen zuen eremu batetik. “Berak gidatzen du eta jakingo du zer egiten duen”, pentsatu genuen.

Baina, bai zera, ez zen horrela izan. Galdu egin zen eta urduri jarri zen. Gomendagarria zena baino azkarrago joaten hasi zen. Eta are gehiago okertu zen dena. Harri bat irtenda zegoen leku batetik igarotzean auto-azpiak harria jo zuen, eta karterra apurtu zitzaion olio-errekasto bat utziz.

Estaldura eskasa zen eta kostatu zen, baina larrialdi-zerbitzuekin harremanetan jartzea lortu genuen. Zorionez, hurbil erreferentzia bat zegoen: ibilbide bat iragartzen zuen zurezko kartel bat. Guardia Zibila etorri zen gure bila eta geure helmugara eraman gintuen. Luisen ibilgailua han geratu zen beste une batean jasotzeko

Bazkalostean, bakoitza geure hirira itzuli ginen.

“TERUEL EXISTITZEN DA”

Probintzia handia da, 14.804 km2koa, Bizkaia baino ia 7 aldiz handiagoa, baina oso biztanle gutxi ditu, 115.000 biztanle baino gutxiago, eta estatuko ekonomian eta politikan pisu txikia du, inbertsio publikoetan erabat ahaztuak izatera eraman dituena.

Ez du zentzurik Levantetik, Somport eta Canfranc igaroz, Frantziara irteerak errazteko eraikuntza-planak bertan behera utzi izanak, horrek inguru hartarako laguntza ikaragarria suposatuko baitzuen, eta valentziar, murtziar eta ekialdeko andaluziarrentzat aurrezki oso garrantzitsua garraioan. Mapa bati begiratzea nahikoa da ulertzeko.

Teruel hotza, urdaiazpikoa, despopulazioa, Maitaleak, bidaiari bako aireportu errentagarri bat, dinosauroen aztarnak edo ‘Torico’ baino askoz gehiago da. Edertasuna da, historia da. Albarracín da, Alcañiz da, eta Gúdar mendilerro ikaragarria da, Valdelinaresko eski-estazioarekin, eta inguruko herri zoragarriekin.

Zoritxarrez, hango komunikazioak hirugarren mundukoen mailakoak dira, eta enpresak ezin dira han ezarri, besteak beste, ez delako ia inora iristen zuntz bidezko internet, zeharkatzen duen trenbide bakarra elektrifikaturik ez dagoelako eta abar.

Nire aldetik, gomendatzen diet, batez ere Valentzia, Benidorm, Alacant eta inguruko beste herri batzuetara doazenei, gelditu eta ikusteko Albarracín, Teruel, Gúdar mendilerroa Mosqueruela, Valdelinares, Mora de Rubielos eta abarrekin. Azken herri horiei buruz jarraian hitz egingo dut.

Ibilbide erakargarria eta ezezaguna

Albarracinen eta Teruelen ziur aski gutariko asko egongo ginen. Horregatik, Gúdar – Javalambre eskualdeaz berba egingo dut. Oso gomendagarria da bisitatzea, batez ere “perretxiko zaleentzat”. Hainbat jatetxe eta hango jaki asko boilurrari eskainita daude, ugaria baita inguru hartan. Mikologia zaleentzat, hona hemen esteka:

Las setas esperan en Gúdar-Javalambre

 

Mora de Rubielos. Eskualdeko hiriburua. 1.500 biztanle baino gehixeago dituen herri oso interesgarria da. Monumentuen artean, hango baselizak, Santa Maria kolegiata eta Fernandez de Herediatarren jauregi gaztelua nabarmentzen dira. Gainera, jasotzen dituen bisiten ondorioz, batez ere valentziarrak bertaratzen dira, kalitatezko jatetxe ugari daude. Ez dira batere garestiak.

 

 

Rubielos de Mora. 600 biztanle baino gehixeago ditu. Kolegiata, Karmeldarren eliza, udaletxea eta San Antonioko Portalea nabarmentzen dira, baita zenbait baseliza ere. Baina batez ere Dinopolis-agatik da ezaguna, inguruko Paleontologia-zentroa.

 

 

 

Alcalá de la Selva. 350 biztanle inguruko herria. Plaza Nagusia eta Eliz ataria ditu ikusgarrienak. Han izan nintzenean, Vegako Ama Birjinaren jaiak ziren, eta “Sokaz loturiko zezenaren” ikuskizuna ikustea egokitu zitzaidan.

 

 

 

 

Valdelinares, 100 biztanle baino gutxiago dituen beste herri polit bat da, baina bisitari asko dituena, bereziki elurra egiten duen neguetan, udalerri honetan baitago izen bereko eski-estazioa. Bertakoentzat goren dagoen Espainiako udalerria da, bere eliz ataria itsas mailaren gainetik zenbatera dagoen kontuan hartuta. Inguruko baso bikainetan, pinu beltzaren ale ikusgarri bat dago. Ikustekoa da, benetan.

 

 

Mosqueruela. Erdi Aroko populazio ederra, “errege-hiria”, 550 biztanle ingurukoa. Hiri osoa da monumentu bat. Nabarmentzekoak dira Jasokundeko Eliza gotikoa eta San Rokeko Portalea. Hango jatetxeetako batean kalitate handiko perretxiko-dastatzea egin genuen. Haraino joatea ideia ona da. Baina beroki egokia eraman behar da. Estatuko hiririk hotzenetako bat da. Castelló probintziarekin mugakide ia.

Jarrai dezaket, izan ere, gomendagarria da Mosqueruelatik Cantaviejako herri eder eta harrigarrira joatea, Espainiako herri “politetako” bat eta isabeldarren eta karlisten arteko liskar gogorren lekua, azken hauek pertsonaia mitiko bat zutelarik beren lerroetan: Maestrazgoko Tigrea.

Handik Morella txundigarrira joan beharko genuke, Alcañizetik Zaragozara itzultzeko, baina Teruel utzi ostean geldialdia eginez Belchiten eta hango hondakinetan, 36ko Gerra ankerrean Teruelgo frontean izandako gudu latz eta gogorren lekuko izan zen parajean.

Ziurta diezazueket ibilbidea ahaztezina dela.

Cantavieja, el Maestrazgo y las guerras carlistas

El “Tigre del Maestrazgo”

 

 

AZALPEN BIOGRAFIKO GISA

Gure jaioterriko, Zaragozako, Cardenal Xavierre ikastetxean ezagutu genuen elkar, batxilergoko 5. mailan. Laster egin ginen lagun min. Betiko irauten duten adiskidetasun horietakoa, alegia, ez denborak ez distantziak apurtu ezin dutenetakoa.

Preu amaitu genuenean, ni Bilbora etorri nintzen bizitzera, eta bertan geratu nintzen behin betiko; Luisek Zaragozan jarraitu zuen medikuntza ikasten. Horrek eta beste zirkunstantzia pertsonal batzuek, bi edo hiru urte geroago, harremanak etetea ekarri zuten.

Jende askok ikasten zuen medikuntza garai haietan. Luisekin batera, 1.200 inguru izan ziren lizentziatu berriak.

Orain dela gutxiko elkarrizketetan kontatu didanez, laugarren mailatik aurrera erizain gisa behar egin zuen diru apur bat irabazteko; orduan egin zitekeen hori.

Ikasketak amaitu zituenean, Zaragozan bertan etxez etxeko larrialdi-zerbitzu batean hilabete batzuk eman omen zituen; baina, osasun-sare on baten erosotasunez baliatzeko aukera gutxiago zuen jendea artatu gura zuenez, orain Espainia Hutsa deritzon eremuan bitarteko osagile-postu bat lortu zuen.

Bere unibertsitate-prestakuntzari mendebaldeko munduan ohikoak diren gaixotasun-mota guztien inguruan ikasitakoa gehitu zitzaion. Baina bide hori ez zen aski haren izpiritu abenturazale eta behartsuenekiko solidarioa asebetetzeko.

30 urte bete aurretik mediku-lanpostua lortu zuen Ekuatore Ginean, oihanean. Karrerako lagun handiak, hura ere Luisen promozioko medikua, erakutsi zion lortzeko jarraitu beharreko bidea.

Afrikar kontinenteko herrialderik pobreenetako bat zen, Espainiaren kolonia izateari utzi zionetik diktadore militar odoltsu eta ezjakin bat gobernuburu zuena, Hitlerren eta haren jokamoldeen miresle “kaikutzar” bat, bere mendeko superstiziosoentzat ezaguna magia beltza egiten zuelako. Aldi berean, herrialdea burdinazko eskuarekin menderatzen zuen armadaren arduradun nagusia zen. Eta bere posizioaz baliatzen zen berak zuzentzen zuen Estatua bipiltzeko, eta bera eta ingurukoak diruz okitu ziren herriaren miseriaren kontura.

Han egon zen 15en bat urte, harik eta Espainiako gobernuak itzultzera behartu zuen arte, bere borondatearen kontra; beste atal batean azaldu dudan lez, Teodoro Obian diktadore berriarekin egindako zoritxarreko tratu baten ondorio izan zen.

Handik Mauritaniara igaro zen, beste herrialde pobre batera, eta han hiriburuan eta basamortuko oasi eta karabanetan jardun zuen osagile gisa. Eta azkenik, Guatemalara joan zen, gerrillaren eta armadaren arteko barne-gatazkaren amaieran zeuden unean.

2003 aldera itzuli zen Espainiara. Erdialdeko Amerikako herrialde hartan parte hartu zuen azken proiektua amaituta izateaz gain, kotizatu beharra zeukan bere garaian erretiroa kobratu ahal izateko. Hori bai, landa-mediku gisa jarduteko itzuli zen, biztanle gutxiko eremu batean, bere hasierako garaietan behar egin zuen eremutik hurbil. Beraz, Espainia Hutsean berriz ere.

Beste atal batean kontatu dudan lez, geroxeago topatu nuen, bizitzak dituen gorabehera horiengatik. Berarekin harremanetan jarri eta bisita labur bat egin nion, handik pare bat urtera itzuli zidana.

Orain dela gutxi berriz ikusi dut, oraingoan patxadaz eta behar genuen denbora guztia hartuta.

Bere etxera joan naiz, azken urteetan behar egin zuen ingurura. Han elkarrekin eman ditugu egun batzuk. Gauza asko kontatu dizkit. Egoki iruditzen zaidan guztia idatzi eta argitaratzeko baimena eman dit, kontsultatu beharrik barik; gainera, ez du irakurtzeko interesik. Hala egin dut, baina gai pertsonaltzat jotzen ditudanak bazterrean utzi ditut.

Mendian bizi da, bi solairuko etxe batean, bakoitza 80 m2 ingurukoa; erdi suntsitutako borda bat zen lehen, bere nahierara berreraiki zuen, dena garden utzita bainugelak eta beheko solairuan logela bat izan ezik, bisita-egun haietan neuk erabili nuena.

Oso ezkutu edo isilpeko bizimodua darama, ia ermitauarena, etxetik oso gutxi irteten baita. Ezinbestekoa bakarrik. Hala ere, nire bisitaren harira, dezente mugitu gara. Alde guztietan begirunez, mirespenez eta maitasunez hartzen dutela ikusi dut.

Gineatik bere bikotekidearekin itzuli zen ─ez dira elkarrekin bizi, nahiz eta elkar maite duten oraindik, besteak beste, oso erraza delako Luis maitatzea─ eta beren semeekin, harreman paregabea duelarik hauekin ere. Gogo ikaragarria du Gineara itzultzeko, inoiz ez baitzuen handik irten behar eta irten gura izan, baina ezin da itzuli egungo diktadoreak han agintean jarraitzen duen bitartean.

Paludismoa ere ekarri zuen handik, eta sarri birgaixotzen da; baina hango gizatasun handia eta gure mendebaldeko munduan oso ondo ikusten ez diren ohitura batzuk ere ekarri zituen.

Ez du gose-sentsaziorik izaten, eta bizirik jarraitzeko beharrezkoa dela dakielako bakarrik elikatzen da. Oso argal dago, argalegi. Gainera, bizitzaz duen kontzeptua oso bestelakoa da ohituta gaudenarekin alderatuta.

Luis medikua baino askoz gehiago izan da eta da. Medikuntzaren bidez besteengana emandako pertsona handia izan da. Bere hurkoagatik ahalegin guztia egin duen norbait, ezagutu dituen pertsona guztien alde borrokatu dena osasun eta giza arloan. Hori guztia bi diktadoreren agindupean bizitzeko zoritxarraren erdian, basamortuko giro gogorrean eta gerrilla-gerra betean egin du.

Eta, azkenik, bere bizimoduarekin jarraitzerik ez zuenean, Estatuko eskualderik xumeenera eta biztanle gutxikoenera joan zen, eta han geratu da hainbeste maite izan zuen lurraldera, Ekuatore Gineara, itzultzeko ametsetan.

 

GALDERA ETA ERANTZUN BATZUK

Lehen artikuluen irakurketatik abiatuta, Luisen xehetasunei buruz itaundu didate batzuek, ea existitzen den, ea kontatzen dudan guztia benetakoa den eta horrela gertatu zen, edo, aitzitik, eleberri labur bat besterik ez den.

Esan gura dut ezagutzen ditudala beste herrialde batzuetan kooperante gisa lan egin duten hainbat mediku, erabat edo partzialki buruan gorde ditudan istorioak kontatu dizkidate eta kontakizun hau inspiratu dute. Beraz, horrela ulertuta, bai, Luis existitzen da. Nolanahi deitzen dela ere, … eta pertsona bat izan edo gehiago izan.

Hau ez da inoren biografia bat, entzundako gauza horietan eta egin duten lanean oinarritzen den kontakizun bat da, neure baratzeko berakatzak gehitu dizkiot, istorioak aldatu ditut eta batzuk asmatu ere egin ditut. Edo ia.

Luisen kokalekuei dagokienez Espainian, nire lagunekin bizi izandako eta ezagututako istorioen parte ere badira. Gogoratu Aragoikoa naizela edo, Mañariako J.J.L.ek esaten zidan lez, maño-en lurraldekoa. Eta Zaragozan, aspaldidanik, ia 500 urtetik, eta askoz gehiago bere aurrekoa, Huescako Sertoriar Unibertsitatea, kontuan izaten badugu, Medikuntza Fakultate oso indartsua dagoela.

Bertan ikasi zuten Miguel Servet, José Martí, Ramón y Cajal, Manuel Azaña, Antonio Mingote, María Moliner, José Antonio Labordeta eta beste hainbat pertsonaia historiko ospetsuk.

Zaragoza, ikasi nuen ikastetxea, bertako Medikuntza Fakultatea, Teruel, Espainia hustua, mediku kooperante zoragarriak, … existitzen dira, bai. Benetakoak dira. Gainerakoaz, bakoitzak gura duena sinetsi dezala.

Bilbo, 2020ko apirila.
Jorge Ibor.

Utzi iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.plugin cookies

ACEPTAR
Aviso de cookies