KARAH ESTATUA – Karen etnia

Karah estatuan sartuak ginen. Herrialdearen hego-ekialdean dago, eta ekialdetik Thailandiarekin eta mendebaldetik Ayeryawadi ibaiarekin eta haren deltarekin egiten du muga.

Loikaw da ziurrenik, 11.000 biztanle ingururekin, hango hiririk garrantzitsuena eta, zerbait esatearren, garatuena.

Estatu hartan gehienbat izen bereko etnia bizi da, Kerenni edo, mendebaldean, Karen herria ere deitua.

Beren-beregi eskualde hura bisitatzea eskatu genuen eta arrazoia Karen emakumeak ezagutzea izan zen baina beren giroan, ez ikusgai jartzen dituzten “erakusleihoetan”.

myanmar-170
                               Karen amona batekin hobekuntza fasean dagoen herrixkan

Inle aintziran triste, zimurtuta, erruki eske begiratuz, nola erakusten zituzten ikusi ostean, haien herrikideak beste era batera ikustera gindoazen: alai, irribarretsu, harro, oraindik turismoaren mende erori gabe, beren etnia eta ohiturak duintasunez erakutsiz.

Aurrerago hitz egingo dut honetaz. Baina aurrez argi utzi nahi dut bisitatu genuen mendi-eremua gu iritsi aurreko urtean ireki zitzaiela atzerritarrei.

Ez genuen beste turistarik ikusi, baina gu geunden herritik urrun, inguru hartan sartzeko alde batera utzi genuen errepidearen ondo-ondoan, oroigarrien saltoki berri-berri baina apal bat zegoen, neska gazte batek kudeatua. Irrikatutako etorkizun hobearen aurrerapena.

myanmar-169
                      Errepideak eraikitzen

Loikaw – Pan Pet

Hoteletik irten bezain laster, bertako beste azoka batera joan ginen, gertu dagoen Demawso herrikora, udal-barruti hartan dagoelarik Ngwetaung urtegia. Zortea izan genuen, 3 egunetik behin egiten baita azoka. Truke-ekonomia gailentzen da esparru hartan, eta otorduak egiteko guneak ere badaude han.

myanmar-171
              Salmenta-postua, oso koloretsua

Bereziki bertako produktuak saltzen ziren, batez ere nekazaritzakoak. Ohikoa denez, kolore biziak eta lurrin edo aroma amaigabeak nabarmentzen ziren, esparru horiek hain erakargarri egiten dituztenak.

Mota askotako perretxikoak zeuden salgai. Denak naturalak, bat ere ez mintegikoa.

Barrutian eraikin bat zegoen bozgorailuekin, eta guretzat monotonoak diren mezu eta otoitz budistak ateratzen ziren haietatik.

Pan Pet-erako bidean, Karen herrixkan, Jirafa Lepoko Andereak beren habitatean ikustera gindoazela, arroz-soroetatik eta eraikitzen ari ziren errepideetatik hurbil igaro ginen. Errepideak oso baliabide gutxirekin egiten dira. Obra haietako batetik hurbil zegoen mendi batean, langile batzuek, gabi batez, harkaitza apurtzen zuten, eta, ondoren, beste batzuek, batez ere emakumezkoak, mazoaz hartxintxar bihurtzen zuten. Beste batzuek, berriz, batzuetan mutilen batekin batera, saskietan garraiatzen zuten hartxintxar hura besoetan edo buru gainean, zolatu beharreko eremuan barreiatzeko; beste gazte batek, ureztagailu moduko batekin, mundruna zabaltzen zuen, eta, azkenik, zapalgailu txiki bat pasatzen zuten gainetik.

Oro har, esan dezakegu lan-jarduera bazegoela, baina, salbuespenak salbuespen, lan egiten zutenak emakumeak ziren, batez ere zeregin gogorrenetan.

Ikusi genituen bitarteko mekaniko bakarrak zapalgailu zahar bat, mailu pneumatiko bat eta harriak garraiatzeko kamioi zahar bat izan ziren.

Gu gindoazen lekua oraindik nahiko birjina zegoen. Badakigu handik gutxira, azpiegiturak iristearekin batera, bisita turistiko antolatuen eremu bihurtu dela, izan ere, bisita egin genuenean horretarako prestatzen ari ziren.

Aurrera jarraitu genuen orduan eraikitzen ari ziren errepide-eremuan.

Bazterbidetzat har zitekeen hartatik gertu, lehenengo bi Karen emakume benetakoak ikusi genituen bi artisau-negoziotan, modernoak beren eraikuntzan baina salgai oso produktu gutxi zituztenak.

myanmar-172
                                Karen gaztea bere semearekin

Haietako batek, oso gazte eta ederra, bizkarrean kapazu batean bere umetxoa sartuta zuela artatu gintuen.

Aldi batez, ez luzaro, errepide nagusian aurrera jarraitu genuen. Saihesbide batean, zuhaitz artean lurrezko bide bat hartu genuen, eta han aurrera 30 minutu inguru egin ostean, ibilgailuak jarraitu ezin zuen puntu batera iritsi ginen.

Beste 30 minutuz oinez jarraitu genuen, herrixka xume-xume batera iritsi arte. Linea elektrikoa instalatzeko fasean zegoen, kaleak asfaltatu barik, putzuak eta etxebizitza oso pobreak.

Hala ere, argi natural bikainaren eta pobreziaren barruan zeukaten garbitasunaren ondorioz, Yangongo edo Mandalayko auzo pilatu asko baino atseginagoa gertatu zitzaigun hura.

Artisautza-denda bat ere bazegoen, eta, gainera, terraza txiki bat zeukan, non jabea ehuntzen ari baitzen. Emakume hark plastifikatutako hiztegi txiki bat zeukan mahai gainean, berarekin berba egiteko esaldirik errazenak zituena.

Gure gidariaren ezinbesteko laguntzaz, elkarrizketa labur bat izan genuen auzokide batekin: urtetsua zen, eta esan zigun 10 seme-alabaren ama eta 22 bilobaren amona zela. Harrotasun handiz uztaiak zeramatzan lepo, ukondo, eskumutur, belaun eta orkatiletan.

Badirudi bi bertsio daudela “jirafa-lepoei” buruz. Bat poetikoagoa: Karenek uste dute dragoien ondorengoak direla, eta horregatik emakumeak lepoa luzatzen saiatzen dira haiek bezala edukitzeko. Beste bertsioa da uztaiak erabiltzen zituztela tigreen erasoetatik, batez ere gorputzaren alde horretara bideratuetatik, babesteko. Dena dela, ziur daude edertasuna nabarmentzen dutela eta aberastasunaren ikur direla. Zenbat eta baliabide ekonomiko gehiago izan, orduan eta uztai gehiago erabiltzen omen dira.

myanmar-173
                      Ehuntzen

Lehenengo uztaiak, oro har, neskatoak 5 urte inguru dituenean jartzen dira. Hala ere, gurasoek nahiz alabek uko egin diezaiokete eta haurra adinez nagusi izan arte itxaron, bere kabuz erabaki dezan. Egia esateko, herrixkan neskatilak, neska gazteak eta helduak ikusi genituen uztaiekin edo barik.

Baina badirudi benetan lepo luzeko emakumeak gustatzen zaizkiela gizonei, eta, herri hartan genero-berdintasuna dagoela esan arren, matxismoa erabatekoa da egiazki.

Herriko adituak bakarrik jar ditzake uztaiak. Gure solaskide izan zen andreak esan zigun bere familian oilar bizi bat ordaintzen zaiola jartzen duen uztai bakoitzeko.

Bide batez, gizonek ezin dituzte uztaiak eraman zintzur-sagarra dutelako.

Buelta bat eman eta eskola batean sartu ginen (jaiotza-tasa altua da landa-eremu haietan). Hiru gela zeuden, bat zientziak (matematika, fisika…) irakasteko, beste bat humanitateetarako (geografia, historia, literatura…), eta hirugarrena txikienentzako ikasgela zen, eta han gutxi gorabehera jota 5 eta 10 urte bitarteko haur batzuk irakurtzen ikasten ari ziren abestien bidez, adinaren berezko adore eta alaitasunarekin.

 

myanmar-174
        Birmaniera-ingeles itzultzailea

Kanpoko aldean umeentzako jolas-gune pobre bat zegoen. Zehatz esanda, lurrezko esparru bat, zurezko hesiekin, eta oso oinarrizkoa zen zabu bikoitz batekin. Bego eta Isabel ibili ziren zabuan.

Monobolumenera itzultzean, Karen neska gazte bat ikusi genuen, uztaiak lepoan zituela, mazo batez harria txikitzen, eta geure artean aipatu genuen zein gogorra izango zen, normala zen nekeari, kolpe bakoitzarekin lepoan pairatu beharko zituen bibrazio edo dardarak ere gehitzea.

Loikawrako itzuleran Ngwetaung urtegitik igaro ginen. Haren gainean, errepide estu bat dago, non begiratoki batzuk dauden gelditzeko. Presa gainetik, gazte batzuek uretara jauzi egiten zuten freskatzeko. Inguruan arroz-soro gehiago ikusten ziren.

Loikawn bazkaldu genuen, ibai ondoko jatetxe batean. Lekua oso xumea, atsegina eta bukolikoa zen. Zerbitzatu zigutena, oso eskasa. San Yuk jakiren bat eskatzen zuen pikante pitin batekin. Arrain bat dastatu nuen, nire nahiak betetzen omen zituen-eta, baina ahoa eta eztarria erre zizkidan. Urdaila ondoezik utzi zidan egun osorako. “Min asko edo gutxi” kontzeptua oso desberdina da herrien eta pertsonen arabera.

Postre edo azken burukoetan Isabelek supiztekoa eskatu zuen. Lokalean zehar hainbat tokitan sabaitik esekita zeudela esan zioten, bezeroen eskura. Ohartu barik geunden.

myanmar-175
              Adi-adi ikasgelan

Bazkalostean, edo nire kasuan ‘bazkari-ez’aren ostean, Kyet-eko kareharrizko kobazulorantz abiatu ginen. Gutxi gorabehera 150 maila irregularreko igoeraren ondoren, haietako batzuk altu samarrak, landaretza ugariaren artean eta nahiko bero egiten zuela, zalantza barik txarto jan ondorenerako desegokia zen ariketa eginez, zulogune handi baten sarrerara iritsi ginen, Budaren eskultura batez hornitua zegoen, eta 300 metro inguru barneratu ginen bertan, gure gidari edo ciceroneak eman zizkigun eskuargien laguntzaz. Hartarako gutxi prestatutako ibilbidea zen, gora-behera edo igoeraz eta jaitsieraz betea, lurzoru oso irregularrarekin, eta interesgarriena aldare txiki bat du, monjeren batek (burutik zeharo eginda egongo zela esaten dut nik) hara eramana merituak egiteko.

Loikawra itzulita, Kayah Estatuko Museoaren aurrean gelditu ginen; zaharberritzen ari ziren, eta, beraz, itxita zegoen jendearentzat. Pena, interesgarria izango zen eta.

myanmar-176
        Eskolako zabuan

Handik Hawof Loikwa monasteriora, jauregi zaharrera, bideratu ginen. Bizitegi-eraikin polita da, eta XIX. mendearen amaieran, jabea kenduta, monasterio bihurtu zuten. Nire ustez, sarbideko zorua ez da ordudanik garbitu. Kontua ez da zikindu egiten zarela… baizik eta itsatsita geratzen zarela! Eta, noski, esparru sakratuan zaudenez, oinutsik ibili behar duzu.

Eraikinaren tamainarako handiegia dirudien erdiko eskailera bikainetik igo ginen, eta kapera batean amaitzen da, han Buda dela buru.

Jarraian, azken jabe zibilaren argazki-galeriatik igarotzen zara, tamaina handiko gela batera iritsi arte, kasu honetan, arraroa bada ere, garbi-garbi dagoena. Haren aurreko aldean Budaren beste estatua bat dago, eta ezkerrean, txoko batean eta oso disimulatuta, pantaila lauko telebista bat zegoen, non monje batek telenobela baten gidoiaz “meditatzen” baitzuen arretaz; ziur asko korearra izango zen telenobela, eta azpitituluekin ari ziren ematen. Nonbait, ustekabean harrapatu zuen turisten etorrerak.

myanmar-177

Monje hura bere pentsamendu sakonetan barnebilduta zegoen bitartean, leihatetik monasterioaren handitze baten eraikuntza-lanak ikusi genituen. Jakina, harriak emakumeek eroaten zituzten, eta han inguruan zeuden monjeek, berriz, besteek zelan egiten zuten begiratu eta komentatu baino ez zuten egiten, … agian praktikatzen ariko ziren erretiroa hartzen zutenerako.

San Yuk nagusia aurkeztu zidan, eta hark poz-pozik barruti berriaren planoak erakutsi zizkidan, penitentziagileen, erromesen eta bisitatzen dituzten turista urrien dohainekin ari ziren eraikitzen. Nire erreakzioa onena opa izatea izan zen, eta Budaren irakaspenek gida zitzatela. Ziur nengoenez ez nuela meriturik egin beharrik, ez nien inolako dohaintzarik egin.

myanmar-178
                          Kobazulora igotzen
myanmar-179
                            Argazki-galeria

Hotelera itzuli ginen. Afalordura arte (niretzat berriro ere ‘afari-ez’aren ordura arte) tarte bat genuen libre. Begok eta biok hotelaren inguruan buelta bat eman genuen, ilunpetan ia, gautzen ari zuen eta. Atentzioa gehien eman ziguna barrakoi kalamastra bat izan zen, barruan bi gazterekin, bata medikua eta bestea erizaina. Kontsulta/klinika pribatu bat zen, gurutze gorri batekin seinaleztatua. Sarrerako gelan mahaia eta aulki batzuk zeuden, eta ondoko gelan kamaina bat, ebakuntza-gelako ohatilaren itxura zuena. Zorua, lur gogorra.

Bien bitartean, kale nagusian ikusia genuen ile-apaindegi batera joana zen Isabel, eta han “txinatar erara” artatu zuten: ohatila batean etzanarazi zuten ilea garbitu eta orrazteko. Gainera, esan zigun masaje atsegin bat eman ziotela buruan.

Egun interesgarri hark, batez ere, Karen emakumeak beren errealitatean ezagutzeko aukera eman zigun.
Polita izango zen otorduren bat herrikoen artean egin ahal izan bagenu. Baina argi zegoen ez zegoela horretarako leku egokirik.

myanmar-180
                                            Harraskan islatuta

Utzi iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude