PODCAST


ZER DA PODCASTA APPLE-REN ARABERA

“Podcastak Interneten eskuragarri dagoen programa baten atalak dira. Podcastak, oro har, jatorrizko audio- edo bideo-grabazioak dira, baina telebista- edo irrati-programa, hitzaldi, aurkezpen edo beste edozein ekitaldiren transmisio grabatuak ere izan daitezke.

Podcastek atal bakoitza formatu berean eskaini ohi dute, hala nola audioan edo bideoan, harpidedunek beti modu berean gozatu ahal izan dezaten programaz. Zenbait podcastek, hizkuntza-ikastaroek adibidez, askotariko formatuak (bideoak, dokumentuak, …) dituzte, modu eraginkorragoan irakasteko.

Entzuleentzat, mundu osotik datorren eduki bikainaz doan gozatzeko modu bat dira podcastak.  Editoreentzat, podcastak audientzia zabalagoa lortzeko modu bikaina dira”.

Definizio hori Appleren webgunetik kopiatu dut:  https://www.apple.com/la/itunes/podcasts/fanfaq.html

NIRE ESPERIENTZIA

Haien berri banuen, mugikorrean eta tabletean iVoox aplikazioa ere deskargatuta neukan (beste asko daude, hori da nik erabiltzen dudana), baina pandemian egon ginen arte ez nintzen mundu hau ezagutzen hasi.

Konfinamenduko hilabete izugarri haietan, mantentze-ariketaren bat egiten edo korridoreetan paseatzen nenbilen bitartean, podcastak entzuten hasi nintzen.

Gero, bizitza soziala partzialki berreskuratu ahala, alde batera uzten hasi nintzen, tartekatuago entzuten.

Orain, jabetuta nago tresna hau interesgarria dela gutako askorentzat. Egoera batzuetan, eman lezakeena baino gehiago. Hona hemen boteprontoan gogora datozkidan arrazoi batzuk:

  • Gure adinerako hain mesedegarria den ariketa hori, ahalik eta gehien ibiltzea, egiten dugunontzat konpainia handia da.
  • Uholde gisa datozkigun zabor-programen alternatiba askoz “aberasgarriagoa” da. Gure kontzentrazioa areagotuko du eta gero eta gehiago entretenituko gaitu.
  • Gehien gustatzen zaigun adarrean gure ezaupideak gehitzeko aukera da. Izan ere, batzuk unibertsitateetako klaseak bezalakoak dira.
  • Mugitzeko arazoak edo insomnio-arazoak dituztenentzat edo orduak bete behar dituztenentzat lagungarriak dira.
  • Aukeratutako gaiari buruzko liburuekin osa dezakegu.

Niretzat podcast bat audioko serie bat bezalakoa da, irudirik barik, gai zehatzetan espezializatua. Eta hainbeste daudenez, seguru aurkituko dugula asebetetzen gaituena. Gura dugunean entzutearen abantaila dute, edozein unetan eten ditzakegu, eta gura dugunean jarraitu berriro.

Egileari dagokionez

  • Ekoiztetxe profesionalenak izan daitezke. Beren programak batzen dituzten irrati-kateak. Adibidez, “SER consumidor”, “Jugones”, “La Rosa de los Vientos” eta gura dituzuen guztiak.
  • Komunikatzaile profesionalenak. Gaztelaniaz, segmentu honetako liderra Iker Jiménez da, eta zientzia fikzioari buruzko edozein programa.
  • Partikularrek eginak, hala nola: “El Descampao”, “Roma Aeterna”, “La escóbula de la Brújula”, “Coffe Break — café y ruido”.

Gaiak askotarikoak dira. Milioika podcast daude munduan. Edozein gairi buruz. Literatura, edozein garai eta estilotako musika, politika, informatika, historia, umorea, kirolak eta bururatzen zaizuena. Adibide bat jartzearren, komikiaren munduan Europako komikiari buruzko batzuk ere badaude.

Podcast hauetara harpidetu egin gaitezke. Harpidetuta nagoen horietako batek atal berri bat argitaratzen duen bakoitzean jakinarazi egiten didate, iVoox-en gutxienez.

Haren “komunitatean” ere sar gaitezke, azaldutakoaz berba egin, ezaupideak eta esperientziak eman edo proposamenak egin.

Harpidetza horiek doakoak izan daitezke, entzutearen plazerragatik bakarrik. Podcaster edo egileari ospea, nabaritasuna eta plataforma barruan mailaz igotzeko aukera iristen zaizkio.

Baina uste dut bidezkoa dela laguntzen digutenei beren lanean laguntzea hileroko dohaintzen bidez, gutxieneko zenbatekoa 1,49 € izanik. Behar adina diru-sarrera izatea lortzen badute, beren ohiko lanetik askatuko dira, eta dedikazio handiagoa izango dute, eta ondorioz kalitate handiagoko podcasta egingo dute.

Gaur egun, gehien entzuten ditudanak Erromako mundura bideratuta daude. Hain zuzen ere, une honetan, nire gogokoena “Roma Aeterna” da. Erromari buruzko entziklopedia handi eta zehatza bezalakoa da, sorrerako elezaharretatik hasi eta… Oraingoz, 32. kapituluan noa, jainko erromatarrei eskainitakoan, eta oraindik gure aroaren aurreko V. mendean gaude.

Sinestezina iruditzen zait bere egileak, Ivan-ek, hainbeste jakitea mundu zirraragarri horretaz eta zelan egituratu jakitea, hain bikain antolatua, atsegina eta arina den aurkezpena egiteko, umore eta guzti.

Gainera, berarekin harremanetan jarri naiz eta nire eskaerei azkar eta dokumentatuta erantzun die.

Izan ere, mundu honetan, jakiteaz gain, komunikatu egin behar da.

Uste dut podcastak onak eta baliagarriak direla gutako askorentzat.

Ezagutzen ez duzuenok mundu berezi honetan sartzera animatzen zaituztet.

SARBIDEA PODCASTERA

Android duen mugikor batetik: deskargatu Googleren dendatik podcastetarako “app” bat. Adibidez, iVoox.

Apple mugikor edo tablet batetik: deskargatu Apple dendatik podcastetarako “app” bat. iVoox-ek ere balio du, adibide gisa. Appleren jatorrizkoa bere gailu guztietarako “Apple Podcasts” da.

Orri honetan ikus dezakezue sailkapen bat:  Las cinco mejores aplicaciones para escuchar podcast en España

“App”a deskargatuta duzunean, erabili egin behar duzu entzun nahi d(it)uzun podcasta(k) bilatzeko. Harpidetu ahal izango zara atalak eguneratzeko edo entzun nahi duzuna bakarrik aukeratu ahal izango duzu.

Jorge Ibor
2022ko martxoa.

Utzi iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.