BBK-ko Erretirodunen Elkartearen Zuzendaritza Batzordeak aurten, urtero elkartu ohi garen egunean, hildakoen aldeko meza eta jatetxea ere aldatzea erabaki du. Jatetxeaz beraiek emango dute komenigarri iruditzen zaien informazioa egokiena iruditzen zaien unean. Baina Meza izango den lekuaz, gure Hiriaren historian oso esanguratsua denez, apurtxo bat gehiago jakitea komeni zaigu denoi, eta horretan saiatuko naiz jardunean daramatzan 300 urteotan egin duen bidearen deskribapen labur bat eginez.
Jakina, “Erruki Etxeaz” ari gara; ongintzako erakunde herrikoi hau XVIII. mendean sortua da, haur eta adineko behartsuei harrera, prestakuntza eta beharra emateko. 2019an zerbitzu ematen jarraitzen du oraindik, baina adinekoen egoitza bakarrik da gaur egun.
Berau sortu aurreko urteetan, adineko behartsuak Bilboko bi ospitale/zahar-etxeetan jasotzen zituzten. 1661ean egindako erreformaren ondorioz, Donibane ospitalea, Atxuriko Ospitale Zaharra, bakarrik geratu zen, baina soilik gaixoak osatzeko. Eta Hiria behartsuentzako harrera-leku barik geratu zen.
1724ean Udalak “Erruki eta Babes Etxea” sortzea erabaki zuen bilbotarrentzat. Baina udalerriak baliabideak lortu gura zituen moduaren aurka jarri ziren herritarrak eta egitasmoak porrot egin zuen. 1732an berriro saiatu zen, baina ez zuen emaitzarik lortu 1752. urtera arte; orduan hasi ziren etxe bat egokitzen Bilbo Zaharrean, zehazkiago Urazurrutian, 2500 dukaten truke erosia, “arrotz behartsuei gauez aterpea emateko gizon eta emakumeak bananduta”. 1760an Zingirako etxe bat egokitu zen, harakindegi izana eta Hiriaren jabetzakoa. Etxe hau, Pietateko Andre Mariaren izenpekoa, izan zen Erruki Etxearen sorlekua Bilbon. Etxe honetako baldintzen artean zegoen “Bilboko behartsuak bakarrik hartzea, gurasoek jagon ezin zituzten umeak, eta alderrai zebiltzan eskeko arrotzak, hauei gogor behar eginaraziko zitzaielarik alde egin zezaten”.
Laster egin zuen gainezka, Udalak ezin gehiago egin Erruki Etxearen administrazioa eta zuzendaritza bermatzeko, eta ondorioz Hiriko pertsona garrantzitsu batzuek esku hartu behar izan zuten eskuzabaltasunez arazoa konpontzeko.
1770ean bere gobernurako herritarren kofradia bat sortu zen, Babeslekuaren Ermandadea deitua, eta geroago Karitate Batzordea. Erregeari eskatu zitzaion jesuiten ikastetxe zaharra lagatzeko eta, 1772ko urtarrilaren 18an, Zingiran zeuden 100 behartsu baino gehiagoren arteko 68 igaro ziren egoitza berrira. Beraren ondoan eraiki ziren lantegi edo tailerrak, babesturiko umeei lanbide bat emateko erabiliko zirenak, baita gai ziren adinekoak beraietan behar egiteko ere. Eltzegintza eta toska fina, okindegia, ehundegiak, sokagintza eta inprimategia ikastekoak egon ziren, eta diru-iturri ere bihurtu ziren; horrela, dohaintza, zozketa eta itsas trafikoaren gaineko zerga batzuekin batera, lortu zuten Erruki Etxea zama ez izatea diru-kutxa publikoentzako.
Handik gutxira txiki geratu zen Erruki Etxeari lagatako ikastetxe-zatia eta beraz 1773/12/13an Ermandadeari “aipatu ikastetxeko pieza guztiak eman zitzaizkion, behintzat latineko maisuaren gela eta estudiorako ez zirenak”. Udalak beti babesten zituen Ermandadearen ekimenak, nahiz eta aldian behin ezadostasunak izan, garbi baitzegoen udalerri osoaren onurarako zirela. Orube honetan egon zen mendean zehar alboetako beste lursail batzuk ere gehitu zitzaizkion, eta ondasun edo jabetza oso garrantzitsua osatu zen horrela, gerora San Mamesekoaren jabetza eskuratzeko Batzordeak Udalarekin egin zuen trukearen oinarri izango zena.
Denboraldi honetan, hartutako umeei lehen mailako irakaskuntza ematen zien maisu publiko batek; era berean osasun publikoko osagile batek doan artatzen zituen gaixoak Erruki Etxeak bere osagilea izan zuen arte. Ezin da bistatik galdu estutasun ekonomikoak zelan konpontzen ziren, hau da, “itzal edo aginte handieneko pertsonak astero irteten ziren kaleetan limosnak batzera”, Udalak eskuak garbitzen baitzituen uste zuelako gai hau ezarritako Ermandadeari zegokiola, administrazioa, zuzendaritza eta gobernu ona bezala. Hau da, Batzordeak era autonomoan jokatzen zuen, Udalaren babes eta zaintzapean baldin bazen ere.
Bitartean, jasotako jendearen kopurua hainbeste hazi zenez, beste lokal batzuetara aldatzea planteatu zuten. Horretarako ezinbestekoak ziren bi gauza: finantzaketaren arazoa konpontzea eta instalaziorako leku egokia topatzea. Zenbait kokaleku aztertu ostean, Ermandadeko kideek pentsatu zuten onena San Agustin komentua zegoeneko lursailak izango zirela, orain udaletxea dagoen lekuan zeudenak. Herri-erakunde guztiak bat etorri ziren, nahiz eta beharrezko baimenak lortzeko urteak behar izan ziren, 26 urte, hain zuzen ere.
Dena ongi bideraturik zegoela ematen zuenean, eta Severino Atxukarro arkitektoaren proiektua ere onartuta zegoenean, 67ko abuztuko karlisten altxamendua sortu zen, auzotarren Elizateetako batzuen anexioa, 67ko Iraileko iraultza, eta San Fernandoko Arte Ederren Errege Akademiak jarritako zailtasunek sine die atzeratu zuten proiektua.
Orduan sortu zen Erruki Etxea San Mamesera aldatzeko aukera, Rafael Guardaminori 1862an erosita Diputazioarenak ziren lursailetara, honek Udalaren esku laga baitzituen. Kokapen baten eta bestearen artekoen eztabaida saihestezina zen, noski. Udalak azterturiko egitasmoak irabazi zuen, hau da, San Mamesen eraikitzearen aldekoak, arrazoi ekonomikoetan oinarrituta, batez ere.
Horrela lortu zen kokaleku berri eta bukolikoagoa. 1871ko maiatzaren 3an Udalak Diputazioari erosi zizkion San Mameseko eraikina eta alboko lursailak patronatu-kide gisa 500.000 erreal ordainduta. Eta nahiz eta hasieran urruntasuna eragozpen bat zela iruditu, zabaltasunak eta zerbitzuek, askoz hobeto hornituak eta antolatuak, arindu egin zituzten hasierako mesfidantza eta erreparoak. Onartu ahal izateko berme erabatekoak izan ziren osasungarritasuna, higienea eta edukiera. Honela gainditu ziren San Agustin komentuaren aldekoa zen Ermandadeko Batzordearen eragozpenak.
Gorabeheratxo hauek ez zituzten ilundu Batzordearen eta Udalaren arteko harreman bikainak, eta Errepublika garaia iritsi zenean ere, Ermandadeko Anaia edo batzordekideen makina berezia martxan jarri zen, eta pertsonaia garrantzitsuen bilbe ofizial osoa mugiarazi zuen.
Babes-etxea mantentzea arazotsua izan zen hastapenetatik. Baliabide nagusiak hiritarren kontsumoen gaineko arieletatik etortzen ziren. Ahaztu barik, batez ere eskasia-garaietan, norbanakoen ekarpenak, zenbait legaturen bidez batzuetan defizitak arintzen saiatu ziren-eta. Honela, F. Olaskoagak erabakigarritzat jo zituen María Muñozen (15.000 ogerleko baino gehiago) eta Vicente Zavalaren (10.000 erreal) ekarpenak 1840 eta 1842. urteetan. Baina Udalak pentsaera progresista eta arduratsuarekin erabaki zuen bere aurrekontuetan urtean diru-kopuru finko bat esleitzea, nahiz eta hori beti ahalegin txikiegia gertatu ezohiko zirkunstantziaren bat gertatzen zen bakoitzean.
1872ko abuztuaren 9an inauguratu zen San Mameseko Erruki Etxe berria, Amadeo Savoiakoa erregea eta bere emaztea, María Victoria dal Pozzo, bertan zirela. Orduan Alejandro Rivero zen alkate eta berarekin izan ziren inaugurazioan hiriko beste ordezkari batzuk, adibidez Eduardo Victoria de Lecea diputatua, zenbait legealditan hura ere Bilboko alkate izana. Honela amaitu zen ia mende bat iraun zuen etapa luzea, erakundea Zazpikaleetan (egungo María Muñoz kalean) egon zeneko etapa, eta han laga zituen lokalak gaur egun Bilboko Arkeologia, Etnografia eta Historia Museoaren (Euskal Museoaren) parte dira.
Hala ere, estualdi ekonomiko larriak bizi izan ziren, adibidez 1800. urtean, eta alkateak eta Batzordeak kalera irten behar izan zuten limosna eskatzera. 1834. urteko erroldan 124 gizon eta 145 emakume agertzen dira babestuta. San Bizente Paulen Karitateko Alabak 1881eko otsailaren 12an ezarri ziren bertan, Karitate Batzordearekin egindako hitzarmenaren arabera, eta Ascensión Guridi izan zen lehen Ama Nagusia. 1883an osagile bat onartu zuen Erruki Etxeak beharginen artean: Carmelo Gil Gorroño izan zen lehena, berak ezarri zuen osasun-azterketen ohitura, haurrek egunero gimnastika egiteko beharra, eta elikaduraren nutrizio-kalitatea ere nabarmen hobetu zuen.
Erruki Etxea beste jarduera batzuez ere arduratu zen urte haietan bere hormetatik kanpo: behartsuei anoak banatzeaz, eskola-koloniei oheak eta arropa emateaz, Txertatze Institutuaren kudeaketaz eta abarrez.
XIX. mendetik XX.era igarotzean babestuak gehitu egin ziren, baina egoera ekonomikoa ere hobetu egin zen bere inprimategiaren indarrari, zezen-plazaren dohaintzari, Ehorzketa Agentzia sortzeari, hiletetan laguntzeko zerbitzuari eta prozesio, ospakizun eta ekitaldi publikoetarako aulkiak alokatzeari esker. Lanbide-heziketa ere hobetu zen, nahiz eta neskatoena etxeko lanetara mugatuta geratu. Gabonetan ohiko txerri-zozketa egiten zen, aberearen desfilea Hiriko kaleetan zehar ikuskizun handia izaten zelarik.
XX. mendean zehar Erruki Etxearen bilakaera Gerra Zibilean eta gerraostean gertaturiko gizarte-aldaketen eta Bilbok mende haren azken herenean izandako eraldaketa lasterraren araberakoa izan zen. Une batean (1987) ematen zuen aspaldiko erakunde hau desagertu egingo zela, baina ez zen horrelakorik gertatu eta 2019an irekita dago oraindik, nahiz eta zarratu dituen lantegiak eta ehorzketa-agentzia, jada ez dituen umeak hartzen eta bere zeregina zaharrentzako egoitza izatera mugatzen den.
San Mameseko Erruki Etxearen izaera eta funtzionamendu eredugarria, zalantza barik, ekintza harrogarria izan zen bere arduradunentzat; eta erakutsi zuen, XIX. mende bukaeratik gaur egunera arte, hasierako pentsaera filantropiko hura gai izan zela laguntza-postulatu modernoagoetara birmoldatzeko, denboraren joanak horrela eskatu izan dio eta. Oraindik ere Erruki Etxea bere talaian dago, itsasontzi baten branka gisa, portu-kokapen estrategiko honek Hiriarentzat ekarri duen eraldaketa-prozesua ikusten. Bere gizarte-xedea oraindik ere zeregin garrantzitsu baten ikurra da, 1872tik benetan merezimendu handiz egindakoa nabarmentzen duena.
www.bilbao.eus/bld/bitstream/handle/123456789/35172/30-31.pdf (pdf)