Zuri, hotz eta gogor, antzigarra belar, espaloi eta hango beribil bakanen gainean zegoen; hormetan gora igo eta etxeko beira hautsietatik gure pisuko geletaraino sartzen zen. Ohe zurtzen gainean paseatu eta tapaki finen artean sartzen zen, azpian zeuden gorputzak kuzkurraraziz. Airea intzirika zebilen eta iluntasuna oilartuta. Gorputzak hotzaren kontra elkartu eta bat eginda zeuden.
Lurra dardarka zegoen egunsentian, lehen argi-izpiek giroa epelduko balute bezala. Orduan, artean hotzak ikaraz, jaiki egiten zen ama, eta alabaren gorputza burusiaren azpian uzten zuen uzkurtuta, zeina bere gorputzaren gainean tolestuta baitzegoen antzigarraren hortzetatik babesteko.
Emakume hura txikia zen, baina ez zen txikiagotzen lanean; argala zen, masailak aurpegian markatuta zituen eta zainen erliebeak eskuetan. Ilea motots eder batean biltzen zuen, ondo jarritako hiru urkilekin eutsita. Tanto zuridun soineko urdin ilun bat eta bitxigileak, bere ama zaintzeagatik, oparitutako belarritakoak izaten zituen soinean; hori besterik ez zuen baliozkorik, eta harro erakustea gustatzen zitzaion. Eskailerak eta solairuetako zoruak garbitzen zituen bizibidea ateratzeko; berakatz-zopa gustatzen zitzaion. Bere alabetako batekin bizi zen: neskatoak hamabi urte zituen, zaharrena zen. Alaba hura kalera irten ohi zen errazionamendu-ilaretan janari pixka bat bilatzera, estraperlistekin tratua egiten ikasia zen, eta lana bilatzen zuen, denek bezala.
Amak, ikusi ninduenean, begiak jaitsi, burua makurtu eta sukaldera erretiratu zen, “egun on” ahul eta ia hautemanezin bat esanez; beldur eta mesfidantzen garaia zen. Saguak bezala, ohiz kanpoko zarataren batek bertako monotonia hausten zuenean, hura ere bere gelan ezkutatzen zen, beti gau-mahaiko tiraderan gordetzen zuen arrosario bat hartu eta otoitz egiten hasten zen. Han, mahaitxo haren gainean, biak, ama-alabak, lotan egoten ziren ohearen ondoan, ostra-maskor leundu eta ondo zaindu bat zegoen. Goizero garbitu eta kontu handiz uzten zuen gau-mahaiaren gainean, portzelana delikatu bat balitz bezala. Beharbada bere senarraren oroigarri bat izango zen, antza denez Otxandioko frontean desagertua zelarik; edo Zaragozako lan-eremu batean preso zegoen semearena; edo segurtasunagatik Ingalaterrara bidali zituen beste hiru alabetako batena; edo, batek daki, kontua da maskor preziatu hura maitasun bereziz tratatzen zuela.
Egun batean bere gelan ikusi nuen, maskorra belarrian zuela berbetan, itsas maskorra haririk gabeko telefono bat balitz bezala. Kamisoia jantzita zuen eta horma aldera begiratzen zuen aurpegia ezkutatuz. Une hartan burua galduta zegoela pentsatu nuen, haren inguruan bizitza aldatzen ari ziren inguruabar guztiek gainezka egin ziotela haren arrazoimenari. Ez zen harritzekoa, bere familiatik bera bakarrik zegoen, alaba zaharrena, beldurra eta egunen batean iraganera itzuli ahal izateko itxaropen txiki hori.
Egia esateko, Zaragozako eremu hartan bakarrik zegoen semearekin berbetan ari zela sinetsita berba egiten zuen maskorrarekin. Sufritu egiten zuen zerbait gertatuko ote zitzaion beldurrez. Gero alabarekin hitz egiten zuen izandako solasaldiaz. Hamabi urteko neskato hark amaren eskizofrenia eta familiako gainerako kideen absentzia jasan behar zituen. Ze garai latzak! Bakardadea, tristura, isiltasuna eta aldrebeskeria orokortuta zeuden.
Neskatoak sinetsi egiten zion amari, eta erantzun egiten zion: alai, neba ondo zegoela esaten zionean; triste, amak kontrakoa esaten zionean.
Azken aldian, amak eta alabak malenkoniatsu ziruditen, ahapeka hitz egiten zuten, mesfidantzaz mugitzen ziren eta isildu egiten ziren norbait hurbiltzen zitzaienean. Dirudienez, uste zuten seme eta neba oso gaixo zegoela, inork ez ziola kasurik egiten, ez zegoela artatuko zuen medikurik, ezta lagunduko zion botikarik ere, tripako min handiak zituela, sukarra, egarria eta bere bakardadean minez bihurrikatzen zela.
Neskatxak kezkatu egiten ninduen, baina ezin nuen amarengandik aldendu. Berarekin bakarrik nengoenean, elkarrizketa hutsalak ematen nizkion, gerraosteko garai nahasi haiekin zerikusirik bakoak. Hari, ordea, ikusmena eta pentsamenduak, gura gabe, maskorretik zetozen albisteetara joaten zitzaizkion. Ezinezkoa zen, ankerra izateaz gain, geratzen zitzaion alaba bakarra amarengandik apartatzea.
Bi egun geroago, postariak atea jo zuen; gutun bat zekarren andrearentzat. Dena oso formala izan zen. Hartu-agiria sinatu zuen. Eskua, ikusmena eta gorputz osoa ikaraz dardarka jarri zitzaizkion igorlea Zaragozako Ospitale Militarra zela ikustean. Ez zen semearen gutuna, agiri ofizial bat baizik. Gutun-azala ireki zuen bere espasmoen haizearen eta barruak urratzen zizkion jakingura indartsuaren artean.
Elefante-emearen ahots zaurituaz, garrasi ikaragarri bat bota zuen, etxeko paretak harramazkatu, eskailera-burua jo eta eraikin osoa zeharkatu zuena, ateak dardarka jarriz azken solairutik lehenengoraino. Auzokoak irten egin ziren hain alarau zirraragarriaren aurrean zer gertatzen zen ikustera. “Hil egin dute, semea hil dute. Faxista hiltzaile horiek semea lapurtu didate”. Eta “hiltzaileak!, hiltzaileak!” errepikatzen zuen, eskaileretan gora, eskaileretan behera lasterka heriosuharrean. Zainak hanpatuta zituen saman, begiak irtenda legez kontrol barik, aurpegian odola irakiten zuen eta tximetatik tiraka ziharduen eskuekin. Zerua beltzez estali zen eta haizeak teilatuen kontra jo zuen. Bigarren solairuko emakumea tente eta erronkari atera zen. Oihuka, atso kexatiari mehatxu egin zion, salatu egingo zuela gorri eta gezurtia zelako, eta “hiltzaileak!” oihukatzeagatik Espainia salbatzearren bizia ematen zutenen aurka. Isiltasuna mutu geratu zen eta lasaitasunak eskailera-mailak zeharkatu zituen. Etxean alaba bakarrik zegoen, ohean etzanda, ahuspez, negarrez eta dardarka, ura irakiten bezala. Eskaileretan aireak bizilagunen arteko distantziak tenkatzen zituen, eta isiltasunak, hortz zorrotz batek bezala, ama atsekabetua zauritzen zuen. Baretasun mutuaren artean, goiko solairutik eskaileretan behera zihoan ahots bat entzun zen: “Baina, andrea, ez al duzu ikusten semea galdu duela?”. Gero isiltasuna itzuli zen eta nor bere etxera sartu zen.
Emakumea bere gelan sartu zen, konkorturik eta balantzaka, ezin izan zuen semea eraman ziotenen aurka bere barrua hustu, ez zioten utzi, eta isilik egin zuen negar alabaren eta tapaki finen ondoan, haien kontra estutzen zuelarik aurpegia isilean oihu egin ahal izateko.
Gauez, antzigarra itzuli zen; eskailerak pausoz pauso igo zituen, hotz zuria maila bakoitzean barrura sartuz, isuritako hezetasunak harri bihurtuz eta, iraganeko diamante gisa, lurrean zegoen maskor hautsia kristalizatuz.
©Fernando Urien