Pedro familia xume bateko kidea zen, 1940ko hamarkada-amaieran hiri handi batean jaioa. Gauzak egunetik egunera hobeto zihoazen etxean, edo agian zuzenagoa litzateke esatea ekonomiari dagokionez hain txarto ez zebiltzala, baina Pedro arazo bat zen: gaixorik zegoen beti.
Bere osasun ahula zela-eta denboraldi luzeak eman behar izaten zituen ohean, egun asko ikastetxera joan barik, eta etxean ikasi behar izaten zuen; hori, ordea, benetako arduraz eta familiaren laguntzaz egiten zuen, eta, horregatik, ikasgai guztiak gainditzen zituen ekainean; baina, aldi berean, ezin zuen normaltasunez ariketa fisikorik edo jolasik egin, beraz, ez zuen lagunik, eta horrek garapen pertsonalean gabezia handiak eragiten zizkion; izan ere, ondo dakigun lez, gauza batzuk ez dira etxean helduekin ikasten.
Nerabezaroa iristean, 14 urterekin, haren bizitza aldatu egin zen. Haren gaitzen osabidea aurkitu zuten medikuek. Orduan, galdutako denbora berreskuratu eta bizitzatik ikasi beharra zegoen.
Uda hartan, semea bakarrik eta bakartuta zegoela ikusita, etxetik ez oso urrun zeuden igerilekuetako bazkide egin zuten gurasoek. Eta egunero hara joaten hasi zen. Hala ere, bere gabeziekin, ia konplexuekin, lagun-talde barik jarraitu zuen Pedrok.
Igerilekuetan, ordea, neska batek bihotza hunkitu zion. Halabeharrez, minutu batzuk eman zituzten berbetan, nahikoa Pedrorengan txinparta pizteko. Neskak, ordea, agurtu baino ez zuen egiten, eta, asko jota, funts edo eduki handi bako zerbait esatera mugatzen zen. Hori bai, neska gazteak, Aliciak, bere koadrila zuenez, elkarrekin gurutzatzen ziren bakoitzean, Pedro konturatzen zen haien artean irri egiten zutela.
Uda amaitzen ari zen eta gure protagonista… neskatan egitea lortu barik. Errutinara bueltatzen zenerako saiatu zen neskak harremanetarako moduren bat utz ziezaion, egunen batean elkartzeko modua, edozer gauza. Baina, bai zera!, Aliciak itxita jarraitzen zuen.
Aliciaren koadrilako beste neska bat hurbildu zitzaion eta datu garrantzitsuak eman zizkion Pedrori: Aliciak mojen ikastetxe batean ikasten omen zuen nota onekin, familiak oso zainduta omen zeukan eta igandero ikastetxean izaten zen mezatara joatera behartzen omen zuen. A zer kasualitatea: Pedrok ikasten zuen ikastetxeko fraideen ordena berekoak ziren moja haiek ere!
Hasi zen beste ikasturte bat. Pedrok hasieratik ikastetxean bertan egingo zuen lehenengoa zen, eta gainera ordu arteko gaitzak gainditurik zituen lasaitasunarekin.
Fraide berri batzuk ere iritsiak ziren ikastetxera. Haien artean, erlijio-eskolak emateaz arduratuko zen 50 urte inguruko bat. Iraganeko osasun-arazoen jakitun, oso abegitsu eta maitekor hartu zuen Pedro. Gure mutilak, bere eskarmentu ezagatik, ez zuen ezer txarrik susmatzen fraideak egiten zizkion larregizko laztanetan, lagunek irri egin arren.
Bigarren eskolan, fraide berriak adierazi zien igandeetan 10etako meza esatea eskatu ziotela kongregazio bereko mojen ikastetxean, eta laguntzaile bat beharko zuela. Pertsonaia hark zelan jokatzen zuen ikusita, inork ez zuen izena eman gura. Pedrok, ordea, bere Alicia miretsiaren ondoan egoteko aukera ikusi zuen orduan, eta berehala agertu zen prest; eta berehala onartu zuen eskaintza hain begiko zuen fraideak ere.
Iritsi zen igandea. Elizkizuna baino hamar minutu lehenago han egoteko esana zioten Pedrori. Ordu erdi lehenago iritsi zen, eta bere kutun miretsiaren zain egon zen. Alicia hogei gutxiagotan agertu zen, eta ezusteko handia izan zen harentzat Pedro bertan ikustea. Saiatu zen ez ikusiarena egiten, mutila ezagutzen ez balu lez jokatzen, baina ikaskide batzuk, udako lagunak ere bazirenak, adarra jotzen eta txantxetan hasi zitzaizkion eta Aliciak, lotsaz gorri-gorri, negar ere egin zuen.
Pedro tolesgabeak mezatan lagundu zuen. Egiten zuen lehen aldia zen eta, egia esateko, hanka-sartze dezente egin zuen. Amaitzean, ezin izan zuen Aliciarekin berbarik egin. Besteak beste, mojek gosari bikaina eman zietelako fraideari eta meza-laguntzaileari.
Handik bi egunetara mundua gainera etorri zitzaion Pedrori. Izan ere, igandean Alicia negarrez iritsi zen etxera pasatako lotsagatik, amari dena kontatu zion, eta amak ikastetxera joan eta zuzendaria jakinaren gainean jarri zuen. Zuzendaria mutilen ikastetxera joan eta izugarrizko saltsa sortu zen.
Pedrorentzat trantze edo estualdi latza izan zen. Zuzendariak deitu zion eta gela batean epaiketa sumario bat baino zerbait gehiago egin zioten: zuzendari, tutore, erlijio-irakasle eta mojaren artean eseri zuten eta lehen mailako tortura psikologikoa egin zioten.
Gertakariak bata bestearen atzetik etorri ziren:
- Pedrok ez zuen Alicia sekula gehiago ikusi.
- Mezatan ere ez zuen inoiz gehiago lagundu. Baina aste barruan goizeko 7etako meza askotara joatera behartu zuen eta arrosarioetara ere bai. Zigor horrek zirrara eragin zion eta markatu egin zuen. Ordutik aurrera erlijio-ospakizunak errepresio modu lez ikusten hasi zen.
- Gurasoek babesa eman zioten eta bizitza zelakoa den azaltzen ahalegindu ziren.
- Egun gutxitan lortu zuen heldutasuna, eta galdutako denbora berreskuratu. Besteak errespetatu egin behar direla ere ikasi zuen.
Bestalde, erlijio-irakasle zen fraide hura beste ume bati hasi zen zirri egiten. Baina hark ez zuen jasan. Bere etxean kontatu zuen eta gurasoak ikastetxera joan ziren protesta egitera. “Etxe oneko familia” zen, hirian itzala zuena. Irakasle hura beste ikastetxe batetik etorria zen, hain zuzen ere, zaletasun berberengatik eta okerragoengatik handik bidalia. Pedroren ikastetxean kendu egin zuten irakaskuntzatik eta denbora gutxira beste leku batera eroan zuten, ez dakigu nora.
Jorge Ibor
2020ko ekaina