Pagasarri, maiatzak 19. Norabidean 90 gradurengatik


Inoiz ez naiz nekatzen neure buruari eta entzun gura duenari errepikatzen Gizateriaren historiako belaunaldirik zoriontsuenetako batekoak garela. Munduaren alde onean jaiotzea egokitu zitzaigun, eta, hori gutxi balitz, garai onean, gainera. Gosearen, izurriaren eta gerraren mehatxu errealak ez ziren inoiz agertu gure bidean. Lan-prekarietatea ere ez genuen ezagutu. Hori guztia –asko da– halabeharrak oparitu zigun.

Baina, batzuetan, lagun zaharrak elkartzen garenean eta berriz elkar topatzearen poza sentitzen dudanean, iruditzen zait halabeharrari zerbait gehitu geniola geuk, zerbait ondo egingo genuela, zerbait merezimendu handikoa egon zela gure jokabidean, eta horrek guztiak batzar, otordu, bidaia edo txangoez gozarazi egiten digula orain.

Izugarri gustatzen zait hainbeste partekatu nuen jendearekin berriro elkartzea, eta are gehiago, elkargunea mendia bada.

2021eko maiatzaren 19a: garaiz iritsitakoak Indautxuko plazan zeuden goizeko bederatziak laurden gutxiagorako. Urtebete baino gehiago zen gure harreman-modua zeharo nahastu zela; bestalde, euria egin zezakeela ematen zuen eta, egia esateko, bezperako eguna ere euritsua izan zen; dena nahiko busti zegoen.

Txangoaren planteamendua urteroko berbera zen: solasaldia, tontorra, txorizoa eta tortilla … partekatzea hain ezaguna dugun mendi horretan, Pagasarrin. Ahal izanez gero, “maizen ibilitako” bidea saihestuz.

Arnotegiren maldatik igotzea zen asmoa, legarrez estalitako pista batetik gora, lokatz bakoa, alboetan zuhaizti trinkoak dituena, San Roke hesira doan errepidearen ondotik. Bi ibilbideak ia gainjarri egiten dira, baina haien giroak oso desberdinak dira. Aukeratua, askoz politagoa. Ibilbidea, noski, luzeagoa ere bai.

Bidearen erdialdera harrapatu gintuen zaparrada arinak eta pista ohikoenaren inguruko bidezidorretan metatutako lokatzak eragotzi ziguten gura genuen ibilbidearen bigarren zatiari ekitea: Gangoitiren hegoaldeko maldaren zati bat estaltzen duen altzifreen landaketa trinkoari, alegia.

Oso bide polita eta bitxia da: tunel ilun batean sartzea bezala da, haren ganga argiari ozta-ozta pasatzen uzten dioten altzifreen adaburuek osatzen dute. Ez da oso bide argia, eta pena izan zen saiatzerik ere ez izatea: alferrik galdu genuen horrela (apur bat) galtzeko genuen aukera bakarra.

Erritmoa ona izan zen eta, 11:00ak pasata, aterpe barruan geunden, tortilla eta txorizoa jaten eta txor-txor berbetan. Hala ere, anekdota geratzen da, niretzat eguneko gauzarik onena:  ezustekoa.

29 urtez Pagasarrira egindako ibilaldien ostean, BBKrekin lehenengo, Kutxabankekin gero, BBKrekin azkenean, eguneko ezustekoa Rosak oparitu zidan/zigun. Zuzenean Larraskiturantz abiatzekoak ginen, Zabalburu eta Juan de Garaytik aurrera; ni harantz begira nengoela … Rosak Amezolarantz abiatzea iradoki zuen, ondoren Irala auzoaren azpitik San Adrianerantz jotzeko.

Ordezko aukera hark aurreikusitako norabidetik 90 gradu inguru desbideratzen gintuen, gero, noski, zuzendu behar genuena Larraskituko bidera itzultzeko.

Nire lehen erreakzioa –isila– arbuiozkoa izan zen: Zertarako desbideratu? Zergatik luzatu behar barik ibilbidea? Baina berehala etorri zen erreakzioaren erreakzioa: tira, bigarren erreakzioa. Zeren, azken batean, zer egin izan genuen Pagasarrirako martxa guztietan, ibilbide guztiak luzatzea izan ezik? Ez al zeuden, hain zuzen ere, “luzapenetan”, ohikoenetik irtete haietan, ibilbide guztien gauzarik erakargarrienak?

Beraz, Rosak esaten zuen lekutik joan ginen eta, ni behintzat, harritu ninduen Bilboko txoko batean aurkitu nintzen, ezagutzen ez nuen eta bere xarma-dosi onak zituen leku bat zen.

Ibilbideari dagokionez, hura izan zen, niretzat, eguneko gauzarik onena. Eragozpen bakarra ez ginela galdu. Hori kristorena izango zen. Datorren urtean, berriro saiatuko gara.

Pagasarri, 2021

Image 1 of 5

Utzi iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.