Esnatzean, buruan kolpe bat hartu zuela konturatu zen Leonard, oharkabean eskua oinazea sentitzen zuen lekura eraman zuen eta hezetasuna nabaritu zuen; esku-ahurrari begiratzean odola ikusi zuen, izutu eta zutitzen saiatu zen, baina gorputzaren zati bat autoaren karrozeria bihurrituan harrapatuta zeukan. Istripu bat izan zuen. Jiratzean, bere semearen gorputza ohatila batean konorte barik ikusi zuen, anbulantzian sartzen ari ziren. «Seme!». Ez zuen etsi, bere gorputza behartu zuen eta harrapatuta zegoen autoko burdina bihurrien artetik atera ahal izan zen. Anbulantzian sartu zen, ohatilan begiak itxita, zurbil, etzanda zegoen semeari lagun egiten. Leonarden bihotzak bere pultsua bizkortu zuen oroitzapenaren argiekin. «Ez nuen inoiz kamioia aurreratzen saiatu behar, oso eguraldi txarra egiten zuen, gutxi ikusten zen…. Zer presa neukan?». Bere lokietan taupadak nabaritzen zituen, kolpez kolpe, eta erruduntasunezko hezeguneak eragiten joan ziren haren begi-ninietan.
«Ene seme!». Bi hitz horiek zelanbaiteko beldurrez atera zitzaizkion ezpainetatik, ia mutu. Emeki-emeki pasatu zuen eskua mutikoaren aurpegiaren gainean, behin eta berriz, otoitz egiten ari balitz bezala: «Esnatu, seme! Esnatu, seme! Esnatu, seme!…».
Mutikoari, ohatilan etzanda, odol apur bat zerion bekokitik, ubeldurak zituen aurpegian eta besoetan, begiak itxita zeuzkan. Sirena-hotsak tinpanoak zulatu gura zizkiola ematen zuen. Semea, ordea, geldirik zegoen, kaleko hotsetatik eta ibilgailuaren astinaldietatik oso urrun bezala. Leonardek ezin zuen onartu mutikoaren absentzia hura.
– Seme, entzuten didazu? Hemen nago zurekin, zure ondoan. Entzuten didazu?
Mutikoak geldirik jarraitzen zuen, hotz, betazalak itxita eta azala zurbil. Euria hasi zuen, uraren kolpeak entzuten ziren anbulantziaren karrozerian, eta bazirudien txapa doblatuko zuela txinparta-hots ozenak.
– Gogoratzen zara Errege Magoek peluxezko hartz txiki bat ekarri zizuten urte hartaz? Kotoizkoa zirudien. Beso artean hartu zenuen eta ez zenuen gura inork ukitzerik. Zein zoriontsua zinen, seme! Txikia zinen, baina urte hartatik aurrera hartz txiki hark gauero lagun egin dizu, beti zure besoen artean. Ez duzu abandonatuko, ezta? Ez ezazu bakarrik utzi! Ireki begiak! Esnatu egin behar duzu.
Leonardek kontu handiz hartu zion eskua semeari, ez zegoen hotz, zainak taupadaka ari zitzaizkion, hori garbi nabaritzen zuen semearen eskua bereen artean estutzen zuen bitartean, bizi-bulkada bat eman gura ziolarik.
Anbulantzia geldi geratu zen. Zaindari batek ibilgailuaren ateak ireki eta ohatila atera zuen mutikoarekin. Leonardek ahal izan zuen bezala jarraitu zien. Haren aita zela esaten zuen, baina ez zioten jaramonik egiten, entzungor egiten zioten. Denak mutikoari begira zeuden, konorte barik, gero eta zurbilago zegoela ematen baitzuen. Zenbait osaketa egin ostean, gela batera igo zuten. Leonard ez zen unetxo batez ere harengandik aldendu.
– Hobeto zaude? Osatu egin zaituzte. Zeure aurpegia ikusiko bazenu… Orain garbi zaude, kolore hobea ere baduzu. Seme, esnatu, esnatu egin behar duzu, ezin diozu amari atsekabe hau eman. Ez zaitzala horrela ikus, hain geldi… hain lokartuta…
Leonardek semearen aurpegia laztandu zuen, harengana hurbildu, eta emeki-emeki, munduko konturik handienaz, musu eman zion masailean, haize leun baten gisara.
– Gogoan duzu kayakarekin joan ginenekoa eta, portutik aldenduta, olatu indartsu batek harkaitzen kontra bultzatu gintuenekoa? Uste nuen ez ginela handik onik aterako, baina haitzei helduta igo ginen lehorreraino. Gogoan duzu? Onik atera ginen hartatik, ezta? Honetatik ere atera behar duzu, seme –ahots erlastua atera zitzaion eztarritik… ahots hautsia–. Heldu bizitzari, ez amore eman, lehorrera iritsiko gara berriro.
Erizain bat sartu zen gelan. Ohe ondotik alde batera erretiratu zen Leonard. Osasun-langileak seruma jarri zion mutikoari.
«Nire semea oso txarto egongo da, arreta guztiz zaintzen baitute, interes eta urgentzia handiz…».
Gela ilunpetan zegoen, leihoko pertsianak erdi jaitsita, eta isiltasuna pareta zurietan lerratzen zen mutikoa geldirik zegoen oheraino. Leonardek, ia igurtzi barik, maindireen gainetik ukitu zuen haren gorputz osoa, goitik behera. Zein geldi zeuden gorputz atal haiek, beste garai batean, jostari eta nekaezin, bizitzaren eta zalapartaren erakusgarri ukaezinak izandakoak.
– Seme, entzuten didazu? Ezin zara horrela geratu, hain lokartuta. Badakizu? Beldurra ematen duzu… eta ez dut gura zure ama ikaratzea. Gogoan duzu zein kezkatuta egon zinen bera gaixotu zen garai hartan? Denbora asko samar eman zuen ohean, eta zu ez zinen haren aldamenetik aldentzen. Ez duzu zure ama kezkatzea nahiko, ezta? Irten egin behar duzu loaldi triste horretatik eta ezpainak mugitu, hain irribarre handiz, non zure ama poztu besterik ezingo den egin zu ikustean.
Leonardek semearen gorputzaren ondoan pausatu zuen bere burua, eta hezetasun-ildo batzuk joan zitzaizkion sudurretik behera. Une hartan atea ireki eta Marta, bere emaztea, sartu zen. Leonardek jauzi egin zuen oihu eginez gura gabe: «Esnatu!», eta mutikoak begiak ireki zituen.
– Aita! Aita!
Marta ohera hurbildu zen eta, masaila laztanduz, erantzun zuen:
– Seme, aita ez dago.
– Aita! Aita! –mutikoak behin eta berriz.
Amak, bere aurpegi eroriarekin, erantzuten zion:
– Aita ez dago, seme. Aita ez dago.
Hainbeste tematu zen semea, eta hainbeste ama tristea ere, non azkenean isildu egin baitzen mutikoa. Sabaira begiratu zuen pixka batean, eta gero, begi-niniak bustita, esan zion amari:
– Ama, ekarri peluxezko hartz txikia, berarekin lo egin gura dut eta.
©F. Urien