itsasoko istorioak

Gizateriaren zati baten gogorkeriaren aurrean, gainerakoen samurtasuna eta enpatia daude.

Duela urte batzuk kontatu zidan adiskide on, marinel bikain eta geroago kapitain handia izan zen batek. Nautikako ikasleek itsasontzietan egiten dituzten praktika horietako bat egiten ari zela, telefonoz deitzera joan omen zen hartarako zegoen ohiko kabinara. Baina une hartan telefonoan beste norbait zegoen eta, beraz, zain egon behar izan zuen. Handik pixka batera, marinel filipinar bat atera zen, aurpegia itxuragabetuta eta negarrez, eta nire laguna ikustean, besarkatu eta negarrez jarraitu zuen tarte luze samar batean.

Nire lagunak galdetu zion: “Zer gertatzen zaizu?”. Marinelak, erantzun: “Arreba txikia hil zait”, eta negarrez jarraitu zuen. Nire lagunak, ahal zuen legez, kontsolatu eta berekin eraman zuen beste lagun batzuk zeuden lekura. Han berbetan jardun zuten eta gizonak hurrengo portuan lehorreratzea erabaki zuen, Filipinetan bere arrebaren hiletara iritsi ahal izateko. Ontzi-konpainiarekin hitz egin zuen, baina konpainiak uko egin zion laguntzeari, eta ohartarazi zion, lehorreratu nahi bazuen, bere kontura eta sortzen ziren gastuak berak ordainduta egin beharko zuela. Erantzun haren aurrean, gizona zeharo lur jota geratu zen, hurrengo portua Jordania izanik, handik Filipinetara bere etxera joateak gastu handiegia eragingo baitzion, eta ezingo zuen.

Baina ontzi-konpainiaren gogorkeriaren aurrean, gainerako kideen enpatia eta samurtasuna zeuden, eta eskuzabaltasunezko ekintza batean, diru-bilketa egitea erabaki zuten, gizona lehorreratu eta hiletan egon zedin.

Halaxe egin zuten, eta gizona garaiz iritsi zen arreba agurtzeko. Hogei egun geroago, ontzi berera itzuli zen berriro lanera: itzelezko gas-ontzi bat zen, aipatzea ere merezi ez duena.

Besarkada bat.

Juan Carlos Ruiz de Villa                    2026.04.19

Utzi iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude