1.- NOLA IRITSI ZEN MYANMAR GAUR EGUNGO EGOERARA?
o Sozialismoranzko Bide Birmaniarra.
. Kasu berezia: Bortxatzaileen Batailoiak.
o Urrezko Triangelua.
o Theravada Budismoa.
o Hezkuntza-sistema eskasa eta superstizioak.
NOLA IRITSI ZEN MYANMAR GAUR EGUNGO EGOERA EKONOMIKO ETA SOZIALERA?
Zer gertatu zen, Myanmar hain urte gutxian garapen sendoa izateko bidean egotetik aurri-egoeran dagoen herrialdea izatera igarotzeko?
Zer dela-eta izan zen Erresuma Batuarekiko independentzia (1948) lortu ondorengo demokrazia hain efimeroa eta nolatan bihurtu zen denbora gutxian diktadura militar?
Zer dela-eta jasaten du herriak, salbuespen puntual batzuetan izan ezik, hainbesteko tirania eta hainbesteko gaiztakeria?
Nire ustez, ondorioak lortzeko, beharrezkoa da bere oraintsuko iragana apur bat ezagutzea. Historialari izateko asmorik ez daukat. Dibulgatzaile apal bat besterik ez naiz, jakin-mina duena, irakurri egiten duena, galderak egiten dituena, bere ondorioetara iristen dena –batzuetan, edo askotan, okerrak izango dira beharbada–, eta egitateak ulertzen dituen moduan azaltzen dituena, erabat edo hein batean huts egiteko arrisku nabarmenarekin.
Nire ustez, sarreran azaldutako puntuak nabarmentzen dira. Haiek ezagutzea funtsezkoa da Myanmarren gaur egungo egoera neurri batean bederen ulertzeko.
SOZIALISMORANZKO BIDE BIRMANIARRA

II. Mundu Gerra eta Koreako eta Japoniako tropen inbasio mingarri eta maltzurra gainditu ondoren, eta Maoren Txinatik kanporatutako narkotrafikatzaileak iparraldean bazterturik zeudela, herriak kolonialismoaren aurka eta askatasunaren alde egindako borrokak Askapenaren Armada miretsiaren (Tatmadaw) laguntza jaso zuen.
1948an herrialdeak independentzia lortu zuen, eta aldi demokratikoan murgildu zen eite federalistako Gobernuaren eskutik, zeina herrialde moderno baten oinarriak ezartzen saiatu baitzen, herria elikatzeko eta ongizatea sortzeko behar besteko garapen ekonomikoa bultzatuz. Nolanahi ere, ustelkeria hasi zen nagusitzen politikarien artean; batez ere, multinazional handiek ez zutelako inolako eskrupulurik bertako aberastasun natural itzelak kontrolatzeko borrokan.
Barne-mailan, zalantzarik gabe eragina izan zuen profil zeharo ezberdineko kultura- eta nazionalitate-aniztasunak. Etnia birmaniarra zen nagusi, eta gehiegikeriak egiten zituen askotan. Gobernu gaztea ordena jartzen saiatu zen, eskualde bakoitzari pixkanaka-pixkanaka autonomia handiagoa emanez, baina horrek Estatuko aparatua ahultzea esan nahi zuen batzuentzat –militarrentzat batik bat–.
1949an, askatasun irrikatua lortu eta urtebete eskasera, Alderdi Komunistako U Nu komandantearen esanetara zegoen militar-talde batek kendu egin zuen Gobernu demokratikoa. Agintariak, hasiera batean, bere ideologia gorabehera, baimendu egin zuen herrialdean atzerriko enpresak eta kapitala, ekimen eta jabetza pribatua eta turistak –kopuru mugatuan betiere– sartzea.
Armadak garai hartan puri-purian zeuden munduko mugimendu sozialisten jarraitzaile handien nazioarteko babesa zuen. Agintarien artean, 1962ko kolpearen ondoren Gobernuko presidente izango zena nabarmentzen zen, Ne Win. Bere pentsaeran, ideia marxista leninistarik gogorrenak ziren nagusi, aberatsen, multinazionalen eta herrialde handien kapitalaren menderatzea gorrotatzera eramaten zutenak. Diskurtsoetan esaten zutenez, horrek askorentzat gorrotagarria zen kolonialismo ingelesaren garai latza gogorarazten zion herriari.
Teoria leninista gailendu zen, zeinaren arabera Estatuaren aparatua defendatu egin behar den alde guztietan zelatan dauden etsaien aurrean, nahiz eta horrek aldi baterako odola eta pobrezia ekarri. Sozialismoaren garaipenak, azkenean, eragindako kalte guztia konpentsatuko duela esaten zuten.
«Proletariotzaren diktadura» ezartzeko helburua omen zuen Gobernu totalitario berriak gogortasunez menderatu zuen herrialdea, eta horrek erabateko ustelkeriara iristeko aitzakia eman zion; hala, hondamendi ekonomiko, kultural eta moralera eraman zuen herrialdea.
Altxamendu militarraren ondorioz ipinitako agintariak ekonomia nazionalizatzeaz arduratu ziren, lehendik zeuden enpresa esanguratsu bakanak tamaina txikiko enpresa berri eta ugariago bihurtuz, autarkia ezarriz eta, beraz, inportazioak eta esportazioak debekatuz. Horrez gain, landa kolektibizatu zuten, baina hain zenez kaskarra haien praxia, munduan arroz gehien ekoizten duen bigarren herrialdea eta esportatzaile nagusia oinarrizko elikagai horren eskasia izatera eta gosea pairatzera igaro zen. Turismoa ere debekatu zuten, eta kanporatu egin zituzten GKEak eta bertan finkatutako atzerriko herritarrak.
Populismo-ariketa goren batean, gizartearen eta enpresen ordezkari guztiekiko mespretxua transmititu eta ezarri zuten herrian, batez ere gaitasun intelektuala edo ezagutzak zituztenekiko; ondorioz, masek hartu zuten boterea arlo guztietan, baita ekonomikoan ere, nahiz eta prestakuntza gutxi edo deuseza izan. Modu horretan, masen babesa jaso nahi zuten, haien ideia erradikalak inposatu ahal izateko.
Hala ere, erlijioa bultzatzerakoan –zehazki, Theravada budismoa–, maxima marxista bat apurtu zuten. Herritarren artean jarraitzaile gehien zituen erlijio hura muturrekoagoa bihurtu zen eta funtsezkoa izan zen herria lokartzeko.
Denboraren joanak aukera eman zuen bitartean, estatu-kolpearen ostean sortutako Batzorde Iraultzaileak, elite militarreko 23 kidez osaturikoak, botere guztia monopolizatu zuen: bertako kideak soilik izan zitezkeen Gobernuko kide.
Mugimendu horri oinarri sozial bat emateko, Birmaniar Programa Sozialistaren Alderdia sortu zuten, zeinaren kupula itxian Batzorde Iraultzaileko kide mugiezinak eta beste gutxi batzuk besterik ez zeuden. Bitxia bada ere, hiru maila zeuden alderdi horretan, eta ia afiliatu guztiak –sartu baino lehen iragazki zorrotzak igaro zituztela– maila horietatik baxuenean geratu ziren, militante aktibo izateko izangai gisa sailkatuta geratuz betiko.
Sozialismoranzko Bide Birmaniarrak sozializatu egin zituen pobrezia eta ezjakintasuna, eta bere elite izugarriak aberastasuna eta boterea eskuratu zituen gizartean, lider budistekin batera.
1988an, mugimendu hori ahuldu egin zen aldi baterako, gizartean piztutako iraultza baten ondorioz; alabaina, odola eta sua tarteko, beste kolpe militar batek berehala itzalarazi zuen iraultza hori. Agintari berriek herrialdea espoliatzen eta kontrolatzen jarraitzea erabaki zuten, jada mozorro politikorik gabe.
Militarrek eta haien ondorengo kolpistek –guztiak birmaniarrak zirela esan genezake– herrialdeko aberastasun natural izugarriak hierarkiaren artean banatzea beste kezkarik ez zuten izan.
Agintari berriak herritarren artean oso zabalduta dagoen superstizioan oinarritu ziren, eta, hala, xamanak, igarleak, astrologoak eta ameslariak ipini zituzten aginte-postuetan; askotan, gainera, zegokion diktadorearen eta haren ministroen arteko tarteko maila bete zuten halakoek.
Azken batean, armadako buruzagiek ez diote inoiz herrialdean agintzeari utzi, dela zuzenean, dela demokrazia zelatatuaren aldi laburretan kontrolatzaile gisa jardunez.
Ezinezkoa da gizarte honetan –beste gizarte askotan bezala– egin duten eta egiten jarraitzen duten gaizkia laburbiltzea. Edo, salbuespenak salbuespen, jaso dituzten laguntza budistak justifikatzea.
2009ko maiatzaren 2an, zikloi ikaragarri batek suntsitu egin zuen herrialdea. NBEren arabera, 100.000 biktima baino gehiago eragin zituen eta 2.000.000 pertsona inguruk lekualdatu egin behar izan zuten. Myanmar blokeo latza ari zen pairatzen nazioartean, bertako diktadura ahultzeko xedearekin. Alabaina, hondamendi haren larritasuna ikusirik, gobernu eta GKE askok laguntza bidaltzea erabaki zuten, eta ez nolanahikoa. Baina agintari militarrek konfiskatu egin zituzten laguntza haiek, eta, handik denbora batera, zati bat banatzen hasi ziren, Gobernuaren zigilua ipinita, propaganda egiteko helburuarekin. Hala ere, jasotako gehiena merkatu beltzean saldu zuten, agintari asegaitzen etekinak areagotzeko.
BORTXATZAILEEN BATAILOIA
Duela gutxi izan dut Bortxatzaileen Batailoia delakoaren berri. Aipurik ere egin diot, gainera, Karen herriari buruz hitz egitean. Batailoi horri erreferentzia egiten dioten artikulu eta txostenak badauden arren, hain gogorra izatean, asmakeria baten aurrean nengoela pentsatzen nuen edo pentsatu beharra neukan.
Espainian, besteak beste ABC eta El Mundo egunkariek garatu dute gaia, zeina ACNURen 2006ko eta Amnistia Internazionalaren 2007ko txostenetan jasota dagoen. Gaur egun, azken Estatu-kolpearen ostean, berriro hitz egiten da gaiari buruz.
Wikipediak ere jasotzen du gaia, honela:
Soldadu-talde birmaniarrak dira, zenbaitetan goi-mailakoak, Myanmarren eta Thailandiaren arteko mugan bizi diren Shan gehiengo etnikoko emakumeak eta neskatoak sistematikoki eta selektiboki bortxatzen dituztenak. Eskuadroi horiek talde etnikoa ikaratzeko, desmoralizatzeko, erreprimitzeko eta kontrolatzeko asmoarekin sortu ziren, baita, azken batean, Thailandia aldera erbesteratzeko ere.
Ez dut xehetasun gehiagorik emango. Nahi duenak Interneten kontsulta dezake. Soilik erantsi nahi dut azken salaketen arabera gaur egungo Gobernu militarrak rohingyen errepresio-ekintzetara zabaldu duela jardunbide hori, Bangladeshera lekualdatzera behartzeko asmoz.
Ikusten duzuenez, Erdi Aroak errotuta jarraitzen du herrialde honetan.
URREZKO TRIANGELUA

«Urrezko Triangelu» izenak opioarekin du zerikusia, mitxoleta-barietate ugari lantzen baitira han. Opioa, garai batean, sendagai gisa erabiltzen zen Ekialdeko gizartean, eta, hain zen preziatua, non txinatar dirudunek urretan ordaintzen zuten haren salneurria. Hortik datorkio izena, hain zuzen ere. Besteak beste, Ingalaterra negozio horretan indarrez sartu zenean piztu zen «Opioaren Gerra».
Maoren Alderdi Komunistak opioa ekoizteko mitxoleta-laboreak pertsegitzea erabaki zuenean, txinatar nazionalistek, ekoizpen hori diru-iturri handia zenez beren erresistentzia armatuari eusteko, Myanmar eta Thailandia iparraldeko eremu basotu batera lekualdatzea erabaki zuten. «Armada galdua» deitzen zitzaien, erregimen komunistaren aurkari aktibo gehienak Taiwanen errefuxiatu zirenez hauek atzean geratu baitziren.
II. Mundu Gerra amaitzean, AEBk, Maoren politikaren hedapena geldiarazteko asmoz –gogora dezagun armada birmaniarreko buruzagiek eragin marxista zutela–, laguntza eta finantzaketa eman zizkien militar horiei, eta Gerraren Jauntxo bihurtu zituen haien agintariak.
Alde horretatik, talde armatu horietako kideek historikoki beren burua defendatu izan dute argudiatuz haiek ez zutela opioa lantzen. Bi iturritatik biltzen zuten dirua:
– Drogak lantzeko eta trafikatzeko sareetatik, haien babesa ematearen truke.
– CIAren eskutik, Myanmar, Thailandia, Kanbodia, Laos eta abarreko armada eta talde armatu komunisten aurka gerrilla-motako borrokari eusteagatik
Vietnamgo porrotaren ostean, iparramerikarrek Asiaren hego-ekialdean oposizio-politika uztea erabaki zuten, eta, ildo horretan, alde egin zuten Myanmarretik, hein batean haiek eragindako arazo larria konpondu gabe. Egoera hartan, drogaren kartel sendoak kokatu ziren herrialdean, guztiak ere goitik behera armatuta eta ezin hobeto antolatuta.
Hori gutxi ez, eta, berriki Afganistandik irtetean gertatu zen bezala, armak eraman gabe joan ziren.
Ezin hobeto ekipatutako kartel horiek egundoko indarra hartu zuten, eta haien lider Khun Sa bere mendean 25.000 kidetik gorako armada izatera iritsi zen. Shan lurraldearen independentzia ere aldarrikatu zuen, narkoestatu bat sortzeko asmoz. Horrek gatazka militar gogorrak eragin zituen. Liskar horiek 1996an amaitu ziren; hain zuzen ere, Gobernu birmaniarrak, aipaturiko Khun Sa buruzagi nagusiaren askapena lortzeko asmoz, Yangon hirian zeukan egoitza partikularrean bizitzeko aukera izango zuela adostu zuenean harekin, mugikortasunaren aldetik inolako mugarik gabe, bilerak egiteko eskubidearekin, eta Estatuaren mendeko zaintza armatuarekin. Estatuak, izan ere, zaintzaren kostua ez ezik, buruzagi hari mantenua eta erosotasunak emateko ardura ere hartu zuen bere gain. Gizon hura 2007an hil zen.
Gaur egun, Myanmar iparraldeko eskualde hori laborategiko droga sintetikoen esperimentaziorako munduko zentro handiena dela jotzen da. Thailandia iparraldean, lo-belarraren laborantzan jardundako eremu mugakidean, opio-ustiategi txiki batzuk baino ez dira geratzen; haietako ekoizpena Gobernuaren kontrolpean dago eta medikuntza-helburuetara bideratzen da soil-soilik.

THERAVADA BUDISMOA

Birmaniar herria, oso superstiziosoa izateaz gainera, guztiz erlijiosoa ere bada, eta nagusiki Theravada budismoaren jarraitzailea. Adar horrek, printzipioz, hitzez hitz aplikatzen ditu Budaren esanak, eta ez du onartzen haien inguruko eztabaidarik, kritikarik, interpretaziorik eta garai nahiz ezagutza berrietara egindako egokitzapenik. Biztanleriaren % 89 da horren jarraitzaile; beste sinesmenak gainerako % 11ren artean banatzen dira, eta horien artean dago rohingyek jarraitzen duten islamismoa.
Ez daukat argi erlijio bat den. Haien esanetan filosofia bat da, ez baitute jainko batean sinesten. Buda nola adoratzen duten ikusita, haien iritzian zer irudikatzen duen galdetzen diot neure buruari.
Siddharta Gautama Buda Kristo aurreko VI. mendean Nepalen jaiotako printze bat izan zen, zeinak ondasun materialei uko eginez eta meditazioaren bidez lortu zuen iluminazioa.
Deigarria da budismoak eta Budaren irudiek duten presentzia etengabe eta bizia.
Nonahi daude. Harritu egin ninduen haren buruaren inguruan behin eta berriz ikusten den «santu-aurak», kolore bizietako eta argi keinukariko LED argiez osatua. Gure gida estimatuaren esanetan, haren «superbotereak» nabarmentzeko modua da hori.
Filosofia horren helburua berraragitzeen bidez pertsona jainkotiar energian integratzea da, desira erabat alboratuz, hori baita gizateriaren gaitz nagusia; horretarako, Budaren mandatuak ditu lagun.
Dagokion pertsona, bizitzan zehar egiten duenaren arabera, animalia gisa itzuliko da hurrengo bizitzara, balantzea oso negatiboa bada –arratoiak eta bufaloak dira okerrenak–, edota maila sozial edo ekonomiko handiagoko edo txikiagoko pertsona gisa, gainerako kasuetan.
Hainbat aldiz jarraian –oker ez banago, zazpi– «txintxo portatuz gero», nirvana lortuko du, energia osoan integratzea. Horretarako, Budaren irakaskuntzei jarraitu behar zaie, esan bezala.
Etorkizuneko berraragitze baterako «kalifikazio hobea» lortu ahal izateko, funtsezkoak dira merezimenduak: pobrea denak daukan apurraren zati bat monjeei eman behar die eta nagusien esanetara egon behar du beti; aberatsa denak dirua edo ondasunak eman behar dizkie monasterioei eta pagodei; behar beste diru duenak, berriz, erlijio-eraikinak eraiki eta/edo apaindu behar ditu. Nahikoa da ekintza hori bizitzaren azken unean egitea.
Horren guztiaren ondorioz, tenplu askotan fruta edo barazki freskoz inguratuta ikus dezakegu Buda, eta bere eskulturak behin eta berriz ezartzen diren urre-xaflez apainduta, gehiagorako ez daukatenen merezimendu.
Hona hemen merezimendu horietako baten adibide bat, San Yurekin gaiari buruz hitz egitean ondorioztatu genuenaren arabera:
Langile bat behartsua da jaiotzez, oso gaizki ordainduta dago, eta egunetik egunera aberatsagoa eta zorrotzagoa den bere ugazabak oso tratu txarra ematen dio. Behargin apalak kontuan hartu behar du, lehenik eta behin, aurreko beste bizitza batean behar adina merezimendu egin ez zituelako bizi dela horrela –berea da errua–, eta bere nagusiari kontrakoa gertatzen zaiola.
Gerora bizitza hobea izateko, partekatu egin beharko du daukan apurra; horrela, askoz hobeto biziko da. Haren ugazaba, berriz, azken orduko merezimendurik egiten ez badu behintzat, zerbait okerragoan berraragituko da.

Adierazitakoa are gehiago nahaspilatzeko, nat-etan ere sinesten dute; aurreko ataletan hitz egin dut haiei buruz.
Birmaniarrek laugarren Budaren irakaskuntzei jarraitzen diete. Bosgarrena etortzeko 1.500 urte baino gehiago falta direla uste dute.
Monjeak arduratzen dira Budaren doktrina interpretatzeaz eta zabaltzeaz. Monjeek ezin dute lanik egin. Ikasi, meditatu eta apostolutza besterik ezin dute egin. Gainera,
- Goizero-goizero eltze beltz bat hartuta janari-eske ibiltzen diren nobizioei oparitzen dizkieten elikagaiak jaten dituzte. Emakumezko nobiziek zilarrezko ontzi batekin eskatzen dute dirua. Batzuetan, monjeak ere ikusten dira eskean.
- Pagoda, tenplu eta monasterioetan jasotzen dituzten dohaintzetako dirua administratzen dute, eta, haiek bizirik irauteko ez ezik, aldare hobeak egiteko eta pagoda, tenplu nahiz monasterio gehiago eraikitzeko erabiltzen dute.
- Teorian, ezin dute luxurik eduki eta ezin dute telebista ikusi, meditatzen ari direnean arreta ez galtzeko. Pobrezian eta kastitatean bizi behar dute.
Nolanahi ere, gauza jakina da ez dituztela manu horiek betetzen: askok azken belaunaldiko telefono mugikorrak eta luxuzko eguzki-betaurrekoak dauzkate, monasterioetan Interneta daukate, noizean behin alkohola edaten dute, apustuak egiten dituzte, eta «neska-lagunik» ere izaten dute. Hurrengo bizitzan ordainduko dutela esaten dute, noski. Baina, beren sinesmenak indartze aldera, gaizkia ere probatu behar dutela esaten dute. Eta, bestela, damutuko direla.
Azafrai-koloreko tunika gorri bat eramaten dute soinean, tibetar budistena baino ilunagoa, eta soilduta eramaten dute burua, Budaren aurrean apaltasun-seinale gisa. Ez da ukitu behar monjeen arropa, ez eta haien itzala zapaldu ere.

Herrialdeko pobrezia eta bertako biztanleek aurrera egiteko duten itxaropen txikia direla-eta, seme-alabaren bat seminarista izaten saiatzen dira familiak; zehazki, zortzi biztanletik batek lortzen du helburua.
Haurrak zazpi edo zortzi urte dituztenean banantzen dituzte familiatik, jai-giroan ospakizun bat egin ondoren, eta hogeita bi urte ingururekin monje bihurtzen diren arte ia ez dituzte berriro ikusten –gurasoek urtean behin edo bitan bakarrik ikus ditzakete–.
Egia da nahiko erraz baztertu ditzaketela ohiturak. Hala egiten dute hainbat urtez beren familiak baino askoz hobeto bizi ondoren, eta bizitza arruntean amestu ere egingo ez zuketen ezagutza-maila eskuratu ostean.
Azken urteotan, ingelesa ikasteko zaletasuna zabaldu da monasterioetan.
Denbora asko eskaintzen diote meditazioari. Inguruan dauzkaten arazoak alde batera utzita, gogamena zurian nola utzi praktikatzen dute. Hori lortu ondoren, eta arreta ez galtzearren, geldirik egoten dira, eserita edo etzanda, edo paseatzen ibiltzen dira, begirada oinak dauzkaten lekutik metro bat baino gehiago urrundu gabe, ez distraitzeko. Teorian behintzat.
Azpimarratu beharreko beste puntu bat da tenpluetan fededunak otoitz egiten edo kantatzen ikus daitezkeela, beste batzuk jaten edo freskagarriak edaten; mota guztietako dendak daude, baita bulegoak eta/edo kutxazainak ere, segur aski erromesen dohaintzak jasotzeko.
Azkenik, pagoda, tenplu eta monasterioetan oinutsik sartu behar da, galtzerdirik gabe, eta emakumeek begirunez jantzita egon behar dute. Emakumeek ezin diote Budari eskaintzarik egin, ez-puruak baitira. Budismo hori eta guk ezagutzen dugun berdintasuna ez dira oso ondo ezkontzen. Arestian aipatutako Burmese Days liburuan, Georges Orwellek esaten zuen budista batentzat teorian okerrena arratoi edo igel berraragitzea dela, nahiz eta, haren iritzian, emakume berraragitzea ere ez zen batere aukera ona.
Joaquín ekarri nahi nuke gogora, «la cordera» deitzen genuena, 42 urterekin minbiziak jota hila, urtebetez pisukide izana eta Majarah Ji guruaren jarraitzailea zena. Egunero, bazkalondoan, meditatzen ematen zuen tarte bat. Bere zurrungek ederki erakusten zuten zenbateraino lortzen zuen mundutik isolatzea. Gainerakoan, pertsona sinple eta atsegina zen, lagunen laguna. Eta apostolutza-lanetan porrot egina.

HEZKUNTZA-SISTEMA ESKASA ETA SUPERSTIZIOAK
Pobrezia hezkuntza-sistema mugatuan ere islatzen da, erregimen militarren garaian bereziki larriagotua, sekula ez baitzizkioten behar besteko arreta eta zuzkidura eskaini.
Epealdi demokratikoan, hezkuntza-sistema indartzeko ahalegina egin zen. Baina, erreportajeren batean ikusi dudanaren arabera, pandemia zela-eta konfinatu egin behar izan zuten herrialdea; irakaskuntza-zentroak alternatibarik gabe itxi zituzten, zentro horiek ez baitzeukaten jarduteko inolako ahalmenik, ez eta etxe apalek baliabide informatikoak erabiltzeko baliabiderik ere.
Gainera, azken estatu-kolpearen ondoren gatazka-maila handia dagoenez, Gobernuak, lerrok idazten ari naizen unean, oraindik ere itxita dauzka ikastetxe guztiak. Gauzak horrela, 18 hilabete jarraian daramatzate eskolarik gabe.
Horrek indartu egiten du familietan dagoen ohitura edo premia, semeak seminario budisten esku uztekoa eta filosofia edo erlijio zorrotz horretan murgiltzekoa, aurrera egin dezaten.
Ez dezagun ahaztu ezjakintasunak eta prestakuntza-faltak superstizioak sustatzen dituztela.
Hona hemen horietako batzuk:
- Astrologoek edo igarleek egindako abisuen ondorioz, bukatu gabe utzita daude pagoda batzuk; halakoak oraindik ere badaude.
- Garrantzi handia ematen diote jaiotza gertatu den asteko egunari.
– Gurasoek jaiotza-egunaren arabera jartzen diete izena beren seme-alabei.
- Eskuinaldean kokatuta dagoen bolantea eskuinetik gidatzea superstizio baten emaitza da.
- Duela ez asko, diktadore batek hilabete bakoitzaren 9an sinatzen zituen ediktuak.
- Nat-ak eta horiek arintzeko modua.
- Hiriburu berriaren inaugurazio-data.
- Irudiak aldi bakoitietan ukitu, landu edo «ureztatu» behar dira. Zenbaki bikoitiak okerragoak dira.
- Elefante zuriak.
Orain, altxamendu militarraren aurkako barne-erresistentziaren prozesuan, joera berezi bat ari da gertatzen. Herritarrek, manifestazio baterako deia egiten dutenean, emakume-arropa zintzilikatzen dute protesta-lekuetara doazen bideetan. Izan ere, guztiz errotuta dagoen superstizio baten arabera, oso zorte txarra ematen du emakumeen arroparen azpitik igarotzeak. Horrela, soldadu askok atzera egiten dute matxinatuei eraso egiteko orduan.
Jorge Ibor
Bilbao, enero de 2022.