SARRERA
Ramon eta Tomasaren istorioa da hau. Tomasarena, batez ere. Fikziozko izenak dira. Baina istorioak, edo, hobeto esanda, istorio bat baino gehiago elkartzearen ondoriozko batasunak benetako gertakarietan du oinarria. Zoritxarrez, benetakoetan.
Jaio zirenetik, biek zituzten gauza asko komunak, nahiz eta urteak behar izan zituzten hori jakiteko. Gerraren ─litekeen eta gerra txarrenaren, senide eta herrikideen arteko gerra alferrikako eta odoltsuaren─ umeak izan ziren. Eta ondorengo beharrizanaren umeak.
RAMON
Familia ezkertiarrekoa zen, familia xume eta langilekoa. Bost seme-alabetako hirugarrena izan zen bera. Gerraren lehen urtean jaio zen. Aitaren taldekoek gerra galdu zutenean, familia errekan aurkitu zen, lan edo behar duina topatzeko zailtasun handiekin. Arazo gehiagorako, handik gutxira laugarren umearen zain geratu ziren.
Zenbat ordu aitak beharrean! Esan daiteke familiak igandeetan bakarrik ikusten zuela, orduan leher eginda iristen zen Ramon otorduetara, eta oro har berba gutxi egiten orduan eta sekula santan aipatu ere ez gerra madarikatua.
Ama ere etengabe beharrean. Etxea, seme-alabak, adabakiak, astiune bat zuenean jertseak egiten zituen umeak janzten gutxiago gastatzeko eta, bakarren bat saltzen bazuen, diru-sarreratxo bat gehiago… Gero, bosgarren umea, poz handia eta arazo berriak ekarri zituena: gehitu beharreko beste aho bat zen.
Ramonek beti gogoan izango zituen garai haiek: pobrezia, kale gorrian ordu asko eta eskolan gutxi… Dirua ohi baino urriagoa zenean, amak janari apur bat erostera bidaltzen zuen: esaiozu Don Eduardori kilo erdi garbantzu emateko zuri, ni ezin naizela orain jaitsi eta. Ordainduko diodala. Eta Don Eduardok, familia askoren salbatzaileak, fidantzan ematen zizkion garbantzuak. Eta batzuetan gozoki bat ere bai hain mutiko zintzoa izateagatik.
50eko hamarkadaren amaiera iritsi ziren. Gobernuak pentsatu zuen amaiezinak ziruditen langabezia eta miseria arintzeko modurik onena gazteak migratzera bultzatzea zela. Frantzia, Alemania, Suitza… Bertatik miseria kentzeaz gain, dibisak iritsiko ziren familiei laguntzeko. Ideia biribila.
Alemaniara joan zen Ramon. 20 urte inguru izango zituen. Kultura-maila apalekoa zen, baina oso langilea, eta mundua konkistatzeko gogoa zuen, “txakurrak lukainkaz lotzea” lortu guran. Berehala hasi zen beharrean herrialde hartan, hain aurreratua izaki, han ez omen zegoen-eta langabeziarik, eta ahaleginduz gero, mundu guztiak omen zuen han bere aukera. Egia zen. Eta soldata duina irabaz zitekeen. Eta familiari diru apur bat bidali.
Jakina, bakarrik zegoen han. Eta laster ikasi zuen lagunekin garagardo bat, alemanek hain gogoko zuten edari hori, hartzea atsegingarria zela. Beharrezkoa ere bai lan-egun gogor baten ostean, pentsatzen zuen berak. Baita, tarteka, etxetik gertu, aldirietan zegoen Klub hartara joatea ere. Nahiz eta horrek etxera diru gutxiago bidaltzea ekarri berekin.
Laster bidaliko zuen “putza”.
TOMASA
Gerra beldurgarria hasi zenean, bere ama haurdun zegoen. Bere lehen umea espero zuen, izango zuen bakarra. Eta lehenengo ume hura… neskatoa izan zen.
Mundu honetara etortzea ezin izan dohakabeagoa. Gerra betean zeuden eta aita hil berria zen lehentxeago Ebroko Guduan, talde batean agintzen zutenek oso goretsitako gudua, baina oso tristea han borroka egin zuten guztientzat. Gerra galdu eta han hil zirenentzat, zer esanik ez, garbi dago. Baina irabazi zutenek ere senitarteko eta lagun asko laga zituzten han.
Garai hartarako, ama zahar samarra zen, 30 urte baino gehiago baitzituen. Talde galtzailean borrokan zebilen bitartean hildako gizon baten alarguna zen! Beraz, neketsua gertatu zitzaion alaba aurrera ateratzea. Eta bizitza berregiten lagunduko zion beste gizon batengan pentsatzea ezinezkoa zen.
Dena oso zail jarria zen, arazo ekonomiko asko eta handiekin. Jende askori gertatzen zitzaion gauza bera.
Haren alabari ondo irakatsi zioten. Eliza eta Sección Femenina arduratu ziren horretaz. “Behar bezalako” emakumea izateko prestatu zuten, maratza, etxekoia, izango zuen senarraren mendekoa, umeak izan eta haiei kristau-hezkuntza sanoa ematera bideratua. Kulturaz eta diru-kontuez, doi-doi bakarrik, horretarako daude-eta gizonak, hori pentsatzen zuten pentsatzeko baimena zutenek.
Bitartean, amak beharrean jarraitzen zuen, eraikin ofizialak eta militarren etxeak garbitzen, zegokion doktrinamendu guztia ere irentsiz.
60ko urteen hasieran, Tomasak, lan barik, etorkizun barik, aitorlearengana joatea erabaki zuen eta Alemania irtenbide ona izan zitekeela aholkatu zion hark. Elizak beti eragingo zuen haren bizitzan.
Italiar baten jatetxean aurkitu zuen lana. Ordutegi berezia, beharra berandu samar amaitzen zuen eta. Baina herrialde hura segurua zen. Eta ez zegoen gaizki ikusia neska bat ordu haietan etxeratzea.
Egun batean gertatu beharrekoa gertatu zen: elkar ezagutu zutela. Ramonek gorteiatu egin zuen. Elkarrekin maitemindu ziren. Eta ezkondu egin ziren.
EZKON BIZITZA
Laster izan zituzten alabak: bi, hiru urtean. Ez zuten gehiago izan. Neskak. Alemanian neurriak hartzen ziren. Tomasak, berak zekizkienak. Baina ez deabruak ekartzen dituen ‘berrikeria’ horiek! Alemanian zuen aitorleak ez ziokeen onartuko ere. Hobe arrisku gutxieneko egun horietarako lagatzea eta, badaezpada ere, ‘atzera martxa’ zegoen. Traumatiko samarra, bai, baina ez zitzaion gehiago onartzen.
Tomasak lana utzi zuen alabak hazteko. Hazi eta Jainkoak agindu lez hezi. Ez zion axolarik. Ramon ados zegoen. Prest zegoen lan gehiago egiteko. Fabrikako orduez gain, elektratresnak saltzen hasi zen etxez etxe. Xurgagailuak, mahai-tresnak, ahal zena. Tomasak burutazio bat izan zuen. Beste etorkin-familia batzuei egin zien eskaintza: seme-alabak bere etxean zainduko zizkien dirutxo baten truke. Zein bitxia: Alemanian B moduan lanean.
Bikotea zoriontsu zen. Tomasa pozik hain senar langile eta konplituarekin. Baita berak jatetxe hartan behar egiteari laga ziolako ere, berandu irteten baitzen handik; orain bere alabatxoez arduratuko zen.
Dirua aurrezten zuten. Ez espero bezainbeste, baina… Ramon ohartu zen irabazitakotik apur bat gastatzen bazuen, ez zela ezer jazotzen. Berriro ere has zitekeen garagardo bat hartzen. Emazteak ulertu zuen: oso bizimodu gogorra darama, lan asko egiten du eta hain da neketsua etxez etxeko salmenta…
Hilabete batzuk geroago Klubera itzuli zen. Ramon etxera iristen zenean, emaztea oso nekaturik egoten zen. Tomasak larunbat egokietan bakarrik nahi izaten zuen larrua jotzea eta, batzuetan, egongelan loak hartzen zuen oheratu baino lehen. Gainera, gehienetan, gogo gutxi izaten zuen. Gogoz kontra egiten zuen.
Baina ulertzen zuen senarra. Sección Femeninan ikasia zuen hori. Eta abade batek ere azaldua zion. Baita bere amaren lagun hark ere, zeinak bere aurrean justifikatzen baitzuen senarra adarrak jartzen zizkionean. Ulerkorra izan behar zuen emazteak. Gizonak horrelakoak dira eta behar dute.
Neskatilak hazten ari ziren. Auzokoenak ere bai. Tomasak ez zeukan haiek zaindu beharrik eta jatetxe batera itzuli zen lanera. Eta berriro ere berandu etxera. Orain Ramonek bazuen aitzakia garagardoen eta Klubera egindako bisiten kopurua gehitu edo emendatzeko. Tarteka, lagunek jaioterrira egindako joan-etorrietan ekarritako brandya ere astintzen zuen. Gizendu ere egin zen. Jatorduak ordena barik, lan eta parranda askoren ondorengo estresa. Eta kolesterola oso goian.
GARAI TXARRAK
Bizitzak aurrera jarraitu zuen. Alabak hazi egin ziren. Senargaiekin hasi ziren. Nagusia alemaniar batekin. Gazteena italiar etorkin baten semearekin. Azkenean beraiekin ezkondu ziren. Eta gazteena senarrarekin joan zen, hura bere familiarekin Italiara itzuli zenean. Zaharrena han geratu zen.
Zeuzkaten aurrezkiekin, Valentziar Kostaldeko herri batean etxebizitza bat erostea erabaki zuten Ramonek eta Tomasak. Bietako edozeinen herrira joaterik ere izango zuten. Baina Tomasaren ama zendua zen eta ez zitzaion geratzen zuzeneko seniderik. Gainerakoak hiriburura joanda zeuden. Ramonek, jada guraso barik, harreman hotza zuen bere senideekin, urruntasunaren ondorioz. Bai, hobe Amparo eta Joseren etxera joan ginenean ezagutu genuen Valentziako herri hartara joatea; Amparo eta Joxe atzerritik itzuliak ziren adiskide handiak ziren.
Jakin zuten higiezinen agentziak erosketa-prezioan engainatu egin zituela apur bat, alegia, kanpokoak izateagatik eta halako ilusioz joanda, garestiago saldu ziela. Baina ez zion axola.
Eta bizitza honetan sarri gertatzen den legez, gertatu beharrekoa gertatu zen. Ramonek infartua izan zuen. Mirariz geratu zen bizirik. Osatu eta suspertu beharra zeukan, lan gutxiago egin, alkoholik batere ez eta otorduak ordenatuagoak. Eta pilula pila bat. Tomasak, jada alabak hazita, berriro laga zuen jatetxea senarra artatzeko. Behar den legez, esan zuen. Gerrikoa estutzen bazuten, aski izango zuten Alemaniako estatuak gaixotasunagatik ematen ziena.
Ramon ere hasi zen bere burua jagoten. Baina, tira, tarteka-marteka garagardotxo batek ezin gaitzik egin. Edo noizean behin lagunekin bazkari batek ere ez. Eta aldian behin Klubera joatea ere… Baina beti neurrian. Kontuz. Hasieran, behintzat. Tomasak ulertzen zuen. Beti ulertzen zuen.
Beste infartu bat izan zuen. Eta iktusa. Eta oso kaltetuta geratu zen. Bizirik iraun zuen. Baina ezingo zuen lanik egin. Ez zen gauza. Pentsioa eman zioten, eta etorkin itzuliari emandako laguntzarekin batera, aski izango zuten duin bizitzeko Valentziako kostaldean erosia zuten etxean. A zer pena alabengandik urruntzea! Eta jada inguruan zituzten bilobengandik aldentzea ere bai. Baina egoerak hori agintzen zuen. Oporretan behintzat hondartzako etxera etorriko zitzaizkien. Tomasari ilusio handia egiten zion. Pentsatzen dut Ramoni ere ilusioa egingo ziola, bere egoeran jabetzeko gai baldin bazen.
PENTSIODUNEN BIZITZA
Ramon oso kaltetuta zegoen. Tomasak ondo jagoten zuen, gero eta maitasun handiagoz. Don Benitok, hain ondo hitz egiten zuen apaiz zoragarri hark, askotan azaltzen zion: senarra beti izan da pertsona ona, familia aurrera atera du. Jakina, gizon izateak berezkoak dituen hutsegiteekin, baina guztiz ulergarriak dira. Pena bakarra… elizkoiagoa ez izatea!
Bera, Tomasa, santua zen, abadeak ziurtatzen zion. Zeruan lekua irabazia omen zuen. Senarra, Ramon gizajoa, jagoteko eta haren alde errezatzeko obligazioa zintzo betetzen omen zuen.
Tomasa Aste Santuko prozesioetan irteten hasi zen, Kristo Berreroslearen irudiaren atzean, ortutsik, kateak herrestan eramanez horretarako indarrik izan zuen bitartean. Domeka guztietan joaten zen mezatara, baita beste egunetan ere, ahal bazuen. Eta konfesatu egiten zen, nahiz eta bekaturik ez izan. Atsegin zuen Don Benito entzutea. Hain zen ona eta santua gizon hura!
Etxeko eginbeharrez gain, egunero ateratzen zuen paseatzera senarra, gero eta ezinduago eta hondatuago zegoena. Gurpildun aulkian eroaten zuen. Amparo etorri zitzaien bisitan lehen hilabeteetan. Gero… Udan, inguruko etxebizitzak beterik egoten ziren. Tomasa emakume ona zen. Lagun asko agertu zitzaizkion, eta haiek hirira ohiko bizilekura itzultzen zirenean, udako etxeko giltzak ere lagatzen zizkioten, arazoren bat gertatuta ere. Izan ere, uztaila eta abuztua igarotzen zirenean, ia inor ez zen geratzen inguruan. Jakina, erosi aurretik, herri hura udan bakarrik ikusi zuten, eta ez zuten gehiago pentsatu.
Bitartean, Ramon okerrera zihoan buruz, baina gorputzak eutsi egiten zion.”Tomasa, mirariak egiten dituzu”, esaten zion Don Benitok. “Izan ere, santua zara”.
Hilabete bakarti haietan itsasertzera eroaten zuen senarra eta zerumugara begira egoten ziren, sor eta lor. Senarra bere pentsamendu misteriotsuetan murgilduta, Tomasa Betikotasuna ulertu guran, itsasoa lakoa izango zen eta: mugagabea. Betikotasun hori zain edukiko zuen zoriontasunez betetzeko, eta han elkartuko zen berriro senarrarekin, Don Benitok esaten zion lez, Ramon ez baitzen hain gaiztoa, eta jada Purgatorio-aldia pairatzen ari baitzen bizi bitartean.
Eta alabak eta bilobak etxera etortzen ziren oporretan. Tira, hasieran oporraldi osoan. Baina laster hasi ziren beste norako batzuekin konbinatzen, egun gutxiago joaten. “Jakina, beste leku batzuk ere ezagutu behar dituzte” esaten zuen Tomasak, beti ulerkor. Eta bilobak hasita zeuden eragozpenak jartzen. “Izan ere, handiak egiten ari dira. Eta ezin zaie eskatu etxe honetako bizimodua hilabete bat jasatea. Triste egongo dira Ramonekin, nahiz eta beraien aitona izan. Nahikoa da egun batzuk etortzen badira eta noizean behin telefonoz deitzen badidate”, esaten zuen bere artean.
Ramonek 20 urte baino gehiago iraun zuen hondartzako etxean, egoera erdi begetatiboan. Eta egunero, salbuespenik gabe, Tomasak maitasun berberaz artatu zuen.
Gau batean, kexatu gabe, sufritu barik, hil egin zen Ramon. Uztail-bukaera zen. Alabak eta bilobak berehala bertaratu ziren. Egun batzuk aurreratu zuten aurreikusitako bisita. Hileta-elizkizuna ederra izan zen, zoragarria. Don Benito, urtetsua izan arren, bikain egon zen. Malkoak atera zizkion alargunari, Ramonen ondorengoei, mundu guztiari. Ederto bete zuen bere eginbeharra. Berba hunkigarriak esan zituen.
Ramon erraustu egin zuten. Eta errautsak itsasora joan ziren.
Jende asko izan zen Tanatorioan, hiletan, biharamunean etxean bisitan. Bere koinatuetako batzuk ere bai, ez denak, haiekin gutxi hitz egiten baitzuen. Eta zein ondo portatu zitzaien asegurua, umetatik ordaintzen hasi eta Alemanian egon zirenean ere ordaintzeari utzi barik, oharkabean hain garesti ordaindua zutena. Orain paper guztiak egin zizkien.
“Ama, zu lasai”, esan zioten alabek. “Dena ondo dago. Diru-sarrera gutxiago izango duzu, baina, behar izanez gero, lagunduko dizugu. Oraingoz hemen geratuko zara, zeure etxean, zure lagunek oporrak amaitu arte. Eta udazkenean gure etxeetara etorriko zara. Lehenik Italiara. Gabonetan Alemaniara eroango zaitugu eta horrela denok batera pasako ditugu festak, umetan lez. Zoragarria izango da.”
Irail-amaieran Italiara joan zen. Nagusia zen eta trakestuta zegoen, baina ez zen batere gaitza izan. Herriko taxilariak aireportura eraman zuen eta Zerbitzu Berezien eskuetan laga zuen. Dena ezin hobeto atera zen.
SAKRIFIZIOZKO BIZITZA BATEN AMAIERA TRISTEA
Tomasa ongi egon zen Italian. Hasieran, behintzat. Ez zitzaion gaitz egiten alabaren auzokoekin berba egitea. “Oso antzekoak gara”, esaten zuen. Baina laster ohartu zen alabaren familia ez zela bera neskatila zen garaian bezalakoa. Elkarrekin ondo moldatu arren, eguneroko arazotxoak izaten zituzten, izaera hura ez zen berak ezagutzen zuena. Gainera, ohituta zegoen Ramonen ordez pentsatzen eta berak gura zuena erabakitzen. Eta alabak, txikitan, berak esandakoa egiten zuten ia beti.
Batzuetan, traba egiten ziela sentitzen zuen orain. Eta bere etxean hobeto egongo zela pentsatzen zuen beti. Gainera, han ez zeukan zer eginik eta aspertu egiten zen. Izugarri. Lehen egunak oso atseginak izan ziren, baina orain itzuli egin gura zuen.
Gabonetan Alemaniara joan ziren. Festak oso ondo. Gero, gauza bera. Tira, ez, zerbait ezberdina. Ezin zuen berba egin beretarrak ez zirenekin. Sekula ez zen alemanez trebea izan eta ikasitako apurra ahaztua zuen azken 20 urteetan. Eta etorkin gutxi geratzen zen han, ezagunik inor ez. Gehienak itzulita edo hilda zeuden, nahiz eta askoren seme-alabek han jarraitzen zuten. Ez zen gauza bera.
Otsailean bere etxera itzuli zen. Ez zuen kanpoan jarraitu gura. Opor-egun batzuk hartu eta alabak lagundu zion bueltan. Inguruko egoitza batera joango zela erabaki zuten, auzokoak etorri arte behintzat, eta orduan joango zela bere etxera, egunez bederen.
Bakarrik, bere Ramon barik, maitatzeko eta artatzeko hurbileko barik, Don Benito barik, ez baitzitzaion egoitzara bisitan joaten hura beste abade baten eremua zelako, eta bere elizara joan ezinik urrun zegoelako, gutxi iraun zuen. Oso gutxi.
Ramonekin laster elkartuko zela pentsatuz hil zen. Martxoaren hasieran, itzuli eta egun gutxira joan zen mundu honetatik.
Haren hiletan oso jende gutxi izan zen. Ez zegoen ia auzokorik urte-sasoi hartan. Egoitzan oraindik ezezaguna zen bertako gehienentzat. Alabak eta suhiak hiletan izan ziren, noski. Eta bilobetako batzuk ere bai, ez guztiak, ez baita erraza bat-batean horrelako bidaia antolatzea.
Hura ere erraustu egin zuten. Eta haren errautsak ere itsasora joan ziren. Tomasari Betikotasunaren antzekoa zela iruditzen zitzaion leku hartara. Han Ramonekin elkartuko zen, eta artatzen jarraituko zuen.
Alabek etxea saldu zuten. Balio zuena baino gutxiago ordaindu zietela jakin zuten. “Baina hauxe da dagoena”, esan zieten. Eta dena ahazteko gogoa zuten. Ez ziren sekula gehiago hara itzuliko. Ez zion axolarik.
Laster inork ez zituen gogoan Ramon eta Tomasa Valentziako kostaldeko herri hartan. Don Benitok ere ez, beste arima batzuk eta beste bikote batzuk salbatu beharra zeukan eta. Alemanian ere inor ez zen haietaz oroitzen, alaba eta haien sendikoak izan ezik. Baina denbora asko zen elkarrengandik urrundu zirela, eta oroitzapen hura ere ez zen etengabea.
Jorge Ibor