Vietnam, Kanbodia, Thailandia eta Istanbul (2023/11/4-22)
Joserrak, Viajes Ikearen izenean, antolatu eta gidatuta, azaroaren 4an ekin zitzaion 19 eguneko bidaia ahaztezin honi Asiako hego-ekialdean barrena. Taldea 19 lagunek osatzen genuen, eta gehienontzat Vietnam, Kanbodia eta Thailandia bisitatzen genituen lehen aldia zen. 
Bilbotik Hanoira joan ginen hegazkinez, Istanbulen geldialdia eginez, eta lehen gaua hegazkinean bertan igaro genuen. Hanoin hotelera iritsi ginenerako, ia arratsalde erdia zen, eta denbora aprobetxatu behar zen. Horregatik, taldeko batzuok kalez kale ibiltzea erabaki genuen, hori baita Hanoin egin behar dena.

Hanoi: hiria eromena da, kaotikoa motor- eta jende-kopuruagatik. Old Quarter edo Auzo Zaharreko kaleak, asteburuetan, autoen trafikoari ixten zaizkio, baina ez motorren zirkulazioari. Old Quarter denda, taberna, jatetxe eta, batez ere, bertakoen taberna txikiz beteta dago, haietan kalean bertan kozinatzen da batzuetan eta plastikozko aulki txikietan eserita jaten da. Aipamen berezia merezi du Hanoiko trafikoak; izan ere, autoak, motorrak eta tuk-tukak inolako seinale barik ibiltzen dira, baina koreografia ezin hobearekin.
Hanoin osorik igaro genuen lehen egunean bisita gidatua egin genuen hiriko leku historikoenetatik, besteak beste: Literaturaren Tenplua (herrialdeko lehen unibertsitatea eta Konfuziori eskainia); Tran Quoc pagoda (Hanoiko pagoda zaharrena, 541. eta 545. urteen artean eraikia); Ho Chi Minh mausoleoa; Zutabe Bakarreko pagoda; Hoam Kiem lakua (edo “Ezpata Berrezarria”, ezpata bati esker Le Loi bertako heroiak txinatar inbaditzaileak garaitu eta Vietnamgo independentzia berrezartzea lortu baitzuen 1425. urtean); Hoam Kiem lakuan bertan uharte batean, Ngoc Son tenplua dago, oso atsegin eta lasaia hiriko iskanbilaren aldean; eta eguna amaitzeko, tuk-tukean paseoa.
Huan, 65 urteko vietnamdarra, izan genuen gidari. Bere herrialdeko historiari buruzko ezaupideekin gu ilustratzeaz gain, bere historiako pasarteak partekatu gura izan zituen gurekin, eta hori izugarri eskertu genion, herrialdea apur bat hurbilago sentiarazi zigulako, oso une onak eta ahaztezinak pasarazteaz gain.
Hanoi utzi eta Halong badiara iritsi ginen. Han, 48 bidaiarientzako Bhaya Cruisse Classic gurutzaontzia hartu genuen.
Halon badia Gizateriaren Ondarea da 1994tik,
eta Munduko Zazpi Mirari Naturalen artean dago. Kareharrizko egitura edo formazio ugariz josita dago, eta 1.600 uharte eta uhartetxo inguru osatzen dituzte, uretatik ateratzen direnak, senadi eta ubideen labirinto moduko bat sortuz.
Kondairaren arabera, Vietnamgo iparraldean herensuge bat bizi zen itsasoaren inguruko mendietan. Itsasertzerako bidean, isatsa astintzen zuen, haran eta arraildura handiak sortuz herrialde osoko harkaitzetan. Dragoia urperatu zenean, itsasoak urpean hartu zituen haiek, eta gailur harritsuak bakarrik geratu ziren agerian. Zalantza barik, uhartetxo haien sorrerari buruzko azalpen zientifikoa ez da hain fantastikoa. Baina atsegin ditugu kondaira edo elezaharrak
Halong badiaren ingurune bikainaz gozatu genuen hainbat jarduerarekin: kayak, tai-chi, Sung Sot kobazuloaren bisita, txipiroi-arrantza, … baina batez ere bere edertasun natural harrigarriaz, bere lasaitasunaz, isiltasunaz eta naturaren mirari haren mirespenak sortzen duen ongizateaz gozatu genuen.
Lau egun baino ez generamatzan herrialde hartan bidaiatzen, eta jada konkistatuak gintuen bere edertasun, bizi-filosofia, erresilientzia eta sinpatiarekin.


Ninh Binh aldera jarraitu genuen bidaia, arratsaldean Hoa Lu (X. mendeko gotorleku inperiala) bisitatu genuen, eta biharamunean 500 eskailera-maila irregularrak genituen zain Mua Cavera iristeko. Igoera oso nekagarria da bero eta hezetasunagatik, baina bista edo ikuspegien edertasunak konpentsatzen du ahalegina. Alde batetik, Ngo Dong ibaia Tam Coc-en, bestetik arroz-soroak eta nenufar-eremuak, eta, atzean, Ninh Binh hiria.
Handik gutxira, Ngo Dong ibaian barrena sampan-ez ibilaldi bat egin genuen, kobazulo ikusgarri, kareharrizko labar eta arroz-soro ederretan barrena. Inguruan dauden harrizko labar handiak ikusi ostean, erraza da ulertzea zergatik esaten zaion Tam Coc-i “lehorreko Halong badia”.
Ingurune natural zoragarri haiek atzean utzi eta Hue-ra joan ginen hegazkinez
Hue Vietnamgo erdialdeko hiri bat da, Nguyen dinastiako enperadoreen egoitza eta nazioko hiriburu izan zena 1802 eta 1945 artean. Khai Dinh eta Minh Mang enperadoreen hilobiak eta gotorleku inperiala ikusi genituen han.

Huetik Hoi Anerantz jarraitu genuen errepidez, eta paisaia eta ikuspegi zoragarriak begiesteko aukera izan genuen bidean, besteak beste, Dam Lap An aintzira (ur gaziko aintzira, etxe tipikoekin pilote gainean) eta Marmolezko Mendiak (marmolezko egitura bitxiak, gailendu eta altuera handia hartzen dutenak. Paisaia berezia da. Bost mendi daude eta 5 elementuak irudikatzen dituzte: ura, sua, minerala, lurra eta zura)
Hoi Anera iritsi ginen. Batzuek diotenez, Vietnamgo hiririk ederrena da, bere alde zaharraren kontserbazio-egoera oso ona da, eta Thu Bon ibaiak zeharkatzen du. Portu-hiri zahar haren historia kosmopolita bere arkitekturan agertzen da, garai eta estiloen nahasketa baita: zurezko txinatar tenplu eta dendak daude, Frantziako eraikin kolonial koloretsuak, Vietnamgo etxe tubularrak eta Japoniako zubi estali deigarria (konpontzen ari ziren eta ezin izan genuen begietsi, mural handi batean bakarrik). 
Hiri txiki eta turistiko haren gauzarik deigarriena koloretako faroltxoak dira. Ehunka faroltxo aurki daitezke denda, etxe, jatetxe, kale, night market edo egunero ilunabarrean Thu Bon ibaia zeharkatzen duten eta ikuskizun paregabea eratzen duten ehunka ontzi txikitan.

Han gure egonaldia amaitu aurretik, egun bat osorik libre genuen hiri eder hartaz, herrialde zoragarri hartaz eta bertako biztanle guztiz adeitsuez gozatzen jarraitzeko. Bakoitzak bere lehentasunen arabera: edo museoak, edo arte-galeriak, edo erosketak, edo igerilekua eta erlaxazioa hotelean, edo masajeak,…
… eta pena handiz utzi genuen Vietnam, baina beste herrialde bat, Kanbodia, ezagutzeko asmoak sortzen zigun ikusminarekin. Hoi Anetik Siem Reapera joan ginen hegazkinez.
Siem Reap probintziako hiriburua da, 130.000 biztanle ditu eta Unescok 1992an Gizateriaren Ondare izendatu zituen Angkor-eko Tenpluetara sartzeko atea da.

Kanbodia bisitatzeari ekin genion hiritik 50en bat km-ra dagoen Tonle Sap aintzirara joanez, eta itsasontzi txiki batean Kompong Khleang ur gaineko herria ezagutu genuen. 800 familia inguru bizi dira bertan, zurezko pilote luzeen gainean batzuk, eta etxe flotagarrietan beste batzuk, eta bertan ur gainean dauden eskola eta supermerkatua ere ikusi ahal izan genituen.
Paisaia ikusgarria da, baina, halaz guztiz, eguneroko bizitzaren gogortasuna ere nabaritu genuen.
Arratsaldean, Ben Mealea tenplua (tenplu abandonatua eta oihanak ehunka urtez irentsia) eta Banteay Srei tenplua (emakumeen gotorlekua eta khemer artearen harribitxia) bisitatu genituen.
Siem Reapeko bigarren eguna Angkor-eko eraikin-multzoari eskaini genion erabat.
Angkorreko tenpluak Khemer Inperioaren une gorenekoak dira (XII. eta XIII. mendeetakoak), bere garaian, erreferente ekonomiko, kultural eta militarra izan zelarik. Ikusi genituen:
- Angkor Wat tenplua: Vishnu jainkoari eskainia, eta mundu modernoko zazpi mirarietako bat. Ehunka mila pertsonak eta 40.000 elefantek lan egin omen zuten bertan.
- Ta Phrom tenplua: oihanaren irudi harrigarriak eskaintzen ditu, benetan ‘irensten’ ari baita eraikinak.
- Bayon eta Baphuon tenpluak, baita Elefanteen Terraza eta Legenardun Erregearen Terraza ere.
Goizeko 4:30ean jaiki behar izan genuen arren, egunsentia ikusteko aukera izan genuen Angkor Waten. Miretsi genuen ikuskizunak betiko iraungo du gure erretina edo betsareetan.
Egunak aurrera zihoazen, eta hainbeste irudi eta oroitzapen genituen asimilatzeko, ezen oroimen-ahalegin bat egin behar baitzen bizitakoaren xehetasun bakar bat ere ez galtzeko. Horrela, gure bidaiaren azken-aurreko etapara abiatu ginen, Bangkokera, Thailandian.
Ordu arte ikusitakoari apur bat kontrajarrita, Bangkok metropoli handi bat da, 6 milioi biztanle baino gehiagokoa. Alde batetik, modernoa, etorbide handiak dituena, merkataritza-guneak, metroa, skytrain, skywalk (erdian hainbat mall lotzen dituzten oinezkoentzako pasabideak), Chao Phraya ibaian zehar garraioa, eta bestetik, tuk-tukak dituzten hiri asiarren zalaparta, janari-postu ibiltariak, azokak eta hiriaren gune historikoa, Errege Jauregi Handiak irudikatzen duena, XVIII. mendearen erdialdetik XX. mendearen erdialdera arte errege-bizileku izandakoa.

Jauregi Handia eraikin ugari eta ikusgarriz osatutako multzoa da, non Buda Esmeraldaren tenplua dagoen Wat Phra Kaew tenpluan. Esparru hartan paseatzeak beste garai batekoa den eta gaur egun pentsaezina den bizimodu batera eroaten zaitu.
Bangkoken Chatuchak azoka dago, Thailandiako handiena, 15.000 postu baino gehiagorekin. Bertan denetarik eros daiteke, artea, antigoaleko gauzak, moda, janaria… eta askoz gehiago.
Erdialdean oinez ibili behar da skywalken, eta bidaiatu skytrainen, metroan, baita tuk-tukean ere; Chao Phraya Express erabili behar da ibaian zehar, hiriaren ikuspegiak desberdinak dira, eta batez ere ilunabarrean hiriaren argia ikusgarria da.
Beste egun batean, atzean utzi genuen Bangkok dardarkari eta zalapartatsua, Damoen Saduak ur gaineko azoka ezagutzeko (bertan, bai erosten dutenak, bai saltzen dutenak, txalupa edo itsasontzietan mugitzen dira, ibaietan eta ubideetan barrena); baita Mae Klong trenaren azoka ere (trenbidean kokatutako toki-azoka da, eta trena igarotzen den bakoitzean ―uste dut egunean 8 aldiz― toldoak, postuak, salgaiak … kendu egiten dira, eta igaro ostean berriz jartzen dira). Bitxia da eragiketa hori azkar, segundo gutxi batzuetan, egiteko prestatuta duten sistema.
Eta horrela Bangkok utzi genuen, etxerako bidean gure azken eskalara, Istanbulera, iristeko. Arratsalde bakarra genuen, eta Meskita Urdinetik eta Santa Sofiatik paseatzeko, Bosforo miresteko, Galatako zubian arrantzaleak ikusteko eta Espezien Azokara iristeko aprobetxatu genuen.
Azaroaren 22an, asteazkenean, etxera itzuli ginen, ahaztuko ez ditugun bizipenez beteta.
Herrialde bakoitzeko esperientzia laburtu beharko banu: Vietnamen Hanoiko anabasa eta zalaparta azpimarratuko nuke, Halong eta Ninh Binh-en edertasun naturala, Hoi An argitsu eta lasaia, baina, batez ere, vietnamdar jendearen begikotasun eta adeitasuna; Kanbodian Angkorreko tenpluen handitasuna eta Angkor Wateko egunsentia nabarmenduko nituzke, ahaztezina!!! Bangkok hiria izugarria, dirdaitsua, gaztea, ikaragarria, erakargarria, kaotikoa… dela esango nuke; eta azkenik, Istanbuli buruz, hiri hau beti (letra larriz) bisitatzea merezi duela besterik ezin dut esan.
Eta, amaitzeko, esan beharra dago zoragarria eta zorte handia izan dela esperientzia hau hain jende bikainarekin partekatu izana.
Ipta.: Ana Huerta