Joan den maiatzaren 6an, Pagasarrira ohiko txangoa egin genuen, Elkarteak urtero antolatzen duena. Eta iazkoa, Alonsotegitik hasita, ustekabeko atsegina izan bazen, aurtengoan ezustekoak etengabeak izan dira.
Niretzat, behin baino gehiagotan adierazi dudan bezala, lan-bizitzaren zati handi bat teknologia berriek dena inbaditu aurretik garatzeko zortea izan genuen pertsona-talde bat gara. Eta horrela, gizakiek egiten duten (edo egiten zuten?) legez erlazionatu ahal izan ginen: elkarri begiratuz, berba eginez, iritziak, helburuak, emozioak… partekatuz. Beraz, berriro diot, hainbeste urtez modu horretan harremanak izan genituen lankideekin orain mendi-egun bat partekatzea pozgarria da beti.
Hasieran, ezustekoak aipatu ditut: lehenengoa ibilbidea bera izan zen, aldaketa nabarmena izan baitzuen aurreikusitakoaren aldean. Elkarteak iragarria zuenez, “Juanjok adierazten digun bidetik igoko gara, eta Ur Partzuergoaren instalazioen atzealdetik gora izango da…”.
Lehenik eta behin, esan behar dut ibilbide-aldaketa horrekin harrituriko lehena ni neu izan nintzela… ibili ahala ikustea erabaki nuen eta. Aurreikusitakoa, hain zuzen ere, Beteluri eta ur-partzuergotik joatea zen: ibilbide laburragoa, erosoagoa, asfalto gehiagokoa. Askoz ere interes gutxiagokoa. Zintzoa izateko, esango dut Bolintxuren aukeraketa ere ez zela hausnarketa baten emaitza izan. Saihestu ezin izan nuen bulkada bat izan zen: autobidearen azpiko tunelera iritsi eta Beteluri alderantz jarraitu baino lehen, Bolintxuren hurbiltasunak, beste barik, nire aurreko planak zapuztu zituen, eta, “Juanjok adierazten digun ibilbidea” gogoratuz, neure buruari esan nion: “Ba, horixe”.
Ondorioak, nire ustez, bikainak izan ziren taldearen sentsazioetarako. Bolintxu, Bilbotik hain gertu, Bizkaiko lekurik eder eta harrigarrienetako bat da. Era berean, lurraldeko biodibertsitate handienetako bat du; izan ere, bisita gutxi jasotzen dituenez, bisitatu ahal izan ditudan “erreserba integral” berezi batzuk gogorarazten dizkit: oso sarbide mugatua duten leku horiek, non ez den batere giza esku-hartzerik izaten (ezta paseorik ere), naturak, bakar-bakarrik, bere obra molda dezan utziz. Eta hori guztia, “Super Sur”eko zubibide edo biaduktua gorabehera, zeina errekaren gainetik dozenaka metrora doan airean, ukitu barik, bertan bermatu gabe, aparteko ingeniaritza-lan baten bidez.
Ez naiz Pagasarrira sarri joaten den horietakoa eta, beraz, bere eskuzabaltasunean sorpresa handiak ematen dizkit. Azken txango honetan, hiru izan ziren oso zehatzak: lehena, Bolintxu ingurua, itzelezko haltzadi estu-estuekin, nik azken bisitatik gogoratzen ez nituenak. Bigarrena, eta haren eskutik hirugarrena, jaitsierakoan izan ziren, aterpeko atsedenaldiaren eta mokaduaren ostean: txangoaren tarte horretarako jatorrizko bidea erabili genuen, Ganetako antenen mantentze-lanetarako eta aterpea hornitzeko ibilgailuek erabiltzen duten pista baino dezente deserosoagoa baina laburragoa −eta askoz politagoa− ere bai.
Harritu egin ninduen hango higadura handiak, lagun jakintsu batek adierazi zidanez, azken urteotan izaten ari garen euri-erregimen desberdinaren −askoz biziagoen− ondorio segur aski. Eta, azkenik, harritu egin ninduen mendi-hegalaren alde horretan dauden haritz amerikar hostotsuen tamainak eta paisaian duten eraginak ere.
Nire gogoeta pertsonalen esparruan, beti izaten dut zalantza kontraesan begi-bistako horrekin, hau da, erakusteko ibilbide berriak topatu beharra, horretan parte hartzen dugunok gero eta adin handiagoa dugula kontuan izanik. Izan ere, ez dago ezagunena (eta itsusiena) baino bide erosoagorik eta laburragorik, baina, hitz ematen dut, jarraituko dugu hori saihesten, gutxienez igotzerakoan. Eta zoritxarrez jada ez dagoelako Rafa Toral, Pagasarriko (aingeru) jagole hura, BBK-kook mendi hartan egin genuen guztian hainbeste lagundu ziguna, laguntza logistikoa barne, guk, indarrez ahul, kanpoko laguntzaren bat behar izan genuenean.
Beste gogoeta bat litzateke ea ez ote lukeen mereziko antzeko jardueraren bat antolatzea, arinagoa (izan ere, Pagasarrin ez da inoiz malda handirik falta, Pagasarrin ez dute inoiz ezer oparitzen), beste ingurune batzuetan, haiek ere harritu egingo gintuzketelako eta garai pribilegiatua bizi izan zuten lagun zaharren arteko harremanaz gozatzeko aukera emango liguketelako.
Juanjo San Sebastián