GASTRONOMIA-IBILBIDEA MALAGAN ZEHAR


Málaga Viajera bidaia-aholkularitzako enpresatik, eta turismoari lotutako hainbat gairi buruz aldizka idazten ditudan artikuluen ildotik, gaur, Gastronomia atalean, Malagako janari eta edari tipikoei buruz idatziko dizuet, baita gastronomia-ibilbide bati buruz ere zenbait establezimendutan barrena; leku horiek tokiko eta kalitatezko jakien prestaketa, ingurune berezietan egotea eta oso prezio arrazoizkoak izatea dituzte ezaugarri komunak.

Malagak erakargarri asko ditu, maila handiko museoen aukera zabala eta askotarikoa, klima, hondartzak, arte- eta kultura-ondarea eta, noski, eskaintza gastronomikoa, bisitari guztiek estimatzen dutena.

Mota guztietako sukaldaritzak eskaintzen dituzten establezimendu ugari daude, baina, artikulu honetan, sukaldaritza jatorrenean geldituko gara, neurri handi batean dieta mediterraneoa osatzen duen horretan.

Hasiko gara?

Malagako plater tipikoenetako batzuk sardina-burruntziak (Gizateriaren Kultur Ondare Immaterial izendatuak), arrain txiki frijitua (pescaíto frito) eta Malagako entsalada dira, eta edari gisa Malaga ardoa edozein barietatetan.

ZELAN PRESTATZEN DA SARDINA-BURRUNTZIA?

Lehenik eta behin, sardinei gatz lodia botatzen zaie; ondoren, erdibitutako eta mutur batean zorrozturiko kanabera batean 5-8 sardina (neurriaren arabera) sartzen dira; gero, sutatik gertu jartzen dira, ahal dela olibondo-egurrarekin prestatua (hondartzako hondarraren gainean edo hondarrez betetako txalupa baten gainean); eta gutxi gorabehera minutu eta erdian erretzen dira alde banatatik.

Jakina, sardina hauek eskuekin hartuta jan behar dira.

Sardinak jateko garairik onena, metaturik izaten duten koipeagatik, maiatzetik abuztura bitartekoa da.

Malagan hainbat establezimendutan jan daitezke, baina tipikoa hondartzekiko paraleloan dauden txosnetan hartzea izaten da, hala nola, Pedregalejo eta El Palo inguruetan, ekialdera, eta Huelin auzoan, mendebaldera.

Beste arrain mota batzuk ere prestatzen dira “burruntzian“, hala nola, urraburuak, lupiak, bisiguak eta abar, horrela prestatuta gozo-gozoak egoten baitira.

ZER DA ETA ZELAN PRESTATZEN DA “PESCAÍTO FRITO” EDO ARRAIN TXIKI FRIJITUA?

Arrain txiki frijitu”aren barruan arrain txikerrenak (aphia minuta, sardina txikiak…) sartzen dira, edo antxoak, txipiroiak, txokoak, barbarinak, merlenkak, mihi-arrainak, adoboak eta abar.

Malagako arrain txiki frijitu tipikoa probintziako kostalde osoan dasta daiteke. Horretarako, hainbat gauza hartu behar dira kontuan: lehenik eta behin generoa freskoa izatea, ontzea, kopuru doiaz irineztatzea, olio garbi oso berotan frijitzea eta hori egiteko trebetasuna izatea, arraina kanpotik kraskatuta eta barrutik zukutsu gera dadin.

Normalean, limoi-zati batzuekin eta entsaladaren batekin ateratzen da.

 

MALAGAKO  ENTSALADA

Malagako plater tipikoa da, erraz prestatzeko modukoa, eta Malaga hiriko establezimendu askotan eskaintzen dutela ikusiko duzue.

Entsalada honek patata egosia, arrautza gogorra, tipula edo tipulina, bakailaoa, laranja, oliba beltzak, gatz lodia, oliba-olio birjina estra eta ozpina ditu osagai.

Etxean prestatuz gero, aldaketak egin daitezke, adibidez, arrautza gogorra jartzea edo ez jartzea, bakailaoaren ordez atuna jartzea, piper berdea gehitzea edo oliba berdeen ordez beltzak ipintzea.

VINO MÁLAGA

Malaga eta probintziako jatorrizko deitura esklusiboa da, zapore, usain eta kolore ugari dituena.

Non ekoizten da?

Probintziako hainbat eremutan: Axarquian, Malagako Mendietan, Iparraldean, Manilvan eta Rondako mendilerroan.

Zer mahats-motarekin egiten da?

Batez ere mahats zuriarekin, Pedro Ximenez eta Moskatel barietateekin.

Egiteko era eta barietateak:

1. Alkoholik gehitu barik egindakoak

  • Gozoak: Mahats oso helduarekin eta mahats pasarekin eginak.
  • Lehorrak: 15 º baino gehiagoko alkohol-mailarekin.

2. Likore-ardo gisa eginak

  • Lehorrak
  • Erdilehorrak
  • Erdigozoak
  • Gozoak: Muztioari alkohola gehitzen zaion momentuaren arabera, zenbait barietate daude:

2.1  Gozo Naturala: Mahats-muztiotik lortzen da.
2.2 Maisu Gozoa: Mahats-muztiotik lortzen da, eta horri irakin aurretik gehitzen zaio alkohola.
2.3 Gozo Samurra: Mahats heldutik lortzen da, eta azukre asko du.

Ardo-motak zahardadearen arabera

  • Zurbila: 6 hilabetera arte.
  • Noblea: 2 eta 3 urte artean.
  • Urtetsua: 3 eta 5 urte artean.
  • Oso urtetsua: 5 urtetik gora.

Uztarketa eta Sukaldaritza

Malaga ardoa oso ondo sartzen da aperitibo, pate, gazta urdin eta postreekin.

Sukaldean maiz erabiltzen da, jakiei ukitu paregabea emanez, eta izozkiak egiteko ere asko erabiltzen da.

 


 

Behin produktu horiek ezagututa, ibilbide gastronomikoa egingo dugu 4 establezimendutan zehar, non, aipaturiko jaki horiez gain, hirian tipikoak diren beste asko dastatu ahal izango dituzuen, ingurune berezietan.

 

BODEGA EL PIMPI (ARDANDEGIA)

XVIII. mendeko etxetzar batean kokatua eta 1971n sortua, klasikoen artean klasikoena da, eta Malagara joaten bazara ezinbestean bisitatu beharrekoa, xarma berezia duen establezimendua baita; askotariko giro eta aretoak ditu, eta berezienetako bat Upelen Aretoa (Salón de los Barriles) da bisitari ospetsuen eskaintzekin, eta beste bat Barra Nagusia, pertsonaia ospetsuen argazki ugariz apainduta dagoena.

Alcazabilla kalean duen terrazatik, Alcazaba eta Erromatar Antzokiaren ikuspegi bikaina duzu.

Hemen Florestei ospetsua dastatu ahal izango duzu, ardo gozoaren eta gaseosaren konbinazioa, eta aperitiboa hartzeko aproposa.

Aurten, bere sorreraren 50. urteurrena ospatzeko, flamenko-ekitaldiak antolatu dira, gau-jaialdi ahaztezin bat pasatzeko aukerakoak.

Ez du karta oso zabala, baina bai, zalantza barik, kalitate ezin hobea, besteak beste, Guadalhorce ibarrean ortu edo baratze propioa dutelako eta bertatik sasoiko fruta eta barazkirik onenak jasotzen dituztelako.

Bere Gaztaina-urdaiazpikoak Farajan-en (Genal ibarrean) aske hazitako txerri iberiko puruetatik datoz, eta haien ekoizpena El Pimpi bodegari saltzen zaio oso-osorik. Labur esanda, sukaldaritza tradizionala ingurune paregabean.

NIRE GOMENDIOAK

  • Edateko: Kopa bat Malaga Virgen, Verdejo Ardo Zuria Malaga J.D.
  • Jateko: Arrautza hautsiak aphia minuta eta piper erreekin, ‘Huevo de Toro’ tomatea, Malagako Entsalada, Askotariko Frijituak, Iberikoen Taulak, edo Iberikoen masailak Pedro Ximenez ardoarekin.
  • Postrea:  Hostopila turroi-kremarekin.

Aurrez  erreserba egin

NIRE BALORAZIOA

  • Jatekoa: ***
  • Zerbitzua: ***
  • Giroa: ***
  • Kalitatea/Prezioa: ***

(* Onargarria ** Ona *** Oso ona **** Bikaina)

HARREMANETARAKO

Establezimendua: Bodega El Pimpi
Helbidea: C/Granada, 62
Tel. 952 228 990
Posta elek.: reservas@elpimpi.com
Webgunea:https://elpimpi.com
Ordutegia: Egunero. 12:00etatik 24:00etara.

 

MERCADO DE ATARAZANAS (ATARAZANASKO AZOKA)

Aperitiboa hartzeko aproposa da, eta zuzen-zuzenean ezagutuko dituzu produktu freskoak eta bertakoak, ziur asko bera da-eta Malagako hornidura-azokarik garrantzitsuena (Kultura Intereseko Ondasun izendatua).

Hasieran, nazarien ontziola izan zen, orain fatxada baino ez da kontserbatzen; gero, XIX. mendearen amaieran, elikagaien azoka berri bat eraikitzeko proiektua onartu zen.

Establezimendu honetan espeziak, ozpinetakoak, ogia, frutak, barazkiak, arrainak, itsaskiak eta haragiak daude, eta barruko tabernetan aukera duzu azokan erositako arraina/itsaskia prestatzeko, edota, bestela, beraien generoa dastatzeko, prezio onean izaten dute eta.

Bar Café Mercado Atarazanas: taberna kafetegi honetan kaña hotz-hotza hartu ahal izango duzu, eta arrain txiki frijituak, itsaskiak edo arrainak prestatzen dizkizute plantxan.

Beste taberna bat Central Nº 1 da: azokako sarrerako atetik gertu dago eta espaloian terraza gisa mahai altu batzuk jartzen ditu. Hemen, arrozak, arrain txiki frijituak, itsaskiak, txirlak eta abar dastatu ahal izango dituzu.

Bar Medina: kalitatezko haragia ─adibidez, zezen-buztana, bildots-txuletak, apurrak, etab.─ hartu nahi duenarentzat aukera bat da taberna hau, baina arrainak eta itsaskiak ere aurkituko dituzu.

Garrantzitsua: Edozein tabernatan, puntako orduan iristen bazara, ukondoak erabili beharko dituzu sartu ahal izateko.

Ez dute erreserbarik onartzen.

HARREMANETARAKO

Helbidea: C/ Atarazanas, 10
Ordutegia: Astelehenetik larunbatera 08:00etatik 15:00etara. Igandetan itxita.

NIRE GOMENDIOAK

  • Edateko: Garagardoa, Ardo zuria.
  • Jateko: Arrain txiki frijituak, arraina plantxan, txirlak eta ganbak.

Saiatu puntako orduan ez joaten, jende asko ibiltzen baita eta ezin baita erreserbatu.

NIRE BALORAZIOA

  • Jatekoa: ***
  • Zerbitzua: **
  • Giroa: **
  • Kalitatea/Prezioa: ***

(* Onargarria ** Ona *** Oso ona **** Bikaina)

 

RESTAURANTE LOS CUÑAOS (JATETXEA)

Pedregalejoko itsas pasealekuan ezin konta ahala txosna daude; oraingoan, erreferenteetako eta bisitatuenetako batean jarriko dugu arreta.

Terraza estali eta estali bakoa ditu, itsasora begira dago eta bertan arrain eta itsaski freskoa, arrozak, burruntziak, txingarretan erretako arrainak eta abar dastatu ahal izango dituzu.

HARREMANETARAKO

Establezimendua: Restaurante Los Cuñaos
Helbidea: Paseo Marítimo El Pedregal, 94
Tel. 952 29 34 03
Posta elek.:mailto:mariajosegonzalez0110@gmail.com
Webgunea:https://loscuñaos.net
Ordutegia: Neguan: 13:00etatik 17:00etara. Udan: 13:00etatik 17:00etara eta 20:30etik  24:00etara. Astelehenetan itxita.

NIRE GOMENDIOAK

  • Edateko: Garagardoa, Verdejo ardo zuria.
  • Jateko: Piper-entsalada, txirlak, abadira arrosa plantxan, arrain txiki frijitua, txelba arrunta txingarretan erreta.

Aurrez erreserba egin.

Aparkatzeko zailtasunak, garaiz joan.

NIRE BALORAZIOA

  • Jatekoa: ***
  • Zerbitzua: **
  • Giroa: ***
  • Kalitatea/Prezioa: ***

(* Onargarria ** Ona *** Oso ona **** Bikaina)

 

VERMUTERÍA LA CLÁSICA (BERMUTEGIA)


“Amonaren sukaldaritza”, kalitatezko produktuak dituen Espainiako sukaldaritza tradizional hori, berreskuratu gura duen establezimendua.

Bermutegia bi solairuko lokala da, gustuz apaindua, antzinako taberna edo bermutegiak gogora ekartzen dituena, eta han, Malagako erdigunean, pintxoak hartu ahal izango dituzu bertan.

Pintxoak, anoa erdiak eta anoak hartzeko aukera dago. Plater edo jaki ugari.

HARREMANETARAKO

Establezimendua: Vermutería La Clásica
Helbidea: Plaza Uncibay, 1
Tel. 952 754 397
Webgunea:https://vermuterialaclasica.es
Ordutegia: Asteartetik ostegunera,12:00etatik 23:30era. Astelehenetan itxita.

NIRE GOMENDIOAK

  • Edateko: Bermuta, ardo zuria edo ardo beltza Malaga J.D.
  • Jatekoa: Antekerako Porra, antxumea baratxuriekin, Malagako entsalada, Soldaditos de Pavía (Paviako gudariak).
  • Postrea: Arrozesnea

NIRE BALORAZIOA

  • Jatekoa: ***
  • Zerbitzua: ***
  • Giroa: ***
  • Kalitatea/Prezioa: ***

(* Onargarria ** Ona *** Oso ona **** Bikaina)

Tira, hemen amaitzen da gure paseoa Malagako Gastronomia Ibilbidean. Espero dut artikulu hau jakingarria gertatuko zitzaizuela, eta Malagara eta probintziara egingo duzuen hurrengo bidaia guk Málaga Viajeraren bidez zuei antolatu ahal izatea.

 

 

* Gogorarazten dizuegu Malaga Bidaiariak afiliatuentzako eskaintza bat duela indarrean. Klikatu aurreko logoan sartzeko

Utzi iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.