aireko garraioa: hegaldiak bertan behera uztea


Aire-garraioa gauzatzen ez den kasuei buruz hitz egiteko ‘bertan behera uzte’ edo ‘ezeztatze’ terminoa berdin erabiltzen den arren, artikulu honetan ematen den azalpenerako komeni da zehaztea zerbitzua bertan behera uzten duena, hegaldia baliogabetuz, konpainia garraiolaria dela, eta garraio-kontratuan atzera egiten duena, hegaldia hartzeko eskubidea ematen duen txartela baliogabetuz, erabiltzailea dela.

Aireko garraio-kontratua bertan behera uztea.

Bertan behera uzte edo ezeztatzea da hegazkin-konpainiak hartutako erabakia txartela ─garraioa egun, ordu, hegaldi-zenbaki eta ibilbide jakin batekin eta gainerako baldintzekin ematera konpainia behartzen duen erreserba egiaztatua─ duen bidaiariari aire-garraioa ez emateko, alderdien artean zehaztutako moduan, hori, materialki, erreserbako zenbaki lokalizatzaile edo identifikazio-gako bat emanez egiten delarik dagokion informazioarekin.

Hegaldia bertan behera uzteak edo ezeztatzeak, ezinbesteko kasuetatik (arrazoizko neurri guztiak hartuta ere saihesterik ez zegoen ezohiko zirkunstantzietatik) kanpo, honako eskubide hauek ematen dizkio bidaiariari:

  • Arreta eta laguntza jasotzeko eskubidea.
  • Aireko garraiolariak garraio alternatibo posibleak eman diezazkion eskubidea, bidaiariari hiru aukera hauetako bat proposatuz: 1) ordaindutako prezioa itzultzea eta, konexio-hegaldi bat badu, irteerako aireportura ahalik eta lasterren itzultzeko hegaldi bat; 2) azken helmugara arteko garraio alternatibo bat ahalik eta lasterren; edo 3) garraio alternatibo bat geroagoko data batean, konparagarriak diren garraio-baldintzetan (hau da, erreserba beste egun batera aldatzea), tokia baldin badago.
  • Konpentsazio ekonomikoa jasotzeko eskubidea, salbu eta a) aurreikusitako irteera-ordua baino gutxienez bi aste lehenago hegaldia bertan behera geratu dela jakinarazten zaionean; edo b) aurreikusitako irteera-ordua baino bi aste eta zazpi egun arteko aurrerapenarekin hegaldia bertan behera geratu dela jakinarazten zaionean eta aurreikusitako irteera-ordua baino gehienez bi ordu lehenago irteteko eta azken helmugara aurreikusitako helduera-ordua baino lau ordu baino gutxiagoko atzerapenarekin iristeko aukera ematen dion garraio alternatiboa eskaintzen zaionean; edo c) aurreikusitako irteera-ordua baino zazpi egun baino gutxiagoko aurrerapenarekin hegaldia bertan behera geratu dela jakinarazten zaionean eta aurreikusitako irteera-ordua baino gehienez ordubete lehenago irteteko eta azken helmugara aurreikusitako helduera-ordua baino bi ordu baino gutxiagoko atzerapenarekin iristeko aukera ematen dion garraio alternatiboa eskaintzen zaionean.

Ezeztatzeagatiko konpentsazioa, automatikoa dena, hegaldiaren distantziaren araberakoa izango da: 250,00 €koa 1.500 km-rainoko distantzietan; 400,00 €koa 1.500 km-tik gorakoetan Europako Batasunaren barruan eta 1.500 km-tik 3.500 km-ra bitartekoetan gainerako hegaldi guztietan; eta 600,00 €koa 3.500 km-tik gorakoetan.

  • Hegaldia bertan behera uzteak eragindako kalte-galerengatik kalte-ordain ekonomikoa jasotzeko eskubidea. Kontzeptu hori Europako araudiak ezarritako konpentsazioaz bestelakoa da, ez baliokidea, ezta baztertzailea ere.Kalte-ordain horretarako eragindako kalte edo galera egiaztatu behar da.

Aireko garraio-kontratuan atzera egitea.

Kontsumitzaileak atzera egin dezake aire-garraioko kontratuan, eta indarrik gabe utz dezake kontratatutako zerbitzua, bai bere borondate hutsez, bai ezinbesteko arrazoiren batengatik, eta behar besteko aurrerapenez jakinarazi beharko dio garraio-enpresari.

Borondatezko atzera egiteak, justifikatutako arrazoi barik, kontsumitzaileari eskubidea ematen dio airelineari ordaindutako zenbatekoak itzul diezazkioten, baina txartelaren salneurriaren % 20 ordaindu beharko dio garraio-enpresari.

Aireko garraiolariaren aldeko kargua ez dagokio txartelak baieztatzeke, baldintzatuta edo irekita dauden bitartean, ezta haurren txartelen kasuan ere, horien zenbatekoa helduarenaren % 10ekoa denean, txartel mota horrek ez baitu jarlekua izateko eskubiderik ematen.

Komeni da txartelaren erreserba ezeztatu edo bertan behera uzteko baldintzak irakurtzea; izan ere, hegazkin-konpainia batzuek, batez ere kostu txikikoek, atzera egiteagatiko zigorrak ezartzen dituzte, ordaindutako prezioa osorik galtzea barne.

Bidaiariari hegaldia hartzea eragozten dion ezinbesteko arrazoiren batengatik garraio-kontratuan atzera egin eta txartela baliogabetzeari dagokionez, garraio-konpainiari ordaindutako zenbateko guztiak berreskuratzeko eskubidea ematen du egoera horrek.

Euskal Herriko Kontsumitzaileen Batasunaren (EHKB) gomendioak.

Zure hegaldiaren erreserba berretsi aurretik, ziurta itzazu garraioaren baldintzak, jasoko duzun zerbitzuari dagokionez, kontuan hartu laguntza-telefonoak, eta informatu ondo kontratuan atzera egiteko aukeraz eta horren ondorioez.

Hegaldiaren erreserba berretsi ostean, eta gorabeherarik gertatuz gero, hartu datuak, egin argazkiak, egin erreklamazio idatzia (dokumentu fisiko edo elektronikoan) eta, helmugara iritsitakoan, joan Euskal Herriko Kontsumitzaileen Batasuneko ordezkaritzara, zure kasuak behar duen aholkularitza edo esku-hartzea eskatzeko.

 

Utzi iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude