LOTSA

Ez neraman denbora gehiegi Hedapeneko bulegoekin lanean. Bulego haietan egiten nituen bisita-txandetako baten helburua produktu errentagarriagoen kontratazioa bizkortzea izaten zen errentagarritasun gutxiagokoen kaltetan.

Hau da, pentsio-plan (hemen BGAE) eta inbertsio-fondo gehiago, eperako hainbeste gordailuren ordez.

Bulego batean, lankide batek, jada erretiroa hartuta eta gure taldera afiliatuta zegoenak, bileraren erdian esan zidan:

  • Jorge, ni Fondoak saltzearen aurka nago. Nire sentimenduek eragotzi egiten didate gardentasun gutxiko produktuak bultzatzea.

Horrek ez zuen aurkezpena geldiarazi, ezta jarraibideak ere, argiak baitziren. Eta kontratatu egin ziren, behar den bezala.

—————————————————-

Gaur erabaki dut ez daukadan, ez daukagun lotsaz, estaltzen dudanaz, estaltzen dugunaz, disimulatzen dudanaz eta disimulatzen dugunaz idaztea.

—————————————————-

Lehen munduaren parte gara. Gizateriaren zati aberatsenaren parte gara. Aberatsena den zati horretako aberatsenen artean gaude. Pribilegiatuak gara pribilegiatuen artean.

Aurrezkiak ditugu. Pribilegiatuak izaten jarraitzeko gogoa dugu. Gure seme-alabek eta bilobek ere etorkizunean laguntza bat izatea gura dugu. Aurrezki horiek errentagarritasuna izateko beharra daukagu.

Eta horiek kudeatzen dituen bankuak ere bai, bezeroa pozik edukitzeko eta komisio gehiago kobratzeko.

Horregatik, gure inbertsio-fondoen, gure pentsio-fondoen egoera ikusten dugunean –gizadiaren gehiengo batek ez dauzkan eta zer diren ere ez dakien produktu horiek– egiten dugun lehenengo gauza, egiten dudana, beraien errentagarritasunari erreparatzea da.

—————————————————-

Galdetzen diot neure buruari: Gutako zenbatek ote dakigu zertan inbertitzen duten gure Inbertsio- edo Pentsio-fondoek?

Ia inork ez daki zer-nolako zorretan inbertitzen duten zuzenean. Zelako gobernu edo enpresak dauden atzean.

Ez dakigu garbi samarrak diren gobernuen zorra den edota herritar babesgabeak esplotatzen eta/edo hiltzen dituzten gobernuenak diren. Edo elikagaiekin, urarekin edo bizitzeko funtsezkoa den beste edozein produkturekin espekulatzen dutenak babesten dituzten gobernuak diren. Ez dakigu ezer edo ia ezer. Asko jota, zor segurua eta errentagarria dirudiela.

Ez dakigu, ezta ere, enpresei, zorrari edo akzioen titularrei buruz, ez dakigu produktu arbuiagarrietan, armamentuan edo pestizida toxikoetan inbertitzen duten enpresak diren, edo, zuzenean edo zeharka, beharginak, umeak edo adinekoak esplotatzen dituzten beren fabrikazio-prozesuan.

Baina hori guztia korapilatu egiten da fondo horiek beste fondo batzuetan inbertitzen dutenean. Fondo horiek ez dakigu zer egiten duten edo nahiago dugu ez jakin, eta enpresetan inbertitzen dute “saneatzeko” eta, gero, kostatu zitzaiena baino askoz garestiago saltzeko, behargin edo langileen kontura bada ere. Edo fondo alternatiboak ditugu, iluntasun iraunkorraren adibide.

Fondoek eta horien kudeatzaileek (irabazia eta soldata doakie horretan) errentagarria den, bai, errentagarria den zerbaitetan inbertitzen dute, eta errentagarritasun hori haien ondare-balioaren gehikuntzan ikusiko dugu islatuta.

——————————————————————————————————–

Lotsa, bai, lotsa.

Asko hitz edo berba egiten dugu, asko esaten dugu, baina hor jarraitzen dugu, hilero errentagarritasunari begira, bankuko kudeatzaileei azalpenak eskatuz gure fondoek espero duguna, gutiziatzen duguna, ematen ez dutenean, nahiz eta errentagarritasun horrek KPI gainditu.

Lotsa, nik hau idatzi ostean, eta Libanoz, Iranez, Ukrainaz, Somaliaz, goseaz, armez, gizarte-banaketa txarraz gogoeta egin ondoren, komunikabideetan ikusi edo irakurri dudana deitoratu ostean, pribilegiatu hutsa naizela baieztatu ondoren, fondoak tresna gaiztoa direla jakin ostean, horren guztiaren ondoren…

NIRE PENTSIO-FONDOAREN ERRENTAGARRITASUNAREKIN JASO BERRI DUDAN DOKUMENTUARI BEGIRATUKO DIODALAKO, GORAGO IDATZITAKOA AHAZTUKO DUDALAKO ETA ZEIN ONDO DOAN PENTSATUZ ADORETUKO NAIZELAKO ETA, AGIAN, HAIN ONDO ERORTZEN ZAIDAN G.K.E. HORRI BESTE EKARPENTXO BAT EGINGO DIODALAKO.

——————————————————————————————————–

Lotsa? Zeren lotsa? Nire dirua da eta garbi irabazi dut, ez munduan dauden milioidunetako batzuek (edo askok) bezala!

Lotsa? Zergatik? Nik ezin ditut beste gauza horiek geldiarazi!

Lotsa? Ea prentsa gutxixeago irakurtzen dudan.

Lotsa? Tira, Jorge, ez zaitez demagogoa izan.

—————————————————————————————————-

Ah, ez dut ahaztu nahi: GKE bati dirua ematearen kontua beste une baterako utziko dut, orain lagunekin ardo bat hartzera bainoa. Eta gaur pintxo eta guzti, nire Pentsio Fondoa espero baino hobeto portatu da eta.

 

Jorge Ibor.
2026ko apirila

Utzi iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude