Indonesia ez zen atentzioa ematen zidan destino turistiko bat. Batez ere, eztei-bidaia baterako leku egokitzat hartzen nuen, Bali uharteko hondartzak bereziki, baina egoera horrek herrialdeak distantzian bezain urrun harrapatzen ninduen denboran.
Zerbait gehiago ere ezagutzen nuen, munduko musulman gehien duen herrialdea dela, Java bezalako uharte bolkaniko askok eratzen dutela, eta oso handia eta oso populatua dela. Halaber, ekuatore aldean dagoela, Asiako ekialdean eta Australiatik gertu.
Tira, Viajes Ikea Bidaiak-eko Joserrak eskaini zigunean, ez zuen nigan interes handirik piztu. Baina berehala konbentzitu gintuen. “Etorkor” samarrak gara ezagutzen ez dugun leku batera joan behar dugunean.
Esan dezaket, itzultzean, destino hartaz idazteko gogo handirik ere ez nuela izan. Beti bezala, argazki-albuma egin nuen.
Baina, denboraren poderioz, atentzioa eman zidaten gauzen oroitzapenak indartzen joan dira, eta jarrera aldatuz joan naiz. Orain pozten naiz joan izanaz. Izugarri.
Nire buruan oso ondo funtzionatu zuen talde baten sentsazio onak geratzen dira, Ubud-en edertasuna eta Torajen kultura harrigarria.

Ez bakarrik Myanmar edo Japonia, Indonesia ere kontrastea da, beste zerbait aurkitzeko leku bat, eta aldi berean, ausartuko naiz esaten, haluzinagarria.
SULAWESI UHARTEA
Gure bidaian hiru uharte handi bisitatu genituen: Java, Sulawesi eta Bali. Bigarrenean jarriko dut arreta.
Haren forma bereziagatik, batzuek esaten dute garro edo erroak anarkikoki zabalduta dituen olagarroaren forma duela, portugaldarrek, mendebaldeko lehen kolonizatzaileek, “Zelebes Uharteak” deitu zioten, hasieran bat baino gehiago zirela uste baitzuten.

175.000 km2 inguruko azalerarekin, ia Portugal kontinentala halako bi, 18,5 milioi biztanle ditu.
Hiriburua Makassar da, lurraldearen hegoaldean. Han dago aireportu nagusia, eta hara iritsi ginen Java uhartetik, hura bisitatu baikenuen lehenengo. Handik Balira irtengo ginen egun batzuk geroago.
Aerodromo modernoa utzi bezain laster, gure aurreko destinoarekin zegoen alde edo ezberdintasun sozial eta ekonomiko handiaz ohartu ginen; izan ere, industrien ordez, nekazaritza eta meatzaritza dira Sulawesin nagusi.
Javan baino biztanle-kontzentrazio askoz txikiagoarekin, erlijio islamiarra da nagusi, bereziki hegoaldean; kristautasuna (protestantea) biztanleriaren % 17 baino zertxobait gehiagok praktikatzen du, horien artean Torajek; baina hinduistak eta budistak ere badira, eta animistak ere bai.
Indonesian ateismoa ez dago baimenduta, derrigorrezkoa da bere Konstituzioan jasotako bost erlijio ofizialetako batekoa izatea. Gobernuak bere erregistroak erabiltzen ditu erroldak egiteko.
Java eta Bali uharteekiko ezberdintasun handi bat azpiegiturei dagokiena da, guk geuk nabaritu beharko genuena gure lekualdaketan, beti iparralderantz, Lur Garaiak deiturikoetaraino.
Lehenengo 140 km-ak errepidez izan ziren: errepide ona zen eta itsasoaren ikuspegi ederrekin, hark bereizten duelarik eskuinetara dauden Moluka uharteetatik eta ezkerretara dauden arroz-soro eta mendialdearen hasieratik.

Orduan atsedenalditxo bat egin eta zerbait jateko geratu ginen, zeren eta, une hartatik aurrera, ordokitik aparte eta oihan trinko batez inguraturik, aukerak nabarmen murriztuko baitziren.
Berriro abiatu ginen eguzkia sartzen ari zenean, herrialde haiek ordu-eremuaren arabera mugitzen baitira, ez gu bezala. Egiaztatu ahal izan genuenez, bizi-maila apalagoaren erakusgarri oso egoera txarrean zegoen errepidea zen, desnibel handiekin baina goranzko joerarekin, eta, ondorioz, falta zen ibilbidea egiteko, 150 km inguru, 6 ordu inguru behar izan genituen, narras samarra zen denda-supermerkatu-taberna moduko batean egindako geldialdia barne.
Autobusak, tamaina ertainekoa, galtzadak ez baitzuen tamaina handikoetarako aukerarik ematen, txarto asfaltatutako edo asfaltatu bako eremuen eta zuloen artean –asko lokatzaz beteak, tarteka euria gogotik egin baitzuen– egin zuen bidea, eta autobus- eta kamioi-kopuru aipagarriarekin gurutzatu ginen.
Ziurta dezaket bidean inor ez zela lokartu. Martxa motzak erabili beharrak eta gau itxia izateagatik erreferentzia barik egoteak abiadura handian zihoan sentsazioa eragiten ziguten, kamioiekin gurutzatzea ahalbidetzeko noizbehinka zuzenguneetan egiten ziren geldialdiek erakusten zuten eremu jakin batzuetan galtzaden zabalera oso txikia zela; ibilgailuaren inguruko itzalen eraginez, aurrekoak izu-ikara handiak hartuta zihoazen, eta atzekoek, berriz, ibilgailuaren suspentsio txarra jasaten genuen, eta beraz punpaka gindoazen, horrek bizkarrari kalte egin eta aienetarako denbora gutxi uzten zigun (*).
Gaueko ordu txikietan iritsi ginen Toraja Misiliana hotelera. Azpimarratzekoak ziren hango logela handi eta erosoak, mantentze-lantxo batzuk behar bazituzten ere, lorategiak eta baratze dotoreak eta bi jangela zabal eta politak. Haietako batean, afarietan, bertako abeslari batek, teklatuan musikari bat lagun zuela, abesti melodiatsuak eskaini zizkigun, besteak beste, “Bésame mucho” (**) bezalako boleroak.
Indarberritu ondoren, hango ohiturak ezagutzeko prest ginen; aurreko bidaietan ikusitakoez bestelakoak ziren eta, ezjakina ni!, halakoez irakurri edo dokumentalik ere ikusi gabea nintzen.
————————————————————————————————
(*) Ibilbidearen gogorra ikusita, Ikea Bidaiak-ek autobus-bidaiaren alternatiba aurkitu du, askoz erosoagoa baina garestiagoa. Makassar-en gau batez lo egitea da, eta Lur Garaietara hegazkinez joatea Lagalioko aireporturaino, eta hura helmugako hoteletik ordubete pasatxora dago. Herrialde hartako hegazkinen ordutegi-aldaketa ugariek, aurreabisu txikiarekin gainera, aipatutako Makassar hirian gaua ematea bezalako neurriak hartzera behartzen dute.
(**) Hotelaren webgunean (https://www.torajamisiliana.com/about-toraja) haren historiaren laburpen bat dago, eta interesgarria iruditzen zaidanez, hona ekarriko dut:
1981ean, ostatu bila zebiltzanak jasotzen zituen noizean behin Benyamin Tangkesalu zenak. Aire Armadako beterano gisa, Toraja kultura partekatzeko grina zintzoarekin, turistei eta misiolariei ateak irekitzen zizkien beti, ezer kobratu barik.
Geroago, Indonesiako bidaia-agentzia garrantzitsuenetako batek galdetu zion ea bere urteroko taldeari ostatu eman ziezaiokeen, eta, trukean, Benyamin jaunak etorrera haien onura ekonomikoa jasoko zuen.
Hasieran ez zuen eskaintza onartu nahi izan, bere helburu nagusia Torajara bidaiatzen zutenei ostatua eta ongietorria ematea baitzen, trukean ezer espero barik. Hala ere, familiari galdetu ostean, onartzea erabaki zuen, toraja askok lan duina izango zutela aurreikusten baitzuen, hala nola turismo-gidari edo txofer gisa, eta ekonomiak, oro har, hobera egingo zuela turista gehiagoren etorrerari esker.
1973an, Benyamin jaunak, beste zortzi beharginekin batera, gehienak senitartekoak, emaztea eta seme-alabak barne, lau gela zituen Toraja Misiliana hotela ireki zuen lursail txiki batean… MISILIANA izena bere bost seme-alaben izenetatik dator. Garrantzitsuena familia dela erakusteko, taldeak, hasieratik, oztopo guztiak gainditu zituen, ez bakarrik bizirik irauteko, baita aurrera egiteko ere.
Ez zegoen garbiketa-sailik, denak arduratzen baitziren logela garbitzeaz ostatu hartutakoak irteten zirenean. Ez zegoen sukalde-sailik, behin gelak garbitu eta gero denek lagundu behar baitzuten sukaldean. Gauean, talde berak hartzen zituen ostatu eske joandakoak, jangelan zerbitzatu eta segurtasuna ematen zien. Ostalaritzan aldez aurretik prestakuntzarik izan ez arren, eta ekintza guztiak pasioan eta maitasunean soilik oinarritzen baziren ere, bezero asko iristen zitzaizkien.
Turismoak Torajan izan zuen gorakadaren ondorioz, bezeroak erreserba baieztaturik gabe iristen ziren, zortea izango zutelakoan. Bezero larregi izatea ez zen inoiz desabantaila bat izan, bakoitzak taldearen zerbitzurik onena jasotzen baitzuen eta, zain zeuden bitartean, beste batzuekin sozializatzeko aukera baitzuten. Prozesu horri esker, apopilo askok maitasuna topatu zuten eta ezkondu egin ziren. Orain arte, 11 bikotek baino gehiagok topatu dute maitasuna Toraja Misiliana hotelean; batzuetan apopiloen artean izaten da, edo gidari turistikoen artean, edo apopilo eta beharginen artean.
————————————————————————————————
TORAJAK ETA HAIEN ANTZINAKO HILETA-OHITURAK
Toraja edo Lur Garaietako herria.
Indonesian “antzinako erlijioa” –indonesieraz Aluk To Dolo edo Arbasoenganako Bidea– deitzen dena Sulawesi uharteko Lur Garaietako biztanle batzuek praktikatzen dute.
Gehienak kristauak dira, eta, gutxienez, % 10 “animistak” ere badira, hau da, uste dute izaki, gauza edo fenomeno natural bakoitzak bere arima edo izpiritua duela, ezaugarri jainkozko edo naturaz gaindikoekin. Zalantza barik, puntu hori oso garrantzitsua da “antzinako erlijioa” delako hori ulertzeko.
Berriro ere sinkretismo apur batekin topo egiten dugu, ez Japonian bezain errotua.
Torajak familia-unitate “zabaletan” biltzen dira, herrixka bakoitza familia handi bat baita. Besteak beste, soroetan, eraikuntzan, ospakizunetan, jardueretan eta zorren ordainketan laguntzen diote elkarri. Herriguneko Tongkonan nagusiaren inguruan biltzen dira, eta haren izena hartzen dute herria izendatzeko.
Historikoki hiru klase sozial izan dituzte: jainkoengandik datozen nobleak, plebeioak eta esklaboak, nahiz eta azken klase hori 1909an ezeztatu zen nominalki. Bakoitzari dagokion klasea emakumeek transmititzen dute, debekatuta dutelarik maila apalagoko norbaitekin ezkontzea.
Kalkuluen arabera, 1.100.000 “toraja” daude munduan zehar, eta gutxi gorabehera horietatik 450.000 inguru bizi dira Tana Torajako “lur garaietan”.
Bereziki ezagunak dira:
- Hileta-errituengatik, eta horien artean hileta-aurrekoak, hiletak eta ehorzketak daude, azken horiek labar harritsuetan edo… zuhaitzetan, oraindik hortzik atera ez zaien umeen kasuan.
- Tau Tau edo hildakoak irudikatzen dituzten zurezko tailuengatik.
- Lurperatutako gorpuak aireztatu eta garbitzeko ma’nene zeremoniengatik.
- Lehen aipatutako Tongkonan horiengatik, munduko bizialdian dituzten egoitzak.
Oso arropa koloretsuak janzten dituzte.
Turismoa handitzeak eta antropologoen interesak, besteak beste, beren sinesmen eta ohiturengatik oso harro egotera eroan dituzte, eta adeitasun handiz partekatzen dituzte bisitariekin.
Xehetasunetan sartzeko, nahiago dut ikusi genuena eta jaso genuen azalpena kontatzea, nahiz eta bisiten ordena ez izan hileta-errituak egiten direnekoa.
LEMO
Lemora iristean ikusten duzun lehenengo gauza opari-postu batzuk dira, Tau Tau irudiekin, eta txoko batean ur-bufalo bat sudurrean uztai bat duela, eta uztaia goian dagoen soka bati lotuta, horrek burua altxatuta edukitzera behartzen duelarik.
Lemo izeneko eremuan sartzen zara. Ona da alboko bidetik egitea, handik amildegiko edo itsaslabarreko harkaitzean egindako indusketen ikuspegi panoramikoa izango dugu eta. Familia-hilobiak dira.
Han sortutako kobazulo bakoitzaren sarbidearen ondoan balkoi edo palko moduko batzuk daude, eta haietan Tau Tau izeneko zurezko irudiak, hildakoak irudikatzen dituztenak.

Xehetasunetan sartuta, esan behar da eskultore espezializatuek egiten dituztela, “ogiaren zuhaitza” deritzonaren zurean taillatzen dutelarik hildakoaren buruaren erreprodukzio artistikoa. Horri banbu-kanabera bat eta gorputzaren eta sorbalden egitura eratzen duten barrak gehitzen zaizkio, eta bizirik zeudela erabilitako jantziekin janzten dira. Irudia emakumezkoa bada, lepokoak gehitzen zaizkio.
Urrutitik ikusi ondoren, hilobietara hurbildu ginen eta haitzulo bat bisitatu genuen, barruan zenbait deribazio zituena, eta turismorako irekita zegoena. Gutako batzuk sartu egin ginen, eta mugikorreko linternaren laguntzaz ikusi ahal izan genuen burezurrez inguratuta geundela, baita barru-barruraino iristeko bidearen bila ilunpetan ukitu genituen hezurrez ere, eta diruz, beste bizitzan laguntzeko izango zela pentsatzen dut. Oroigarri pertsonalak eta gurutzeak ere bazeuden.
TONGKONAN BATZUK IKUSTERA JOAN GINEN ETA HIL BERRI BATEKIN TOPO EGIN GENUEN.
Torajen etxe tipikoak, Tongkonan izenekoak, eraikitzen jarraitzen zuten herrixka bat bisitatu genuen. Enbor handi batzuen euskarri gainean eraikiak, itsasontzien itxura dute.
Diotenez, tribu hori Moluka uharteetatik iritsi zen Zelebes uharteetara, zituzten arriskuen aurrean ihes egitearen ondorioz. Lehorreratu zirenean, beldurrak eroan zituen mendi garaietan babestera (hortik haien izenaren jatorria, lehen esan dudan legez). Ihesaldia erraztu zieten itsasontziak oroitzeko, forma horrekin eraiki zituzten etxebizitzak.
Haietako batean, handienean, sartu ginen, zurezko eskailera bakun batetik. Beren artean bereizteko batere aterik gabeko hiru zatiz osotua zegoen: egongela handi bat, zelanbait esateko itsasontziko sotoari zegokiona, txopan logela komuna, eta brankan sukaldea, bi horien zorua egongelakoa baino gorago.
Brankaren puntari lurretik eusten zaio, besteak baino handiagoa eta sendoagoa den zutoin batekin. Hildakoekin eta haien hiletekin lotutako funtzio bat du, gero ikusiko duguna.
Bide nagusian lerrokatuta daude, eta, batzuetan, aurrez aurre erreprodukzio txikiagoak dituzte, garaien antzekoak, karraskarietatik salbu bihi edo aleak gordetzeko.

Handik beste herrixka batera joan ginen, non tongkonan etxe dezente ari ziren eraikitzen.
Herrixka horretan, aberatsenen familia-hilobi mota bat zegoen, barietate mendebaldekoagoa eta modernoagoa: panteoi karratuak, tradizioarekin bat egiten zutenak: Tau Tau irudiak, hildakoak tamaina naturalean irudikatzen zituztenak, sarrerako atearen ondoan, kristalezko ontzien barruan.
Bisita amaitutakoan, autobus-aparkaleku txikiaren ondoan, bizpahiru oroigarri-denda zeuden. Bidelagun bat eta biok, oroigarriekiko interes handirik gabeak, astiroago joan ginen eta alboan zegoen plazatxo moduko batean gelditu. Han konturatu ginen gazte batzuk zetozela, bi astorekin eta ohol batekin, eta atzetik beste bi, manta batean zeramatelarik gorpu bat izan zitekeena.
Etxe batean sartu ziren, eta, beharbada, haiek ohartarazita, andre bat atera zen, eta, oso irribarretsu, etxera sartzera gonbidatu gintuen, keinuka. Aurkitu nezakeena irudikatu nuenez, uko egin nion, baina nire lagunak baiezkoa eman zion.
Irtetean kontatu zidanez, astoaren gainean hildako baten gorpuzkiak jarri omen zituzten (“kolore grisa zuen” esan zidan), erruz perfumatua. Familiak, oso pozik bisitarekin, tea hartzera gonbidatu zuen, eta argazkiak ateratzera ere animatu zuen, baina ez zen ausartu.
Hilotzak bi urte inguru ematen ditu beretarren artean, eta denbora hori egokitzat jotzen dute hileta aurretik ospatzen den festa handira urrun bizi diren senideak etor daitezen, eta denbora izan dezaten senitartekoei opari onak egiteko adina aurrezteko. Bakoitzak ahal duena edo nahi duena emango du. Ur-bufalo bat da jaso daitekeen gauzarik garrantzitsuena. Kasu horretan, adajea kenduko zaio hiltzen dutenean, eta Tongkonan edo familiaren etxaurrean dagoen zutoinean iltzatuko dute.
Zenbat eta adaje gehiago egon, orduan eta garrantzitsuagoa da familia.

HILETAN IZAN GINEN
Zorionez, handik hurbil zegoen leku batean hileta garrantzitsu bat egitekoa zen. Familiak beti daude pozik beraiei lagun egiteagatik horretan, izan ere, ospakizun sozial handia baita.
Lehen esan dudan bezala, bertaratzen den bakoitzak opari bat eroan behar du hildakoaren senideentzat. Gure kasuan, ohikoenak: arroza eta tabako-paketeak (sinestezina da zenbat erretzen duen jende hark).
Hartarako prestatu eta alokatutako esparruaren erdian, plaza karratu handi bat zegoen, zurezko gelaz inguratua, eta hileta-zentro bat. Bide bat hartu genuen, eta bertan aurkitu genuen lehen eraikina eliza protestante bat izan zen. Jarraian, plazaren sarreran, kartel handi bat ikus zitekeen hildakoaren daturik garrantzitsuenekin, argazkia barne.

Plazaren erdian bufalo batzuk ikusi genituen gainean zuten soka bati lotuta, eta, beti bezala, burua altxatuta edukitzera behartzen zituen hark.
Aldez aurretik hildako beste bufalo batzuen haragia prestatzen eta banbuzko enbor batzuk, barazkiekin beteak, sutan berotzen ari ziren inguruan zeuden gazte batzuk. Unea iritsi zenean, haietako batek banbua hartu zuen trapu busti batekin eskua ez erretzeko, eta beste batek matxete edo aihotzez jo zuen hala prestatutako janaria barrutik ateratzeko.
Leku estali hurbilenean, pertsona bat letaniak errezitatzen ari zen.
Gu beste esparru batera joan ginen, beste guztiak bezala irekia eta estalpea zuena, non emakumeak, haurrak eta agure batzuk zeuden. Lurrean eserita, eta gonbidatu gintuztenez, tea hartu genuen, baina uko egin genion eskaini ziguten arroz egosia jateari.

Handik gutxira, neska gazteenak plaza inguruan desfilatzen hasi ziren, eta familiarekin geunden tokiaren aurretik igaro zirenean, hartarako ontzietan arroza utzi zuten opari gisa.
Aurpegietan eta jarreretan alaitasuna ikusten zen. Ez zuten ezelango trabarik jarri argazkiak egin genitzan, eta gurekin pausatzea ere eskatu ziguten.
Gizonak jateko prest agertu zirenean, alde egin genuen handik, kultura berezi harekin harrituta.
BESTE HILERRI BATZUK: MONOLITOAK ETA ZUHAITZAK.
Duela milaka urteko trikuharri edo monumentu megalitikoen gune bat ere bisitatu genuen. Antza denez, haien azpian lurperatzen ziren orduko nobleak eta haien abereak. Nahitaezko bisita turistikoa: monumentu-gunea da.

Beste ezusteko batekin egingo genuen topo, oraindik hortzik atera ez zaien eta arima bere kabuz beste mundura joateko gai ez duten umetxoen lurperatzearekin.
Errepide bazter batean etxola bat zegoen, eta bertan emakume batzuk beren neskatoekin (antza denez, gizonak beste zeregin batzuetan ari ziren). Haien hizkuntza ulertezinean berba eginez, neskatxek baso batera eraman gintuzten, eta han tamaina handi samarreko zuhaitzak zeuden, altuera jakin batzuetan txertoen antzekoak zituztenak.

Hau da sekretua: haurtxo bat hiltzen denean, zulo bat egiten da zuhaitzean, eta presiopean sartzen da han, zulogunea azalez estaliz. Pixkanaka-pixkanaka, zurak xurgatuko du umea, eta haren arima, landarearen izerdiaren laguntzaz, mundu jainkotiarrera iritsiko da azkenean.
IKUSI EZ GENUENA: ME’NENE-A.
Japonian Obon-a ospatzen da. Hildakoen izpirituak zenbait egunez beretarren etxera itzultzen dira, eta horiek, gauez dir-dir egiten duten paperezko faroltxo gorri batzuk erabiltzen dituzte etorrerako bidea eta beste mundura itzultzekoa erakusteko. Izpirituen egonaldiak 3 egun inguru irauten du, eta abuztuaren erdialdean izaten da, nahiz eta leku batzuetan aldatu egiten diren datak.
Torajen artean bertsioa bestelakoa da. Ez dute espero espirituek familiakoak bisitatzea. Bizidunak dira hitzaren zentzu zabalean haiekin biltzen direnak. Haien izpirituekin eta gorputzekin.
Horretarako, hilerrietara joaten dira eta hildakoen gorpuzkiak ateratzen dituzte. Bereziki berri samarrak badira, tente jartzen dituzte, arropen egoerari begiratu, beharrezkoa bada aldatu eta haiekin argazkiak egiten dituzte. Gainera, bertaratutako turistak une hori partekatzera eta beren kamerekin hilezkortu edo betikotzera animatzen dituzte. Gero betiko atsedenlekura itzultzen dituzte.
Denbora igaro ahala, eta gorpuaren hondamena zenbat eta handiagoa izan, hainbat senideren errautsak eta hezurrak burusietan bildu eta berriro lurperatzen dituzte.
Haientzat ohorea eta pozgarria da gorpuarekin tarte bat igarotzea eta poz hori arrotzekin partekatzea.
Prozesu hori amaitu eta hildakoa hilobira itzuli ostean, otordu bat egiten dute. Bazkalondoan ere zerbait bitxia egiten dute. Aire zabalean, herrixka batekoak hurbileko beste batekoen aurka borrokatzen dira, muga batzuekin: ezin dira ostikoak buruan jo, ezta lurrean dagoenari eraso egin ere.
Borroka amaitutakoan, lagunarte alaian elkartzen dira denak.
GAUZA GEHIAGO IKUSI GENITUEN.
Jarduera betean zegoen merkatu zabal bat bisitatu genuen, non elikagaiak eta arropak saltzen ziren. Mutur batean, eremu zabal bat zegoen animaliekin, mota, tamaina eta adin askotako bufalo ugari nabarmentzen zirelarik. Handienetako bat zelan baztertu eta atoi baten gainean jartzen zuten ikusi genuen. Gidariaren arabera, egun gutxi barru hileta bat izango zen.

Itsasontzi-etxeak zituen herri batean ibili ginen paseoan, non emakumeak arropa koloretsuak ehuntzen ari ziren, eta hurbileko ibaian eguna pasatzera eta ur freskoetan bainatzera joandako familien konpainiaz gozatu genuen. Haiekin nahastu ginen eta haien dantzak eta barreak partekatu genituen.

Makassar-eko aireportura itzultzeko, goizaldeko 02:30ean jaiki ginen. Zorionez, abiatu eta gutxira, eguna argituz joan zen, eta itzulerako bidaia lasaiagoa izan zen. Paisaiaz gozatu eta birritan gelditu ginen, batean berriz gosaltzera eta bestean goldatzen ari ziren arroz-soroen artean paseatzera.

EPILOGOA
Indonesiako bidaiak, besteak beste, herrialdearen tamainaren arazoa du. Bisita litezkeen leku asko daude natura maite dutenentzat, hala nola Borneo uhartea, baina ezin da ohiko zirkuitu batean sartu.
Nik neuk, Torajen oroitzapenaz gain, Java eta Ubud-eko tenpluak, Bromoko egunsentia eta Candidasako erlaxamendua izango ditut gogoan. Aipagarria da, halaber, luxu hutsezko hiri txiki bat den Indigo hotela Balin (Hotel Indigo Bali Seminyak Beach), baina, aitzitik, huts egin zidaten hondartzek. Hobeak eta zainduagoak ditugu hemen berton.
Ondorioa: ez dut uste oker nabilenik, merezi duen bidaia gogobetegarria dela esaten badut.
IRAKURLE BIDAIARIARENTZAKO ESKAERA.
Egunen batean bidaia hau egitera animatzen bazara, Misiliana Toraja hotelera iristen zarenean, galdetu ea han duten oraindik bezero batek ahaztutako liburu-irakurgailu elektroniko bat, nnik han utzi nuen eta. 02:30 ez da ohetik jaikitzeko ordua.
Jorge Ibor, 2025eko uztaila.
ADI!, hurrengo bideoak irudi zirraragarriak ditu