60TIK GORA AKTIBO


Joan den astean  MÀS   60   ACTIVO  (60TIK GORA AKTIBO)  foroaren bigarren edizioa izan zen, eta dozena bat aditu bildu ziren berton, eta 60 urte bete osteko bizitzaz beren ezaupideak eta esperientziak partekatu zituzten.

Hitzaldien bideoak webgune honetan ikus daitezke  www.elcorreo.com/sociedad/mas-60-activo

Aditu haien hitzaldietatik gure egunerokoan jarduteko esparrua osa dezaketen gomendio batzuk baino ez nituzke laburbildu gura, espazio osagarriak hartzen dituzte eta, hala nola:

  • Gure parte-hartze soziala (belaunaldien artekoa).
  • Zelan zahartu behar dugun.
  • Jarrera Covid-19aren aurrean.
  • Gure elikadura.
  • Erretiroaren faseak eta zelan aurre egin horiei.
  • Barne-turismoa sustatzea.
  • Zelan bizi BAKARDADEA.
  • Aire zabalean ariketa egitea.
  • Covid osteko errehabilitazioa eta nutrizio-ekarpena.
  • Teknologia berrietara egokitzea.
  • Aldez aurretik planifikatzea gure azken borondateak.

Haiek esandakoetatik gauza batzuk aipatzera mugatuko naiz, agian nahasi samar, baina haien esperientzia profesionalak jasotzen dituztenak; izan ere, han izan ziren:  Pertsona Helduen Programen Aholkularia, DYAko teknikariak, Espainiako Nutrizio Elkarteko lehendakaria, Kirurgia Ortopediko eta Traumatologiako Espainiako Elkarteko lehendakaria, Bilboko Turismo-zuzendaria, gura bako bakardadeari aurre egiten dion Saretu elkarteko zuzendaria, Fisioterapian espezialista, Adineko egoitzen kudeatzailea, Teknologia berrietan adituak, Zuzenbidearen Euskal Akademiako notario presidentea eta Osasun-plataforma bateko komunikazio-zuzendaria.  

Haien aholku, ekarpen eta esperientziek gure egunerokotasuna aztertzeko aukera ematen digute eta, ahal bada, gure jarduerak eta portaerak zuzentzeko aukera, gure “zahartze aktibo”aren martxa hobetuz.  

Zalantza barik, bigarren edizio hau Covid-19aren eraginak markatu du, XXI. mendean pentsaezinak ziren jardunak erakutsi dizkigu eta.

Lehen aldiz, osasuna ekonomiaren aurretik jartzen da kolektiboki. Osasunean inbertitu behar da.

Zahartze Aktiboan honako hauek sartzen dira:  Osasuna, Gizarte Partaidetza, Segurtasuna eta Ikaskuntza.

Aldagai batzuk aldatu egin dira:  “ Gehiago gara eta denbora luzeagoan “

Biztanleriaren eta bizi-itxaropenaren gorakadak gizarte-testuingurua aldatzen du. Oraintxe bertan, mendekotasunak edo ezintasunak erabakitzen du pertsona bat “nagusi”tzat jo edo ez, eta ez hainbeste erretiroa hartu izanak edo horretarako bidean egoteak.

Zahartu ahala pertsonon parte-hartze sozial handiagoa bilatuz sortu da BBK Sasoiko, ilusioa eta helburu berriak gehitzeko, gure erretiratuen etxeak dinamizatuz, besteak beste, bakardade beldurgarria arintzeko.

Proiektu berri honen BELAUNALDI-ARTEKO izaerak aukera ematen du adineko pertsonek interes komun berberak dituzten beste batzuekin egon eta jarduteko, pertsona bakoitzaren ahalduntzea sustatzeko, eta haien ahalmenak eredu berritzaile batean sustatzeko, iraganeko ikusmoldeak atzean utzita.

 

BELAUNALDIEN ARTEKO ELKARTASUNA

“ Pertsona bakoitzak bere zahartzeko modua aurkitu behar du, gure bidea sortu behar dugu “

Prozesu horietan eragin zuzena duten bi faktore garrantzitsu hauek dira: Jarduera eta Mugikortasuna.
Jarduera: ikasten jarraitzea, gure ezagutza zabaltzea (teknologia berriak)
Mugikortasuna: kirola, paseoak, dantzak, bidaiak (ez IMSERSOkoak bakarrik)        

“ Covid-19ak dakarren arriskua ez da gutxietsi behar, baina obsesionatu ere ez dugu egin behar “

Jada ezagunak diren prebentzio-neurriak: eskuak garbitzea, ahoa eta sudurra estaltzea, segurtasun-tartea mantentzea, maskara erabiltzea eta eskularruak erabiltzea muga jakin batzuekin.

“ Dieta osasungarria, zahartzeari atzera eusteko “

Zahartzea prozesu fisiologiko bat da, eta aldaketa handiak gertatzen dira gorputzaren osaeran, elikagaiak xurgatzeko prozesuetan eta gure organo ia guztien funtzionamenduan; horren ondorioz, hainbat muga sortzen dira elikagaien ekarpenean eta hondatze edo narriaduren konponketan.

Malnutrizioa da immunitate-sistema hondatzeko lehen urratsa, eta ondorioz joera handiagoa izaten da infekzio, hondatze edo endekatze-prozesu, hainbat minbizi-mota eta abarretarako

Malnutrizio hori ospitaleetan eta egoitzetan gertatzen dela nabarmendu zuten; izan ere, erabiltzaileak elikadura txarrarekin iristen dira leku horietara eta, kasu askotan, larriagotu egiten da berton.

Konponbidea: dieta mediterraneoaren aldeko apustua egitea, ariketa fisikoa sustatzea eta zeregin atsegingarri bat izatea. Oso-oso kontuan izanda kaloria-doikuntza (kaloria gutxiago jatea), antioxidatzaileak hartzea, sukaldaritzako teknikak (lurrunez kuzinatzea, zartaginaren ordez plantxa erabiltzea, …), hidratazioaren aipamen berezia, batez ere, jarduera fisiko eta mentalean.

“ Zelan aurre egin erretiroari “    

Etorkizuna interesatzen zaigu, hor igaroko baitugu geratzen zaigun bizitza.

Gure lankide Jose Luis Agirrek hasierako euforiaren eta azken egonkortzearen artean banatu zituen erretiroaren etapak, depresioan erori barik: aurre-erretiroa, eztei-bidaia laburra, desengainua, birbideratzea eta, azkenean, egonkortzea

Erretiroa hartzea ez da bizitzatik erretiratzea, baizik eta norberarentzat, zuretarrentzat eta besteentzat denbora bilatzea.

Zer egin nahi den planifikatu behar da, eta argi izan behar da “nik izan behar dut neure bizitzaren ardatza”

“  Barne-turismoaren alde egiteko unea da “

Gure 60TIK GORA kolektiboa Covidaren ziurgabetasunetik irteten azkena izango da, eta gure ohiko bidaiak hurbilagoko turismorantz planifikatu beharko lirateke, geure herrialdean bidaiatzea ere erakargarria dela berretsiz.

“ Gura bako bakardadea “   

Bakardadeari ez zaio heldu behar hautu indibidual edo egoera berezi gisa, baizik eta arazo sozial gisa,

Zelan prebenitu: Sentsibilizatzea > Detektatzea > Esku-hartzea eta Ebaluatzea.

Beren auzoetan arriskuan bizi direnen kasuak detektatu eta identifikatzeko boluntarioen parte-hartzea beharrezkoa da, informazioa jasotzen dute, eta ondoren, Gizarte Ekintzako Arloetara helarazten dute, beharrezko laguntza emateko.

Esku-hartze horren ardatzak honako hauek dira:  beste pertsona batzuekin konektatzeko aplikazio informatikoak, espazio fisikoak eraldatzea eta, ahal izanez gero, belaunaldien arteko etxebizitzak sortzea, garraio partekatua, etab

“ Zahartze osasuntsua “

Zahartze-prozesuak egokitzea eskatzen du, eta pertsona bakoitzaren gaitasun funtzionalaren arabera, etxean jarduera fisikoa sustatuko dugu sedentarismoari aurre egiteko, ariketa egitea bultzatuko dugu ingurune naturalean eta, ahal denean, kirola egitera bultzatuko dugu jendea.

Ehuneko handi bat kalera irtetearen beldur da: egungo egoeraren aurrean dagoen ziurgabetasunak segurtasunik eza eragiten du, pixkanaka gainditu beharrekoa.

“ Eredu asistentziala “

Zaintza eta konpainia ezinbesteko elementu bihurtzen dira gure bizitzan.

Diziplina arteko lanean oinarritu behar dira egoitzak, arreta psikologikoa, osasun-laguntza, gizarte-lana, fisioterapia, gizarte-lana, animazio soziokulturala eta terapia okupazionala bateratuz, “betiere egoiliarra ardatz nagusi bihurtuta”.

Konfinamenduak larriagotu egin du sarkopenia (muskulu-masa galtzea) sedentarismoagatik, eta horri aurre egin behar diogu errehabilitazio-zaintza onenekin, nutrizio-ekarpen egokiarekin eta arreta psikologikoarekin.

“ Teknologia berriak “

Egungo egoeran, eragozpenik handiena ez da teknologia ulertzea, baizik eta horretaz baliatu ahal izatea.

Aitortu behar da konfinamendu luzean zehar teknologia berriek (bideokonferentzia, Skype eta abarrek) ahalbidetu digutela gure kutunekiko komunikazio-hutsune handia gainditzea

Baina gure kolektiboak egunero egin behar dituen kudeaketa administratiboetan ere kontuan izan beharko genuke arreta-hutsunea.

Prestakuntza konfiantzazko (ziurtasunezko) ingurunean eta ikasten laguntzen duen prozesu baten bidez egin behar da, inoiz ez prozesu itzulezin bat inposatuz, eta munduko sen on guztiarekin.

Osasunaren esparruan, teknologia berriak beharrezkoak izango dira gure etxeetan, eta aukera emango dute medikuekin edo zaintzaileekin bideo-kontsultak egiteko, familia, lagun eta etxeko arretarekiko komunikazioa urrutitik mantentzeko, eta, printzipioz, beharrezkoak ez diren harremanak eta joan-etorriak saihesteko.

Lagun diezaguketen beste elementu teknologiko batzuk:  jarduera-eskumuturrekoak, larrialdi-deietarako gailuak, jarduera hautematen duten kamerak, …

“ Eta azkenik, gure familia-herentzia planifikatzea “ 

Familia Ondarearen titularrek eskualdaketa planifikatzeko dituzten aukerak azaldu zituen Notarioak, baita 2015ean Euskal Autonomia Erkidegoan onartu ziren aldaketak ere. Aldaketa horiek Lurralde Historikoen berezitasunak arautzen dituzte kontzeptu hauetan:  Tronkalekotasuna (ondasunak familian mantendu behar dira), “alkar-poderosoa” (ondasunen 2/3 alargunak mantenduz), eta ondarea, itun baten bidez, oinordekoei bizi bitartean transmititzeko aukera.

Azken batean, badaude mekanismoak aldez aurretik plangintza ona egin ahal izateko, eta ez bakarrik familia-bizikidetzaren ikuspegitik, baita zerga-ikuspegitik ere.

Utzi iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.