Gure elkartetik gero eta kezka handiagoz ikusten dugu sektore askotan sendotzen ari den joera: merkatuak aurrera egiten du sofistikazioan, baina ez beti argitasunean. Eta anbiguotasun barik esatea komeni da: konplexutasuna ezin da inoiz merkataritza-estrategia onargarri bihurtu, horrek zailtzen badu ulertzea kontsumitzaileek zehazki zer kontratatzen duten eta zer baldintzatan egiten duten.
Esperientzia ekonomiko eta finantzarioa dutenek badakite merkatu osasuntsu bat oinarrizko printzipio ukaezin batean oinarritzen dela: gardentasunean. Ez ospe onerako keinu gisa, ez enpresa-diskurtsoaren elementu apaingarri gisa, baizik eta aukeratzeko benetako askatasuna egotea ahalbidetzen duen baldintza gisa. Informazio argi, konparagarri eta ulergarri barik, lehia ahuldu egiten da, eta enpresaren eta kontsumitzailearen arteko oreka ere bai.
Azken urteotan merkaturatze-ereduen eraldaketa sakona izan dugu. Behar dena bakarrik aukeratzeko gaitasuna mugatzen duten zerbitzu paketatuak, alderatzeko nahita zail edo gaitzak diren tarifa-egiturak, oharkabean igarotzen diren berrikuntza automatikoak, ikuspen gutxirekin jakinarazitako kontratu-aldaketak edo azkar erabakitzeko diseinatutako kontratazio-prozesuak, hausnarketarako ia tarterik uzten ez dutenak. Gero eta hedatuago dauden praktika horiek ezin dira normalizatu.
Berrikuntza positiboa da. Digitalizazioak efizientzia, lehiakortasuna eta aukera berriak ekarri ditu. Baina modernitatea ezin da ulermenaren kontura eraiki. Kontratu bat ulertzeko aparteko ahalegina egin behar denean, arazoa ez da kontsumitzailearena, merkatuarena berarena baizik.
Horri fenomeno bereziki garrantzitsu bat gehitu behar zaio: datuaren ekonomiak merkataritza-harremanaren ohiko arauak aldatu ditu. Gaur egun ez gara bezeroak bakarrik; portaerak aurreikusteko eta erabakiak bideratzeko gai diren eredu prediktiboen bidez aztertutako profilak ere bagara. Gaitasun teknologiko hori, berez, ez da eztabaidagarri edo zalantzazkoa. Onartezina da pertsonalizazioaren ondorioz konparatu edo alderatzea zailagoa izatea, eskaintza opaku bihurtzea edo kontsumitzaileak nekez ikusi ahal izatea zergatik aurkezten zaion proposamen jakin bat eta ez beste bat.
Gure elkartetik argi berba egin gura dugu: gardentasuna ez da negoziagarria.
Eta ez da negoziagarria, konfiantza haren mende dagoelako, eta, konfiantza barik, ez dagoelako sendo edo jasangarria izan daitekeen sistema ekonomikorik. Hori ulertzen duten enpresek, bezeroak babesteaz gain, beren markaren balioa eta diharduteneko merkatuaren egonkortasuna ere babesten dituzte.
Beste joera kezkagarri bat ere ikusten dugu: gero eta presio handiagoa azkar erabakitzeko. Berehalako deskontuak, azken aukerako abisuak edo berehalakotasuna saritzen duten kontratazio-prozesuak… eta horiek guztiek ageriko logika bati erantzuten diote: zenbat eta gutxiago hausnartu, orduan eta txikiagoa da eskaintzen dena zalantzan jartzeko probabilitatea. Joera horren aurrean, irmo defendatzen dugu kontsumitzaileak presa barik, informazio guztia mahai gainean jarrita eta aukeraketa bakoitzaren inplikazioen kontzientzia osoarekin erabakitzeko duen eskubidea.
Komeni da funtsezko zerbait gogoratzea: esperientziak kontsumitzailearen indargune handienetako bat izaten jarraitzen du. Aztertzeko, galdetzeko, kontrastatzeko eta pizgarri komertzialek arrastaka ez eroateko gaitasuna hainbat hamarkadatan merkatuaren egonkortasunari lagundu dion kultura ekonomikoaren parte da. Jarrera kritiko hori ez da oztopo aurrerapenerako, baizik eta aurrerapena desbideratzea saihesten duena da, hain zuzen ere.
Gure zeregina, elkarte legez, zalantza bakoa da. Ez gaude soilik kontsumitzaileei laguntzeko gatazka bat sortzen denean. Estandar altuagoak exijitzeko gaude, merkatuaren argitasuna higatzen duten praktika edo jardunbideak seinalatzeko eta gogorarazteko jokoaren arauak zailtasun barik uler daitezkeenean bakarrik dela lehia erreal edo benetakoa.
Merkatuak eboluzionatzen jarraituko du, baina muga batzuk ez lirateke gurutzatu behar. Sofistikazioa ezin da opakutasunaren sinonimo izan. Teknologia ez da erabili behar informazioa desitxuratzeko. Eta konplexutasuna ez litzateke inoiz lehiarako abantaila bihurtu behar.
Izan ere, azken batean, kontsumitzaile zorrotza ez da arazo merkatuarentzat; bere kalitate-bermerik onena da. Kontsumitzaileek jarrera informatua eta kritikoa duten lekuetan, merkatua indartu egiten da. Gardentasunak atzera egiten duen tokian, denek galtzen dute.
Gure elkartetik ideia sinple bezain ezinbesteko bat defendatzen jarraituko dugu: aukera gehiagok ulertu ahal direnean bakarrik adierazten dute askatasun handiagoa. Eta kontratatzen dena ulertzeak ez luke pribilegio bat izan behar, kontsumo-harreman ororen oinarri eztabaidaezina baizik.
Bilbo, 2026ko otsailaren 4a
Ana Alzaga – EHKB / UCE EUSKADI
