Giltzurrun bat eman dut gaur. Esan didate oso ondo jarrai dezakedala bizitzen bestearekin. Ondo elikatu behar dut neure burua eta lehenbailehen suspertu eta osatu.
Garrantzitsua naiz, oso garrantzitsua. Organo horri esker norbaitek heriotza garaitu du. Gustatzen zait pentsatzea nire zati batek bizirik dirauela eta, ziur aski, jarraituko duela ni hil arren. Atentzioa ematen dit nire ekintzaren onuradunen zorionak. Haien aurpegi zoriontsua irudikatzen dut bizirik jarraituko dutela jakitean. Ez dakit jabetzen diren beren zereginaz mundu honetan; are gehiago, uste dut haien garrantzia minimoa dela, nirearekin alderatuta. Bai, badakidalako nire giltzurrunari esker bizirik jarraituko dutela; bestela, ni existituko ez banintz, haiek ez lukete bizirik iraungo.
Horrela hezi ninduten: garrantzia, batez ere, ezinbestekoa izatean datza. Ni horietakoa naiz; beste batzuek behar naute bizirik irauteko. Ezingo nuke inoiz jasan nire bihotzean ezelango neurekoikeriaren zantzurik ikustea. Horrek ez du bizia ematen, baizik eta bizia akabatu egiten du.
Ez al da, bada, ederra, bikaina eta gizatiarra nire gorputza zatikatzea, ezagutzen ez ditudan beste gizon edo emakume batzuek bizirik iraun dezaten? Haien aurpegiak imajinatzen ditut esnatzean, jada hits, bizirik gabe, daukaten organoa ordeztu diena hartu ostean.
Hala ere, farmazian sartu eta infekzioak saihesteko medikuak agindu zizkidan antibiotikoak eskatzean, andre batek goitik behera begiratu zidan, mesprezu apur batez, bere buruari galdetuz bezala zer egiten nuen nik han, bere botikan, berarengandik hain hurbil.
Nire dedikazioa ez al da, bada, zintzoa? Ez al da gizatiarra? Ez al da, bada, eskertzeko moduko filantropia-erakusgarri bat? Orduan, zergatik gutxiesten gaitu jendeak gu, gure bizitza halako doakotasunez eskaintzen dugunok?
Harengana hurbildu nintzenean, nire presentziagatik halako garraztasuna erakusteko zituen arrazoiez galdezka, ez nintzela pertsona erantzun zidan. Zer da pertsona, orduan? Burua daukat bi begi, aho bat, bi belarri, eta estaltzen duen ile kizkur hori pixka batekin; bi esku ditut, bi oin, … irribarre egiten dut zoriontsu naizenean, eta negar tristurak menderatzen nauenean.
Hala ere, ematen nizkion azalpen eta arrazoibide ugari gorabehera, hark mesprezuz begiratzen zidan etengabe, eta umiliatu egiten ninduen besteen aurrean. Baina haiek, besteak, ez ziren kezkatzen ni jasotzen ari nintzen tratuaz. Ez zidaten entzun esan nienean nire gorputza ematen ari nintzela beste batzuk bizi daitezen. Baten batek isekaz irribarre ere egin zuen.
Han zeuden guztiei begiratu nien. Nire begiek laguntza eskatzen zuten eta ezpainek dar-dar egiten zuten adore-premian. Baina andreak, niri zeharka begiratuz, bere ankerkeria aldagaitzaz erantzun zuen: “Zuk ez duzu arimarik”.
Langileak antibiotiko-kaxa eman zidan, eta mutil batek atea ireki zuen irten nendin. Egun hartan zirimiri apur bat egiten zuen, baina ez zitzaidan axola izan bustitzea. Zer da arima? Zein da gizaki baten ezaugarririk gizatiarrena?
Ramirez andereñoak motots bat egiten zuen beti ilearekin, argala zen, eta samurtasun handikoa. Gogoan dut 758HL, lau urte zituen ume bat, korrika joan zenean harengana negarrez, 332LMak, bera baino pixka bat zaharragoak, esan baitzion, pilota uzten ez bazion, begi bat aterako ziola. “Begi bat atera…!” Ramirez andereñoak esan zion inork ez ziola begirik aterako, txorakeria hutsa zela. Orduan Ramirez andereñoaren bekainak bi ertzetatik erori ziren, tristura-aura batek bahitu balizkio bezala.
Baita ere ertzetatik bekainak erori zitzaizkion Ramirez andereñoari, nagusitzean erabat ezinbestekoak izango ginela azaldu zigunean. Ez dut inoiz ondo ulertu zergatik. Begi politak zituela esaten genionean, begi berde haietan hondo ilun bat zegoela erantzuten zigun. Askotan, berba egiten zidanean, begietara begiratzen nion hondo bitxi eta ilun haren bila.
Bai, oso ondo azaldu ziguten hamalau urte bete genituenean. Gu ez gara besteak bezalakoak; ez dugu ez aitarik ez amarik, ez dugu familiarik. Genetikoki eraldatutako eta laborategi batean garatutako zelula bat gara. Ez gara jaio, izenik ere ez digute jarri. Ni 123NH naiz, aitaren abizenik gabe, ez dudalako aitarik izan, ezta amaren abizenik ere, arrazoi beragatik. Esan zidatenean, bolaluma erori zitzaidan lurrera eta irakasleak laguntza psikologikoa jarri zidan. Ramirez andereñoak ikusarazi zidan zein garrantzitsua izango nintzen nagusitzean.
Orain jada heldua, nagusia naiz eta garrantzitsua sentitzen naiz. Hala ere, ez ditut oso ondo ulertzen gizatasun-printzipioak. Ez al naiz ni, 123NH, neure bizitza besteei eskainita, gizatasunaren eredu? Zergatik diote, orduan, ez dudala arimarik? Edo arima ote da gizadiaren zatirik ankerrena? Gutxietsi egiten naute, haietako edozein bezain gizatiarra ez banintz bezala, duintasunik ez banu legez. Ez al da hori, bada, jarrera anker eta bihozgabea?
Ospitaletik deitu didate berriro. Oraindik ez dut antibiotikoen kaxa amaitu. Begi osasuntsu bat behar dute. Nirea emango dut, azken finean, begi bakarrarekin ere ikusten da. Ispilura begiratu eta eskuineko begia estali dut: bai, begi bakarrarekin ere ikusten da.
©F. Urien