Galdutako gaztetasuna berreskuratzen

Egia bada ere aspaldi gordetako gauzaren bat aurkitu nahi duzunean gauza hori agertzeko modurik ez dagoela, egia da, baita ere, gauza horren bila zabiltzanean espero ez zenituen baina aspalditik falta zitzaizkizun beste gauza batzuk aurkitzen dituzula. Banekien gaztea nintzeneko gauza batzuk (argazkiak, idatziak, txostenak) etxean nonbait egongo zirela, baina, hain ondo gordeta utzi nituen, ez baitzegoen haiek aurkitzeko modurik. Orain agertu dira, beste zerbaiten bila ari nintzela.

Eta, ahalegin handiegirik egiten ez banuen ere, bizitzan nahikotasunez moldatzeko balioko zidana ikasten saiatu nintzen urteekin egin dut topo. Poz berezia eman dit hamabost urte nituela arreta gehien ematen zidaten poesia liriko eta/edo mistikoak idazten nituen libreta bat aurkitu izanak; olerki haietako batzuk buruz ikasi behar izan nituen gainera, nire jokabide bihurriengatik zigor gisa. Han daude, nik neuk eskuz idatzita, irakasle guztiek esaten zidatenez oso polita zen letrarekin, San Juan de la Cruzen Canciones del alma, Arcipreste de Hitaren Libro del buen amor, Santa Teresa de Jesús, Góngora, Gerardo Diego, Calderón de la Barca, Espronceda, Lope de Vega, Rubén Darío, Machado anaiak, Salinas, Unamuno, haurrek hainbeste atsegin zuten Juan Ramón Jiménez, baita hain emankorra eta hain gutxi maitatua den Anonimoa egilea ere.

Hamabost urteko zein neska-mutilek du hitza beren nahierara moldatuz edertu eta landu zuten haien berri. Gaur egungo zein gaztek dakizki orduan hitzez hitz errepikatzen genuen Canción pirata ospetsu haren gutxienez bi ahapaldi. Zein nerabek deszifra diezaguke Góngora eta Quevedoren arteko desberdintasuna eta haien arteko etsaitasunaren arrazoia, baldin eta halakorik egon bazen. Eta, azken batean, zein irakasleri interesatzen zaio gaurko haurrek poeta entzutetsu haien izenak ikastea, beren futbol-taldearen jokalari-zerrenda errezitatzen duten modu berean, eta gutxienez haien obra esanguratsuenak irakurtzea.

Berriro irakurri ditut, eta aitortu beharra daukat hunkitu egin naizela. Batik bat garai hartan esaldi askoren esanahia harrapatzen ez nuelako, hitzek esaten zutenaz harago joaten ez nekielako, esaldi poetikoa ulertzen ez nuelako. En una noche oscura, con ansias en amores inflamada… A dónde te escondiste, amado, y me dejaste con gemido… Tras de un amoroso lance y no de esperanza falto, volé tan alto, tan alto, que le dí a la caza alcance… Apurar cielos pretendo ya que me tratáis así… Con diez cañones por banda, viento en popa a toda vela… Pobre barquilla mía, entre peñascos rota… Al olmo seco hendido por el rayo y en su mitad podrido… Ezagunak egiten zaizkizuela, baietz! Eta ozen irakurri genuenean irakasleak argitu zigun zerbaitez oroitu naiz: lehenengoak, jatorrizkoan, ez zuela «en una noche oscura» esaten, «en una noche escura» baizik; gauza bera direla, baina halaxe idatzi zuela San Juan de la Cruzek. O tempora, o mores! Zizeronek erabili zuen adierazpen hori, Katilina interpelatzeko, baina Asterixen istorioetako bitan agertu zenean egin zen ezagun. A zer garaiak! Buruz ikasi behar izan nituen, zigor gisa, apaizek nahi baino bihurriagoa izateagatik. Bestela, ez zidaten uzten gainerakoekin batera zuri-beltzeko telebista haren aurrean ikusten uzten ziguten programa bakarraz gozatzen: Cesta y puntos.

Batxilergoan «letrak» aukeratu genituenok egin behar izan genuen beste gauza bat «hizkuntza hilak» ikastea izan zen: latina eta greziera, alegia. Eta klasikoen itzulpenak, hizkuntzan murgiltzeko modurik onena izateaz gain, antzinako hizlari, filosofo eta matematikari bikainenen pentsamendua esploratu eta aztertzeko modu egokiena ere baziren. Gaur egun, erabat eta behin betiko ezabatu dira irakaskuntza araututik. Eta horrela gabiltza. Ez dugu geure hizkuntza ezagutzen, gure hiztegian lehendik zeuden hitz berriak asmatzera jotzen dugu, eta ortografiari, sintaxiari eta hitzen morfologiari buruzko zalantzak sortzen zaizkigu. Latinak eta grezierak geure hizkuntza hobeto ezagutzen laguntzen digute. Usu erabiltzen ditugun hitzen % 85 latinetik datoz, eta % 10 grezieratik. Gehien-gehienetan grezieratik sortzen den hiztegi zientifiko eta teknikoa hobeto eskuratzeko aukera ematen digu. Beste hizkuntza batzuk ikastea errazten du, berdinak baitituzte jatorria, hiztegia eta gramatika-egitura; ingelesarekin, alemanarekin, frantsesarekin edo italierarekin egiazta dezakegu hori. Gure kulturaren oinarrizko kontzeptuen jatorria eta esanahia ezagutzeko aukera ematen digute: filosofia, artea, teknika, demokrazia, errepublika, monarkia… Zentzurik gabeko etiketa soilak izango lirateke bestela. Hezkuntza humanista transbertsala eskaintzen dute, askatasun-, berdintasun- eta elkartasun-eredu direnak. Horiek guztiak ezin hobeto definituta daude antzinako erromatarren eta greziarren testuetan. Jakintsu haiek aztertzeak elementu komun asko dituen gizartea kohesionatzen laguntzen digu. Europako literatura ezagutzeko aukera ematen dute, noski, eredu haietan islatu direlako lehen poema epikoak, lehen poema lirikoak, lehen dramak edo lehen nobela beltzak. Era berean, Europako artea hobeto ezagutzeko aukera ematen dute, eta estilo artistikoei buruz ari naiz, hala nola erromanikoari, gotikoari, Errenazimentukoari, barrokoari, neoklasikoari edo mitologia klasikoa ezagutuko ez bagenu ulertuko ez liratekeen edozein museotako pinturei buruz. «Hilak» deituriko hizkuntza klasiko horiek gabe, ez genituzke ezagutuko Sofokles, Sokrates, Aristoteles, Zizeron, Virgilio, Horazio eta beren jakinduriaren laginak utzi dizkiguten beste hainbat egile, beren lanak latinez idatzi zituzten egile modernoagoak ahaztu gabe, Descartes eta Newton, adibidez.

Julio Zesarren De bello Gallico (Galiako gerrak) itzultzeko zoria izan nuen; apaingarririk gabeko latinezko prosaren adibiderik onenetakoa, hain zuzen. Denboraren poderioz, latinistek sakon aztertu ohi duten lan bihurtu da, baita latin modernoaren irakaskuntzarako testu gisa erabili ohi diren prosazko iturri klasikoetako bat ere. Katilinarioak, non Zizeronek behin eta berriz salatzen baitzuen Katilina, politikagintzan egindako amarruengatik. Virgilioren Eneida, zeinak Troiako ihesa eta Eneasen Laziora iritsi arteko abenturak kontatzen dituen. Horazioren Odak, non greziarren ideia filosofikoak adibidetzat hartzen dituen eta haien metrika ere erabiltzen duen (gorago 5. oda daukagu itzulita: Laudabunt alii).

Eta, greziarrei buruz ari garela, Homero daukagu denen gainetik, bere Iliada eta Odisea lanekin. Bi epopeia homerikoen edertasuna eta betierekotasuna beren horretan mantentzen dira gaur egun, eta, bi milurtekoren ostean, lilura paregabea pizten jarraitzen dute. Ez zaizkio atzean geratzen Sokrates, Platon, Aristoteles, Tales Miletokoa eta ezin gusturago itzuli nituen beste batzuk. Ez da sekula iraungiko denboraren joanarekin oroimenean utzi didaten lorratza. Haien idazkien indarra eta azalpenen argitasuna eredu dira politikagintzan zintzotasunez murgildu nahi duen ororentzat. Halako kasurik ez dago gaur egun.

Hainbeste urteren ondoren nire gazte-mundura eraman nauen libreta honek nire bizitzako garai garrantzitsu bat gogorarazteko balio izan dit, jada ia galduta dauzkadan bi hizkuntza horiek ikasi izanak sen kritikoa lantzeko balio izan zidalako. Pena.

Baina ez da hori izan hautsez betetako kutxa ahaztu horretatik atera den gauza bakarra. Aspaldi horitu ziren orri batzuk ere aurkitu ditut; denborak aldatu egin du zelulosak eman zien zuritasuna, hauskor bihurtu dira, eta oso usain berezia darie. Aitak bere garaian oparitu zidan Olivetti Lettera 25 idazmakinan tekleatu nituen lerroak jaso dituzte 57 urtez. Narrazioa maite zuen literaturako irakasle batek bultzatuta ariketa gisa egin nituen hiru idazlan dira. Haietako batek Bizkaiko Aurrezki Kutxak aspaldi finantzatzen zuen Subnormalen Zentrora egin nuen bisita deskribatzen du. La Casillan zegoen, kiroldegiaren ondoan, Gordonizko zubiaren azpian ia. Gaur egun ezinezkoa izango litzateke izen hori jartzea, guztiok ezagutzen ditugun arrazoiak direla-eta; 1972an egokitu egin zuten, La Ola Hezkuntza Bereziko Ikastetxea inauguratu zutenean. Haur haiekin igarotako uneek betiko markatu ninduten; batez ere, tarte luze batez begira egon zitzaidan neskato batek, «Zer gertatzen da?» galdetzen ariko balitzait bezala. Oraindik ere gogoan ditut haren irribarrea eta nigan iltzatutako begirada garbia. Ahaztezina.

Beste idazlanetako batek kazetaritzako albiste bat garatzen du: 1968ko urtarrilaren 14tik 15erako gauean, Richter eskalan 6,4 graduko lurrikara bortitz batek Belize ibaiaren harana astindu zuen, Siziliako mendebaldeko muturra iparraldetik hegoaldera zeharkatzen duen ibaiaren harana. Ehunka hildako eta milaka zauritu eragin zituen, eta hamabi herri erabat suntsituta geratu ziren. Bertoko egunkarietan bost lerro eskas jaso zituen albiste horrek istorio txiki bat garatzeko bidea eman zidan: lurrikara hartan, txakur batek, bere zaunkekin, Larrialdi Zerbitzuen arreta erakarri zuen, eta, horri esker, hondakinen azpian bizirik zegoen neskato bat aurkitu zuten, baina ezin izan zuten salbatu, ospitalera iritsi eta gutxira hil baitzen. Idazlan horrek Santanderren antolatutako literatura-lehiaketa bateko 2. saria irabazi zuen. Lehen saria «eman gabe» geratu zen. Ez da sariaren dirua aurrezteko modu makala. Eman zizkidaten 200 pezetak saria jasotzera eraman ninduen taxia ordaintzeko erabili nituen.

Hirugarren idazlanak ez zuen saririk irabazi; ez zuen ezta irakaslearen oniritzia jaso ere egin. Arrantza-ontzi batek eta bere tripulazioak ekaitz baten erdian izandako borroka deskribatzen du, ontzia iraultzeko mehatxatzen duten olatuekin, kostaldetik gertu, herri osoa begira daukatela, itsaso zakarraren eta txoen arteko borrokaren aurrean familiak larrituta daudela, harik eta, denboraleari garaituz, portuan babesten diren arte, merezi bezalako harrera jasoz. Hori da gehien gustatzen zaidana. Hamabost urterekin idatzi nuen. Etenik gabe atera zitzaidan. Ez nion zuzenketa bat bera ere egin. Gaur berriro irakurri dudanean, nire bizitza osoan idatzi dudan gauzarik onenetako bat dela pentsatzen jarraitzen dut. Denbora igaro den arren, oraindik ere maite ditut une hura eta «LANDAREN».- 15 URTE gisa sinatutako orri hori lizundu hauek.

©Javier Campo

Utzi iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude