Tomasa


SARRERA.

Ramon eta Tomasaren istorioa da hau. Tomasarena, batez ere.

Fikziozko izenak dira. Baina benetako gertaera edo jazoeretan oinarritua da istorioa. Zoritxarrez, benetakoetan.

Jaio zirenetik, biek zituzten gauza asko komunak, nahiz eta urteak behar izan zituzten hori jakiteko. Gerraren ─litekeen eta gerra txarrenaren, senide eta herrikideen arteko gerra alferrikako eta odoltsuaren─ umeak izan ziren. Eta ondorengo beharrizanaren umeak.

RAMON.

Familia ezkertiarra zuen, xumea eta langilea. 5 seme-alabetako hirugarrena izan zen bera. Gerraren lehen urtean jaio zen. Aitaren aldekoek gerra galdu zutenean, familia errekan aurkitu zen, lan edo behar duina topatzeko eragozpen handiekin. Eta laugarren umea bidean zen.

Zenbat ordu aitak beharrean! Familiak igandeetan bakarrik ikusten zuen ia, leher eginda iristen zen hura, eta bazkari haietan berba gutxi egiten zuten eta sekula santan aipatu ere ez gerra madarikatua.

Ama ere etengabe beharrean. Etxea, seme-alabak, adabakiak, astiune bat zuenean jertseak egiten zituen umeak janzten gutxiago gastatzeko eta, bakarren bat saltzen bazuen, diru-sarreratxo bat gehiago… Gero, bosgarren umea, poz handia eta arazo berriak ekarri zituena: beste aho bat gehiago.

Ramonek beti gogoan izango zituen garai haiek: pobrezia, kale gorrian ordu asko eta eskolan gutxi… Ohi baino ere diru gutxiago zutenean, zelan bidaltzen zuen amak janari apur bat erostera: esaiozu Don Eduardori kilo-erdi garbantzu emateko, ni ezin naizela orain jaitsi eta. Ordainduko diodala. Eta Don Eduardok, familia askoren salbatzaileak, fidantzan ematen zizkion garbantzuak. Eta batzuetan gozoki bat ere bai mutiko zintzoa izateagatik.

50eko urteen amaiera ere iritsi zen. Gobernuak pentsatu zuen amaiezinak ziruditen langabezia eta miseria arintzeko modurik onena gazteak migratzera bultzatzea zela. Frantzia, Alemania, Suitza… Hemendik miseria kentzeaz gain, dibisak iritsiko ziren familiei laguntzeko. Ideia biribila.

Alemaniara joan zen Ramon. 20 urte inguru izango zituen. Kultura-maila apalekoa, baina oso langilea, eta mundua konkistatzeko gogoa zuen, “txakurrak lukainkaz lotzea” lortu guran. Berehala hasi zen beharrean herrialde hartan, hain aurreratua izaki, han ez omen zegoen-eta langabeziarik, eta ahaleginduz gero, mundu guztiak omen zuen han bere aukera. Egia zen. Eta soldata duina irabaz zitekeen. Eta familiari diru apur bat bidali.

Bakarrik zegoen, noski. Eta laster ikasi zuen lagunekin garagardo bat, alemanek hain gogoko zuten edari hori, hartzea atsegingarria zela. ‘Eta beharrezkoa ere bai lan-egun gogor baten ostean’ pentsatzen zuen berak. Baita, tarteka, etxetik gertu, aldirietan zegoen Klub hartara joatea ere. Nahiz eta horrek etxera diru gutxiago bidaltzea ekarri berekin. Laster bidaliko zuen “putza”.

TOMASA.

Gerra beldurgarria hasi zenean, bere ama haurdun zegoen. Bere lehen umea espero zuen, izango zuen bakarra. Eta lehenengo ume hura… nestatila izan zen.

Mundu honetara etortzea ezin izan dohakabeagoa. Gerra betean zeuden eta aita hil berria zen lehentxeago Ebroko Guduan, talde batean agintzen zutenek oso goretsitako gudua, baina oso tristea han borroka egin zuten guztientzat. Gerra galdu eta han hil zirenentzat, zer esanik ez, garbi dago. Baina irabazi zutenek ere senitarteko eta lagun asko laga zituzten han.

Garai hartarako, ama zahar samarra zen Tomasa jaio zenean, 30 urte baino gehiago baitzituen. Talde galtzailean borrokan zebilen bitartean hildako gizon baten alarguna zen! Beraz, neketsua gertatu zitzaion alaba aurrera ateratzea. Eta bizitza berregiten lagunduko zion beste gizon batengan pentsatzea ezinezkoa zen.

Dena oso zaila zen, arazo ekonomiko asko eta handiekin. Beste askorentzat ere bai.

Haren alabari ondo irakatsi zioten. Eliza eta Sección Femenina arduratu ziren horretaz. “Behar bezalako” emakumea izateko prestatu zuten, maratza, etxekoia, biharko senarraren mendekoa, umeak izan eta haiei kristau-hezkuntza sanoa ematera bideratua. ‘Kulturaz eta diru-kontuez, doi-doi bakarrik, horretarako daude-eta gizonak’, hori pentsatzen zuten pentsatzeko baimena zutenek.

Bitartean, amak beharrean jarraitzen zuen, eraikin ofizialak eta militarren etxeak garbitzen, lohi eta guzti irentsiz zegokion doktrinamendua.

60ko urteen hasieran, Tomasak, lan barik, etorkizun barik, aitorlearengana joatea erabaki zuen eta Alemania irtenbide ona izan zitekeela aholkatu zion hark. Elizak beti eragingo zuen haren bizitzan.

Italiar baten jatetxean aurkitu zuen lana. Ordutegi berezia, beharra berandu samar amaitzen zuen eta. Baina herrialde hura segurua zen. Eta ez zegoen gaizki ikusia neska bat ordu horietan etxeratzea.

Halako batean, jazo beharrekoa jazo zen: elkar ezagutu zuten. Ramonek gorteiatu egin zuen. Elkarrekin maitemindu ziren. Eta ezkondu egin ziren.

EZKON BIZITZA.

Laster izan zituzten alabak: hiru urtean bi. Biak neskak. Ez zuten gehiago izan. Alemanian neurriak hartzen ziren. Tomasak, zekizkienak. Baina ez deabruak ekarritako berrikeria horiek! Alemanian zuen aitorleak ez ziokeen onartuko ere. Hobe arrisku gutxieneko egun horietarako lagatzea, ulertzen?, eta, jakina, beti zegoen ‘atzera martxa’ ere. Traumatiko samarra, bai, baina ez zen gehiago onartzen.

Tomasak beharra utzi zuen alabak hazteko, hazi eta Jainkoak agindu legez hezteko. Ez zion axolarik. Ramon ados zegoen. Prest zegoen lan gehiago egiteko. Fabrikako orduez gain, elektratresnak saltzen hasi zen etxez etxe. Xurgagailuak, mahai-tresnak, ahal zena. Tomasak burutazio bat izan zuen. Beste etorkin-familia batzuei egin zien eskaintza: bere etxean seme-alabak zainduko zizkien dirutxo baten truke. Bai bitxia!, Alemanian beharrean diru beltza kobratuz.

Bikotea zoriontsu zen. Tomasa pozik, senarra hain langilea eta zintzoa zelako. Baita berak jatetxe hartan behar egiteari laga ziolako ere, berandu irteten baitzen handik; orain bere txikerrez arduratuko zen.

Dirua aurrezten zuten. Ez espero bezainbeste, baina… Ramon ohartu zen irabazitakotik apur bat gastatzen bazuen, ez zela ezer jazotzen. Berriro ere has zitekeen garagardo bat hartzen. Emazteak ederto ulertu zuen: ‘Oso bizimodu gogorra darama, lan handia egiten du eta hain da neketsua etxez etxeko salmenta…’.

Hilabete batzuk geroago Klubera itzuli zen. Ramon etxera iristen zenean, emaztea oso nekaturik egoten zen. Larunbat egokietan bakarrik jo zezaketen larrua eta, batzuetan, egongelan loak hartzen zuen Tomasa oheratu baino lehen. Gainera, gehienetan, gogo gutxi izaten zuen. Gogoz kontra egiten zuen.

Baina ulertzen zuen senarra. Ikasia zuen Sección Femenina-n. Eta abade batek ere azaldua zion. Bere amaren lagun batek ere justifikatu egiten zuen senarrak egiten zuena. Ulertu egin behar zuen emazteak. Gizonak horrelakoak dira eta behar dute.

Umeak hazten ari ziren, bereak… eta auzokoenak ere bai. Tomasak ez zeukan zaindu beharrik eta jatetxe batera itzuli zen lanera. Eta berriro ere berandu etxera. Orain Ramonek bazuen aitzakia garagardoen eta Klubera egindako bisiten kopurua gehitu edo emendatzeko. Tarteka, lagunek aberrira egindako joan-etorrietan ekarritako brandya ere astintzen zuen. Gizendu egin zen. Jatorduak ordena barik, lan eta parranda askoren ondorengo estresa. Eta kolesterola oso goian.

GARAI TXARRAK.

Bizitzak aurrera jarraitu zuen. Alabak hazi egin ziren. Senargaiekin hasi ziren. Zaharrena aleman batekin. Gazteena italiar etorkin baten semearekin. Azkenean beraiekin ezkondu ziren. Eta gazteena senarrarekin joan zen, hau bere familiarekin Italiara itzuli zenean. Zaharrena han geratu zen.

Zeuzkaten aurrezkiekin, Ramonek eta Tomasak Valentziar kostaldeko herri batean etxebizitza bat erostea erabaki zuten. Bietako edozeinen herrira joatea ere pentsa zezaketen. Baina Tomasaren ama zendua zen eta ez zitzaion geratzen zuzeneko seniderik. Gainerakoak hiriburura joanda zeuden. Ramonek, jada guraso barik, harreman hotza zuen bere senideekin, urruntasunaren ondorioz. ‘Bai, hobe atzerritik itzuli ziren Amparo eta Joseren etxera joan ginenean ezagutu genuen Valentziako herri hartara joatea’.

Jakin zuten higiezinen agentziak erosketa-prezioan engainatu egin zituela apur bat, alegia, kanpokoak izateagatik eta halako ilusioz joanda, garestiago saldu ziela. Baina ez zion axola.

Eta bizitza honetan sarri gertatzen den bezala, gertatu beharrekoa gertatu zen. Ramonek infartua izan zuen. Mirariz geratu zen bizirik. Suspertu beharra zeukan, lan gutxiago egin, alkoholik batere ez eta janaria ordenatuagoa. Eta pastilla pila bat. Tomasak, jada alabak hazita, berriro laga zuen jatetxea senarra artatzeko. Behar den legez, esan zuen. Gerrikoa estutzen bazuten, aski izango zuten Alemaniako estatuak gaixotasunagatik ematen ziena.

Ramon ere hasi zen bere burua jagoten. Baina, tira, tarteka-marteka garagardotxo batek ezin gaitzik egin. Edo noizean behin lagunekin otordutxo batek ere ez. Eta aldian behin Klubera joatea ere… Baina beti neurrian. Kontuz. Hasieran, behintzat. Tomasak ulertzen zuen. Beti ulertzen zuen.

Beste infartu bat izan zuen. Eta iktusa. Eta oso ukituta geratu zen. Bizirik iraun zuen. Baina ezin zuen beharrik egin. Ez zen gauza. Pentsioa eman zioten, eta etorkin itzuliari emandako laguntzarekin batera, aski izango zuten duin bizitzeko Valentziako kostaldean erosia zuten etxean. Pena ematen zien alabengandik urruntzeak. Eta jada inguruan zituzten bilobengandik aldentzeak ere bai. Baina zirkunstantziek hori agintzen zuten. Oporretan behintzat hondartzako etxera etorriko zitzaizkien. Tomasari ilusio handia egiten zion. Pentsatzen dut Ramoni ere ilusioa egingo ziola, bere egoeran jabetzeko gai baldin bazen.

PENTSIODUNEN BIZITZA.

Ramon oso ukituta zegoen. Tomasak ondo jagoten zuen, gero eta maitasun handiagoz. Don Benitok, hain ondo berba egiten zuen abade zoragarri hark, sarri azaltzen zion: ‘Zure senarra gizon ona izan da beti, familia aurrera atera du. Jakina, gizon izateak berezkoak dituen hutsegiteekin, baina guztiz ulergarriak dira. Pena bakarra elizkoiagoa ez izatea!’.

Bera, Tomasa, santua zen, abadeak ziurtatzen zion. Zeruan lekua irabazia omen zuen. Senarra jagoteko eta haren alde errezatzeko obligazioa zintzo betetzen omen zuen. Gajoa!

Tomasa Aste Santuko prozesioetan irteten hasi zen, Kristo Erredentorearen irudiaren atzean, ortutsik, kateak herrestan eramanez horretarako indarrik izan zuen bitartean. Domeka guztietan joaten zen mezatara, baita beste egunetan ere, ahal bazuen. Eta aitortu egiten zen, nahiz eta bekaturik ez izan. Atsegin zuen Don Benito entzutea. Hain zen ona eta santua gizon hura!

Etxeko eginbeharrez gain, egunero ateratzen zuen paseatzera senarra, gero eta hondatuago zegoena. Gurpildun aulkian erabiltzen zuen. Amparo etorri zitzaien bisitan lehen hilabeteetan. Gero… Udan, inguruko etxebizitzak beterik egoten ziren. Tomasa emakume ona zen. Lagun asko egin zituen, eta ohiko bizilekura itzultzen zirenean, udako etxeko giltzak ere lagatzen zizkioten, baldin eta arazoren bat gertatzen bazen. Izan ere, uztaila eta abuztua igarotzen zirenean, ia inor ez zen geratzen inguruan. Jakina, erosi aurretik, herri hura udan bakarrik ikusi zuten, eta ez zuten gehiago pentsatu.

Bitartean, Ramon okerrera zihoan buruz, baina gorputzak eutsi egiten zion. ‘Tomasa, mirariak egiten dituzu’, esaten zion Don Benitok.

Hilabete bakarti horietan itsasertzera eramaten zuen senarra eta zerumugara begira egoten ziren, sor eta lor. Senarra bere pentsamendu misteriotsuetan murgilduta, Tomasa Betikotasuna ulertu guran, itsasoa lakoa izango zen: neurri bakoa. Betikotasun hori zain edukiko zuen zoriontasunez betetzeko, eta han elkartuko zen berriro senarrarekin, Don Benitok esaten zion lez, Ramon ez baitzen hain gaiztoa, eta jada Purgatorio-aldia pairatzen ari baitzen bizi bitartean.

Eta alabak suhiekin eta bilobak etxera etorri ziren oporretan. Tira, hasieran oporraldi osoan. Baina laster hasi ziren beste destino batzuekin banatzen, egun gutxiagotan joaten. ‘Jakina, beste leku batzuk ere ezagutu behar dituzte’ esaten zuen Tomasak, beti ulertzeko prest. Eta bilobak ere hasita zeuden eragozpenak jartzen. ‘Izan ere, handitzen ari dira. Eta ezin zaie eskatu etxe honetako bizimodua hilabete bat jasatea. Triste egongo dira Ramonekin, nahiz eta beraien aitona izan. Nahikoa da egun batzuk etortzen badira eta noizean behin telefonoz deitzen badidate’, esaten zuen bere artean.

Ramonek 20 urte baino gehiago iraun zuen hondartzako etxean, egoera erdi begetatiboan. Eta egunero, salbuespenik gabe, Tomasak maitasun berberaz artatu zuen.

Gau batean, kexurik gabe, sufrimendurik gabe, hil egin zen. Uztail-bukaera zen. Alabak eta bilobak berehala bertaratu ziren. Egun batzuk aurreratu zuten aurreikusitako bisita. Hileta-elizkizuna ederra izan zen, zoragarria. Don Benito, nagusia izan arren, bikain egon zen. Malkoak atera zizkion alargunari, alaba eta bilobei, mundu guztiari. Ederto bete zuen bere eginbeharra. Berba hunkigarriak esan zituen. Ramon erraustu egin zuten. Eta errautsak itsasora joan ziren.

Jendetza handia izan zen: Tanatorioan, hiletan, biharamunean etxean bisitan. Baita defuntuaren senideetako batzuk ere, harreman hotza zutenetako batzuk. Eta zein ondo portatu zitzaien asegurua, umetatik hasita ordaintzen ari zirena, Alemanian egon zirenean ere ordaintzeari utzi barik, eta oharkabean hain garesti ordaindua zutena. Orain paper guztiak egin zizkien.

“Ama, zu lasai”, esan zioten alabek. “Dena erabakita dago. Diru-sarrera gutxiago izango duzu, baina, behar izanez gero, lagunduko dizugu. Oraingoz hemen geratuko zara, zeure etxean, zure lagunek oporrak amaitu arte. Eta udazkenean gure etxeetara etorriko zara. Lehenik Italiara. Gabonetan Alemaniara eramango zaitugu eta horrela denok batera pasako ditugu festak, umetan lez. Zoragarria izango da.”

Irail-amaieran Italiara joan zen. Nagusia zen eta trakestuta zegoen, baina ez zen batere gaitza izan. Herriko taxilariak aireportura eraman zuen eta Zerbitzu Berezien eskuetan laga zuen. Dena ondo joan zen.

SAKRIFIZIOZKO BIZITZA BATEN AMAIERA TRISTEA.

Tomasa ongi egon zen Italian. Hasieran, behintzat. Ez zitzaion gaitz egiten alabaren auzokoekin berba egitea. ‘Oso antzekoak gara’, esaten zuen. Baina laster ohartu zen alabaren familia ez zela haiek neskatilak ziren garaian bezalakoa. Elkarrekin ondo moldatu arren, eguneroko arazotxoak izaten zituzten, berea ez lako izaera baitzuten haiek. Gainera, ohituta zegoen Ramonen ordez pentsatzen eta gura zuena erabakitzen. Eta alabak, txikitan, berak esandakoa egiten zuten ia beti.

Batzuetan, traba egiten ziela sentitzen zuen orain. Eta bere etxean hobeto egongo zela pentsatzen zuen. Gainera, han ez zeukan zer eginik eta aspertu egiten zen. Biziki aspertu ere. Lehen egunak oso atseginak izan ziren, baina orain itzuli egin gura zuen.

Gabonetan Alemaniara joan ziren. Festak oso ondo. Gero, gauza bera. Tira, ez, zerbait ezberdina. Ezin zuen berba egin beretarrak ez zirenekin. Sekula ez zen alemanez trebea izan eta ikasitako apurra ahaztua zuen 20 urte haietan. Eta etorkin gutxi geratzen zen han, ezagunik inor ez. Gehienak itzulita edo hilda zeuden, nahiz eta askoren seme-alabek han jarraitzen zuten.

Otsailean bere etxera itzuli zen. Ez zuen kanpoan jarraitu gura. Opor-egun batzuk hartu eta alabak lagundu zion bueltan. Inguruko egoitza batera joango zela erabaki zuten, auzokoak etorri arte behintzat, eta orduan joango zela bere etxera, egunez bederen.

Bakarrik, bere Ramon barik, maitatzeko eta artatzeko hurbileko barik, Don Benito barik, ez baitzitzaion egoitzara bisitan joaten hura beste abade baten eremua zelako, eta bere elizara joan ezinik urrun zegoelako, gutxi iraun zuen. Oso gutxi.

Ramonekin laster elkartuko zela pentsatuz hil zen. Martxoaren hasieran, joan zen mundu honetatik, itzuli eta egun batzuk geroago.

Bere hiletan jende gutxi izan zen. Ez zegoen ia auzokorik garai hartan. Egoitzan oraindik ezezaguna zen bertako gehienentzat. Alabak eta suhiak hiletan izan ziren, noski. Eta bilobetako batzuk ere bai, ez guztiak, ez baita erraza bat-batean horrelako bidaia antolatzea.

Hura ere erraustu egin zuten. Eta haren errautsak ere itsasora joan ziren. Berari betikotasunaren antzekoa zela iruditzen zitzaion leku hartara. Han Ramonekin elkartuko zen, eta artatzen jarraituko zuen.

Alabek etxea saldu zuten. Balio zuena baino gutxiago ordaindu zietela jakin zuten. ‘Baina hauxe da dagoena’, esan zieten. Eta dena ahazteko gogoa zuten. Ez ziren gehiago hara itzuliko. Ez zion axolarik.

Laster inork ez zituen gogoan Ramon eta Tomasa Valentziako kostaldeko herri hartan. Don Benitok ere ez, beste arima batzuk eta beste bikote batzuk salbatu beharra zeukan eta. Alemanian ere inor ez zen haietaz oroitzen, alaba eta haien sendikoak izan ezik. Baina denbora asko zenez elkarrengandik urrundu zirela, oroitzapena ere ez zen etengabea.

 

Jorge Ibor

Bilbo, 2019ko uztaila.

Utzi iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude