Azken lau urteotako gure jardunaren balantzea (HAZIA: 2021eko hauteskundeak)


Azken lau urteotako gure jardunaren balantzea

 
 

2017an egindako azken hauteskundeetan, Elkartea izan zen hautagaitzarik bozkatuena, eta, beraz, ordezkari gehien lortu zituena.  Emandako baliozko botoen % 29 inguru lortu genuen, eta gure ordezkariek beren karguak hartu zituzten:

  • Batzarrean: Manolo Jaramillo, Javi Villaverde, Iñaki Palomar, Jorge Ibor, Miguel Lafuente, José Luis Unibaso.
  • Gobernu Batzordean: Manolo Jaramillo, Iñaki Palomar y Jorge Ibor
  • Inbertsio Batzordean: José Luis Unibaso eta Miguel Lafuente.

 

HAZIAko gobernu-organoetan gure ordezkaritzak eman duenaren balantzea egin aurretik, beraren funtzionamendua ezagutzea komeni da:
Batzarrak 40 kide ditu eta Gobernu Batzordeak 18.  Horien erdiak bazkide babeslearen (Kutxabank) izenean daude, eta beste erdiak, orain aukeratuko ditugunak, bazkide osoen izenean. Hauteskundeen emaitzen araberakoa izango da, halaber, Inbertsio Batzordearen osaera.
Estatutuak edo Inbertsio Printzipioen Adierazpena (IPA) aldatzea dakarren edozein alderdik edo garrantzi handiko beste edozein alderdik Batzarreko botoen gehiengoaren adostasuna behar du, eta Bazkide Babesleak botoen % 50 dituenez, oso zaila da gure Elkarteak egindako proposamen batek aurrera egitea, bazkide osoen gainerako ordezkariek edo horietako zati handi batek behintzat babesten ez badute.
Bada, lau urte hauetan, ikusi dugu Elkarteak planteatutako alderdi batzuk, bazkide guztientzat mesedegarri izan zitezkeenak, ez dituztela beste hautagaiek berretsi, ulertzen ez ditugun arrazoiengatik.

Nabarmendu beharreko beste alderdi bat da gure elkarteko (ASOJUBIBBK) erretiratuei HAZIAko ondarearen % 60 baino gehiago dagokiela.

Gure hautagaitzak bazkide osoen ordezkarien gehiengoa lortuko balu, orduan bakarrik egongo ginateke egoera hobean zenbait gauza aldatzen saiatzeko.
Datozen lau urteetan HAZIAn ordezkaritza nabarmena izatea ezinbestekoa izango da gure ahotsa entzuteko ez ezik, baita kontuan har dezaten ere; izan ere, denboraldi horretan erronka asko izango dira, ez bakarrik inbertsioen arloan, baita iragarritako bankuen bat-egiteak edo Kutxabanken inguruko enplegu BGAEen balizko bat-egiteekin lotutako alderdietan ere, aldaketa esanguratsuak ekar ditzaketenak.

Positiboan

Dena dela, azken lau urteotan HAZIAko gobernu-organoetan izan dugun presentziak zerbaitetarako balio izan du:

  • Kutxabank Gestion-en laguntza eta lankidetzarekin, Kudeaketa-erakundeak egiten duen hileko txostena hobetu genuen, HAZIAko ondarea gauzatzen den inbertsio-estrategietako bakoitzaren errendimenduak gardenago bihurtuz.
  • Parte-hartze aktiboa izan dugu Gobernu Batzordean, BGAEaren datuen babesari buruzko prozedurak hobetzeko
  • Inbertsio Batzordeko gure ordezkariek Kudeaketa-erakundeak planteatutako inbertsioak aztertzen eta ebaluatzen lan egin dute, eta batzuetan inbertsio horietako batzuen aurka agertu dira, eta beste batzuetan, inbertsio alternatiboen kasuan bezala, horiek mugatzea lortu dute. Eta, esan beharra dago, askotan bazkide osoen gainerako ordezkarien babes barik.
  • Ordezkari  “deserosoak” gara, eta, horren ondorioz, edozein proposamen “bi aldiz” pentsatzen dute proposatu aurretik, gure ustez, guztiontzat ona den zerbait.
  • Hauteskunde Prozeduraren araudi berri bat, egungo errealitatearen araberakoagoa, egiteko helburua “bultzatu” dugu, bazkide guztien parte-hartze telematikoa erraztuz eta prozesuaren gardentasuna hobetuz.
 

AZKEN ORDUKOA !!!!!!!!!

Azkenik, gure Elkartearen ekimen bati esker, eta beste hautagaitza sindikal batzuek babestu ostean, HAZIAko Gobernu Batzordeak, martxoaren 18an egindako bileran, estatutuen 15. artikuluaren aldaketa onartu zuen. Orain, apirilean egingo den Batzar Nagusiak akordioa berrestea baino ez da geratzen. Ziur gaude ez dela arazorik egongo berrespen horretarako.

Gogorarazten dizuegu prestazio bat jasotzeko eskubidea bost urtera agintzen zuela 15. artikuluak, eta gure proposamenak preskripzio edo agindu hori ezabatzen zuela, eta aukera ematen zuela ondarea hainbat modalitatetan (kapital, errenta edo era mistoan) erabiltzeko, HAZIAko bazkideak egokitzat jotzen duenean, betiere erretiro-kontingentzia gertatzen denetik aurrera.

Eskerrak eman gura dizkiegu publikoki Gobernu Batzordeko kide guztiei, aho batez babestu baitute 15. artikulua aldatzea. Izan ere, eskaera hori oso orokorra da HAZIAko bazkide pasiboen artean, eta ez da ulertzen zelan iraun ahal izan duen indarrean horrenbeste denbora, ziurgabetasuna eragin baitigu batere behar barik eta, kasu askotan, gura bako erabilerak egitera behartuz.

Espero dugu Elkartearen proposamen baten inguruko entzute, lankidetza eta ulertze maila hau datozen hauteskundeen ostean HAZIAko gobernu-organo berrituetako kide guztien artean lankidetza estuko bide baten hasiera izatea, bazkide partaide guztion onerako izango da eta.

Eskerrak eman gura dizkiegu, halaber, 15. artikuluaren aldaketa lortzeko laguntza eman diguten gure kide guztiei. Azkenean lortu dugu justifikazio bako anomalia bat ezabatzea.

Ekin eta ekin jarraituko dugu
Baina oraindik asko dago egiteko.

  • HAZIAren Estatutuetako zenbait artikulu berrikustea:

19. artikuluak bazkide erretiratuei edo onuradunei mugatu egiten die eskubide kontsolidatuak beste BGAE batera mobilizatzeko aukera, ondare osoa mobilizatzea exijitzen die mobilizazio partzialik baimendu barik. Gainera, hiru hilean behin bakarrik onartzen dira guztizko mobilizazioak.

Era berean, erabilera-sistema eguneratu eta malgutu egin beharko litzateke, hileko edozein egunetan baimenduz erabilera edo diru-ateratzeak, eta arrazoizko 24 edo 48 orduko epean ordainduz.

16. artikuluak, onuradun jakin batzuentzat, eskubide kontsolidatuak erabiltzeko modu bakarra ezartzen du, kapital moduan, eta gure helburua da beste erabilera-formula batzuk aukeratu ahal izatea, hala nola errenta edo era mistoa, bazkide osoek eta gainerako onuradunek egin dezaketen bezalaxe.

  • Inbertsio-aukera berriak sortzea:

HAZIAko bazkide guztien eskura hainbat inbertsio-aukera jartzeko aukera garatzea.

  • Hobekuntzak alderdi administratiboetan

Oso-oso kontuz ibiltzea eta bazkide onuradunen kudeaketa egokia zaintzea.

Horren ildotik, bulegoetako intraneten arreta-protokolo bat sartzea, besteak beste, erabilera edo diru-ateratzeak, kontsultak, onuradunen aldaketak eta abar jasoko dituena.

  • Bazkide Babeslearen eginkizunak eguneratzea

Gaur egun, gobernu-organoetan bazkide osoen ordezkarien eta Bazkide Babeslearen arteko ordezkaritza PARITARIOA dugunez, HAZIAko ondarearen % 60 baino gehiago ordezkatzen dugunok (ASOJUBIBBK) ez dugu erabakitzeko ahalmenik.

Bazkide Babeslearen eginkizuna eztabaidatzen dugu, Bazkide Bultzatzaile izatera igaro baita, eta erakutsi du gobernu-organoetan duen posizioak aukera ematen diola, kasuren batean, bere interes propioa ezartzeko partaideen gehiengoaren botoaren aurka. Estatutuek eta indarrean dagoen legeriak ezartzen dutena izan behar du haren zeregina, eta ezer irregularrik ez egotea zaindu behar du.

Interesak babesteko kasuan izan ezik (HAZIA kaltetzen duten ebazpenak saihestea), Bazkide Babesleak ez lituzke behartu behar bazkide osoen ordezkarien gehiengoak berretsi ez dituen bozketak.

  • Gobernu-organoetako ordezkagarritasunari buruzko alderdiak

Ez luke ez kargurik ez ordezkaritzarik izan behar HAZIAn partaide ez denak.

Ez lukete botorik izan behar HAZIAn partaide ez direnek.

Kudeaketa-erakundearen ordezkariak ez luke botorik izan behar bere karguaren arabera.

Gobernu-organoetako kideek, edozelan ere, HAZIAko partaide izan beharko lukete.

Bazkide Babesleak edo bazkide osoen ordezkariek aukera eman beharko lukete kanpoko aholkulariek gobernu-organoetan gonbidatu gisa parte hartzeko, ahotsarekin baina boto barik, baldin eta organo bakoitzeko kideen gehiengo osoak (boto posibleen erdiak gehi batek) horien parte-hartzea komenigarritzat jotzen badu.